You are browsing the archive for Osatzaile zauritua.

Wonderful life

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Zineman

wonderfullifeEz da zaila izango iazko Gabon urdinak gainditzea, hobetzea. Momentuz meteorologia iaz baino gehiago laguntzen ari da, normalagoa da dena. Ez dut elurtutako kaleak edo besterik eskatzen, haurtzarokoak ez dira itzuliko, kitto. Baina nahi eta nahi ez garai honek asko dauka haurtzarotik, gure seme-alabena, gure lobena, gure oroitzapenena. Hasteko, klasikoen artean klasikoa den pelikula, “It’s a wonderful life” (Frank Capra, 1946), James Stewart protagonista lanean. Gure aitak maite zuen pelikula hau, beste garai batekoa dena, existitzen ez den mundu batekoa. Baina zer nahi duzue esatea, liburutegian topatu eta ezin eutsi hartzeko tentazioari. Eta Black entzuteari.

Ezin dut ebitatu, aulki hutsak aulki huts, Gabonak gustatzea. Inguruko folklorea gustuko dut, loteriarena kenduta hori bai. Aurten mahaia konpartituko dugu hiru anaia-arrebok, aurrera goaz…

Etxea

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Literaturan, Osatzaile zauritua

etxeaValentzian iaz egindako SECPAL jardunaldietan ezagutu nuen hiri hartan egindako dokumentala, Les veus de la memòria”, Vicent Peris, Dani Fabra eta Àlex Badiak egindakoa Alzheimer eta musikoterapiaren inguruan. Hain zuzen ere, dementzia, zahartzaroa, despertsonalizazioa eta bizitza adinekoen egoitza batean ziren “Zimurrak” (Astiberri, 2007) komikiaren ardatza, Paco Roca-k (València, 1969) idatzitakoa eta marraztuta. Liburua saritua eta euskaratua ez ezik zinemaratu ere egin zuten animazioaren bidez urte batzuk geroago (Ignacio Ferreras, 2011).

Paco Roca komikigile espainiarrik ezagunenen artean dago gaur egun, eta lehen aipatutako “Arrugas” gogoangarriarekin batera oso gomendagarria da “Las Calles de Arena” (Astiberri, 2009) ere bai, istorio surrealista eta hipnotikoa. “L’hivern del dibuixant” (Astiberri, 2010) etorri zen gero, Bartzelonan girotutakoa.

Baina gaur komentatu nahi nuena bere azken lana da, aurten kaleratutakoa euskaraz bere ohiko argitaletxe bilbotarraren bidez. Sustrairik gabe gabiltzanok eta gurasorik gabe (tokatzen zitzaigun baino lehenago) gelditu garenok erreferentziazko lan bilakatuko dugu hau zalantza barik. Nik behintzat bai, kasik autobiografikotzat hartu dezaket-eta: hiru anaia-arrebaren oroitzapenak eta euren arteko harremanak, familiaren etxe hustua mantendu ala ez / saldu ala ez, aitaren urteetako ametsa eta azken hilabeteetan etorritako gaixotasuna,…

“Home is where the heart is”.

Urte bat

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

20160201Semeak edo alabak izateari utzi dioten helduak, umezurtzak al dira? Ezin da ba hitz egokiago bat asmatu ?

Urte bat pasa eta gero ez diogu utzi anai-arrebak izateari, eta hori da geure lehenengo garaipena. Elkarrekin gustura egon, bizitzan aurrera egin eta barre egiten jakin. Maitasunaz topa egin. Bilbon, Gasteizen edo Zarautzen.

Malekoiarako bidean goiko aulki huts hori topatu dut, gaurko egunez. Eta aurrerago olatu bat, eta atzetik beste bat, eta ostean beste bat, eta berriz beste bat, eta hor beste bat…

Negar egin dezakegu joan egin delako,

edo irribarre, bizi izan delako;

Begiak itxi ditzakegu eta otoitz egin itzul dadin,

edo ireki eta ikusi utzi digun guztia.

Gogoa itxi, hutsunea sentitu, bizkarra eman,

edo gustuko dugun hori egin:

irribarretsu agertu, begiak ireki,

maitatu eta aurrera segi.

 

Eguberri urdinak

%A %B %e%q, %Y in Dolua, MikroIpuinak, Oroimenean, Osatzaile zauritua

gabonakubanZaila izango da aurten Gabonak ospatzea. Eguberria zerbait baldin bada umezaroa da, geure hirurona aspaldian atzean gelditu zen eta Igorrek eta Pellok euren haurtzaroaren etapa hori gainditu dute jada. Etxeko sutondo barik aulki hutsak garrantzitsuegiak dira aurten, geure artekoa apurtu da eta, kristalezko puskak batzeko makurtu bagara ere, gaitza izango da anaitasunari eustea.

Euria egingo bazuen sikiera, hotza, freskura, behelainoa. Baina ez, eguraldiak ere momentuz ez du batere laguntzen. Ezer ez da berdin ezta kontu horietan ere. Eta urri, azaro eta abenduko hilabeteak atzera nork itzuliko dizkigu ez dakigu gainera, inoiz gertatzekotan.

Galerak pisutusuegiak dira batzuetan, oskarbi urdinarekin batera arima ere dundu kolorekoa dagoenean. Badakigu elurra egin behar duela, zerua itsaso zikin bat izango dela berriro. Batzuetan gertatzen dira horiek ere.

Sutondoaren bila mendebalderantz aurten. Agian ura ere topatuko dugu azkenean.

 

Buzzin’ in my head: Euriaren zain.

Maisu-maistrak

%A %B %e%q, %Y in Osatzaile zauritua, Sarean

sacksNoizean behin, pertsona batzuei esker jendarte honekiko itxaropena berreskuratzen dugu edo, hobeto, gizaki guztiak izaki maltzurrak ez direla gogorarazten digute pertsona miresgarri batzuk.

Pasa den otsailean, Oliver Sacks neurologo famatuak iragarri zuen bere terminaltasuna, bere gizakitasuna:

“It is up to me now to choose how to live out the months that remain to me. I have to live in the richest, deepest, most productive way I can.”

Medikua, idazlea eta gizakia. Maisuak gogorarazten digu geu guztion esku dagoela zelan bizi aurrean dugun geure bizitza. Ahalik eta modurik aberatsenean, sakonenean eta eraginkorrenean.

Pasa den otsailean ama hil zitzaigun. Urte erdia pasa da eta bere xumean desio bat transmititu zigun, anai bion artean adiskidetasuna berreskuratzea alegia.

Atzotik aurrera desioa errealitate bihurtzeko bidean dago. Geu guztion esku dagoelako zelan bizi aurrean dugun geure bizitza.

Oso eskertuta nago.

Erraietako itsukeria

%A %B %e%q, %Y in Osatzaile zauritua

inbidiaDaniel Golemanek aipatutako emozio suntsitzaileen artean dugu bekaizkeria edo inbidia. Mundua mugiarazten edo (hobeto) geldiarazten duten zama handi horietako bat. Geure kultura kristauan lizunkeria, lukurreria, jalekeria, alferkeria, haserkeria eta harrokeriarekin batera zazpi bekatu nagusiak osazen ditu, eta modurik ankerrena schadenfreude delakoa izango zen. Hau da, besteen zoritxarrarekin disfrutatzea; are gehiago, jeloskeriak edo bekaizkeriak jota norberak beste bati eragindako zoritxarraz gozatzea.

Aurpegirik ederrena itxuraldatu dezake, eta arimarik zuriena lohitu. Lantaldean justiziazko trataerak suntsitu, sufrimendua edo tentsioa ekarri eta azkenik maldan behera errekara gidatu, arbejdsglaede-ko tontorretatik hain urrun.

Sinesten dut inbidia osasuntsu delakoa existitu ez ezik akuilagarria eta positiboa izan badela. Eta zorionez badagoela bekaizkeriaren aurkako antidotoa, budismoak eskainitako kontzeptu zoragarria: Mudita, edo besteen lorpenekin eta arrakastarekin sentitutako poza alegia.

Buzzin’ in my head: “A Warm Room” (Envy).

Galdutako dominak eta Barneko Zoriontasun Gordina

%A %B %e%q, %Y in Osatzaile zauritua

DominakLankide ohi batek iragarri zidan, mundutxo honetan dominak ipintzen dizkizuten modu berberean kenduko dizkizute. Batzuetan azkar xamar, batzuetan pertsona berak egin ditzake operazio kontrajarri biak. Ustezko lankidea, lagun ohia.

Tratu txarren aurrean erresilientzia erakusteko aukera daukagu, adorea bilduz eta bakea aurkituz gero. Umorea ez galtzea eta herren, baina ibiltzen jarraitzea erantzunik onena da. “Barneko Zoriontasun Gordinaren” mailak, baxuak izan arren, mantentzen saiatzea. Hau da, gauza txikiekin gozatzen segitzea, abesti batekin zirrarak hartuta lasai negar egitea, hondartzatik jende guztia aldentzean zeu joatea, 1.500 metrotik beherako “menditxoetara” pozik igotzea,…

Zutik gaudela ospatzea.

Mila esker Karmele!

Espezialistarik zaurituenak

%A %B %e%q, %Y in Osatzaile zauritua, Sarean

FamiliaMedikuntzaVirginia Ruiz lankide eta blogari ezagunak konpartitutako artikulua komentatzera nator uztaila inauguratzeko. Hain zuzen ere, “Redacción Médica”-k sareratutakoa Las 7 especialidades médicas que más llevan a la depresión y la ansiedad” izenburuarekin.

Horren arabera, familia medikuak zaurituenak dira, alde handiz. Eta horien ostean, pediatrak eta anestesistak, ustekaberik ez orain arte nire ustez. Geroxeago psikiatrak, internistak, traumatologoak eta zirujau orokorrak datoz, lehenengo 7 espezialitate horien rankina osatzeko.

Ginekologoak ere aipatzen dituzte artikuluan, eta intentsibistak. Baina arrastorik ez onkologo, erradioterapeuta eta paliatibistei buruz. Deigarria benetan.

Gidatutako Irudia eta Musika

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Osatzaile zauritua

GIMGuided Image and Music (GIM) Helen Bonny-k AEBetan eta 1970eko hamarkadaren amaieratik abiatutako teknika da, nork bere burua hobeto ezagutzeko bidaia moduan aurkeztuta, barneko mundua osatzekoa eta inkonszientean gelditutako oroitzapenak bideratzekoak. Terapia hau erabiltzen da helduongan mina, antsietatea, tentsioa eta estresak eragindako sintomekin. Honen bidez, sentimenduak azaldu eta baloratu egiten dira, portaera moduak aldatu, liskarren artean erabakiak hartu, nork bere buruarekin konfiantza gehiago eduki eta ongizate orokorraren egoera indartu.

GIM terapia ordu eta erdiko sesioetan egiten da: hasieran elkarrizketa batekin, kezka iturri den gaia identifikatzeko, saio bakoitzean gai batean zentratuz. Ondoren, gidatutako erlaxazioaren bidez pertsona prest egongo da musikaren estimuluak jasotzeko, terapeutarekin konpartituz eragindako sentsazioak. Musika amaituta bizitako esperientzia komentatzen da eta islatzen da irudien bitartez. Hau guztia interpretatuz, klabeak ematen dira bizitzan aldaketak eginahal izateko.

Info+: “Association for Music and Imagery”.

Entzuteko: Spiegel im spiegel” (“Ispilua ispiluaren barruan”).

Arbejdsglaede

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua

arbejdsglaedeDanimarkarrak daude munduko herritarrik zoriontsuenen artean. Honek ezeztatzen du zoriontasunean eguzki ordu kopuruak faktore nagusia direla. Dirua? Asko laguntzen du honek ere, eta dirua bai, badaukate danimarkarrek.

Baina aberastasun ekonomikoaz gain, badaude beste osagai batzuk, eta horien artean oso garrantzitsua lanean poztasunez egotea. Badakigu egunean ordu asko eta asko igarotzen dugula lanpostuan, eta susmatzen dugu zenbat eragiten duen pozik egoteak (ala ez).

Bada danieraz, suedieraz eta norvegieraz badago berba propio bat, hitzez hitzeko itzulpenik ez daukana (“saudade”-k bezala), “lan poztasuna” adierazteko. Hau da, lanean pozik egonez gero arrakasta, emankortasuna, ahalmen sortzailea, motibapena eta erresilientzia gora datozkigu, ezinbestean. Alexander Kjerulf adituak hau guztia ondo azaltzen du bideo honetan (8 minutukoa). Pozik bizi!

PD.- Zein kausalitatea kontzeptua Eskandinaviatik etortzea, ezta?

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar