You are browsing the archive for Sarean.

Zinemagile existentzialista

%A %B %e%q, %Y in Oroimenean, Sarean, Zineman

Zazpigarren zigiluaUztailean Suedian jaioa eta uztailean Suedian hilda, gaur 100 urte dira Ingmar Bergmanen jaiotza egunetik, egunkarian abisatu diguten bezala.

Maisua zineman, inoizko handienetarikoa, existentzialismoaren inguruan jardun zuen klasikoak diren maisu lanean baino gehiagotan. “Marrubi basatiak” (“Smultronstället“, 1957), “Zazpigarren zigilua” (Det sjunde inseglet“, 1957; argazkian) eta “Garrasiak eta xuxurlak” (Viskningar och rop , 1972) dira pelikula horietakoak, bizitza eta heriotza, zahartzaroa eta izpiritualtasuna ardatz eduki zituztenak. Zerrendan agertzen direnak, beste film aholkagarri batzuekin batera.

Hilabete honek beste urteurren bat ekarriko digu gure etxera. Hamaikagarrena aita hil zenetik, uztailaren 22an, Donostian. 2007an, Ingmar Bergman bezalaxe.

Beti gogoan, aita. Eta hain eskertuta.

Ur handitan (2 eta 3)

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Sarean

urhanditanAzalean gelditu ala murgildu sakonerantz. Ez da hain erosoa barrura sartzea, beldurra ematen du ez jakiteak zer egongo ote den hondoan. Telebistako eredurik arrakastatsuenak azaleko kontuak haizeratzen dituztenak dira, futbola barne. Morboak ere bapo elikatzen gaitu. Txutxumutxuek. Inora ez doazen eztabaida saioek.

Baina badaude harribitxiak. Bete-betean asmatzen duten saioak, pentsarazi zaituztenak, publiko handiak ezagutu ere ez dituenak. Zentzu batean, delicatessen. Eta pozgarria da euskarazko telebista publikoan horietako gutiziak topatzea, publiko handi horrengana iritsiko ez direnak, geure artean dastatu eta gozatuko ditugunak.

Xabier Madariagak, Fermin Etxegoienek eta lantalde guztiak zerbait desberdina ekartzen digute astero. Jaime Otamendik eta lankideek bere garaian asmatu zuten modu berean: “Ur handitan”. Blog honetan lehenago aipatu duguna. Izan ere, hau da hirugarren aldia era batean edo bestean bertan parte hartu dudana. Dokumentalarekin Otamendiren etapan, eta azken hilabete hauetan Madariagarekin heriotzari buruzko saioan eta atzo doluaren esparrua jorratu duena.

Oso eskertzekoa da ahalegin selektiboa, sentiberatasuna, musika hautaketa undergrounda, jendetzatik aldentzen dena. Arretaz eta artifiziorik gabe egindakoa. Burura baino gehiago bihotzera iristen da eta hori gauza handia da. Telesperpento gehienetan ezin dute gauza bera esan. Ondo goazela seinale. Beldurrik gabe hondoraino.

Atzoko saioa osorik ikus-entzuteko.

 

Erreferentzialtasunak

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Sarean

sacksAste honetako (eta datozen asteetako) berri ona Jozulin blogari fin eta umoretsuak eman digu. Txingurri lana eginda, Oliver Sacks maisuaren testuak ekarriko dizkigu itzulita bere blogean, Esker Ona izenburupean. Sacks neurologo ospetsuaren bizitzaren azken gogoetak eta hausnarketak irakurri ahal izango ditugu astez aste, muxu truk, etxetik mugitu barik. Oso eskertzeko modukoa, beste maisu batek, Andu Lertxundik iradoki digun moduan egunkarian.

Jozulinen baimen barik (inplizituarekin hobeto) hemen lehenbiziko bala. Gogoratu, astean behin hartzeko dosiak izango ditugu:

Bart merkurioarekin egin dut amets: globulu itzel eta distiratsuak, gorantz eta beherantz. Zilarbizia, merkurioa, 80. elementua da eta ametsak ostegun honetan laurogei urte beteko ditudala gogorarazi dit.

 

Aste honetan

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Sarean, Zineman

baleagetariaHitz egin genezake aste honetan egunkarian argitaratutako artikulu mamitsuari buruz, “Ez dira oheburuan ahituko” , Arantxa Iraolak idatzitakoa eta Larraitz Chamorroren kasu lazgarria jasotzen duena, eta Mabel Marijuan, Iñaki Olaizola eta Alberto Melendez adituen iritziak plazaratzen dituena. Hitz egin genezake eta berba egin beharko genuke eutanasiaz eta lagundutako suizidioaz. Momentuz geldituko gara Miren Amurizak idatzitako artikulu ederrarekin, “Txoria txori”:

“Indarkeria deritzogu norbaiti, bere borondatearen kontra, bizitza kentzeari. Zer besterik esan liteke norbait, bere borondatearen kontra, bizirik egotera behartzeaz?”

Hitz egin genezake aste honetan ere ikus-entzun dudan dokumental sorta liluragarriari buruz (eskerrik asko Gabi Heras beste behin ere), “Human” izenburu xumea duena baina alimaleko lan handia izan dena. 3 bolumenetan banatutakoa, ordu bat eta erdi ingurukoa bakoitza, ikus-entzun ahal izan dudana aste honetan gripea edo dena delakoari esker (!). Yann Arthus-Bertrand-ek 3 urtez egon da proiektu honetan, 2.000 pertsona inguru elkarrizketatuz 60 herrialdetan eta hainbat hizkuntzatan. Zuzendariak curriculum bikaina dauka hartutako irudi ikusgarriei esker, eta ederko islatzen da lan honetan. Izan ere, zerk egiten gaitu gizaki? Maitasunak, indarkeriak, sexuak, zoriontasunak, …?

Edo hitz egin genezake aste honetan Getariako moilan agertu den baleari buruz, animalia hauek gizakiongan sortzen duten lilurari buruz historia guztian zehar aspaldiko garaietatik, zirrara antzinakoa, sakona, haurtzarortik datorkiguna eta euskal kostaldeko hainbat armarritan irudikatuta dagoena. Herman Melville idazlearengan sortu zuen lilura bera da azken finean (“Moby-Dick”, 1851), Niki Caro zinema zuzendariarengan (“Whale Rider”, 2002) edo Lander Garro blogariarengan (“Balea Getarian”).

 

 

 

Eliza 2000 Herria: Jaio, bizi, hil

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, Sarean

jaiobizihilKepa Martinez de Lagos-en bidez jaso nuen gonbidapena monografiko honetan parte hartzeko, Iker Bilboko lagunaren aitaren bidez. Eliza 2000 Herria elkarteari buruz entzuna neukan, eta Félix Placer teologoaz, eta egia esan kriston ilusioa egin zidan proposamena, azken finean Elizaren inguruko proiektua denez, neure biografiaren beste zirkulu bat osatzeko aukera bikaina.

Urrian argitaratu dute aldizkaria, 263 zenbakiduna, eta heriotzari buruzko monografia da, 38 urteetan lehenengo aldiz euren esanetan. Eta zinez aberatsa da emaitza, ikuspuntu askotatik lortu dutela jorratzea. Roberto Lazpita-k filosofia aldetik begiratzen dio heriotzari, Nietzsche eta Unamuno aipatuz besteak beste. Kepa Arrate-k bestela zen tradiziotik apunte batzuk ekartzen ditu. Aitxus Iñarra-k suizidioaz jarduten du, “Narayamako balada” pelikula japoniar klasikoa komentatuz adibide moduan. Arantxa Manterola luze dabil eutanasiari buruz, Nicolas Bonnemaison mediku lapurtarraren kasu ezaguna gogoraraziz. Jokin Urain-ek apunte antropologikoak egin ditu erritoei eta hileta kristauei buruz. Mikel Arizaleta-k, aldiz, “Jaungoikoa hil dela” iragartzen du. Maria Nely Vásquez-ek artikulu ederra idatzi du ondorengo bizitzari buruz, Hans Küng teologo ospetsuak ere “Heriotza zoriontsua” liburuan jasotzen duena. Heriotza arreba/ahizpa moduan kontzeptu frantziskotarra Donepetri-k aukeratu du.  Eta Gregorio Ubierna-k heriotzaren aurreko beldurra modu gordinean erakusten du.

“Heriotza eta gero: bizitza gelditzen garenontzat”  idatzi dut nik. Eskatu zidaten “Aulki Hutsak” -etik abiatzea eta egin dudana izan da disekzio bat. Hasteko, doluak pluralean tratatuz eta ondo hiltzearen desioari buruz bi hitz. Dokumentalaren arlo espirituala errepasatuz gero, Errenteriako Fatima parrokiaren taldearen aportazioa, Julio Etxeberriaren heriotza eta hiletaren, Arantzazuko santutegiaren presentzia, eta inguruan Marije Goikoetxea, Izaskun Andonegi eta Arantzazu Ibarrondo bereziki. Xabier Leteren otoitza hiru ahotsetan eta Julio Gómez-en “La hora de la verdad” liburua. Eta kontrapuntuan, Koldo Martinez-en pasarte gogoangarria eta Lori Thompson-en puntua hileta zibilei buruz. Ipar eta Hegoaren arteko kontrasteekin amaitzen dut, filmografia proposamen batzuekin batera.

Kanpoan gelditu dira Imanol Miner eta Naiara Palacín-en aipamenak haserreari buruz, Jaungoikoarekin, Arantzazuko amabirjinarekin, bete-betean hemen ere sartu behar zirenak.

Bizi gara!

Heriotzaren tabua Jon Sistiagaren begiradatik

%A %B %e%q, %Y in Osatzetik Arintzera, Sarean

sistiagatabuheriotzaEz da lehenengo hurbilketa ausart eta zintzoa gai arantzadun honi telebistaren mundutik. Beste euskal kazetari batzuk ere aurre egin diote erronkari euren ikuspuntutik. “Hil arte bizi” izan zen Jaime Otamendiren aportazioa ETB-1en, “Ur handitan” sorta bikainean. Umoretik, beltz generotik, Aitziber Garmendiak “Batek daki” saioan berea eman zuen, prisma fresko batetik.

Jon Sistiaga luzeago jorratzen ari da gaia “Tabu” saioan, eta baliabideak ere handiagoak izan ditu Italiako iparralderaino bidaiatzeko 116 urteko emakume batekin hitz egiteko (argazkian) eta heriotzaren aurreko bere serenitatea islatzeko. Edo Suitzara, lagundutako suizidioa zertan datzan ondo azaltzeko, zainketa aringarriekin eta eutanasiarekin dituen diferentziak nabarmenduz. Behin eta berriz kontzeptuak argi eta garbi gelditzeko errepasatzen ditu osasun profesionalekin, Koldo Martinezekin, Luis Montesekin, Eliza katolikoaren kide batzuekin. Hau da nire ustez saio sorta honen bertute nagusia, publikoari ondo azaltzeko ahalegina alegia, hedabideetan sarritan lortzen ez dutena.

Atalka ikus-entzuteko goiko paragrafoan linka daukazue. Osasuna!

Azken hitzaren jabe

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Sarean

 

berriaautonomiaAste honetan Arantxa Iraola kazetariak artikulu sorta bikaina ekarri digu “Berria”-n pazienteen autonomiaz, aurretiazko borondateen dokumentuaz, zainketa aringarrietaz orokorrean, doluaz, elbarritasunaz, eutanasiaz… Interesgarria izan da kaleko jendearen iritziak ekarri izana, gaixoena eta senideena, bereziki prozesu onkologikoak ez direnak pairatzen dituztenak (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, Alzheimer,…). Baita ez gaixorik ezta gaixoen senidea ere ez den pertsona batena, etorkizunari begira argi daukana osasungileek berarekin zer egitea nahi duen eta zer ez. Azkeneko honen adibidea da Felix Ibáñez gasteiztarra (argazkian).

Gasteiztik ere Alberto Melendez paliatibistaren hitzak jaso dituzte, “Arinduz” elkartearen presidentea eta Araba ESIn koordinatzaile lanak egiten dituena alegia. Hiri hartatik ere Iñaki Saralegi intentsibistarekin egindako elkarrizketa gomendagarria da.

Bioetikan adituak, Koldo Martinez eta Mabel Marijuanen aportazioekin ekin zioten testu sorta honi, Nafarroatik eta Bizkaitik. Eta azken artikuluan beste bioetika aditu ezagun baten iritziak irakur ditzakegu, Marije Goikoetxearenak hain zuzen ere. Amaitzeko, Lurdes Zurbanobeaskoetxeak zahartzeaz hitz egin du, puzzlea ederki osatuz.

 

PD.- Astea ondo borobiltzeko, gainera, igandeko egunkarian Arantxa Iraolak Felix Zubia medikua eta Anjel Lertxundi idazleekin egindako elkarrizketa mamitsua ekarri digute. Astelehen on!

 

 

 

 

 

Uda betiko balitz…

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Sarean

landergarroAtzoko Lander Garroren artikulua ezohiko horietako bat da, are ezohikoa udako sasoi honetan. Horregatik hain gustura irakurri dut, jende askok inoiz pentsatutakoa baina nekez adieraziko duena, are gutxiago uda garaian:

Pasa den astean izan nuen nire adiskide Mikel Garikoitz musikariaren seme Urtzi Errezolaren heriotzaren berri. Banekien gaixorik zegoela, baina irudikatu ere ez nuen egiten haren bizitza garaion amaitu zitekeenik. Azkenekoz Txingudiko merkataritza zentroan ikusi nuen, mutil puska sendoa, sasoikoa, aita bezain dotorea. Eta orain, jada, joana da betiko.

(…)

Zorionekoa naiz, (…) oraindik ez nagoelako oso gertuko inor galdu duten horien multzoan, nahiz eta badakidan hara joatea inoiz egokituko zaidala. Bizitzaren legea da. Kontua da orain arte itzuri egin diodala, hemen ditudala guraso, anai-arreba, seme-alaba (…).

Ezin dut imajinatu zein izango den Mikelen sufrimendua uneotan. Kontsolagarri izan dakiokeen hitzik ere ez daukat.

 

Gustatu zait doluminak zuzenean eman barik, Lander moldatu delako doluminak adierazteko Mikel Garikoitz lagunari. Eta estimatuko du lagunak, bien sûr. Bizitzaren legea da, hala da, laster edo berandu denoi tokatzen zaiguna. Geuri laster xamar, egia esan, geu beste multzo horretakoak gara: Gaur aitaren urtebetetzea zen, 74 urte beteko zituen baina duela 9 hil zen. Uda bete-betean. Eta abuztuaren 25ean amarena, 75 egin izango zituen berak, baina duela ia 2 joan zen.

Gustatu zait Landerrek daukana (familia) baloratzea, normalean suposatutzat ematen ditugun gauzak ez direlako betiko.

Daukaguna baloratzea eta ospatzea orain hemen gaudela. Elkarrekin.

Ivan Ilitxen irakaspenak

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Literaturan, Sarean

tolstoi130 urte igaro dira Lev Tolstoi-k klasiko handi hau idatzi zuenetik, eta orduko medikuek hilurren dauden gaixoengan erakusten zituzten jarrera urrunak ez dira hain desberdinak gaur egun. Senideen artean isiltasunaren konspirazioa ere nahiko antzekoa. Eta bitartean gorriak ikusten bakardadean, morfina bai baina giza berorik ez…

Tolstoiren liburutik Andu Lertxundiren blogera: Baldar gabiltza dolumin hitz egokiak asmatu nahian. Formula zaharrekin eroso ez, eta azkenean doluan dagoenarengana hurbiltzeko adorerik gabe. Batzuetan, zorionez, umore beltzak desblokeatzen du kontua, eta berba egokiak baino erabat lekuz kanpo dagoen zerbait botatzen dugu, irribarrea ekarri dezakeena behintzat. Esate baterako, “Gaitz erdi!” Mundiala!

Heriotza errituekin ere blokeatuta xamar gaude azken urteotan, “monoteismoan fedea galdu genuenetik” hain zuzen ere, Hedoi Etxarte-k zutabe bikainean apuntatzen zuenean bezala, bidenabar hileta zibil baten adibide ederra konpartituz.

Denen ixtorioak, Joxerra Garzia-k ederki idatzitakoa: “Heriotzari buruzko gure esan-idatziak topiko errepikatuak izan litezke, baina gertuko heriotza batek eragiten dizkigun sentipenak aldiro berriak dira.”

“Topikoak topiko, hainbeste zor diegu gure hildako kuttunei”. Hain zuzen ere, Joxerra.

Komedia beltza (II)

%A %B %e%q, %Y in Sarean

aitziberkike“Batek daki” Aitziber Garmendiak berezko modu bihurrian aurkeztutako telebista saioa da, haize freskoa lehenengo kanalerako. Aurreko astean, gai zailagoari ekin zioten, ‘heriotza’ hain zuzen ere, ikuspuntu batzuetatik: Felix Zubia medikuarekin tunel amaierako argirik ba ote dagoen, Kike Amonarriz-ekin umore beltzaz, Mikel Markez abeslariarekin heriotzaren doinuaren bila, irakasle batekin zelan tratatu behar den gaia haurrekin, tanatorio bateko langile batekin hiltzeak zenbat kostatzen duen eta medium eta igarle bategaz alde esoterikoa jorratu zuten.

Kikeren esaldi batekin gelditzen naiz: “Irria da minaren antidotorik onena”. Ederra benetan. Ondo egindako lana.

On-line saioa ikus-entzuteko.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar