You are browsing the archive for Beste terapia batzuk.

Isiltasunaz

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua

elurralainotuta-8Aurrekoan Patxi del Campo eduki genuen Zarautzen musikoterapia eta bizitzaren amaierari buruz hizketan herriko zinema aretoan, goxo-goxo. Zarautz On elkartearekin batera ZHZk egindako bigarren ekitaldia izan da, zainketa aringarrien munduko egunaren haritik antolatutakoa, iaz bezala. Hitzaldia eta solasaldia gutizia gogoangarriak suertatu ziren, susmatzen genuen moduan. Soinuen eta musikaren garrantziaz jabetuta gaude, neurri batean edo bestean gutariko asko. Nagusiki bisuala den gizarte postmoderno honetan. Baina ez gaude hain eroso isiltasunaren aurrean, eta ariketa horixe proposatu zigun Patxik aurrekoan, hain zuzen ere.

Iaz Eslovenian kobazulo liluragarriak bisitatu genituen: Skocjanske jame. Ikusgarriak bezain entzungarriak. Badago ganbera bat “Murmurioen koba” izena duena, hain zuzen ere gune handi batera iritsi baino lehen dagoena. Bertan, izan ere, bestaldean dagoen esparru zabal haren trumoi moduko zarata entzuten da urrutitik, xuxurla izango balitz bezala. Eta zarata kobazulo haien barrutik igarotzen den ibaiaren burrunba da, zerbait ikaragarria. Kontua da murmurioen koba baino lehen “Isiltasunaren koba” dagoela, metro batzuk lehenago. Ganbera haren barruan ez da ezertxo ere aditzen, saiatuta ere. Ezin imajinatu hurrengo koban topatu duzuna, eta are gutxiago ibai bat eta bere soinua oso gertu daudela.

Isildura topatu dezakegu beraz lurraren barrunbeetan. Baita lurraren azalean ere, elurte on bat dena estaltzen duenean, esate baterako. Paraje bakartietan naturan, edo leku urrunetan gizakiak eraikitako tenplu horietan: Arantzazun, Leiren, Ziortzan, Barrian. Nepalen, Bolivian, Kanbodian, Islandian. Isiltasuna eta espiritualtasuna, berriz ere, elkar loturik. Eternitatearen isiltasuna, ezerezarena, misterioarena, unibertsoarena.

Abiadura moteldu eta adi egotea orain eta hemen daukagunari inguruan. Zarata saihestu eta isildura bilatu. Horra erronka. Gaiak erakarrita, Alain Corbin-ek idatzitako “Histoire du silence” liburura iritsi naiz, gaztelerazko itzulpenera. Pizkundetik gaur egun arte. Isiltasun horretan murgiltzen naiz tarteka ordutik.

 

Espiritualtasunaz

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Humanizazioa, Mendian

ArantzazuGaur Arrasateko ospitalean, Juan Rodríguez lankideak (Familia Medikuntzaren R4 egoiliarra) saio kliniko bikaina eskaini digu “Espiritualtasuna zainketa aringarrietan” izenburupean. Hitz potolo hauek izpiritu asko uxatu ditzaketen arren,  “errukia” berbarekin gertatzen den moduan, gaurkoan bete-beteta egon da aretoa. Eta hori, hasteko, oso pozgarria izan da. Juanek ederto tira egin du SECPALeko espiritualtasun lan-taldeak egindako monografiatik, Enric Benito, Pilar Arranz, Javier Barbero, Ramón Bayés, Javier Barbero, José Carlos Bermejo, Iosu Cabodevilla eta Julio Gómez egileen artean ditugularik.

Espiritualtasuna edo galdera potoloak, bizitzaren misterioa eta heriotzarena. Planetaren sorreraren misterioa (planetaren suntsipenean hainbeste misteriorik ez dago). Bizitzaren esanahia. Nondik gatoz eta nora goaz? Txikitatik egindako galderak, larritasun existentziala sortzen digutenak, baina adinarekin berreskuratzen ditugunak. Are gehiago bizitzaren amaieran egonez gero.

Jaungoikoa hil eta gero, eta Juanek bineta mundiala ekarri digu gaurkoan (Marx, Freud, Nietzsche eta Darwin gangster moduan beltzez jantzita pistola banarekin), noraeza eta hutsaren sentimenduak orokorrak dira. Hortik Ekialdeko tradizioetatik etorritako heldulekuak, yoga, tai-chi, mindfulness, chikung eta abar luzea, kulturalki kristaua izan den gure munduan ondo txertatzen ari direnak. Eta oso lagungarriak izan daitezkeenak bizitzaren amaieran, bakearen eta orekaren bila, zentzuaren xerka. Ongi zabalduta daude zainketa aringarrien profesionalon artean. Ongi etorriak.

Bestela, nire uste ‘harroan’, kristautasunak badauka ehundaka urtetako ondarea oso aprobetxatzeko modukoa dena, boladaz pasata egon arren. Gregoriar kantua esate baterako, mantra modukoa egindakoa eta meditaziorako ezin hobea. Monasterioak eurak zure baitan biltzeko leku moduan, zarata guztietatik at. Etxetik hain gertu dauden aukera horiek guztiak.

Izan ere, eta galdera batekin amaituko naiz, zer d(ir)a sentitzen d(it)uzun hori(ek) Arantzazu bezalako paradisuan?

Errukiz eta irrikaz

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Osatzetik Arintzera

BatzordeAntolatzaileaSECPAL2018Ez gaude denok argazkian, baina gauden denok bagara SECPAL 2018ko batzorde antolatzailearen kideak. Aurreko post batean komnetatzen nuen zein esperientzia ederra izan diren biltzarraren aurreko asteak eta antolatutako kultura ekitaldiak eta bestelako jarduerak. Bada kongresoa bera ere disfrutatzekoa izan da.

Hasten baldin bazara musikoterapiaren ikastaro on batekin, Patxi del Camporekin. Segitzen baldin baduzu Eduardo Brueraren ongi etorriko hitzaldiaren, hasierako euskarazko hitz haiekin Bruce Springsteenen moduan, ganoraz, ez “gabon” edo “kaixo” herabe soilekin. Ederra forman eta edukian, betiko moduan, ezinbesteko ezaugarriarekin batera: umorea.

Arinduz.

Jarraitzen baldin baduzu kooperazioari buruzko mahai inguru batekin, Arinduz 2017ko hariari jarraituz, Liliana de Lima eta Tania Pastranaren eskutik, Latinamerika Europa jauregira ekarrita. Geroago osatzen baduzu hiri errukitsuen inguruko mahai inguru eder batekin, Silvia Librada, Xavier Gómez-Batiste eta Patxi del Camporekin. Kateatzen baldin baduzu Phil Larkinen hitzaldiarekin, gure esparruan erizainek duten protagonismoa azpimarratu zuena. Borobiltzen baldin baduzu zainketa intentsiboak eta aringarriak ederki lotzen zituen mahai inguruarekin. Eta azkenik errematatzen baldin baduzu Rafa Motaren “Metamorfosia” dokumentalarekin eta ZAetan boluntarioek egiten duten lanari buruzko hitzaldiarekin.

Errukiz.

Gehitzen baldin badiezu Famobilen Clickekin egindako diorama bat, bizitzaren azken fasearen tarteak ondo deskribatzen zituena. Gasteiz Big Band-en ostiraleko kontzertu zoragarria. Leku askotako lankide eta lagunekin izandako topaketak. Eta, biltzarretik kanpo bada ere, Baskoniaren arrakasta saskibaloiaren ligan.

Irrikaz.

 

 

Gaurtzaroan (2)

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!

dervicheMindfulness budismoaren bidean oinarrituta badago ere, apur bat aldentzen baldin bagara beste eredu interesgarriak ere topatuko ditugu. Islamismoan adibidez badaude mistizismoan eta aszetismoan murgiltzen direnak, sufismo korrontekoak alegia. Eta hor barruan misterioa irudikatzen duten derbitxe edo derbixe dantzariak, trantzean sartuta borobilak marrazten dituztenak biraka eta biraka. Batez ere Turkian, Balkanetan, Afganistanen edo Indian finkatutako tradizio luzea dute, XVI. mendetik datorrena.

Izan ere, garai hartakoak dira meditazio kristaua, mistika eta kontenplazioaren erreferentzia nagusiak: Frantzisko Saleskoa, Inazio Loiolakoa, Joan Gurutzekoa eta Teresa Ávilakoa. Isiltasunean sustraituta hauek, musikan eta dantzan besteak, gaur egun meditazioa edo arreta osoa lantzeko hiru osagaiak dira: isiltasuna, musika eta dantza hain zuzen ere.

Kostalde honetan lehenengo esperientzia pixka bat jarraitua eduki dut mindfulness-ekin, Jon Kabat-Zinn-en testuak irakurri eta sarritan intuitiboki lehen egindako praktikei zentzu gehiago eman, arreta gehiagorekin. Kostaldea horretarako leku aproposa da, itsasoa eta mendia bertan edukita, eta gakoa “gaurtzaroan” apur bat gehiago murgiltzean eta iraganalditik eta etorkizunetik deskonektatzean dago.

Musikoterapia zaintzaileen ikuspuntutik

%A %B %e%q, %Y in Artikuluak, Beste terapia batzuk

musikoterapia2“Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakiak dakar Madrilgo San José Fundazioak egindako artikulua, Evaluación de un programa de musicoterapia en una UCP. La perspectiva de los cuidadores” izenburupean eta Mireia Serrak, Vicente J De Luisek eta Jordi Vallsek sinatuta. Artikuluaren arabera, musikoterapia aintzat hartzen dute hala Society for Integrative Oncology elkarteak nola Office of Cancer Complementary and Alternative Medicine bulegoak. Erabilgarria da sintomak kontrolatzeko, besteak beste mina, botagura eta antsietatea. Besteak beste Cochranek sostengatua. Artikulu zehatz honetan, zaintzaileak kontuan hartu dituzte, beti ere proportzioa ia 2:1 dela emakumezkoen alde eta zuzeneko musika erabili dute. Sostengu emozionala eta erlaxazioa izan dira emaitza on nagusiak honen arabera. Eta iruzkinen artean hauek:

  • Senideak ere zaintzearren eskerrak ematea“.
  • “Bere alderik alaiena ateratzea, ezkututa zegoena”.
  • “Nire aitari ez genion sekula kantatzen entzun”.
  • “Gitarra jotzen hunkitu egin da, gure haurtzaroa berreskuratu du”.
  • “Atzamarretan berreskuratu du mugikortasuna gitarra jotzean”.
  • “Musikak laguntzen du arima sendatzen eta bakea ekartzen”.
  • “Gauean galdetzen du aitak noiz etorri behar den arparena”.

Bestela, uztailak 11tik 13ra antolatu dute Gasteizen udako eskola IMAP institutuak, “30 urte historia elkarrekin eraikiz” izenburuarekin.

Azkenik, musikarekin lotuta baina ez musikoterapiarekin, hemen “Support after Suicide” australiar elkarteak egindako bideo ederra. “You’re Not Alone“.

Ondo amaitu asteburua!

Gaurtzaroan

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Sarean

orainaldiaBizitzera gonbidatuta, horrela gaude Jose Mari Pastorrek ederki gogorarazten digun bezala gaurko egunkarian. Orain eta hemen bizi, semea kirolean larunbat goizean ikusi, lagun duzun bertako abeslari baten azken diskoaren aurkezpen kontzertura joan larunbat arratsaldean, konpainia onean. Mendira edo itsaso aldera joan. Kiroldegira joan, terapia moduan, Samara Veltek ere gaurkoan idatzi digunez. Heriotzaren beldurrari aurre egin heldulekuen bidez. Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren aurrean edo gaixotasunik gabe ere.

Haurtzaroan baino gaurtzaroan bizi, Zakilixutek iradoki digunez aste honetan. Badagoelako zoriontasuna umezarotik at ere bai. Triste bizi gaitezkeelako edo erdi pozik, bide bi, lagun duzun bertako abeslariak kantatzen digunez.

 

Musikoterapia gehiago

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk

Juanma Murillo musikoterapeuta da, Madril aldean antza denez, eta gaur ezagutu ditut bere bloga eta apur bat bere lana Facebook-i esker. Kuxkuxeatzen, behean agertzen den animaziozko lan laburra topatu dut. Delicatessen mokau bat, emozioak eta musika konektatzen dituen ipuin laburra. Zelan bilatzen ditugu errudunak kanpoan geure barnera begiratu barik. Edo zelan kentzen ditugun gainetik gauza zaharrak, beti gauza berrien bila, etengabeko dikotomiak.

Carla Jiménezek egindako lana da ikus-entzun ahal duzuen hau:

Hemen eta orain

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk

mindfulnessLarregizko oroimina dakarrelako iraganak eta etorkizuna galdera ikur erraldoia delako: Mindfulness. Eta 10 modu egunero praktikan ipintzeko:

  1. Zentzu fisikoekin konektatzea eguneroko gauza arruntak egiten: Adibidez harrikoa egitean xaboiaren usaina hartzea, ur beroa sentitu.
  2. Arreta eskaini arnasari mantso-mantso.
  3. Jan poliki, zaporeak dastatuz, usainak hartuz, janarien formak ikusiz.
  4. Ibili kanpoaldean baina zeure pentsamenduak eta emozioak lasai aztertuz. Mendian ahal bada, askoz ere hobeto.
  5. Ekintzen artean etenaldiak hartu. Ez hartu telefonoa arrapaladan. Arnasa hartu hitz egin baino lehen…
  6. Entzun bihotzarekin. Norbaiti. Naturari.
  7. Emozioak eta sentimenduak desberdindu.
  8. Murgildu zaitez egiten asko gustatzen zaizkizun gauzen jarioan.
  9. Egunero hartu minutu batzuk meditatzeko. Mendian, aukeran, bikain.
  10. Errutina aldatu, aldatu egunerokoaren ordena, gauza berriak egin.

Hemen eta orain dela gutxi irakurrita: “10 Easy Ways You Can Practice Mindfulness Every Day”.

Bakea topatuta

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Dolua, Literaturan, Mendian

EspedizioaMadariagaPoeta bilbotar bat munduko tontorrik goienetan. Shisha Pangman. Barne bidaian. Tontor guztien pisuaz. Menditerapian. Txalaparta, 2015.

Everesten, Peter Boardman eta Joe Tasker mendizale britainiarrak 1982ko maiatzean hil zirela kontatzen digu Juanra Madariaga idazleak, besteak beste. Urte hartako udazkenean bertan “bi eskalatzaileen neska-lagunek bidaia luze bati ekin zioten lurraren eta arimaren labirintoetan barna, eta Everest erraldoiaren oinetara joan ziren heriotza haiek asumitu ahal izateko”.

Maria Coffeyk, Joe Taskerren alargunak ondoko letra hunkigarriak idatzi zituen:

“Lainoak Chomolungmaren erpina ikusten utzi zigun baina ez haren horma. Joatear geunden, baina biok minutu haietako baretasuna behar genuen menditik jaitsi baino lehen, gure pentsamenduek sosegu har zezaten. Musu bat bidali nuen harantz eskuarekin eta buelta eman nuen.

Bat-batean, arrano bi ikusi genituen, goranzko korronteetan zintzilik. Pete eta Joe dira, pentsatu nuen. Eternitatea pasatzeko leku ona”.

PD.- Gaurko egunez duela zortzi urte aita hil zen. Bakea topatuta.

Gidatutako Irudia eta Musika

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Osatzaile zauritua

GIMGuided Image and Music (GIM) Helen Bonny-k AEBetan eta 1970eko hamarkadaren amaieratik abiatutako teknika da, nork bere burua hobeto ezagutzeko bidaia moduan aurkeztuta, barneko mundua osatzekoa eta inkonszientean gelditutako oroitzapenak bideratzekoak. Terapia hau erabiltzen da helduongan mina, antsietatea, tentsioa eta estresak eragindako sintomekin. Honen bidez, sentimenduak azaldu eta baloratu egiten dira, portaera moduak aldatu, liskarren artean erabakiak hartu, nork bere buruarekin konfiantza gehiago eduki eta ongizate orokorraren egoera indartu.

GIM terapia ordu eta erdiko sesioetan egiten da: hasieran elkarrizketa batekin, kezka iturri den gaia identifikatzeko, saio bakoitzean gai batean zentratuz. Ondoren, gidatutako erlaxazioaren bidez pertsona prest egongo da musikaren estimuluak jasotzeko, terapeutarekin konpartituz eragindako sentsazioak. Musika amaituta bizitako esperientzia komentatzen da eta islatzen da irudien bitartez. Hau guztia interpretatuz, klabeak ematen dira bizitzan aldaketak eginahal izateko.

Info+: “Association for Music and Imagery”.

Entzuteko: Spiegel im spiegel” (“Ispilua ispiluaren barruan”).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar