You are browsing the archive for Antropologia apunteak.

Eliza 2000 Herria: Jaio, bizi, hil

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, Sarean

jaiobizihilKepa Martinez de Lagos-en bidez jaso nuen gonbidapena monografiko honetan parte hartzeko, Iker Bilboko lagunaren aitaren bidez. Eliza 2000 Herria elkarteari buruz entzuna neukan, eta Félix Placer teologoaz, eta egia esan kriston ilusioa egin zidan proposamena, azken finean Elizaren inguruko proiektua denez, neure biografiaren beste zirkulu bat osatzeko aukera bikaina.

Urrian argitaratu dute aldizkaria, 263 zenbakiduna, eta heriotzari buruzko monografia da, 38 urteetan lehenengo aldiz euren esanetan. Eta zinez aberatsa da emaitza, ikuspuntu askotatik lortu dutela jorratzea. Roberto Lazpita-k filosofia aldetik begiratzen dio heriotzari, Nietzsche eta Unamuno aipatuz besteak beste. Kepa Arrate-k bestela zen tradiziotik apunte batzuk ekartzen ditu. Aitxus Iñarra-k suizidioaz jarduten du, “Narayamako balada” pelikula japoniar klasikoa komentatuz adibide moduan. Arantxa Manterola luze dabil eutanasiari buruz, Nicolas Bonnemaison mediku lapurtarraren kasu ezaguna gogoraraziz. Jokin Urain-ek apunte antropologikoak egin ditu erritoei eta hileta kristauei buruz. Mikel Arizaleta-k, aldiz, “Jaungoikoa hil dela” iragartzen du. Maria Nely Vásquez-ek artikulu ederra idatzi du ondorengo bizitzari buruz, Hans Küng teologo ospetsuak ere “Heriotza zoriontsua” liburuan jasotzen duena. Heriotza arreba/ahizpa moduan kontzeptu frantziskotarra Donepetri-k aukeratu du.  Eta Gregorio Ubierna-k heriotzaren aurreko beldurra modu gordinean erakusten du.

“Heriotza eta gero: bizitza gelditzen garenontzat”  idatzi dut nik. Eskatu zidaten “Aulki Hutsak” -etik abiatzea eta egin dudana izan da disekzio bat. Hasteko, doluak pluralean tratatuz eta ondo hiltzearen desioari buruz bi hitz. Dokumentalaren arlo espirituala errepasatuz gero, Errenteriako Fatima parrokiaren taldearen aportazioa, Julio Etxeberriaren heriotza eta hiletaren, Arantzazuko santutegiaren presentzia, eta inguruan Marije Goikoetxea, Izaskun Andonegi eta Arantzazu Ibarrondo bereziki. Xabier Leteren otoitza hiru ahotsetan eta Julio Gómez-en “La hora de la verdad” liburua. Eta kontrapuntuan, Koldo Martinez-en pasarte gogoangarria eta Lori Thompson-en puntua hileta zibilei buruz. Ipar eta Hegoaren arteko kontrasteekin amaitzen dut, filmografia proposamen batzuekin batera.

Kanpoan gelditu dira Imanol Miner eta Naiara Palacín-en aipamenak haserreari buruz, Jaungoikoarekin, Arantzazuko amabirjinarekin, bete-betean hemen ere sartu behar zirenak.

Bizi gara!

A plebia amariella

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Dolua, Literaturan

plebiamariellaSan Juan de la Peña ikusgarria bisitatu ondoren, Mariano Bandrés-en aztarnak bilatzen ibili nintzen Bernués herri txikian. Argentinarrak hemen Mundu Zaharrean arbasoen bila dabiltzan moduan, hain zuzen ere. Ez nuen zehazki ezer topatu, ez hilerrian, ez elizako sakristian liburu zahar haien artean. Jacako katedraleko artxiboetan akaso, esan zidan herriko apaizak, eta hara jaitsi ginen.

Baina aitonaren bataio-agiria edo dena-delakoaren atzetik jarraitu ordez, katedral inguruan liburudenda batean sartu nintzen, oso itxura onekoa. Eta bertan benetako harribitxi bat aurkitu nuen, izan ere itxuraz gain mamia ere bazegoen dendaren barruan. Orain dela urte mordoa irakurritako liburua han zegoen, aragoierara itzulita. Julio Llamazaresek erretrataturiko Ainielle herrian egindako hizkuntzara itzulita. Nire aitona Marianoren familiak egindako hizkuntza, ziur naiz.

Gozamena izan da istorio hau berriro hartu izana, eta aragoieraz lehenengo aldiz liburu bat irakurri izana zer esanik ez. “Euri horia” galera askoren kontakizuna da, dolu anitzena. Heriotza, ihesa, bakardadea, zahartzaroa, burugogorkeria. Lehenaldi eta orainaldiaren arteko azken zubia. Huescako Pirinioetako mundu oso baten azken arnasak, agure baten begietatik eta ahotik jasota:

Muitos tiempos, ébanos prebau  de bibir de culas a o recuerdo y de xublidar mesmo l’asperanza. Pero ye difízil aconotar-se a combibir con un pantasma. Ye muito difízil borrar de l’esmo as racadas d’o pasau cuan o dandalo alimenta o deseyo y acamatona asperanzas sobre a negazión. A muerte tiene, por o menos, imáxens palpiables: a fuesa, as parabras, as flors que esbiellan a cara d’o recuerdo y más que más a conzenzia clara d’a inrebersibildá que s’encada en o tiempo y fa que l’ausenzia siga un costumbre adibiu. A disparixión, por contras, no n’e tiene de güegas ni sisquiera ta ella mesma; no ye un estau, sino a suya negazión.

 

Martina

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Onkologikoak ez direnak

martinaBeste garai bateko emakumea da, lurralde honetakoa bai baina desagertzear dagoen mundu batekoa, zirimiriarena, Zubiaurretar margolariena. Hain zuzen ere mundu honekin interesa galdu duela ematen du, “off” botoia sakatu duela eta badoala. Ez dauka minbizirik edo Alzheimerrik. Bihotz eta biriketako gaixotasun kronikoak ditu, baina hain ohikoak ez direnak. Urte mordoa ditu eta asko kontatzeko, baina hitz egiteko, jateko eta bizitzeko gogo eskasa.

Isil-isilik joango da, eta berarekin batera eramango du geure ondarearen puxka eder bat. Pozik egon gaitezke ezagutu zaitugulako. Zeu eta zeure kastakoak. Etxean neure amatxi propioa adibidez.

Zerbait ikasi dugula uste dut.

 

Arimen Eguna

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Bizi gara!, Oroimenean

 

800px-Jakub_Schikaneder_-_All_Souls'_Day

“Beti iruditu izan zait denik bertsorik zailena dela eskelakoa. Eskakizun dexente izaten ditugu eta abailune hori jasaten ari denari nekez esango diozu ezetz. Baina baiezkoarekin hasten dira arazoak. Izan ere, ez baita distantzia oneko hilik. Hurbilekoa bada, den-dena adierazi nahiak eta bikaintasunaren bila derrigor ibiltze horrek kamusten zaitu. Urrutikoa delarik, hasten zara bila eta inpostore sentitzen, beste batek hain eder ez izan arren zinez eta egiaz esango zituzkeen gauzak esaten.”

Andoni Egaña. “Nola agurtu.”

“Maite dut gaurko eguna, gaurko egunean beren hildakoei loreak eramaten zizkieten hildakoak baditudalako. Maite dut gaurko eguna, ohitura bat galdu ondoren, horixe baino ez zaidalako gelditzen.”

Anjel Erro. “Omiasandu.”

“Bizitzaren azken egunetan artearen edertasuna sentitu nahi dute zenbait gaixok. Donald Amsterdameko Rijksmuseumera eraman zuten elkarteko boluntarioek. (…) Rembrandten koadro baten aurrean gelditu zen Donald. Ez zuen ordura arte ikusi. Lana amaitu gabe omen zegoen pintorea hil zenean. «Bizitza bat inoiz ez da amaitzen. Nire bizitza amaitu gabe dago, eta koadro hau ere amaitu gabe dago», esan zuen.”

Jose Maria Pastor. “Azken eguna Rembrandtekin.”

 

Heriotza, hileta errituak eta dolua Euskal Herrian

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Aulki Hutsak

iñakiolaizolaEntsegu liburu mamitsua kaleratu du Iñaki Olaizola itsas ingeniaria eta antropologo donostiarrak, 400 orrialdekoa: “Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria” (Utriusque Vasconiae, 2015). Lan hau EHUn hiru urte lehenago aurkeztutako doktoretza tesiaren ostetik dator, “Transformaciones en el proceso de morir: la eutanasia, una cuestión de debate en la sociedad vasca” izenburuarekin. Izan ere, ‘Duintasunez Hiltzeko Eskubidea’-ren aldeko elkartekidea da egilea, eta azken urte hauetan sarritan ibiltzen da gai hau hartuta biltzar, hitzaldi eta bestelako foroetan.

Aurtengo liburua hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoan “heriotza duina”-ren inguruan idatzi du, eutanasiaren aldeko lurraldeetan murgildurik, hala bizitza nola heriotza duinaren alde (ia) denok gaudelarik. Batzuk, hala ere,  kontzeptuetan ñabardurak ikusten ditugueta zainketa aringarrien aldeko hautua hartu dugu. Distanasiaren aurka eta heriotza ona hobetsiz beti ere.

Bigarren zatian, gaur egungo hileta errituak aztertzen ditu, hileta laikoak, gorpuen errausketak… Ander Altunaren “Amama” pelikula ikusi duzue? Hor dagoelako hileta ekitaldi ez ohikoaren adibide eder bat, kontatuko ez dizuedana badaezpada ere, filma ikusi ez baduzue. Olaizolaren liburura itzulita, “Ritos funerarios en Vasconia” (Etniker, 1995) lan mardularen osagarri ederra da, panorama garaikidea plazaratzen duenez.

Eta hirugarren eta azken zatian dolua lantzen du bete-betean. Eta hasieratik bertatik, 304. orrialdetik, ia amaiera arte (377. orrialdea) behin eta berriz aipamenak egin ditu etengabean geure dokumentalaren pasarteei buruz. Ia 50 aldiz aipatzen ditu geure lanean agertutako audioen transkibapenak, xehe-xehe aztertuta eta komentatuta. Berak eskaturik gidoi guztia bidali nion bere garaian, saltsa honetan zegoela jakinda, baina ezin nuen imajinatu ere egin hain baliagarria suertatuko zitzaionik. Bejondeigula geuri guztioi! Joxe Mari Izagirrek dioen moduan, “kandela piztuta jarraitzen duen bitartean, ez dugu itzaliko ez”.

Bizi gara!

“Martin Luther King’s funeral service”.

Pekatu berriak

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak

stonehengeJulio Soto bertsolari eta iritzigile nafarrak oso artikulu ezohikoa idatzi zuen lehengo egunean egunkarian, “Espiritualismorantz” izenburukoa. Ezohikoa gaiagatik eta ezohikoa 20 eta piko urteko pertsona batek egiteagatik.

Hala ere, kezka existentzialak gutxi edo asko denok ditugu, gehienak ondo ezkutatzen ahalegintzen badira ere. Izan ere susmagarria izan daiteke espiritualtasunaz aritzea adin batetik behera, are gehiago erlijioaz. Kristau edo katoliko kutsua daukana barkatuta dago adin batetik gora, baina ertaineko adina edo gaztea izanez gero, susmoak eta alarma guztiak disparatzen dira: gurasoak Opus Deikoak izango dira, eskuindarrak… Geure aurreko belaunaldietan pekatua zen Jaungoikoaz ez hitz egitea, mezatara ez joatea eta abar. Gaur egun pekatua da jaungoikoetaz eta erlijioarekin lotutakoak aipatzea. Eta tabu bihurtu dugu apurka-apurka.

Mendebalde honetan, espiritualtasun korronte berriek erakargarritasun handia daukate, psikologia humanistikoa, mistikoa eta esoterikoa, New Age mugimendua, Ekialdeko erlijioetan murgiltzea eta abar. Ez dira gutxi budista bilakatutako estatubatuarrak, horietako batzuk pertsona oso ezagunak. Eta bilakaera interesgarriak dira, mediatikoak izan ala ez.

Egarria egon badago, munduan gauzak dauden moduan ez da harritzekoa, eta bakoitzak gure moduan egiten dugu.

Canto Mozárabe “Requiem aeternam/Misesere mei”

Mariatxiak kanposantuetan

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Aulki Hutsak

mariatxiakhilerrian

2000ko azaroaren 1ean izan zen, Tijuanan (Mexiko). Javi lagun mina bisitatzera San Diegora joan nintzen eta, aholkatuta, Domu Santu eguna mugaz bestaldeko hilerri erraldoian eman nuen. Zinez interesgarria izan zen hango giroa, mariatxien bandak han zeuden, ez zen mito urbano bat. Jan-edana, musika, tristezia, alaitasuna, omenaldia, errespetua, sineskeriak, kristautasuna. Ostaturako buelta taxi kolektibo batean egin nuen, maletategian zeuden eserleku horietako batean jesarrita.

Aurten, hildakoen oroimenerako asteburuaren ateetan, aste bereziki mugitua eduki dute geure aulki hutsek: Asteartean Segoviako Ospitalean, Leandro, Nuria eta Amelia aspaldiko lagunarekin, hiri gaztelar hura berriro dastatuz.

Asteazkenean Senda Fundazioaren X. Jardunaldietan, Iruñean, kartela konpartitzen Paco Etxeberria handiarekin. Antolatzaileen eta ikus-entzuleen harrera bikaina disfrutatuz. Plazer handia da Nafarroan edukitzen ari garen erantzuna.

Eta ostegunean, Donostian alde batetik, San Telmo museoan Alde Zaharreko  bizilagunen elkarteak antolatuta, Iker Barandiaranen presentziarekin. Eta egun hartan bertan Bilbon ere bai, San Inazion, “Zinemaldi Ikusezinean” saritutako beste pelikula batzuekin batera.

Bizi gara!

 

 

 

 

 

 

Minbizia Jurasikoan

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Onkologikoak

minbiziaaurrehistoriaIzenburu erakargarri horrekin idatzi du artikulu interesgarria Aitor Santistebanek “Abaritzeta” bere blogean. Bertan, historian argitaratutako beste artikulu mamitsu batzuk aipatzen ditu, “Historical Notes on Cancer from the MSS” (Proceedings of the Royal Society of Medicine, 1936), “Metastatic cancer in the Jurassic” (Lancet, 1999) eta “Epidemiologic study of tumors in dinosaurs” (Naturwissenschaften, 2003). Historia gustukoa daukagunontzat bazka ederra. Mila esker Aitor!

Bestela, gaur da minbiziaren nazioarteko eguna, otsailaren 4a, eta AECC elkarteak adibidez honen inguruko egitaraua osatu du.

Osasuna!

Heriotza-ohikuneak

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak

hiletaerritoakOlentzero tipo jatorra dela badakigu, tripaundia eta ardozaleaz gain, eta aurten berretsi du bere jatortasuna. Liburukote mardul eta mamitsu hau lortzeko buruko min dexente eduki duela badakit-eta. Euskal Herriko atlas etnografikoaren ale honetan “ritos de pasaje” horietako bat jorratzen dute luze eta zabal, 800 orrialdetik gorako ondare bikainean. Heriotzaz, aurrekoetan jaiotza, gaztaroa, eta ezkontzaz jardun zuten bezala.

Mamiari dagokionez, heriotzaren zantzuei buruzko atalean animalien portaerak deskribatzen dituzte. Hiltamua ere bai, etnografiatik egindako ikuspegiarekin. Hil-mezuak, hil-kanpaiak, gaubela, hilbideak, argizaiolak, kadirak, kurutzeketaria, andariak, lutoa, erostariak, aurrogia, ezkoanderea, ondrak, ogerrena, Domuru Santu, Arimen eguna, hilarriak, …

Errito asko desagertuak edo desagertzear daudelarik, azken atala arima herratuei buruzkoa da: herotsegileak, argi-egileak, gerixetiak, arimen usaina, … Santa Companharen euskal bertsioa, hildakoen agerpenen kontakizunekin batera.

Medikuntza eta zientziatik haratago.

PD.- “Em companhia da morte” João Aveledo laguna et al.

Hilarriak hilerrietan… eta mendietan

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak

hilarriamendianEz da gaur egungo moda, aurrehistoriatik datorren kontua baita. Geure mendiak behintzat trikuharri eta tumuluez josita daude, eta kultura megalitiko haren atzean hildakoak gogoratzea zegoen helburuen artean. Baina azken urteotan gero eta ohikoagoa dela esaten dute. Arazo bihurtzeraino, antza denez. Gipuzkoako Aldundia esate baterako hilarriak, gurutzeak, oroitarriak eta abar mendietatik kentzea (edo berriak ipintzea eragoztea) baloratzen dabil. Benetan ez dakit nori egingo dion kalte. Ez da izango heriotza bera deseroso suertatzen zaigula?

Bestela, Garagoikoa blogean irakurri dut “Hilarriak eta hilerriak” izenburuko testu intresgarria. Bertan, Bernardo Penabade soziolinguista galiziarrak hango hilerrietan egindako azterketa kontatzen du: Galiziera zenbatean erabiltzen dituzten hain zuzen ere. Txerra Rodriguezek antzeko ariketa egin du hemen Txorierrin, eta emaitza oso desberdinak eduki dituzte batak eta besteak: Galizian hitz gutxi-gutxi topatu ditu Penabadek hango hilarrietan (<%1), tartean oso herri galizieradunetan begiratu arren. Bitartean, Rodriguezek bestelako portzentajeak erakutsi ditu (Derion %16a eta Sondikan %7a), bi herri ez bereziki euskaldunetan.

Neuk antzeko ariketa egin dut lehengo egunean Nafarroako herri euskaldun batean, Lesakan alegia: Hilerri berrian 28 hilarri topatu ditut euskara hutsean (%44), 32 gazteleraz eta 3 elebitan nolabait.

Apunte batzuk, besterik ez.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar