You are browsing the archive for Onkologikoak ez direnak.

Barne paisaiak

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Osatzetik Arintzera

BarnepaisaiakZeure ingurunea etxea eta etxekoak dira. Zeure ohea, zeure arropa eta zeure soinuak. Baita zeure zarata ere, baita zeure gurasoen arteko ohiko eztabaidek ere etxearen sentsazioa eman ahal dizute. Normaltasuna ere hori bada batzuetan. Azken momentua arte.

Ospitaletik batzuetan lortzen dugu gaixoak etxera eramatea bertan azken uneak igarotzeko, hala eurentzat nola geuretzat erabat gogobetegarria dena. Batzuetan, naipe dorrea eraikitzen denbora eman eta bihotza ipini eta gero, kanpoko norbaitek karta bat ukitu eta dena lurrera erortzen da instant batean.

Beste batzuetan ospitalea bera izan daiteke lekurik hoberena hiltzeko, gezurra badirudi ere. Eta gauez ospitaleetan ateratzen dugun zarata, medikazioaren gurdiekin, geure arteko barreekin, hainbatetan hain desatseginak direnak, konpainiaren esanahia izan daiteke bakarrik dagoenarentzat. Bizitzarekin azken lotura.

Baina hori baino askoz atseginagoa izan gaitezke ospitalean, minbizia tartean egon edo bestelako gaixotasun sendaezina, eta sua piztu barik barne paisaian epeltasuna ematea ere badaukagu.

PD.- Urriaren 14a, Zainketa Aringarrien Nazioarteko Eguna

.

 

Etxerako buelta

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Osatzaile zauritua

UdagoienaUdagoiena maite dut, udagoiendarra naiz ni, azaroan jaioa. Blog hau bera ere oso udagoiendarra da, eta egun hauetan ospatzen ari naiz 2 urte Arrasatera lanera itzuli nintzela. Etxerako buelta, ‘Harribitxiren prophezia’ egia bihurtuta. Bizipoza, berriro topatutako guztiagatik, eta atzean gero eta urrunago lagatakoagatik, ilunkeria guztiak eta erraitetako itsuskeriak.

Berriz ere topatutako “rockero zaharrak” lantzean behin agertzen dira txoko honetan, onkologikoak ez diren paziente kroniko horiek, aspaldian ezagututakoak eta orain bizitzaren azken fasean atenditzen ari naizenak. ‘Lorentzo’, L, ‘aitajauna’, MK. Eta orain J. Badoaz banan-banan, batzuk hemen ospitalean, beste batzuk etxean (zorionez, gehiago).

J-k ere bazeukan L-ren dotoreziatik zerbait, eta bere herriko elegantziatik beste zeozer. Esango nuke denak “botak ipinita” hil direla. Ondo. J ere bai. Beste oroitzapen bat, beste ikasgai bat. Hor gelditu da J, besteekin batera. Hortxe, nonbait. Etxerako bueltan ziur aski.

Zaintzaileak zaintzen?

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak

zaharegoitzaNork zaintzen ditu geure adinekoak (umeak) geuk ezin dugunean? Latinamerikatik etorritako andreak, Errumaniatik, nondik etorri behar izan dira geure adinekoak (umeak) zaintzen dituztenak? Zenbat zahar-egoitza behar dira eskaintzari aurre egiteko? Zenbat langile behar dira zahar-egoitzetan geure adinekoei atenditzeko? Zenbat ipurdi-garbitzaile?

Zaharkitutako gizarte batean bizi gara, hemen eta Lehen Mundu osoan orokorrean. Zimurrak, gaixotasun kronikoak, Alzheimer, hauskortasuna. Baliabideak, planak, politikak diseinatzen dira errealitateari behar bezala erantzuteko. Baina batzuetan ez da nahikoa. Ez dakit zeuei, baina neuri oso deigarria iruditzen zait orain dela urte bat Bizkaiko zahar egoitzetan piztutako lan gatazka. Hauskorrak adineko egoiliarrak, hauskorrak zaintzaileen lan baldintzak.

Nork zainduko gaitu?

Info+: “Esku nahikorik ez“.

Denborak aurrera etengabean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

bergarazaharraEta orain ezin eutsi izan ginanari.

Gabonak – Arrebaren urtebetetzea – Amaren urteurrena – Anaiaren urtebetetzea – Aste Santua – Aioraren urtebetetzea – Pelloren urtebetetzea – San Pelaio – Aitaren urteurrena – Lehenengo oporraldia – Maiderren urtebetetzea – Aste Nagusia – Bigarren oporraldia – Galeusca – Neure urtebetetzea – Gabonak.

Zirkulu bat beste baten barruan eta horren barnean beste bat. Ziklo bat eta beste bat atzetik. Urteak joan eta etorri. ‘Rockero zaharrak’ posible deutsegu kariñoz deitu. Edo zuri-baltzezko pazienteak. Marka lagatzen daben horietakoak: ‘Lorentzo’, ‘L’, Aitajauna edo beste hainbeste lehenago hil ziranak, beste ziklo batean. Ez dira izan geure senideak, geure amamak, osabak, amak edo aitak. Baina geure biografietan leku bat deukie, ez bakarrik geure ibilbide profesionaletan.

Hainbeste ez inplikatzeko esaten deuskue batzuetan, MK. Berandu dabilz beti. Zeu be ez zara izan neure izeko edo amandrea. Baina aspaldian ezagutu ginan. Eta leku biografiko amankomunak izan ditugu, Lekeitio adibidez. Zeuk be zeure marka laga dozu zeure herrixan, Bergaran. Azken aldiz bisitau zintudanean Pentekoste jaixak zirian. Eta aste honetan hil zara, San Pelaio egunean.

Laster aitaren urteurrena, Maddalen jaien hasieran. Orduan ekingo deutsagu lelengo oporraldiari, opor nagusiei.

 

Voilà, Eli C.

Barne-Medikuntzako zerbitzu batean hiltzea

%A %B %e%q, %Y in Artikuluak, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Osatzetik Arintzera

BasurtuEtxean ondo lagunduta hiltzea, baldintza egokiak daudenean, helburu argi horietakoa dugu. Lau urtez ospitaletik etxeetara joaten egon ostean, urte eta erdi pasa da jada Deba Goieneko ospitalean lan egitera itzuli naizenetik. Orain helburu berdinak dira baina ospitaleko geure solairura aplikatzekoak, gure zerbitzuan jendea ondo hiltzea, edo behintzat norberak tratatutako pazientearen amaiera ona izatea.

Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakian (2017ko apiril-ekaina), hain zuzen ere, honi guztiari buruzko artikulua dator, Galizian egindakoa (Eugenia Ameneiros-Lago, Carmen Carballada-Rico eta Juan Antonio Garrido-Sanjuán, Ferroldik): “Mortalidad esperable en Medicina Interna: ¿cómo son los últimos días de vida en los pacientes en los que la muerte es esperable?”. Esperotako heriotza da pazientearen mediku arduradunak aurreikusten duena eta testualki jasotzen duena historia klinikoan. Eta emaitzen dagokienez, adineko gaixoak dira gehien-gehienak (batez besteko adina ia 81 urtekoa), komorbilitate askorekin, hauskortasunarekin eta zainketa aringarrietako beharrizanekin. Charlson indizea da lan honetan erabiltzen dutena komorbilitateak aztertzeko, baina ikuspuntu aringarria aplikatzeko NECPAL eskalarik edo bestelakorik erabiltzen duten ez dago zehaztuta. Aipatu behar da halaber %18ak minbiziren bat pairatzen zuela, esan nahi duena gaixo gehien-gehienek ez zirela onkologikoak. Azkenik, azpimarratzea %34 inguruk jasotzen zuela sedazio paliatiboa azken egun haietan.

Galiziako ikerketa honekin alderatuta, azken urte eta erdi honetan biltzen ari naizen datuak nahikoa antzekoak direla esan dezakegu. Aurtengo SECPAL jardunaldietarako (Reus, urriak 27-28) lan bat aurkeztea gustatuko litzaidake, ildo honetatik doana: “Cuidados Paliativos en pacientes no oncológicos: Experiencia en Medicina Interna de un hospital comarcal de Gipuzkoa“:  100 paziente baino gehiago osatuko dute lagina, sexuen arteko erlazioa nahiko orekatuta (1:1 inguruan), %70a onkologikoak ez diren pazienteak dira, eta %66a hil da denbora honetan guztian (2015eko irailetik). Non hiltzen diren aztertuta, gehien-gehienak gure zerbitzuan, gehien-gehienak sedazioarekin (etengabeko perfutsioen bidez). Batez beste zenbat denbora bizi diren ikertzen nabil (NECPAL eskalarekin edo beste modu batzuekin identifikatuta daudenetik), zein komplexutasun maila daukaten (IDC-Pal indiziearen arabera), patologien arabera zeintzuk dira multzo nagusiak, zenbat elkarlanean artatzen ditugun Etxeko Ospitalizazioarekin edo ESAD-ekin (“Equipo de Soporte Domiciliario”), zenbat Matia Fundazioko EAPS-ekin (“Equipo de Atención Psicosocial“). Dolumin gutunak den-denek jasotzen dituztela esan dezaket oraingo momentuan, eta horrek bidea zabaltzen duela dolu konplikatuak detektatu eta abordatzeko, edo besterik gabe familiekin heriotza eta gero harremanetan ipintzeko.

Espero dut udazkenerako amaituta edukitzea. Osasuna!

 

Adeitasuna

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Oroimenean

gardelGabonetan James Stewart blogera ekarri genuen, 1940ko hamarkadako pelikula eguberritar eta gogoangarri harengatik, “It’s a wonderful life” alegia, “¡Qué bello es vivir!” gaztelerazko itzulpenean. Stewartek aktore dotore eta adeitsuaren rola eduki zuela esan dezakegu, Carlos Gardelek (argazkian) musikaren munduan hartu zuen antzeko moduan. Garaikideak izan ziren biak ala biak, bata hegoamerikarra eta bestea iparamerikarra.

Hego Amerikatik ere itzuli zen aspaldian gurera L., ospitale honetan ezagutu nuen eta urteak betetzen joan da, gaixotasun asko gaindituz edo haietara egokituz. Aparteko gasolina zuen gaixoa zen, zalantzarik gabe, familia ingurune bikainetik hasita, kalean lagunartea, futbolaren zaletasuna, eta gauza guztien gainetik jendetasuna, adeitasuna edo gizalegea erakusten zuen modu nabarmenean L.-ek. Neure belaunaldiko jendeak galtzear dugun balorea (belaunaldi berriek hiztegian begiratuta ere kontzeptua arrarotzat hartuko dutena). Pertsona baten barruko dotorezia erakusten duen balorea, beste garai batekoa tamalez.

Atzo amaitu zen Espainiako football Ligako lehen itzulia Lehen Mailan, eta L.-en eta neure taldeak zenbaki ezin hobeak sinatu ditu, kualitatiboki hainbat partida gogoangarri eginda, ikusle moduan disfrutatzeko modukoak. Horrela hil zen gaur zortzi L. jaioterrian, 90 urte baino gehiagoko bizi-ibilbide gogoangarria atzean utzita, dotore, adeitsu, zaratarik atera barik. Heriotza onartuta eta bakean.

Chapeau!

Azken hitzaren jabe

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Sarean

 

berriaautonomiaAste honetan Arantxa Iraola kazetariak artikulu sorta bikaina ekarri digu “Berria”-n pazienteen autonomiaz, aurretiazko borondateen dokumentuaz, zainketa aringarrietaz orokorrean, doluaz, elbarritasunaz, eutanasiaz… Interesgarria izan da kaleko jendearen iritziak ekarri izana, gaixoena eta senideena, bereziki prozesu onkologikoak ez direnak pairatzen dituztenak (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, Alzheimer,…). Baita ez gaixorik ezta gaixoen senidea ere ez den pertsona batena, etorkizunari begira argi daukana osasungileek berarekin zer egitea nahi duen eta zer ez. Azkeneko honen adibidea da Felix Ibáñez gasteiztarra (argazkian).

Gasteiztik ere Alberto Melendez paliatibistaren hitzak jaso dituzte, “Arinduz” elkartearen presidentea eta Araba ESIn koordinatzaile lanak egiten dituena alegia. Hiri hartatik ere Iñaki Saralegi intentsibistarekin egindako elkarrizketa gomendagarria da.

Bioetikan adituak, Koldo Martinez eta Mabel Marijuanen aportazioekin ekin zioten testu sorta honi, Nafarroatik eta Bizkaitik. Eta azken artikuluan beste bioetika aditu ezagun baten iritziak irakur ditzakegu, Marije Goikoetxearenak hain zuzen ere. Amaitzeko, Lurdes Zurbanobeaskoetxeak zahartzeaz hitz egin du, puzzlea ederki osatuz.

 

PD.- Astea ondo borobiltzeko, gainera, igandeko egunkarian Arantxa Iraolak Felix Zubia medikua eta Anjel Lertxundi idazleekin egindako elkarrizketa mamitsua ekarri digute. Astelehen on!

 

 

 

 

 

Anochece en la India

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak ez direnak, Zineman

anocheceenlaindiaJuan Diegok haragiztaturiko elbarritasuna, bakardade opiomanoa, inpotentzia, dolua eta amodioa, iraganaldirako egindako barne bidaia. Eta hala ere zaintzaile samaritarra, Clara Voda errumaniarrak interpretatuta. Giza miseriei buruzko pelikula espainiar polifonikoa, gazteleraz eta errumanieraz, komunitate etorkin txinatarrarendako begirada batekin, Turkian eta Indian errodatutako pasarteekin. Chema Rodriguezek zuzenduta eta idatzita, zati bat Suediak diruz lagunduta.

Baleko lana, lagundutako suizidioa tartean jorratzen duena. Ez dago hainbeste film honi buruzkoak, eztabaida gizartean dagoen arren. Gure zainketa aringarriak ez dira pertsona guztiengana iristen, eta horrela gertatzen da pertsona batzuk ez dutelako geure modua hobesten, pertsona batzuk bestelako bideak aukeratzen dituztelako.

Info+.

Hasierarako itzulera

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak, Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak

ilargiaGauero legez ogera lagundu eben, nahiz eta gau hori desbardina izan. Ilusio guztiagaz sartu zan ogean Begoña Bilbao, jausitako hortza burukoaren azpian kontu handiz lagata, beste hainbatetan egin bezala. Abizen arrunteko aspaldiko sagua orduan, teilatuko Maritxu gona gorriduna gaur: “Eutsi hagin zaharra”, mantra baten moduan, “eta ekarri barrixe”, lokartu arte errepikatu, “eutsi hagin zaharra”, behin eta barriz, “eta ekarri barrixe”, ostera be…

Lo, Izaskun Ibarra zaintzaileak hurrengo goizean horrela topatu eban, irribarrea ezpainetan. Arretaz pakete txiki bat almohadapean utzi eta hortz zaharra eroan. Burua ez da erabat galtzen, beti gelditzen da guardian neuronaren bat, zubi lanak egiten iraganaldiagaz, edo hori esaten dau behintzat Itziar Deba medikuak.

Horregaitik musika.

Psikologia, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta zainketa aringarriak Neumologian

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak ez direnak

COPDMasterclassNeumologian ere gauzak aldatzen ari dira. Aspaldiko partez mota honetako foroetara joan barik, ostiral eta larunbatean Madrilen egon naiz BGBK-ren inguruko ikastaro batean, Europa mailako adituek emandakoa. Besteak beste, bi hitzaldi interesgarri ikus-entzun ahal izan nituen “zainketa aringarriak” modu agerian aipatuz.

Alde batetik, Mark Elliott (Leeds, UK) neumologoak “Non-invasive ventilation in the acute and stable COPD patients: for whom, when and how”  hitzaldia eman zuen, eta bertan ahalegin terapeutikoa murriztea edo egokitzea  naturaltasunez planteatu zuen kasu batzuetarako(“sometimes enough is enough”), baita honi buruzko artikulu bat konpartitu ere.

Aurreko egunean, halaber, Josep Roca (Barcelona, CAT) ildo beretik ibili zen (“How to detect exacerbations?”), plan kliniko integralak, telemedikuntza, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta zainketa aringarriak nabarmenduz. Izan ere, NEXES project izeneko egitasmoa abian ipini dute nagusiki Katalunian, Grezian eta Norvegian, KronikGuneren zuzendaria ere bertan dagoelarik. Halaber, Dr. Roca-k “Pulmonary rehabilitation before, during and after exacerbations”  eman zuen tailer moduan ikastaroan, eta beste pare bat interesgarriak izan dira egun hauetan: “Hospital-at-home for COPD exacerbations” (Claus Vogelmeier, Marburg/D) eta “Physical and psychological consequences of exacerbations” (Nicolas Roche, Paris/F eta José Luis López-Campos, Sevilla/E).

Egia esan, oso pozgarria da sintomei eta arlo psikologikoari buruz ere ikus-entzutea foro hauetan, eskala pronostikoak eskuragarri edukitzea (BODE), identifikatiboak (NECPAL), disnearen neurtzaileak (MMRC), bizitza-kalitaeari buruzko galdetegiak (SGRQ) eta abar. Telemedikuntzari dagokionez, Gurutzetako Etxeko Ospitalizazioan egon nintzenean “TELEPOC” proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eduki nuen adibidez, Errehabilitazioa eta Neumologiaren artean burututakoa bertan eta Galdakaon.

Ezagunak dira halaber Donostia Ospitalean azken urteotan abiatutako taldea  Ebidentzian Oinarritutako Medikuntzaren inguruan, Joxe Artetxe eta kolaboratzaileena Barne-Medikuntzaren barruan, BGBK duten gaixoak barne. Halaber geroxeago martxan ipinitako paziente pluripatologikoen programak EAE-n zehar, azken finean bizitza-kalitatea bilatzen dutenak eta gaixotasun kronikoen fase aurreratuetan aplikatutakoak kasu gehienetan, BGBK duten gaixoak barne.

Gauzak eta pertsonak mugitzen ari dira.

Info+: Recomendaciones sobre Atención al final de la vida en pacientes con EPOC.” (Normativa SEPAR 2009).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar