Mendi Festa 2021

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

MendiFesta2021(Andoni Ormazabalek gustura irakurtzen ditu blog honetako postak, beraz arreta handiz idatziko dut oraingo hau, ea lortuko dudan. Goazen!)

“Bertanbehera” urtea izan zen 2020a, “hurrengourterako” mezuak jaso genituen, jakin barik 2021ean berriro bidaliko zizkigutela mezu berdinak. Orain 2022an izango da 2021erako agindutakoa, segurtasun neurri guztiekin eta abar eta abar.

Zorionez, segurtasun guztien zain egon ordez, pertsona, talde eta elkarte batzuk pausu bat aurrera emateko gai izan dira hilabete hauetan guztietan. Mendi Film Festivalekoak, adibidez, edo Donostiako Zinemaldikoak, Musika Hamabostaldikoak, Zarauzko Literaturiakoak… Zinema aretoak eta kulturguneak zabaldu dituztenei, ekitaldi gutxienez mistoak antolatu dituzten guztiei, aurrez aurreko topaketetarako espazioa lagata. Hauei denei eskertu behar dizkiegu bizipoz dosi horiek eskaintzearren. “Arriskua” hartzearren bestelako “birusak” kutsatzeko, kulturaren birusa, musikarena, zinemarena, edertasunarena, adiskidetasunarena, “hemengaude”-rena, “oraindamomentua”-rena, “goazenaurrera”-rena, “kulturaseguruada”-rena.

Atzo Urretxun Andoni Ormazabalek eta haren familia zabalak, senideek eta lagunek, pausu bat edo bi eman zituzten aitzinera. “Hemen gaude!” ozen esatera, eskalatzaile gazteei “ez geratu etxean!” eta Xabi Ormazabali “gogoan zaitugu!”. Liluragarria benetan, bihotzez egindako guztia bezala. Momentu batean, photocall harekin, Iker Pou, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi publikoaren artean ikusita eta zegoen giroarekin Mendi Film jaialdiaz gogoratu nintzen. Gustura, oso gustura.

Mendi Bekaren azken nondik norakoak azaldu zizkiguten, musika lagun. Dokumentala ikus-entzun genuen, solasaldia sofa batean egin genuen (lehenengo aldia zen niretzat). Felipe Uriartek merezitako omenaldia eta laztanak jaso zituen. Jaten eta edaten eman ziguten. Gaintzako sutondoa ere piztuta igarri nuen, Labeaga izeneko aretoan.

Eta gauzak zer diren, atzo bertan, duela urtebete juxtu, Sandailiko grabaketa egin genuen Andonirekin, Araotzen. Zenbat bihotz ipini duen gizon honek proiektu honetan nabarmena da, pelikula ezagutu duzuenok badakizue. Irribarre eta jarrera horrekin normala da jendeak zu maitatzea.

Bizitzak zergatik ipintzen gaituen bidean pertsona zehatz batzuekin? Zergatik “kausalitate” hauek, Andoni?

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar