Zera hori

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

galicia-profunda“Aulki Hutsak” Galizian ez aurkeztu izanaz penarekin gelditu nintzen. Lurralde hartan ez daukat familiarik edo lotura horietakorik, baina bertara itzuli izan naiz behin eta berriz bizitzan zehar. Zerbait oso erakargarria dauka niretzat, Asturiasek ere badaukana. Zera hori.

Lugo izan zen ezagutu nuen lehenengo hiria, oso gaztetan, zer eta ingelesezko kolonia batera joan nintzenean anaiarekin uda batean. Bertako behe-lainoak eta harresiak ezagutu nituen, bestela, Jose Ramon Monterroso lagunari bisita egitean. Ordurako Medikuntza karrera amaituta geneukan, Madrilgo Complutenseko fakultatean elkar ezagutu genuen, musean bikotea ginen eta adiskide handi bihurtu zen orduz geroztik. Bizitzan ez daude hainbeste lagun maila horretakoak, bera da horietako bat. Eta berak antolatu zuen, hiriko kartzela zaharra izandako eraikinean, eta mendi taldearekin batera, MHHHen emanaldia. Joao Aveledo aspaldiko laguna ere bertara hurbildu zen, eta ederra izan zen familia bat ikusi izana, 6 urteko alabatxoarekin. Gaia bazekiten zein zen, eta ekarri zuten neskatoa.

Galiziako bidaia honetan, “Santiagoko bidea” oinetako babarik eta nekerik gabe egin dut. Bilbotik Compostelara hegazkinez ordu batean. Dokumental hau Santiagon izan zen kontzebitua, 2019ko urrian bertan izan ziren zainketa aringarrietako jardunaldiak. Eta hor piztu zen lan hau egiteko hasierako ‘brainstorming’ hura. Urte bi geroago horra itzuli naiz, beste zirkulu bat itxiz.

Allariz izan zen bigarren geltokia, bisitatzea merezi duen herri eder horietakoa da, ukitu erromanikoak eta guzti. Presondegia izan zen beste garai batean gaur egungo kultura etxea (kasualitatez, Lugon bezala). Eta hangoak dira Mikel Cresporen izeba baten sustraiak. Ana izeba eta Josu osaba egon ziren, eta oso berezia izan zen solasaldia horregatik. “Sutondoa” piztu genuen, eta hausnarketak eraman genituen herriko taberna zahar eta dotore batera. Pelikularen baten kokagunea izan zena.

Ourense izan da hirugarren eta azken geldialdia. Franxo laguna, Galeusca-koa, honen atzean egon da. Marcos Valcárcel (kartzela berriro) izena zuen auditorioak, eta emanaldia Club Alpino Ourensan-ek antolatutako ikus-entzunezko astearen barruan egon da. 50 urte bete ditu aurten mendi taldeak, nik bezalaxe, 1971koak gara biak. Giro goxoa izan genuen, sutondoa berriz ere, solasaldian eta afarian. Baina are politagoa izan zen goizean eta arratsaldean mendi aldean ibili izana, antzinako castro hura eta hondatutako monasterio bat, basoaren barruan, bisitatzean. Dena hiriaren inguruetan. Borobila.

Asteburu luze honetan momentu “enxebre” hauek guztiak bizi izan ditut. Zera hori.

 

Info+: O médico e cineasta Iñaki Peña exhibe en Lugo o seu documental sobre o dó – G24

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar