Haitz beitia

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

azpeitia-xoxotetik (1)75 urte dira “Lagun Onak Mendi Bazkuna” martxan ipini zutenetik Azpeitian, 1940ko hamarkadan. 20 urte lehenago sortu zuten Euskal Mendizale Federazioa Elgetan, lau probintzietako mendi elkarteek sustatuta. Euskal Herriko alpinismo antolatuaren hastapenak ziren, aitzindarien garaia. Zalantzarik ez dago Izarraitz azpian mendizaletasuna bizi-bizia izan dela aspalditik, Haitz beitian eta Haitz goitian.

20 urte izango dira laster Urola alde honetako Beñat Arruek eta Iñaki Aiertzak, Sakanako Javi Arkauz, Cesar Nieto eta Aritz Artiedarekin batera, euren azken espedizioa egin zutela, bizitzaren azken ibilaldia. Iban Gonzalez arrasatearrak “Pumori, mendiaren alaba” (2019) dokumentalean ederki jaso zuen orduan gertatutakoa, 2001eko urrian. Hondamendiaren alde ilunaren bestaldean, hala ere, batzuetan loratzen dira bestelako harribitxiak. Beñat Arrueren familiaren kasua da, Nepalera egindako bidaia haietan horixe topatu baitzuten. Beñaten izpirituaren bila joan, eta lorebitxi bat ere topatu. Argazki batean, semea neskatila nepaldar batekin agertzen zelarik, zerbaitek bultzatu zituen gurasoak neskato haren atzetik joateko. Baita aurkitu ere, gaixotasun larri batekin, eta izen-abizenekin: Suku Maya.

Gaur egun Suku Aizarnan bizi da, goiko paradisu txiki hartan, Pello Arrue eta Arantxa Gurrutxagaren gurasoekin. Heriotzaren ostean, ustekabean, Bizitza maiuskulaz. Eskuzabalak izan dira istorio eder hau konpartitzen geure dokumentalean. Eta Tomas Agirrek hitzetan bildu zituen istorio honek eta pelikulan kontatzen ditugun besteek berari piztutakoa, Zestoako aldizkarian, “Heroi gazte eta suharrak”  izenburuko testuan. Gazte eta suharrak Xabi Ormazabal, Iñaki Ochoa de Olza, Mikel Crespo,… Euren heriotzek ere beste aurpegi argiago bana badaukate: Mendi Festa eta Beka bat, Fundazio oso bat Nepalen aldeko kooperaziorako, Bizir Eguna…

Atzo, uztailaren 6an, 2 urte bete dira Jexux Zufiria hil zenetik. Bera da dokumentalaren epilogoan agertzen den mendizalea, munduzalea, bizizalea eta bizilaguna. Felix Zubiak, Jexux ondo ezagutzen zuena, pelikularen pasarte batean komentatzen du nola urrundu garen ohitura zahar on batzuetatik. Hildakoen omenez festa egitea, adibidez. Bada, Zufiriatarrekin batera, Gorbeia aldean datorren igandean festa modukoa egiteko intentzio osoa badaukagu. Dena ez dago galduta.

Uztailaren 6a zen atzo, eta Mendi Tourrak ekarri zuen MHHH Soreasu areto dotorera. Zein atsegina da Aitor Elduaienekin batera arratsalde hauek konpartitzea. Zein ederra atzo Suku eta Arantxarekin eszenatokia elkarbanatzea, Aizarnatik etorritakoak aurrean genituela. Gainera, asko maite ditudan beste bi pertsona hurbildu ziren urrutiagotik.

Ruperrek kantatzen duen moduan, “kantu bat bizipozaren alde” bihurtu zen Haitz beitiko emanaldia.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar