You are browsing the archive for 2021 October.

Ikusi mendizaleak

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

BeasainMendiAsteaBete-beteta etorri eta joan da aurreko astea, zorionez edo zoritxarrez ez da ohikoa dokumentalarekin lau emanaldi edukitzea. Abenduan 12 hilabete izango dira estreinatu genuenetik, eta udazken honetan bizitu egin da erritmoa. Bejondeigula. Aste honetan, bestela, 20 urte bete dira Pumoriko espedizioaren elurbizia gertatu zenetik. Beñat Arrue, Javi Arkauz, Aritz Artieda, Cesar Nieto eta Iñaki Aiertza han gelditu ziren, denboran izoztuta, betiereko gaztetasunean.

Irurara ezin izan nintzen hurbildu pasa den asteartean, ingurunea bestela ere apenas ezagutzen dut, eta aukera ona zen. Hernioko mendigunearen ekialdeko muturrean dago kokatuta, eta mendiaren hilabetearen barruan agendaratu zuten proiekzioa. Ana Argote eta Hur Lertxundi lankideak bertan egon ziren, eta euren inpresioak konpartitu ahal izan genituen.

Beasainen bestela XIV. Mendi Astea antolatu zuten (ikusi lerro honetako linkean trailer dotorea). Hasteko, oinaztar eta ganboatarren Euskal Herri honetan, pozgarria da jakitea herri batean bi mendi talde daudela, eta elkarrekin ondo moldatu ez ezik batera antolatzen dituztela hauek bezalako jardunaldiak. Halaber, Ekaitz Goikoetxea aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen joan den asteazkenean, ibilbide hain interesgarria daukan pertsona.

Urnietan, bitartean, Edurne Pasabanek zabaldutako bidetik abiatu ginen Iñigo Suberbiola eta biok, Andoni Urbistondoren eskutik. Berak aurretik egindako elkarrizketa mamitsua irakurri duzue linkean. Ez ginen ibili eguraldiari buruz berbetan ostiralean, muinera jo genuen eta, eguaztenean bezala, solasaldi sendoa atera genuen aurrera, publikoaren harremanetan.

Getaria  izan zen borobiltzea. Ondoko herrira oinez iritsi nintzen, goiko bidetik, Santa Barbarakoa. Ingurune haietan grabatu genituen irudiak pelikularako, baselizaren inguruan eta Torreoian. Mendi Tourrera itzuli ginen domekan, publikoak erantzun zuen, eta solasaldi bizia eskaini genuen Felix Zubiak eta biok, Aitor Elduaienek betiko moduan bikain aurkeztuta.

Tolosaldea, Goierri, Buruntzaldea eta Urola Kosta. Datorren astean Gipuzkoatik atera eta Bortziri (Arantza) eta Lea Artibai (Markina) bisitatuko ditugu.

Begiak zabaldurik, bihotza erretan.

PD.- Segura Irratian elkarrizketa Irati eta Ekaitz Goikoetxearekin.

Barkamenaz

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, S(u/a)minetik bakera, Zineman

MaixabelItxi begiak, arnasa hartu lasai, saiatu beste pentsamenduak alboratzen. Saiatu kanpoko soinuei entzungor egiten. Eta saiatu burura ekartzen inoiz zeure biografian min gehien egin dizun pertsona hori, zerbait barkaezin hura egin zizuna. Eutsi pertsona haren irudiari, gogoratu sentitu zenuena (edo duzuna). Sentitu mina. Arnasa hartu lasai. Mina askatu. Eta saiatu pentsatzen pertsona hari barkatzen. Arnasa hartu. Mina askatu.  5 minutuko ariketa.

Itxi begiak, arnasa hartu lasai, saiatu beste pentsamenduak alboratzen. Saiatu kanpoko soinuei entzungor egiten. Eta saiatu burura ekartzen inoiz zeure biografian min gehien egin diozun pertsona hori, zerbait barkaezin hura egin zeniona. Eutsi pertsona haren irudiari, gogoratu sentitu zenuena (edo duzuna). Sentitu mina. Arnasa hartu lasai. Mina askatu. Eta saiatu pentsatzen pertsona haren barkamena. Arnasa hartu. Mina askatu.  5 minutuko ariketa.

Barkamena, errukia bezala, kutsatutako kontzeptu horietakoa da. Errefusa edo lotsa sentitu dezakezu planteatze hutsarekin, kutsadura harengatik. Eta, hala ere, zein beharrezkoa den, zein osatzailea den. Maila pertsonalean eta kolektiboan. Maixabel Lasak berak bigarren aukerei buruz nahiago du hitz egitea. Bera izanda, nire ustez, barkamenaren eredu nagusietakoa geurean. Erreferente moral handia. Ez dakit ikus-entzun duzuen “Maixabel” pelikula, baina karteldegiant opatuko duzue oraindik hemen edo han. Zoazte.

Aldea dagoelako barkatzen duzunean edo barkatzen eta ahazten ez duzuenean. “Herriak ez du barkatuko”, entzuten genuen kalean, irakurtzen genuen kaleko hormetan. Irati Goikoetxeak beste irakurketa posible bat izen bereko liburuarekin, aurreko linkean hari buruzko iruzkina topatuko duzue. “Cumplimiento íntegro de las penas”, entzuten genuen kalean. “Ni olvido ni perdón con los terroristas”, irakurtzen genuen kaleko hormetan…

Bestela, barkamena bera mendeku mota bat izan daiteke? Hor daukazue, nahi izanez gero, Eric-Emmanuel Schmitten liburua, “Barkamenaren mendekua” hain zuzen ere.

Eta amaitzeko, beste azpikontzeptu bat, laikoa bezain sakonki espirituala, gazteleraz “perdón no-dual” esaten dena. Honen inguruan eskola oso bat dago, euskaraz  Barkamenaren Eskola esangi genuena. Hor dabiltza Jorge Lomar eta Reyes Ollero gidaritza lanetan. Mila esker zeuri, Izan, hauen berri ematearren.

 

Norbait ibiltzen da zure hilobiaren gainean

%A %B %e%q, %Y in Literaturan

AlguiencaminaMariana Enríquez argentinar idazlea da, “nueva narrativa argnetina” delako mugimenduan sailkatua eta beldurrezko generoan espezializatua. 2013an argitaratu zuen bidaia liburu berezi bat, munduan zehar egindako bisitak kontatzen dituena. Bisitak… hilerrietara.

Liburuaren hasieran, Genovako kanposatua bisitatuko dugu, Cimitero monumentale di Staglieno. Monumentu eta eskutura ederren artean, osagai erotikoak ere sartzen ditu.  Eros eta tanatos. Hasiera ona.

Patagoniako iparraldean, Trevelin hiri txikira joango gara, Chubut probintzira. Txundigarria da galestarren historia XIX. mendeko erdialdetik gaur egun arte. Puerto Madryn aldera eta Valdés Penintsulako itsas fauna ikustera joanez gero, oso gomendagarria da Galestik joandako gizon eta emakume haien itsasgora eta itsasbeherei buruz irakurtzea, baita tehueltxe indiarrekin izandako elkarbizitza ere, orokorrean harrigarriki nahikoa baketsua.

Enríquez-ek ekartzen gaitu etxera, halaber. Ingelesen hilerrira, Urgullen. Ez baduzue oraindik ezagutzen, erabat gomendatzekoa da ibilaldi bat egitea hortik. Egunez baldin bada hobeto, eta egun lainotu batean edo zirimiripean are hobeto. Idazleak, bestela, gauaz egiteko zortea izan zuen, Begoña del Tesoren konpainian. Halaber, gau berean Polloe eta Igeldoko hilerria ere zapaldu zituzten. Baina Urgullera itzulita, interesgarria da historia. Zelan dauden bertan lurperatuta Lehen Karlistaldian etorritako britainiarrak (gehienak eskoziarrak uste dut).

Patagoniara itzulita, hegoaldeko muturrera oraingoan, Punta Arenas-era bidaiatuko gara, Txile aldean. Eskualde hartan indiarrekin egindako sarraskiek gogorarazten digute horrelakoak ez zirela bakarrik gertatu Ipar Ameriketan. Edertasun naturalaren ondoan, indarkeria eta heriotza.

New Orleansekoa, bestela, ez dakigu zenbat dauka naturaletik. Katrinak, bizidunen hiriarekin batera, bertako hilerria ere kolpatu zuen, eta uholdeak hartuta gelditu zen. Nolabait, bizidunekin egin bezala hildakoak ere ito egin zituen. Oso irudi potentea iruditu zait. Louisianatik ez urrutiegi, Tennessee ere bisitatu zuen idazleak, Memphis hain zuzen ere, Graceland zehatzago. Elvis Presley erregearen hilobia.

Guadalajarako pasarteak, bitartean, Mexikoko erritoak, mariatxiak eta alaitasun bitxi hori oroitarazten dizkigu. Ni zehazki Tijuanaz gogoratu nintzen atal hori irakurtzean, bertako hilerria ezagutu bainuen azaroaren 1eko egun batean.

Liburuaren amaierarako lagatzen du Marianak bere hiriko kanposantu ospetsua, La Recoleta: Handik egonez gero ia derrigorrezkoa da bisitaldia. Azkenik, beste ataletan, Lima, Habana, Edinburgh, London, Paris, Praga eta Bartzelona agertzen dira, besteak beste.

Ezin baduzue bidaiatu, beti da alternatiba ona liburuak irakurtzea. Eta bidaiatu ahal baduzue, baina hainbeste kilometro egin bark, hortxe bertan daukazue Derioko hilerria, arratsalde bat bertan igarotzeak merezi duena. Aukeran, egun lainotu batean edo zirimiripean.

 

Apur bat laguntzeko musika, irakurri bitartean: Salieri “Requiem” – YouTube

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar