Jx

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Onkologikoak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua


0148-2-Beriain-elurretanEgunak pasatzea nahiago izan dut ganorazko zerbait idazteko. Bitartean, liburu bat oparitu didate lanean (eskerrik asko, A!): “22”. Adin horrekin minbiziak jotako biografia baten urte oso bat lehenengo pertsonan kontatzen duena. Paule San Salvador del Valleren autobiografia onkologikoa, gorak eta beherak, itxaropenak, desesperazioa, umorea, maitasuna, pasadizo sexualak, hausnarketa sakonak, gorrotoa, pasarte kannabikoak. Humanitatea letra handiz. Neska durangar honen berri eduki dut urte hauetan, baina hain zuzen egunotan ekin diot bere hitzak irakurtzeari. Ondo dago konturatzea zelan ikusten gaituzten medikuok beste aldetik. Zoragarria da biziminez bizitako existentzia honi buruz irakurri izana. Eta zoragarria epilogoa. Esaldi bakar batekin gelditu behar baldin banintz, Paulek jasotako honekin geldituko nintzateke (Pepe Mujicarena):

“El hombre es un animal muy fuerte, es mucho lo que puede soportar”

Anboto aldetik Pagoeta aldera itzulita, arrano buruzuriaren hegaldi dotoreaz, biziminez egindako abentura baten amaierara iritsi gara. Aitortzen dut doluan nagoela, hutsunea sentitzen dudala. Beste batzuetan baino gehiago kostatzen ari zait agur esatea. Asko eta asko dira lanean ezagututako gaixo terminalak, hildakoak, asko da ikasitakoa. 12 urte izango dira laster aita hil zenetik, 2007ko uztail hartatik (hain urruti, hain gertu). Hala ere, hau benetan zaila da ondo adieraztea.

Agur esan nahi diot maisu bati, botak jantzita zendu den gizon bati, ia-ia nire kintakoa. Izaki espiritual bati, azken Gabon gauean ezagutu nuena eta egun hartan bertan esan zidana: “Nire bizitzaren onena oraindik etortzear dator”. Medikuoi asko kostatzen zaigu gauza batzuetan sinestea, mirariak onartzea, geure Medikuntzatik kanpo dagoena eta ukiezina eta ulertezina denari aurrez aurre begiratzea. Baina egia da, bizitzaren onena izan daiteke anabasa baten erdian oreka topatzea eta zure neska-lagunarekin ezkontzea. La Perlan bainu hori hartzea. Umorea piztuta mantentzea. Irribarria eta Urrutikoetxearen arteko pilota finala ez galtzea. Irribarrea ez galtzea.

Zergatik neurtu mendiak (Anboto, Pagoeta…) metrotan eta ez edertasunean? Zergatik neurtu bizitza urteetan eta ez gauzatutako ametsetan eta urratutako bidearen dotorezian? Behin eta berriz bueltatzen naiz hitz hauetara, Felix Iñurrategiri dedikatu zizkiotenak. Datorren urteko uztailean 20 urte izango dira Felix Himalaietan hil zelarik. Felix izan zen Euskal Herriko pertsona askorentzat lehengusu bat bezala, familiakorik inolaz ere izan ez arren. Dolu kolektibo handia izan zen.

Zurekin antzeko bat gertatu zait, familiakorik izan ez arren. 7 hilabeteko adiskidetasun eta bizilaguntasun trinkoa, gupidatsua. Zoragarria izan da hainbeste intentsitatez bizitako zeure existentzia ezagutu izana, Jx. Liburu potolo bat, dokumental bat egin zitekeen zeure mundu honekin guztiarekin. 

Ezinezkoa da zu ez maitatzea. 

 

 

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar