You are browsing the archive for Osatzaile zauritua.

Paliatibista izan pandemiaren garaian (2)

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

TitanicMusikariakMartxoaren amaieran izenburu bera zuen artikulua idatzi nuen, orduan lehenengo olatuan bete-beteta geunden sartuta. 8 hilabete geroago, bigarrenaren gordinenean. Beste hartan ahuntz bat ardien artean aukeratu nuen irudi moduan. Oraingo honetan, Titanic itsasontziaren musikariak. Horrela sentitu nintzen orduan, eta horrela sentitzen naiz orain ere.

Itsasontzia azkenean ez da guztiz hondoratuko, “salbatuko gara” modu batean edo bestean. Baina atzean lagatako hondamendia, eta falta dena, neurri itzelekoak dira. Paliatibista izatea garai hauetan zaurituetaz arduratzea da lehenik eta behin, gogor kolpatuak daudenak eta bizirik atera direnak. Dolu pila bat sortzen ari dira denbora gutxitan, hor lan ikaragarri handia dugu. Eskizofrenikoena guretzat da bizitzak salbatzen ere arduratzen garela, Covid19 pazienteak ere artatzen ditugunez.

Zainketa aringarriak egiten jarraitzea, mikrobiologia eta epidemiologia garai hauetan, aurrez aurreko kontsultak defendatzea da. Kutsatze arriskua alde batean eta presentziaren beharra bestean, haizea eta ura bezain beharrezkoa den presentzia. Ezin gara desagertu momentu hauetan, are gehiago, presenteago egon behar gara. Eskaera gainera gero eta handiagoa da, bigarren plano batean lagatako minbiziak, Alzheimerrak eta BGBK-k hor jarraitzen dute, ikusi nahi ala ez.

Paliatibista izaten jarraitzea, garai nahasi hauetan, hemen bakarrik bizi den gaixo pakistandar bronkitiko larri haren ondoan jarraitzea da, eta buru-belarri laguntzea haren herrialdera itzuli ahal izateko, bere familiarekin itzultzeko. Urteak eman ditu hemen nola edo hala bizitzen, oxigenoari lotuta, arnas falta lagun. Lan egiteko erabat desgaitua. Diru iturria auskalo non eduki duelarik. Urteak eman ditu bere semeetako bat handik ekarri nahian, semeak bera zaintzeko, Ez dakit noraino barneratuta daukan bizitzaren amaieran dagoela, trasplanterik ezin diotela egin, eta arnasestua baretuko diona morfina izango dela. Baina ziur aski erabakirik hoberena hartu du etorriko dena behintzat senideen alboan igarotzeko. 

Horrelako istorioekin arduratuta egotea ez du lankide askok ulertuko. Denbora galtzea edo indarrak alferrik xahutzea dela pentsatu dezakezu EPIa 24 orduz jantzita mentalki badin badaramazu, ez baduzu eranzten tarteka eta koronabirusetik haratago begiratzen. Ez da erraza, baina bizitzak salbatzen saiatzeaz gain badaude beste zeregin garrantzitsu batzuk ere. Ez dut batere gustuko hizkera belizista, baina erretagoardia ere beharrezkoa da. Paliatibista izatea momentu hauetan da atzera eta aurrera ibiltzea zelai zabal hauetan.

Honetaz gogoratuko gara datorren urtean eta datozenetan ere. Egindakoaz eta ez egindakoaz. Eta espero dut damuak baino pozak sentitzea.

#pallicovid

Zainduta eta eroso

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Zarautz Errukitsua

mycaremyconfortBihar izango da Zainketa Aringarrien nazioarteko eguna, urriaren 10a. Aurtengo leloa “nire zainketa, nire konforta” da, erosotasunean fokua ipinita. Izan ere, erosotasunak puntu ugari hartzen ditu barne: Atsedena, isiltasuna sarritan, ahoa eta belarriak une garrantzitsu batzuetan, musika beharbada, argazki zaharrak berrikusi, kontu zaharrak berriz kontatu, orainaldia erdian jarri, agurra prestatu…

Aurten, hirugarren aldiz, Zarautz On elkartearekin batera hitzaldi interesgarri bat antolatu dugu gure komunitate errukitsuan. Herriko elkarte aktiboenetarikoa da, zientzia eta berrikuntza ardatz hartzen dituena, eta bidelagun ezin hobea Zarautz Herri Zaintzailea izeneko geure ekimenerako. 2018an, geure lehenengo urtean, Myriam Berruete ekarri genuen “Etxean ala ospitalean hil” izenburuko hitzaldiarekin. Etxeko Ospitalizazioan aitzindaria da Myriam, Zumarragako zerbitzua berak ipini zuen martxan, eta gaur egun Donostia Ospitalean dabil lanean. Horrez gain, oso azpimarratzekoa da goizeko lanalditik haratago Zarautzen urte hauetan guztietan arratsaldez eta gauaz egindakoa, etxez etxe, hainbat pertsonaren alboan bizitzaren amaieran egondakoa. Berak umorez “la privada” deitzen duena.

2019an, Patxi del Campo gure artean eduki genuen, musikoterapiaz, isiltasunaz eta beste hainbat punturi buruz hitz egin zigun. Patxi Gasteizko komunitate errukitsuaren sortzaileetarikoa da, “Vivir con voz propia” ekimen interesgarriaren bultzatzaile nagusietakoa, etengabean berritzen eta euren burua berrasmatzen. Denbora honetan elkarlanean egon gara gasteiztarrekin, baita getxoztarrekin, santurtziarrekin, oriotarrekin, donostiarrekin eta iruindarrekin ere. Sareak ehuntzen eta mundura begira.

2020 arraro honetan, Jesus Sánchez Etxaniz etorriko da, urriaren 13an (asteartean). Jesus pediatra paliatibista da, martxan ipini zuen Etxeko Ospitalizazioaren zerbitzua Gurutzetako Ospitalean eta Arinduz Euskadiko zainketa aringarrien elkartean zuzendaritza batzordean dago. Umeekin egindako lanari buruz hitz egingo digu, bereziki hunkigarria den arloa. Pandemiaren aurrean bestelako ikuspuntuak kontuan hartzen ari da Jesus, eta akaso honi buruz ere solasean ibiliko gara.

Urte arraroa benetan, baina zirrikituetatik ibilita datorren asteko hitzaldi hau ez ezik, “Erruki istorioak” liburua argitaratzea ere lortu dugu, Zarauzko Udalari esker, 14 zarauztarren (jaiotzez ala ez) istorioek osatutakoa eta Ruben Plaza lagunaren argazkiek edertutakoa. Halaber, atzo aurkeztutako “Comunidades compasivas al final de la vida” monografian parte hartu dugu Zarauztik (deskargatu hemen), SECPALek argitaratutakoa.

Bizi gara!

Erresilientzia

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

EnduranceHitz berri bat ekarri du etxe askotara pandemiak, hitz zaharra bada ere. Erresilientzia: Egoera zail edo prozesu desatsegin bati aurre egiteko gaitasuna, amore eman gabe. Sufritzeko gaitasuna, zoritxarra jasatekoa, minaren tolerantzia, sendotasuna, erresistentzia, tolerantzia edo iraunkortasuna, beste modu batzuetan esanda. Endurance, ingelesez, resilience.

Hori ere bada, hain zuzen ere, Antartika kontinente izoztua alderik alde zeharkatu behar zuen itsasontziaren izena: “Endurance”. Trans-Antartika Espedizio Inperiala horrek ez zuen helburua lortu, baina beste zerbait agian handiagoa erdietsi zuten. Ia 2 urteko bidaia luzean, espedizioko 28 gizonak bizirik ateratzea izotzetatik, miraria ematen zuena. 1914ko abenduaren 5ean hasitakoa, 1916ko abuztuaren 30ean onik amaitzea. Besteak beste, txalupa txiki batean kapitainak eta talde txiki batek 1.300 kilometro egin ostean, laguntzaren bila joateko. Besteak beste, Hegoaldeko Georgiako mendilerroak zeharkatzea oinez, ia material barik. Eta azkenean, inor hil gabe, guztiak erreskatatuak izatea.

Tamainako abentura hura aurrera ateratzeko, lehenik eta behin, lidergotza sendoa behar da, eta Ernest Shackleton espedizio-buruak horixe erakutsi zuen. Bere buruan konfiantza. eta aukeretan sinestea. Nagusi ona izatea, konfiantza hori transmititzen diona taldeari. Irteerarik ikusten ez denean, baikortasun hori zabaltzen duen pertsona bat buruan edukitzea. Matxinadarik ez egotea eragozten dakiena.

Shackletonen hitzetan, horrelako momentu latzetan “gizakiaren arima biluzia” topatzen duzu. Interesgarria da hura irakurtzen jakitea…

 

 

Paliatibista izan pandemiaren garaian

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

Sheep-and-Goats-Together-FIMartxoaren amaiera honetan, zeinek esango zigun hilabetea hasi genuenean egoera honetan egongo ginela? Gure bizitzak (eta heriotzak) gogor astindu ditu pandemia honek. Geure Wuhan bihurtu da Gasteiz hiria, eta egunez egun goaz moldatzen egoera berrietara ospitale, osasun zentro eta zahar egoitzetan.

Egun hauetan artikulu interesgarri bat irakurri dut zainketa aringarrien rolari buruzkoa krisialdi global honetan: “Start thinking about palliative care in time of a pandemic”Ez dira gutxi osasungile artean, koronabirusaren aurreko munduan, arlo paliatibista ondo ulertu ez eta bigarren mailako esparrutzat jotzen dutenak. Une latz hauetan zer esanik ez. Hala ere, artikuluaren egileak (Cristoph Ostgathe, EAPCren presidentea) aldarrikatzen du geure lana gako moduan, giza eskubide bezala, alferrikako luxua baino.

Izan ere, aste hauetan konturatzen naiz nire inguruan, gure ospitalean, zein kaltegarria den hausnarketa garrantzitsuak  ez edukitzea landuta, hauskortasuna eta heriotzaren errealitatea barneratuta, geure propioetatik hasita. Zenbat frustrazio, zenbat beldur (paniko). Eta gu ez gara libratzen, noski, baina uste dut gure ikuspuntuak ematen digula perspektiba onuragarri bat.

Aste hauetan, hildako gaixoen txosten klinikoak arretaz egitea eta familiei bidaltzea dolumin gutun batekin batera garrantzia handiagoko lanak dira. Isolamenduan komunikazio eta informazio kanal hori mantentzea oso positibotzat jotzen dut. Telefono bidezko harremanak areagotzea bezala. Modu puntualean kontsulta presentzialak ere egitea.

Ikusten ari gara zein zaila izaten ari den gaixoen ondoan egon ahal izatea ospitaleetan (egoitzetan eta etxeetan) senideentzat. Zaintzailea zaintzea ez ezik, gaixoa zaintzea ere zelan zaildu den. Hileta erritoak zenbat dauden baldintzatuta. Doluak lantzea zein konplikatu bilakatu den. Psikologoak egiten ari dira ahal dutena, SECPALetik dokumentu hau helarazi digute.

Arintzetik osatzera pasatu gara, edo osatzen saiatzera. Paliatibista jarduerak baino internista eta neumologo zereginak egiten gabiltza. Hori ere gertatzen ari da. Baina, lehen esan bezala, orain konturatzen gara zein positiboa den kontzeptu potoloak aurretik landuta edukitzea: Erresilientzia. Errukia. Komunitatea. Eskuzabaltasuna. Elkartasuna.

Info+: “Coronavirus and the palliative care response” #pallicovid

Botak jantzita

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

WithHisBootsOnBatzuetan ez da erraza Barne-Medikuntzaren zerbitzu batean zainketa aringarriak egitea. Zuretzat argi dauden oinarrizko gauzak ez daude antza hain argi. Ez dut esaten Traumatologian edo Ginekologian, Barne-Medikuntzan baizik. “Ghetto” edo “sekta” aringarritik kanpo basamortuan predikatzea da zentzu batean. Bakardade sentsazioa.

Honen guztiaren erdigunean, edozein modutan, gaixoak eta senideak daude. Eta ez genuen ahaztu behar izango. Oinarrizko gauza horietakoa da, are gehiago, kontu sakratua izango beharko litzateke. Eta erdigune horretan arretaz begiratu eta entzuten dugunean, biografia desberdin eta mamitsuak topatzen ditugu. Zaratatik kanpo eta presarik gabe eseritzen garenean, zenbat kontu…

Beste behin ere Custer jeneralaren moduko bat ezagutu ahal izan dut, botak jantzita hiltzen den horietako bat: JM. Progresio ona egin duen kasu horietako bat, familiaren babes ederra eduki duena, bizitza modu onean amaituz. Bere biografiarekin modu koherentean. Borobildutako bizitza bat, antzeko katebegiak mundu honetan laga dituena. Zailtasunen aurrean zutunik, Errol Flynnen moduan.

Heriotza ona zer da? JM-ek eduki duena, zalantzarik gabe. Eta aste hauetan M-k eta MJ-k ere eduki dutena, beste gaixo batzuen artean.

Botak jantzita.

 

Dolulagun perinatalak eta bestelakoak

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

GureTxikixakEider Otxoa eta Kristina Pavon eduki genituen aurreko ostiralean Arrasateko ospitalean. Asteroko saio klinikoen barruan, urteko lehenengoa izan zen pasa den astekoa. Dolu perinatalaz hitz egin ziguten biek, alde batetik, eta “Dolulaguna” zerbitzuaren aurkezpena egin zigun Eiderrek bestetik, Debagoienean dolurako modu espezializatuan dagoen bakarra.

Erditzearen inguruan edo haurdunaldiaren azken zatiaren barruan gertatutako umeen heriotzak. Hauek eragindako doluak dira gure gizartean baimenduta ez dauden horietakoak. Tabuen artean taburik handienen artean daude. Izan ere, amazurtzek eta aitazurtzek ez daukate izen baimendurik.

Saio orekatua izan zen ostiralekoa, hasteko hizkuntzaren aldetik, naturaltasunetik eginda izan zenez. Orekatua baita ere asertibitatea eta serenitatearekin planteatuta zegoelako, alde batetik salaketa eta bestetik esker ona balantzan ondo ipinita. Saioa oso sinbolikoa izan zen baita ere, ospitalean hil zirelako duela 8 urte Ekaitz eta Xabi, Eider eta Kristinaren semeak hurrenez hurren. Are sinbolikoagoa Jose Ramon Navarro Ginekologiako zerbitzuburua eta Rebeca García emagina bertan egon zirelako publikoan. Zirkuluak ixten. Publiko asko etorri zen gainera, eta euren artean egoiliar ia guztiak etorri ziren, besteak beste, formakuntzan dauden biharko familia medikuak.

Blog honetan aurretik ikasi genuen operazio aritmetiko harrigarria (3-1=0), “Return to zero” pelikularekin. Baita seme baten galeragatik eta bikote harremana apurtzearren dolu bikoitza zer den, atzo ez dela sekula amaitzen. Kristina eta Eiderren eskutik ikasi genuen zein mugimendu handia dagoen dolu perinatalaren inguruan, Umamanita elkartea esate baterako. Edo misterio honen barruan dagoen sekretua, Ana Pía López García de Madinabeitiaren lana.

Eskerrik asko.

 

 

Cacharpaya

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

Conchita1993Izeba Conchitak 64 bat urte zeukan eta neuk 21, 1993ko udan ateratako argazki honetan. Lehendabiziko aldiz joan nintzen Ameriketara orduan, Hego Amerikara zehazkiago, Boliviara hain zuzen ere.

Txikitan izeba Conchitarena misterio handi xamar bat zen niretzat. Lehenengo oroitzapena daukat aireportura joan ginenekoa, Madrilen, berari agur esatera. Bolivian eman zituen urte mordoa, Santa Cruzeko departamenduan, Jorochito herrian, ospitale dermatologiko baten sortzaile nagusietakoa izan zen. Moja zen, Karitatearen Alaben kongregaziokoa. Eta erizaina. Misterioa handitzen zuena legen beltza zen. Gaixotasun beldurgarri hura zeukaten Jorochitoko ospitalean zeuden gaixo gehienek, eta geure izeba handiak zaintzen zituen herrialde urrun hartan. Lesaka haren jaiolekutik hain urruti.

Medikuntzako laugarren ikasturtean nengoen lehenengo aldiz bisitan joan nintzaionean, 1993 hartan. Erabateko bizipena izan zen hura, han egotea urteetan mirestutako emakume harekin: (Sor) Concepción Zubigaray Iturria. Bitxia izan zen harekin euskaraz egitea hain toki urrunean. Urte haietan gainera Xabier Azkargorta izan zen Boliviako futbol selekzio nazioanalaren hautatzailea, eta izeba harro-harro zegoen, futbola berari fondoan bost axola zitzaion arren.

Bigarren aldiz bisitatu nuen urte batzuk gerago, medikua eginda ordurako. Baina lehenengo bisitan egin nuen Medikuntzaren inguruan gauza handienetarikoa: ume bat mundura ekartzen laguntzea. Orain (ustez) kontrako jardueran baldin banago ere, pertsonak ondo hiltzen laguntzen, orduan bizipen zoragarri hura eduki nuen. Gaixo legendunak ere ezagutu nituen, noski. Eta tratamendu sendagarriak iritsi zireneko garaiaren lekukoa ere izan nintzen.

Hirugarren bisita, Maiderrekin izan zen, ezkondu aurreko urtean, 2004an. Urte gutxi batzuk geroago izeba Conchita Europara itzuli zen, Nafarroara zehazkiago, Iruñera hain zuzen ere.  Ordutik gauza askoren lekuko izan da, Evo Moralesen presidentza adibidez. Baina, beste ezeren gainetik, izeba Conchita azken hamarkada luze honetan bere munduaren gainbeheraren lekukoa izan da. Bisitaz bisita, tristeziaz baina onarpenez bere kongregazioaren kideen zahartze prozesuaz ederki jabetu zen. Baita bere makaltze propioaz ere, urtez urte zaharrago eta baxuago.

Urtarrilaren 10ean hil da, 88 urterekin, eta berarekin batera mundu oso baten itzaltzea irudikatzen dut nik. Izebak berak aurreikusten zuena, serenitate handiz. Eta sosegu hartan hil da Iruñean, beste emakume zoragarri bat ondoan zeukalarik. Caminori esker bidea beste modu batean ikus dezaket. Agurra (cacharpaya) beti tristea da, baina askoz tristeagoa izango zen inoiz izeba Conchita ezagutu ez izana. Zorte handia eduki dugu.

Etxerako buelta

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Osatzaile zauritua

UdagoienaUdagoiena maite dut, udagoiendarra naiz ni, azaroan jaioa. Blog hau bera ere oso udagoiendarra da, eta egun hauetan ospatzen ari naiz 2 urte Arrasatera lanera itzuli nintzela. Etxerako buelta, ‘Harribitxiren prophezia’ egia bihurtuta. Bizipoza, berriro topatutako guztiagatik, eta atzean gero eta urrunago lagatakoagatik, ilunkeria guztiak eta erraitetako itsuskeriak.

Berriz ere topatutako “rockero zaharrak” lantzean behin agertzen dira txoko honetan, onkologikoak ez diren paziente kroniko horiek, aspaldian ezagututakoak eta orain bizitzaren azken fasean atenditzen ari naizenak. ‘Lorentzo’, L, ‘aitajauna’, MK. Eta orain J. Badoaz banan-banan, batzuk hemen ospitalean, beste batzuk etxean (zorionez, gehiago).

J-k ere bazeukan L-ren dotoreziatik zerbait, eta bere herriko elegantziatik beste zeozer. Esango nuke denak “botak ipinita” hil direla. Ondo. J ere bai. Beste oroitzapen bat, beste ikasgai bat. Hor gelditu da J, besteekin batera. Hortxe, nonbait. Etxerako bueltan ziur aski.

Arbejdsglaede (2)

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua

arbejdsglaede

Zorionekoak gu lanean ez badugu inbidiarik, jelosik edo gorrotorik sentitzen norbaitengatik.

Zorionekoak gu lanean hurbilegi ez badaukagu inor geugatik inbidiaz, jelosez edo gorrotoaz amorratuta dagoena.

Zorionekoak gu lanean hurbilegi ez badaukagu inor geugatik inbidiaz, jelosez edo gorrotoaz amorratuta dagoena, gainera boterea duena geure gainetik.

Zorionekoak gu zauri zaharrak sendatzeko gai baldin bagara.

Zorionekoak gu lanean gure esparrua topatu baldin badugu, gure txokoa, gure onena emateko lekua.

Zorionekoak gu asteburuetatik edo oporretatik bueltan lanera konforme (edo hortik gora) itzultzen baldin bagara.

Zorionekoak gu lanean zoriontasuna oraindik sentitzeko gai baldin bagara.

 

PD.- Zer da arbejdsglaede?

PD’.- Berriki ospatu dute Coruñan Laneko Zoriontasunaren VIII Nazioarteko Biltzarra. Horrelakorik existitzen zirenik ere ez nekien. Zorionekoak gu!

Info+: Happiness at work.

Bigarrena

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean, Osatzaile zauritua, Zineman

lalalandTxikitako oroitzapenak ekartzen dizkidan lehenengo bi pelikula musikalak “Sonrisas y lágrimas” (Do, re, mi…) eta “El violinista en el tejado” (If I were a rich man, doobi, doobi,…) izango dira ziur aski. Horiekin batera “Jesucristo Superstar” dago, noski, urte haietan ere egindakoa. Eta “Grease”.

Holako batean antzokietara hasi ginen joaten, Madrilgo Gran Viako antzoki erraldoi horietara, “Les Miserables” bizpairu aldiz ikus-entzun nituen, “La Bella y la Bestia” geroago. Ederra izaten zen halaber Arriaga antzokira joateko ohitura, Gabon inguruetan, neguko garai honetan. Gogoratzen naiz euriaz ere, Bilbon garai hartan egiten zuenaz, antzokira sartzera are gehiago gonbidatzen zintuena. Gurasoekin joateko ohitura hori, guztiz zoragarria.

Gaur betetzen dira 2 urte ama hil zenetik (eta uztailean aitaren 10. urteurrena izango da). Eta gaixotasunaren urteetan eta lehenago ere ohitura hori mantendu genuen. Arriagan egon izan zen Oteizari buruzko emanaldi musikal bat, nahikoa zaila zena interpretatzen, baina gustura ikus-entzun genuena, aita ere bizirik zegoela oroitzen naiz. Geroago beste antzeko emanaldi bat egon zen euskal dantza garaikidearena, Kukai konpainiarena usted ut, hor amarekin bakarrik joan nintzen. Gozatzeko modukoa ere bai, Donostiako Antzoki Zaharrean. Azken urtean izango zen, Arriagan berriro, oraingo honetan ama 4 ilobekin Geronimo Stilton-en musikal batera joan zen, makal-makal baina poz-pozik.

“La La Land” oraindik ez dut ikus-entzun, baina itxura on-ona dauka. Amaren omenez eta musikalekin zuen zaletasun handiagatik soilik erakartzen nau. Pantaila handian ikusteko gainera, DVDn etxean aukeran ez. Malkoak disimulatu beharko ditut, orduan, edo ez…

PD.- Atzo arrebaren urtebetetzea izan da. Bizi gara!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar