Hegan

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil, S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

miruaBilbotik Bartzelonara doan hegazkinean noa. Begiak itxi ditut. Aste trinkoa izan da, estres handikoa. Bereziki zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak izan ditut ospitalean eta kontsultan. Egun hauek kanpoan egongo naizelako, eta hurrengo asteburuan ere, baita azaroko azken aste osoan ere. Lana pilatzen da eta emozionalki kudeatu behar duzu pazienteek eta senideek dakartena: Sufrimendua, beldurra, zalantza, bertigoa, esker ona, haserrea, tristura, damua, poza…

Pirinioetako tontorrak ikusi ahal izan ditut, elurtuta. Denbora luzea zen hegaldi bat ez nuela hartzen. Udalatxeko tontorrean ere elur malutak ikusi nituen aurrekoan. Arrasaten, astelehenean aldez aurretiazko borondateei buruzko hitzaldia antolatu zuen Nagusien Kontseiluak, eta hizlari moduan gonbidatu ninduten. Kulturate aretoa beteta, gaiak pizten duen interesa seinale.

Katalunian azkeneko aldiz “S(u/a)minetik bakera”-rekin egon ginen Aitor, Maider eta hirurok, 2018ko urtarrilean. Sumineko garaiak izan ziren haiek, sosegu handiagoa topatuko dut orain. Gaizki orbaindutako zauriek izan dezaketen sosegua behintzat. Zarautzen, asteazkenean, heriotza baino lehen aldez aurretik hasten den doluari buruz hizketan egon ginen, dementziekin lotuta batik bat. Maria Victoria Lucero eta biok hizlari, Afagik eta Zarautz Herri Zaintzaileak antolatutako ekitaldia izan zen, harrera oso ona jaso zuenaModelo zineman.

Ostegunean, Errenterian izan nintzen. Maiderren herria. Leihotik begiratuta, hodeiak ikusten ditut orain gure azpian. Orereta niretzat Gabonak dira, Olentzero Pello eta Aiora txikiak zirenean, neure gurasoak bizirik zeudenean, txistulariak; Urdaburu, Listorreta, Añarbe, Urdaburu mendi taldearen borda Ezkaurreko magaletan; Miren, Jon, Arantza, Aurita, amona Isabel, Joxe Manuel, Jon, Ainhitze… ; Imanol, Mikel, Pilartxo, Joxe Mari, Gema, “Aulki Hutsak”. Niessen aretoan egon ziren aipatutako bidelagunetatik asko. Beste batzuk ez daude jada.

Mendi Film 2021 ate joka dagoen honetan, Mendi Tourreko azken emanaldia egin dugu ostiralean Elgoibarren. Lankide baten doluan alboan egoteko arratsaldea ere izan zen, garagardotan. Baita Iñaki Izan bidelagunarekin egotekoa ere. Herri Antzokiak ere itxura ederra izan zuen, publikoaren epeltasuna jaso genuen. Sua piztuta zegoen han ere. Alde batean Karakate, eta bestean Kalamua eta Morkaiko.

Eta orain, aste mamitsu honen buruan, Osona dut zain: Torelló eta Vic.

Jarraituko du.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar