You are browsing the archive for Onkologikoak.

Mari Karmen

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Osatzetik Arintzera

andramarizurielurtuaDatorren urriaren 8an ospatuko dugu mundu mailan Zainketa Aringarrietako Nazioarteko Eguna. Aldarrikatzeko data, geure lana ezagutarazteko, aurten #AringarriakIkusgarri lelotik #MinikGabeHil-era erdiratuz.

Aurtengo leloa hartuta, helburua lortzeko gaur egun gero eta baliabide gehiago daude. Alde batetik analgesikoen hiru eskailera-koskak, eta opioideak hirugarrenean. Beste alde batetik beste farmako batzuk eta farmakologikoak ez diren teknika eta aukera guztiak. Esan nahi dut: minik gabe hiltzea posiblea da, posibleagoa beti ere garatutako herrialde batean bizi bazara, eta are posibleagoa zainketa aringarrietan trebatuta dauden profesionalekin egoteko zoria baldin badaukazu.

Aurkako faktoreak bistan daude, oraintxe aipatu ditugun baliabideetara ezin iristea alegia. Hala zeure herrialdean orokorrean edo zeure erreferentziazko anbulatorioan edo ospitalean ez daudelako, nola nahiz eta egon bai baina zeure erabaki pertsonalaren bidez aukeratzen baduzu beste bide batetik joatea. Hau da, pazientearen autonomia aplikatzea irizpide medikoen gainetik.

Nola? Adibidez, uko egitea morfina hartzeari. Opiofobia deitzen da opioaren deribatuen aurkako jarrera (beldurra, errefusa, ukatzea, gaitzestea…), eta zergatiak era askotakoak dira,  kulturak, sozialak, ideologikoak edo politikoak, espiritualak …

Mari Karmen erizaina eta moja zen. Geure ospitalean lan egiten zuen eta herrian bertan bizi zen, erlijio-komunitate txiki batean. Nik ezagutzen nuenetik gaixorik zegoen, emakumeengan oso ohikoa den minbizi batek jota, eta gaixotasuna gainera oso zabalduta zeukan hezurretan, min handia eraginez. Bere muletekin eta txanoarekin etortzen zen poliki-poliki  ia egunero anbulatoriora lankideak agurtzea. Etsipena, duintasuna, kemena eta mina irakur zitekeen bere begiradan eta aurpegian. Beldurra ez hainbeste, ez dut uste izututa hilko zenik…

Azken finean, Mari Karmen beti izan zen galdera marka bat niretzat. Zergatik sufrimendu hori pairatzea, Goiko Jaunari egindako eskaintza latza iruditzen zitzaidan, baina aldi berean errespetua zor genion, eta ondoan egotea. Bere istorioa kontatzeko modukoa bada, eta “Aulki Hutsak” sortu baino lehen berari buruzko dokumental egitea otu zitzaidan, gidoia eta dena zirriborratzera iritsi nintzen. Baina errespetuz ere hartu genuen bere komunitateak azkenean emandako ezetza.

Behintzat blogeratzea merezi zuen.

Barcina

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Onkologikoak

barcinaFrías eta Oña ikusgarrien artean, Burgosko probintzian, Montes Obarenes-San Zadornil natura parkearen barruan: Barcina de los Montes. Hortik etorri zen gure protagonista Arrasatera bizitzera aspaldian. Duela 5 urte lehenengo minbizia gainditu zuen. Aste Santu honetan bere hango herrian egon ahal izan zen, kartetan lagunekin, familian. Baina bigarren minbiziarekin ezin, aste honetan hil egin da bere hemengo herrian. Hain zuzen ere bere biografiaz interesatu izana gehien apreziatu zuena izan zen. Lotura terapeutikoa deitzen diote, baina grazia egiten dit izen hori zeukala jakin baino lehen naturaltasunez praktikatzen dudalako aspaldi honetan. Bejondeigula beraz.

Gure protagonistak aulki huts bana han eta hemen laga ditu. Bihotz beteak ere bai han eta hemen. Eta aste honetan ere aulkietaz eta bihotzetaz  jardun dugu Getarian hain juxtu (Mila esker Mavi).

Oroitu? Bai, noski.

Zainketa aringarri goiztiarrak

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Sarean

nuñezolarteJuan Manuel Núñez Olartek (argazkian), hainbat kolaboratzailerekin batera, artikulu bikaina argitaratu du “Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakian (2016ko urtarrila-martxoa). Incorporación de los cuidados paliativos precoces en la actividad de una consulta externa de cuidados paliativos en un centro oncológico terciario” izenburupean, Gregorio Marañón ospitalean egindako ikerketa plazaratzen du, eredu estatubatuar bati jarraituz.

Laburbilduta, lau taldetako gaixoak kontuan hartu dituzte:

  1. Metastasiak dituztenak eta kimioterapia jasotzen.
  2. Metastasiak dituztenak baina kimioterapiatik zainketa aringarrietarako trantsizioan.
  3. Kasu berriak Tumoreen Batzordetik bidalita, tratamendu aktiborik hartuko ez dituztenak.
  4. Metastasiak dituztenak eta egoera terminalean.

Aipagarria da, hasteko, zelan planteatzen dieten pazienteei Z.A.-etako kontsulta bidaltzen dituztenean, izena erabiliz (Z.A.) edota “sostengu kontsulta” eufemismoa. Bestela, ideia da aldi berean onkologoek eta paliatibistek lan egitea, beldurrak kentzen joateko eta sintomen kontrola hobetzeko.

Emaitzei dagokienez, kontsulta goiztiar hauekin ikusten da zelan igotzen diren programatutako ingresoak eta jaitsi Larrialdietarako bisitak. Halaber, etxerako altak ugariagoak dira, baita egonaldi ertain edo luzeko zentroetarakoak.

Azkenik, bizitzaren azken urtean jasotako kimioterapiari buruzko atal oso interesgarria idatzi dute. Aldeko eta kontrako argudioekin, azken hauen artean bizitza kalitateari buruz benetako daturik ez dagoela eta funtzionaltasun eskasa duten pazienteengan biziraupen handiagorik ez dagoela. Baita ere, aztertzen dituzten gaixo eta senideen espektatibak zelakoak diren, nork bere burua engainatuz, baikortasun faltsua eta abar.

Eta, amaitzeko, zein zaila den geure lan aringarria, itxaropena eta egiaren arteko oreka konplikatuan.

Gorria… beltza eta berdea

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, Onkologikoak

errotik“Errotik” (Susa, 2010) liburu gorriari buruzko iruzkin honetan ez naiz zentratuko “Euskalduna” ontziolaren borroka latz eta luzean edo Bilboko historia garaikidearen beste osagai batzuetan. RRVren haritik, gainera, Ezkerraldetik Debagoienera jauzi txiki bat egingo dut, beste hainbatetan legez. Beste barik, Jul Bolinaga “RIP” hildako musikariari buruz Iker Barandiaranek eta Joxe Aranzabalek idatzitakoa konpartitzeko.

Eta Gotzon Barandiaranen eleberrira bueltan, aipatu nahi dut lanean behin eta berriz topatzen dugun errealitate bat, larrabetzuar idazleak ederto jaso duena. Minbiziaren jatorri eta ibilbide ezkutu beltzak alegia, zientziatik erabat azaldu ezin direnak, baina eragile psikosomatiko tematiak ditugunak. Estresa, doluaren mina, beldurra, errua, bakardadea, ezkortasuna, tristezia sakona… Gizakion buruen misterioen artean eguneroko lagunak.

Azken jauzia egiten, orlegi kolorera oraingoan, zuek zerbait entzun al duzue “Katamalo”-ren itzuleraz?

 

Minbizia Jurasikoan

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Onkologikoak

minbiziaaurrehistoriaIzenburu erakargarri horrekin idatzi du artikulu interesgarria Aitor Santistebanek “Abaritzeta” bere blogean. Bertan, historian argitaratutako beste artikulu mamitsu batzuk aipatzen ditu, “Historical Notes on Cancer from the MSS” (Proceedings of the Royal Society of Medicine, 1936), “Metastatic cancer in the Jurassic” (Lancet, 1999) eta “Epidemiologic study of tumors in dinosaurs” (Naturwissenschaften, 2003). Historia gustukoa daukagunontzat bazka ederra. Mila esker Aitor!

Bestela, gaur da minbiziaren nazioarteko eguna, otsailaren 4a, eta AECC elkarteak adibidez honen inguruko egitaraua osatu du.

Osasuna!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar