The Troubles eta haratago

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

The TroublesZarautzen compassionate communities” saltsa honetan hasi baino lehen, herrian beste talde batzuk zer egiten ari ziren aztertu genuen. Eta, aldi berean, munduan nola funtzionatzen ari ziren beste komunitate errukitsu batzuk estimulagarria bezain ezinbestekoa izan zen guretzat. Gai deserosoak eta ezkutatuak hasi ginen jorratzen Death Cafeetan, heriotzaz orokorrean, zehazki minbiziaz, Alzheimerraz, zainketa aringarrietaz, etxeko ospitalizazioaz, suizidioaz, dolu perinatalaz…

Munduan egiten ari zirena begiratuta, indarkeria politikoak edo terrorismoak gogor jotako bi herrialde kontuan hartzekoak ziren (eta dira), komunitate gupidakorrak modu esanguratsuan garatzen ari zirenak: Kolonbia eta Irlanda. Nire buruari galdetzen non ea gaia jorratuko zuten, edo tabuen artean tabuena izango litzateke. Funtsean ea gai garen modu honetan etorritako heriotzaren doluei buruz hitz egiteko, osagai distortsionatzaileak albo batera lagata (politika, historia,…), eta faktore humanoetan eta emozioetan bakarrik enfokaturik. Gasteizen, Zarautzen eta Getxon bizipen ederrak izan genituen, hiri errukitsu moduan, “S(u/a)minetik Bakera” obra eszenikoa aurkezturik. Udazken honetan hiru horietako batean errepikatzeko ilusio handia daukagu.

Asuntoa da uda honetan Irlandan egon garela oporretan, eta besteak beste Derry eta Belfast bisitatu ditugula. Lehenengoan azaletik igaro ginen gehiago, baina bigarrenean bete-betean busti ginela orain dela 50 urte piztu ziren gatazka politikoen ondorioekin. Ulsterren gertatutakoa, desberdintasunak desberdintasun, beti izan da prozesu paralelo modukoa, hemen gertatzen zenarekin aldean. Telebistan eta zineman ikus-entzunda, bazen garaia bertatik bertara horren guztiaren aztarnak behintzat ezagutzekoa.

Hasi ginen Black Cab Tour batekin, alegia, ibilaldi gidatu bat taxi batean hala Shankill Road nola Falls Rd. aldeetan. Horren bidez, gidaria kartzelan egondako baten bat izan daitekeelarik, zonalde unionistan zein errepublikarrean gelditu diren hormetako pintaketak, harresiak, txarrantxak eta abar ikusi ditzakezu, gidariaren komentarioekin. Historian atzerako bidaia egitea bezalakoa da, oso gomendagarria. Baina iraganaldiaz gain, orainaldia ere oso presente dago. Orduko pintaketekin konparaturik, gaur egun egindakoak beste ildo desberdin bat daukate. Amek, izebek eta amonek bereiziki hitz egiten dute itxaropenaz, adiskidetasunaz, maitasunaz eta zainketetaz. Gogoratzeaz, errespetuaz eta lehengoratzeaz. Gogor borrokatzea gizarte lehengoratzaile baterantz. Osagarri moduan, Ulster Museum-ek atal oso interesgarria dauka indarkeria politikoaren hamarkadei buruzkoa, baita orokorrean Ipar Irlandako historiari buruzkoa ere.

Bidaiatzea da apur bat leihoak zabaltzea eta haizea mugiaraztea.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar