Denborak aurrera etengabean (2)

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Zaintzaileak

dig

Nostalgiak jota, 2.000 pertsona inguru hurbildu ginen irailaren 25ean Euskalduna jauregira, eta beste hainbeste hurrengo egunean. Bi rokero zaharren arteko besarkada ikusteko bakarrik merezi izan zuen. Baita ekarritako gonbidatuengatik ere, bi rokero zaharrek oholtzaren gainean emandakoagatik, bi bertsolariek egindako sarreragatik. Inun baino alaiagoa ez dakit, baina ondo amaitzeko agur ederra izan zen, borobila.

Oroiminetik ere idatzi du Igor Leturia lagunak bere blogean, “Hertzainak dela eta…” postean. “Gure garaiak”, joan direnak, orduko sasoi argilun horiek. Eta gure seme-alaben garai hauek, ulertzen saiatzen gabiltzanak, beste rol batetik (aitarena) begiratzen ditugunak Igorrek eta biok. Urteak badoaz, eta ondo dago konturatzea. Ahal baldin bada estutasunik gabe.

M. aldameneko bizilaguna ere badoa bizitzan aurrera, denon modura zahartzen. 90etara hurbiltzen bera, Igor eta biok 50etara. “Zein gazteak”, pentsatzen du M.-k. “Zein zaharrak”, gure seme-alabek. M.-ari zahardadea ez zaio gustatzen, behin baino gehiagotan esan dit zahartzea zein kontu txarra den,  makaltzea zein tristea den. Eta zein guapoak diren gure seme-alabak, baita Maider eta biok ere.

Gaurko egunkarian arrunt gustura irakurri dut Nerea Ibarzabalek eta Mariñe Arbeok idatzitako artikulua, “Oraindik ez, baina”. Honi guztiari buruz hitz egiten dute, ziklo hauei guztiei buruz. Herenegun seme-alaben aulkiak bultzatzen genituen, etzidamu zeinek bultzatuko ditu geureak? Euren hitzetan:

“Nahi nuke ingurukoak lasai eta ondo zaintzen utziko digun mundu bat, eta hau denok geure arduratzat sentituko dugun egun bat. Baina, antza, oraindik ez.”

 

PD.- M.-k eta biok datorren hilabetean urteak egingo ditugu. “Zu ni baino askoz gazteagoa zara”. “Bai, baina hilabete berekoak gara”. 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar