You are browsing the archive for Bizi gara!.

Uhinez uhin

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

Zarautz Olatuak Barnealdeko itsaso batean hasi da azken 10 egun hauetako ibilbide eder hau, olaturik gabeko Urkulun. Urtegiaren inguruan, herrietako kanposantu ahaztuak ditugu, lur gainean dagenak eta akaso urperatuta daudenak. Aretxabaletako hilerria  bestela, Gipuzkoako zazpi ederrenen artean sartu dituzte, leiho erromaniko bitxia dela-eta, Apotzagako kanposantu eskoriatzar zirkularrarekin batera. Herriko plaza nagusian, eguna ondo amaitzeko, arimadun hitzaldi horietako bat ikus-entzuteko (eta sentitzeko) plazerra eduki nuen, “Hileta zibilak eta dolua” izenburuarekin eta Eider Otxoa bidelagunak eta Beñat Zubizarreta txelojoleak eskainia. Sortu zen magia horretatik, “Amama” (Asier Altuna) pelikularen pasarte horretara iritsi ginen, hileta zibilarena, Mursegok txeloa jotzen duena. Hilerrietatik urrun.

≈≈Maiatzaren 7a≈≈ 

Barnealdetik jarraituz iparralderuntz, kostaldetik gertu dagoeneko, Santa Engraziako baselizaraino ere heldu ginen, inguruko haran sakonak, mendiezagunak eta itsasoa bera ikusiz. Beste Eider batek, Zuriarrain, eta Arantza Aizpurua lagunek antolatu zuten saio bat, “Aulki Hutsak”-en proiekzioa eta solasaldia izan behar zena, baina Death Cafe moldatu eta atipiko bihurtu genuena. Aizarnan arratsalde hartan gure artean Joxe Arregi teologo ezaguna eduki genuen. Eta jorratutako kontu mamitsuen artean, niri bereziki erakartzen nauen bat konpartitu genuen: Heriotzaren kanala eta erditzearena, heriotzarako prestatzen diguten emaginei buruz. Eta bizitzaren hasiera eta amaieraren arteko lotura horiei buruz, testu bat (eskerrik asko, Basi):

“De manera similar al proceso del parto, hablar de qué esperar durante la agonía o entender que el proceso es predecible y, por lo general, indoloro, supone un consuelo y un sostén para los moribundos y sus seres queridos”

≈≈Maiatzaren 10a≈≈

Kostaldera ailegatuta, azkenean, Modelo zinema aretoan sartu ginen. Literaturia 2019-k zabaldu zizkigun tenpluaren ateak Ana Galarraga, Imanol Epelde, Mudoh eta Patxi Lurrari. 4tik 3 Zarauzko bizilagunak “S(u/a)minetik bakera”-ren lantaldean. Arrasateko estreinaldian gertatu zen bezala, publikoaren artean egon zen protagonisten minarekin konektatu ahal izan zuena, ideologia kidetasunetik baino bestelako dolu mota batetik abiatuta eta enpatia (eta erruki) horietatik. Zehazki dolu perinatal banatik gertatu ziren konexio horiek, lehen aipatutako Eider Otxoa Arrasateko emanaldian, eta Miren Rosekin Zarauzkoan.  “Zu naiz, ni zara”. Zaila da halabaina jendea erakartzea proposamen hauetara, suminez eta saminez bizi dute jende dexentek oraindik prozesu hau, bakera iritsi ezinda. SB bera akaso bisetan sartuko da laster, gure onenak emanda (AH bigarren gaztaroan dagoen bitartean). “Azken finean gizaki hutsak gara”.

≈≈Maiatzaren 12a≈≈

Azken aurreko uhinak Sabatore Mitxelena Ikastola-ra eraman gintuen. Eneritz Garmendia, Miriam Mendoza eta lehen aipatutako Miren Ros-ek antolatuta, ZHZ gure ekimen errukitsuarekin batera, “Heriotza bizi” solasaldian bizipen pertsonalak trukatu genituen, bihotzetik bihotzera, eta sare ederra josi genuen denon artean. Zerbaitekin gelditzen baldin banaiz bereziki konpartitutakoaren artean, bizitzaren amaieran ere edertasuna topatu dezakegula, baldintza batzuetan. Bai eta alaitasuna eta bizipoza ere. Bejondeigula!

≈≈Maiatzaren 14a≈≈

Azken olatuak Hondarribira eraman nau. Zainketa aringarriak eta egoera bereziak (dementziadunak, gaixo psikiatrikoak, garun paralisia dutenak, bazterketa egoeretan daudenak) eta gaixo pediatrikoak uztartu dituen jardunaldia izan da. Nerea Erkiagarekin joan naiz, proiektu ederra esku artean duen emakumea da. Gaur mamuei aurre egiteko kemena mantentzen lagundu dit. Eta esaldi bat oparitu: “Bizidunok begiak ixten dizkiegu hildakoei. Hildakoek bizidunoi begiak zabaltzen dizkigute”.

Gaur Pello semeak 13 urte egiten ditu, beste urte bat. Beste uhin bat.

≈≈Maiatzaren 16a≈≈

Gizonok ere

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua

HrastovljeUmeak, adinekoak, aberatsak, eskaleak, sendagileak, elizgizonak… Horiek denak agertzen dira heriotzarekin dantzan Hrastovljeko eliza bikainaren freskoetan (argazkian), Esloveniako hego-mendebaldean daudenak eta aurreko udan familian ikusteko plazerra eduki nuena.

Arteetan heriotza. Esparru interesgarri hau jasota dago San Telmo Museoaren erakusketan, aipatu genuena atzoko Death Cafean Zarautzen. Herrian egindako hamargarren edizioa izan da, hasi gara gainera “Zarautz Herri Zaintzailea” ekimenaren lehenbiziko urtebetetzea ospatzen. Eta atzoko edizioa berezi-berezia izan da: Batetik, izan da euskara hutsean egindako lehenengoa, bejondeigula. Eta bestetik partaide guzti-guztiak gizonezkoak izan garelako, “lege natural” ez idatzitakoei aurre egiten.

Izan ere, Toka gizon elkarteak aurten antolatutako ikastaroan piztu zen ideia, eta erantzun ederra eduki du. Hamaika gizon topatu taberna batean, eta futbolaz ez baizik eta heriotzaz, doluaz, zahartzeaz, gaixotzeaz eta hauskorra izateaz berbetan gustura ibili ginen. Oso gustura. Egia da atzo bildu ginen koadrilak ez ditugula gizon tipikoen arketipoak betetzen. Egia da argi daukagula barneko kontuak orokorrean eta zehazki hauek kanporatu behar ditugula, oso osasuntsua dela ikasten ari gara. Badakigu ohiko txikiteroak nekez etorriko direla gurera.

Baina plazer hutsa izan da atzokoa. Jakinmina ere piztu dugula esan dezakegu. Nahi badugu, ahal dugu,

Dolua eta adikzioa

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua

ollarganBizitza den trenbide honetan, geltoki pare bat bisitatu nituen objetorea izan nintzenean. Soldaduzkaren ordez prestazio soziala egin nuenean; Lehenengoa Collado Mediano izan zen, Madrilgo Guadarramako mendilerroan. Bertan zegoen “Proyecto Hombre”-k kudeatzen zuen pisu bat, dozena bat gizonezkorekin, heroinaren menpekotasuna gainditzeko hor bizi zirenak. Bigarrena, Ollargan auzoa (argazkian) zen, Arrigorriaga eta Bilbo artean. “Etorkintza” programa jarraitzen zuten bertakoek, arautegi hain zurrunari jarraitu behar ez ziotenak, PHrekin konparatuta.1995eta ’96 urteak ziren. Pasa den mendean.

Pasa den astean, trenak Amara auzora eraman ninduen, Agipad elkarteak gonbidatuta, Donostira. 20 urte atzera egitea bezalakoa izan zen, atzean utzitako tren geltoki horietara itzultzea legez. Dolu eta adikzioaz hitz egin genuen, dolua nolakoa izaten den gizonezkoengan (drogazale gehienak gizonak direnez). Nola erantzuten dugun sarriagotan isolamendutik, inkomunikaziotik, drogen abusuetatik, portaera arriskutsuetatik. Drogek doluak ekartzen dituzte, heriotzarekin lotutakoak ala ez. Eta doluek drogen kontsumoa areagotu.

Hitz egin genuen halaber heldulekuei buruz, mendiaz, lagun onez, entzutearen garrantziaz, isiltasun tarteen garrantziaz. Eta hitz egin nien muturreko alpinismoaren ajeei buruz, behin eta berriz arriskuaren aurrean egoteko adikzio moduko horretaz, sarritan heriotzan amaitzen dena. Beste muturreko kirol batzuetan ere gertatzen dena.

Artikulu interesgarri hau topatu nuen Interneten eta eurekin konpartitu: “Tres duelos en la adicción”. Bibliografia apur bat ere eman nien (E. Kübler-Ross, A. Payàs). Filmografia ere bai  (“27 horas”, “Leaving Las Vegas”, “In a better world”, “Remontando el vuelo”, “Aulki hutsak”).

Ez du axola hainbeste nondik etortzen zaren, baizik eta zein norabiderantz zoazen. (JL Carod-Rovira).

 

PD.- “Heroinaren hondotik” (Ur Handitan): https://www.eitb.tv/eu/bideoa/ur-handitan-4-denboraldia/6266/151369/heroinaren-hondotik/

 

 

Zoritxarraren aurrean bizimina

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua

borealMinbiziaren aurkako egunak ospatzen ari gara aste bizi honetan, AECCk bikain aukeratutako arlo psikoemozionaletik begiratuta. Dolua barne, geu guztion aulki hutsak ahaztu barik. Minbiziaren aurrean, bizimina…

“Abentura eten da, gogoa ez”: Arreta harrapatu dit gaurko egunkariaren artikulu batek, izenburu horrekin. Kanadako iparraldean ibili da Euskal Herriko iparraldetar bikote abenturazale bat, azken 4 hilabete hauetan. Aurkako klima-baldintzak direla-eta, “Boreal espedizioa” eten egin behar dute Paxkal Elgart eta Xiril Alvarezek, hurrengo egitasmorako gogoa pizturik. Erresilientzia. Burura etorri zait “Biziminez” dokumentala, Pablo Dendaluzek egindakoa eta duela pare bat urte hemen Modelo zineman ikus-entzundakoa. Josu Iztueta abenturazalea bertan aretoan egon zen, protagonistetako bat. Antxon Arza da dokumentalaren bigarren protagonista, gurpildun aulkian dabilen abenturazalea, hamaika lekutan ibilitakoa zoritxarreko istripua eduki baino lehen. Galera funtzionalaz, seme batengatiko doluaz, umoreaz, tristuraz, biziminaz… Eta biziminetik iritsi naiz berriro Hector Prieto atxabaltarrarengana, zoritxarreko gaixotasun degeneratiboaren aurrean horixe erakutsi zuena, bizimina eta erresilientzia itzela, duela urte bat eta erdi hil zen arte.

Gabon hauetan, bestela, pertsona aparta bat ezagutzeko zoriona eduki dut. Abenturazalea, bertsozalea, bizizalea, surfzalea, mendizalea. Erresilientzia gizaki batean gorpuztuta, zoritxarraren aurrean eta, orain, minbiziaren aurrean. Aste hauek intentsitate handikoak izaten ari dira, bere etxeko ateak eskuzabaltasunez zabaldu zizkidanetik. Berak eta bere ingurukoek, sare aparta hori ere. Aste honetako post hau berari dedikatu nahi diot. Bihotzez.

 

 

 

SB Lasarten

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Oroimenean, S(u/a)minetik bakera

VillaMirentxuEspainiako Futbol Mundu Txapelketaren urtea zen, Valladolidera bizitzera joan ginenekoa. Etxe dotore horietan ez ginen euskaldun bakarrak, familia bat baino gehiago hara mugitzen joan ziren Lasarte aldetik, “Michelin” fabrikako kargudunak buru. Gogoratzen naiz iritsi berriko neskato batzuetaz, txikiak, gazteleraz oraindik ez zekitenak. Hiru urte lehenago ETAk atentatu zuen lantegiko enpresari baten aurka eta baita eraikina beraren kontra ere. Valladoliden ere “Michelin” planta bat zegoen, beraz babesleku bihurtu zen pertsona horientzat. Hiria nolabaiteko babeslekua zen bezala gure familiarentzat ere.

Datorren asteazkenean SB eskainiko dugu Lasarten, Villa Mirentxun (argazkian). Urte mordoa pasatu dira 1982tik, 37 izango dira laster, gurasoen bi aulki hutsak ditut orain, besteak beste. Nire seme-alabek ez dute Valladolid ezagutzen. Gazteleraz ez zekien neskato horietako batekin, bizitzaren karanbola eder horietako batengatik, hitz egin nuen telefonoz duela urte bi. Hogeita hamapiko urte ditu orain. Ez dakit seme-alabarik duen, edo esan bazidan ez naiz gogoratzen. Eta baldin baditu, ez dakit Lasarte ezagutuko duten. 

Lasartearra zen terrorismoaren lehenengo biktimatzat hartzen den pertsona, Begoña Urroz, adinez ia 2 urte zeukana. erakunde ezezagun batek Donostian ipinitako bonba zela-eta. Lasarten erail zuten Miguel Angel Blanco. Lasartekoak ziren edo bertan bizi ziren edo bertan hil zituzten Antonio Huegun, Marcelo Garciandía, Jose Javier Urritegi, Alfonso Morcillo, Froilán Elexpe, … 

Bertakoak dira Julio Olaizola Errealaren urrezko garaiko futbolaria, Rafa Diez LABeko sindikalista, Joseba Tapia trikitilaria, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”Harkaitz Cano idazlea, Aiora Zulaika “Pirritx”, Maialen Chourraut piraguista…

Info+: “Memoria partekatu baterantz: 1956-2018 Lasarte-Oria”.

 

Beheko Larrainetik manifestu bat

%A %B %e%q, %Y in Antzerkian, Bizi gara!

mirentirapuMaite Tirapu Goikoetxea aktoresa eta iruin-alaba da, eta “Beheko Larraine” izeneko antzerki konpainia abian ipini du Lekunberrin. (Bai, Gorka Urbizuren herrian).  “Atte hil aurretik” izenburu iradokitzailea duen antzezlana izan zen lehena: familiako sekretuak, hutsuneak, baserriko giroa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako baloreak, ondare ideologikoa, … Duela pare bat urte biran ibili zirela irakurri dut, berandu.

Baina garaiz egon gaitezke bigarren proposamena ikus-entzuteko, “Manifestu bat”. Abenduan ekin dio ibilbideari Nafarroako Erresuman, “Keinu leihoak” zikloan, Irurtzunen eta Lesakan (bai, nire arbasoen herrian). Iaz. Pertsonaia bat, hiru ahots, herri ttipi batean. Bizitzaz eta heriotzaz. Obsesio batez. Kontraerranetaz. Gaizka Sarasolak idatziriko testu batean oinarrituta, Maite Tirapuk antzezturik. 

Aurten etorriko direnen zain geldituko gara ba. 

“Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean …”

Info+

Bake mezuak

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, S(u/a)minetik bakera

zeanuriedurragazEguberria urteko garai aproposa izan da bakea, justizia, maitasuna eta beste hitz higatu batzuk zabaltzeko. Neurri batean hala da oraindik, kontsumoaren erlijioak eta klima aldaketak (biak ala biak ondo uztartuta) Gabonak ondo desitxuratzen dituzten arren.

Egun hauetan iritsi dira azken bi ahalegin baketsu handiren fruituak, “Memoria partekatu baterantz”: Andoainen eta Arrasaten. Errenteria izan zen udal guztien artetik aitzindaria eta eredua, eta atzetik datoz tantaka beste herri batzuetako ekarpenak. 

Modu pertsonalean ere, eraikuntzaren alde apostua egin dute aspaldian Ane Muguruzak eta Rosa Lluchek, eta aste honetan berriro eskaini digute Gabonetako opari moduko bat, zubigintzaren aldeko aldarria. Gainera, Rosak ariketa errepikatu du Ibon Garaterekin, gurera egindako bisita aprobetxatuta.

Gaur SBren 2018ko azken bake mezua eskainiko dugu Zeanurin (Arratia). Elurrik gabe baina izpiritua mantendu nahian: gu guztion aulki hutsak gogoan eta bihotzean. Zubiz zubi.

Balkanetako suminetik (eta saminetik) bakera

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, S(u/a)minetik bakera

soca_kajak_jost_gantar_8_1Dubrovnik, Srebrenica, Sarajevo, Mostar, Banja Luka… Badaude izen batzuk iltzatuta gelditu zaizkigunak. Ondo ahoskatzea kostatzen zaizkigun izenak. (Ez hain) urrutiko lekuak izendatzen dutenak, duela 20 urte baino gehiago sarraskiak pairatu zituztenak. Gorrotoa, sumina, izua, umilazioa, despertsonalizazioa eta samina jasan zituzten lekuak (edo, batik bat, bertako biztanleek).1991 eta 1995 artean luzatu ziren 4 urtez Jugoslaviako Gerrak. Eslovenian lehenengoa, arinena, Hamar Egunetako gerra. Kroazian bigarrena, askoz latzagoa eta suntsitzaileagoa. Azkena Bosniakoa izan zen, hiruetatik konplexuena eta gordinena, subkonsziente kolektiboan ondo txertatuta daramaguna.

Bosniari buruzkoa da, hain zuzen ere, TV3eko “30 minuts” saioak ekarritako dokumentala (moltíssimes gràcies, Jordi): “Ni oblit, ni perdó”. Izenburuak ondo iradokitzen du mamia, laburbilduta: Gatibuen esparru batean jardundako soldadu baten ankerkeriak plazaratzen ditu erreportajeak. Izena duen esparrua eta izen-abizenak dituzten gatibuak. Izena eta abizena ere badituen munstroa da protagonista nagusia. Nortzuk diren bosniarrak edo musulmanak eta zeintzuk serbiarrak edo serbo-bosniarrak zehazten da, baina modu lausoan, ziur aski konszienteki. (“’71” pelikula irlandarrak ere ederki islatzen duen nahasmendua, Belfasten soldadu britaniar batek bestaldeko marra gurutzatzean sentitutako noraeza).

Baina Balkanetara itzulita, eta borreroarengan fokua ipinita bete-betean, deskubrituko dugu gizon bat, soldadua zenean baino 20 urte helduagoa, kartzelatik pasatutakoa eta zigortutakoa, Finlandiaraino urrundutakoa. Izen-abizenak dituzten biktimei barkamena eskatzeko beharra sentitu duen pertsona. Kasu bakanetakoa. Une batean, esparru hartan gatibuekin ibilitako psikiatrak galdetzen dio zergatik eman duen urrats (ausart) hori. Ez da argi gelditzen, torturatzaile izandakoak azaltzen du psikologo askorekin gogor lan egin zuela presondegiaren barruan, egindako minaz konturatu arte. Ez dakigu atzean arrazoi erlijiosoak egongo diren. Edozein modutan, enpatia sentitzera iristen da, eta hortik errukia praktikatzera. Haren biktima (edo euren senide) batzuekin aurrez aurre egotea lortzen du, krimenak gertatutako kuartelean bertan gainera, orduko eszenatoki makabroan bertan.

Biktimen eta senideen aldetik barkatzea eta ahaztea beste kontu batzuk dira. Ezin dute egin, “ni oblit, ni perdó”, alabaina. Hori ere gizatiarra da, mendeku gogoak sentitzea bezala edo saminean eta gorrotoan enkistatuta bizitzea legez. Baina pertsona bati barkatzea ez da bakarrik berari egiten diozun mesede bat, zeure buruari baizik. Barkamena eskatzen duen pertsona batek handiagoa edo txikiagoa den zama bat gainetik arindu nahi eta behar du. Iraganalditik apur bat askatu eta aurrera begira jarri nahi du bere burua. Eraldaketa bat izan, pertsona hobeago bihurtu, munstrokeria bazter batean laga. Maila handiko helburuak beti ere. Azken buruan oso pertsona gutxi benetan lortzen saiatzen direna. Urrats erraldoiak, Jendea (maiuskulaz) soilik ematera ausartzen dena. Apaltasuna eskatzen duena, biktimen aurrean umiliatzea  eta nolabait biluztea eskatzen duena.

Kuartel hartan lan egin zuen psikiatrak, biktima askorekin ibilitakoa, borreroaren damuari benetakoa dela irizten dio, eta horrela jakinarazten dio. Biktimek ez bezala, bakerako aukera hori ematen dio. Beharbada denbora kontua da biktima eta senide batzuk bake horretara ere iristen lortzea. Barkatu eta ahaztu ahal izatea, alegia. Ariketa zaila, inondik inora. Merezi duena, zalantza barik.

 

PD.- Zer da bakea? Akaso, urteak igaro ondoren, gudaleku izandako ibarretara itzultzea da. Garai batean gorpuak egondako ibaietan ibiltzea beste modu batean, piragua batean adibidez. Soča haranean (Eslovenia) esate baterako. Orain paradisu, beste garai batzuetan infernu.

Iruñea zurekin

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua


pamplona-verano-400x300Udan bete-betean, Iruñetik burura datozkigun irudi tipikoak eta topikoak jendez betetako plazak eta kaleak izaten dira, zuriz jantzitako pertsonak eta zezenak kalean gora eta behera (ai-ai-ai-ai!). Azken urteotan, tamalez, bestelako irudi ez hain festiboak eta alaiak jaso ditugu, sexu eta indarkeriarekin lotutakoak.

Hiriak, alabaina, bestelako taupadak jasotzen ditu uda osoan zehar. Ez San Ferminek ezta bestelako santuk ere ezin dute ebitatu gaixotasunek aurrera egitea, pazienteak ingresatuta egotea festa kalean dagoen bitartean eta, unea iristen denean, jendea hiltzea, uztailean izan edo abuztuan.

“Pamplona contigo” ekimenak, hain zuzen ere, kontzientzia hori piztea du helburuen artean. Komunitate errukitsuen sarean sartuta, egitasmoen artean “Proyecto Sé+”  guztiz azpimarragarria dute: Eskolan zelan txertatu hauskortasun eta heriotzaren errealitatea, aitatxi eta amatxirekin lotuta ez ezik, beste edozein pertsonarekin ere, ikaskideren bat ere barne adibidez. Sare berean txertatuta, gure komunitate errukitsutik saiatzen ari gara eurekin elkarlana egitea 2018-19ko ikasturterako, hemen Zarautzen.

Irailean, bitartean, Nafarroako Unibertsitateak antolatu du “Gaixotasun aurreratu eta terminalean zainketa eta laguntza” izenburuko udako ikastaroa, Maria Arantzamendik koordinatuta. Bertan egongo naiz ni ere geure aulki hutsekin (5 urte estreinatu genuenetik!). Ikastaroa prestatzen ari diren  modua kontuan hartuta, ondo bakarrik atera daiteke.

Udan bete-betean, Zarautzetik jendeari burura datozkion irudi tipikoak eta topikoak hondartza, surflariak, izozkiak eta Argiñanoren jatetxea dira. Herriak, alabaina, bestelako taupadak jasotzen ditu uda osoan zehar…

Gasteiz errukitsua

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa, Osatzetik Arintzera, S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

gasteizerrukitsuaHiri berdea, hiri zaharra, hiri jazz zalea, hiri saskibaloi zalea, hiri gupidakorra, hiri berria, hiriburua. Aurten SECPAL 2018 nazioarteko zainketa aringarrien biltzarra Gasteizen antolatzen ari dira (gara), Europa jauregian, ekainaren 7tik 9ra.

Mila inguru osasun profesional bildu baino lehen, Gasteizko hiritarrei begira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira (gara) hirian zehar, baita hiru probintzietako beste udalerri batzuetan ere. Maiatz honetan zehar, hiria bete-betean izaerarik errukitsuena hartzen ari da. Lehenengo urratsa Zine Foruma izan da, lau pelikula lau astetan, Florida zinema areto zentrikoetan: “Aulki Hutsak” gurea, “Arrugas“, “Wit” eta “Los Demás Días“, hurrenkera honetan. Hauekin batera, poesia (“Poetas en mayo“),  antzerkia (“El sendero de las emociones“) eta elkarrizketa (“Mendian hil, hirian hil. Jorge Nagorerekin solasean”). “Vivir con Voz Propia” ekimena dago ekitaldi hauen gehien-gehien atzean. Eta borobiltzeko, maiatzaren 29an Death Cafe masiboa antolatu dute Gasteizko toki batean baino gehiagotan, baita Getxon, Orion, Donostian, Arrasaten eta Zarautzen ere.

Eta amaitzeko, errukiaren esanahiarekin bat egiten duen bestelako emanaldi bat antolatu dute (dugu) beste kontestu batean Oihaneder zentroan, hiriko erdigunean. Maiatzaren 20an, 19:00etan, plazer baduzue: “S(u/a)minetik bakera”. Koldo gasteiztarra eta Naia zeanuritarraren eskutik, Mudoh-ren musikarekin. Doluaren bideekin bat egiten duen obra eszenikoa, indarkeriak eragindako heriotzekin, bestearen begiradarekin. Martxoaren 3ko bost eraildakoen, Fernando Buesaren eta gainontzeko 37 biktima gazteiztarren hutsuneekin. Iñaki Etxaberen eta Isaias Carrasco arrasatearren aulki hutsekin.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar