You are browsing the archive for Zineman.

Garaipen iluna

%A %B %e%q, %Y in Zineman

Dark_Victory movieposter1939koa da zainketa aringarriekin lotu dezakegun lehenengo pelikula historian. Medikuntzaren historiaren lekukotza ona da gainera, Bigarren Mundu Gerraren hastapen haietan glioma baten neurokirurgia jasotzen duena. Baina horretaz gain, medikua eta gaixoaren arteko komunikazioaren garrantziaz ohartzen dute bete-betean, medikuak berri txarrak eman behar dituenean eta egiten ez duenean, kasu honetan. Informazioa azkenean pazientearengana (Bette Davis) iristen denean zer gertatzen den. Eta pronostiko txarra jakitean, zein den emakumearen erantzuna, zelan egiten dion aurre heriotzari.

Oso film txalotua izan zen garai hartan “Dark Victory”, Oscar sarietarako hautagaia izan zena, baina aurkari latza eduki zuena (“Gone by the wind”  film klasikoa). Aktoreen artean, orduan gaztea zen Davis protagonista nagusiaz gain, Humphrey Bogart eta Ronald Reagan ere egon ziren. Zuri-beltzezko pelikula aitzindaria hainbat puntutan, bidea zabaldu ziena beste hainbat filmi.

Info+: Zainketa aringarriak eta zinema.

Zinemagile existentzialista

%A %B %e%q, %Y in Oroimenean, Sarean, Zineman

Zazpigarren zigiluaUztailean Suedian jaioa eta uztailean Suedian hilda, gaur 100 urte dira Ingmar Bergmanen jaiotza egunetik, egunkarian abisatu diguten bezala.

Maisua zineman, inoizko handienetarikoa, existentzialismoaren inguruan jardun zuen klasikoak diren maisu lanean baino gehiagotan. “Marrubi basatiak” (“Smultronstället“, 1957), “Zazpigarren zigilua” (Det sjunde inseglet“, 1957; argazkian) eta “Garrasiak eta xuxurlak” (Viskningar och rop , 1972) dira pelikula horietakoak, bizitza eta heriotza, zahartzaroa eta izpiritualtasuna ardatz eduki zituztenak. Zerrendan agertzen direnak, beste film aholkagarri batzuekin batera.

Hilabete honek beste urteurren bat ekarriko digu gure etxera. Hamaikagarrena aita hil zenetik, uztailaren 22an, Donostian. 2007an, Ingmar Bergman bezalaxe.

Beti gogoan, aita. Eta hain eskertuta.

Gainontzeko egunak

%A %B %e%q, %Y in Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak, Zineman

LosdemasdiasPasa den ostegunean Donostiako Principe zinemetan ikus-entzun ahal izan genuen Carlos Agulló zuzendariak egindako dokumentala, “Los demás días”Amaia Gozategi nekaezinak antolatu zuen pasea, Orioko Mandalara Taldearen bidez. Zarautzeko urte hauetan behin baino gehiagotan eduki dut Amaiarekin egoteko plazerra, beti ere saltsa hauetan, eta ostegunean Izaskun Andonegi (Bidegin), Lori Thompson (Matia) eta hirurokin moderatu zuen pelikularen osteko solasaldia.

Dokumentala bera zentratuta dago zainketa aringarriak, ospitalekoak eta etxekoak, modu dibulgatiboan zer diren kaleko jendeari azaltzen. Oso era egokian islatzen du, egia esan, zertara dedikatzen garen erizain, psikologo, mediku eta abar batzuk. Gainera, protagonista den Pablo Iglesias medikua publikoari oso erakargarria suertatzen zaiola ohartu ginen lehengo eguneko proiekzioan. Baina, gauza guztien gainetik, nabarmenena da zuzendariak lortutako testigantzak, hala pazienteenak nola senide edo zaintzaileenak. Horrek sekulako indarra ematen dio lanari, benekotasunarena, eta horrelakoak lortzeko dauden zailtasunak kontuan hartuta, txalogarria da benetan.

Modu hain esplizitoan egindakoa azken 12 urteotan izan da, eta dokumental honek nolabait “Las alas de la vida” (2006), “El último viaje” (2008), “Quimio” (2009), “La travesía” (2011), “Compañeros de viaje” (2013), “Au-delà de la colline et la brousse” (2014), “Cancer: the emperor of all malladies” (2015) eta “El viatge definitiu” (2016) lanak osatzen ditu.

Badakizue, egunen batean hilko gara, baina gainontzeko egunetan ez.

 

Gorri-berdea

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera, Zineman

gorriberdeaSangre y tierra dokumentala aurkeztu zuten atzo Donostian, Europan egindako biraren barruan.Odolaren gorria eta lurraren berdea uztartzen ditu Caucako departamenduan kokatutako lan honek, Nasa herriaren ibilbide historiko gatazkatsua islatzen duena, “Nasa significa humano” proiektuaren barruan. Kolonbiako bake prozesuan egindako aportazio honek beste lan erraldoi bat ekarri dit oroimenera, kolore jolas berekoa.

Izan ere, “Verdes valles, rojas colinas” beste gatazka politiko baten isla da, Getxoko herrian zentratutakoa baina gure Herri osoa sinbolizatzen duena. 2005ean Ramiro Pinilla idazle getxoztarrak argitaratutako trilogia mardul erreferentziazkoak barne hartzen ditu hiru liburu, La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro. Aspaldiko irakurtzeko gogoa berpiztu zait, eta akaso momentu egokia da horri ekiteko.

Argi orduak

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera, Zineman

argiorduakMónica eta Iñaki (Rekarte). Marimar eta Juan José (Garfia). Bi istorio paralelo eta antzeko amaiera: ‘Deabru’ hiltzaile arriskutsua izan edo ‘munstro’ preso terrorista, iluntasunetik argitasunera igarotzea maitasunari esker. Hilketen gordinkeria bezain erreala damua eta bizitza berri baten hasiera. Patu latza aldatzearen aukera gauzatua.

Pertsona baten eraldaketak inguruan mesfidantza sortzen du, batzuentzat traidore, beste batzuentzat hiltzaile betiko. Zarena baino zinena izatea betiko, aldaketarako aukera barik, begi/belarri/burmuin zurrunentzat. Eta barkamena zintzotasunez eskatu arren, hildakoen senideek aukeratu dezakete barkatzeko ala ez. Zailena nork bere burua barkatzea dela argi edukita. Argi orduak topatzea iluntasunean ez dela batere erraza.

Duela gutxi irakurri dut “Escapar. Historia de un rehén” komikia (Guy Delisle. Astiberri, 2016), eta hala kartzelan egon nola bahituta, hainbat bizipen komun somatu daitezke presoengan eta bahitutakoengan, desberdintasun guztien gainetik.

Tortura izan daiteke figura bien arteko osagai komunetako bat. Bahiketa bat tortura mota bat dela argi dago, ikusi nahi ala ez. Eta mundu osoan tortura ohiko arma moduan erabiltzen dela atxilotutako batzuekin eta preso batzuekin, ikusi nahi ala ez, onartu ala ez, ontzat eman ala ez, bistan da.

Hemen ere bai.

Jackie

%A %B %e%q, %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zineman

jackie Pablo Larraín-ek zuzendutako eta Noah Oppenheim-ek idatzitako film honetan dolu bat baino gehiagoren islada agertzen da. Nabariena, John Fitzgerald Kennedy hilketaren ostean Jackie Kennedy-k bizitakoa da, pelikula guztia betetzen duena, eta lehenengo egun traumatiko haiek islatzen dituena. Emakume hark emozioak zelan kudeatu izan zituen erlojuaren kontra, mundu osoak berarengan begiak ipinita zituenean, bi umerekin, AEBetako presidentearen emaztea izatetik emakume alarguna izatera, aginte kargurik gabe, Etxe Zuritik atera behar izaten gainera.

Emozioak kudeatu eta erabakiak hartu. Shock egoera hartan. Goi mundu hartan, jendea berarengana hurbildu barik, hitz egin beharra baina jenderik ez berari entzuteko. Senarraren anai bat izan ezik, Bobby Kennedy alegia, bera agertzen da pelikulan Jackie-ren pertsonarik gertuen moduan. Berak lagundu eta entzuten dio. Nahiz eta momentu batean, Jackie babestu nahian, egia ezkutatzen saiatzen den. Une kritiko batean non Kennedyren usteko hiltzailea, atxilo eginda, hil egiten duten telebistaren aurrean. Bere senarraren usteko hiltzailearekin hitz egiteko prest zegoenean, ulertu nahian, mina arindu nahian.

Jackiek hartu zuen erabaki potolo horietako bat senarraren aldeko hiletaz izan zen. Agur esateko modua erabat ezohikoa eta intimotasunetik at antolatu zuen, mundu guztiaren aurrean. Pelikularen une garrantzitsuetako bat da zalantzarik gabe. Detaile hauek eta beste hainbat kontatzen dio pelikulan kazetari bati, elkarrizketa ofizial batean non kontu batzuk argitaratzen uzten dion eta beste batzuk ez. Duintasun osoz.

 

Bigarrena

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean, Osatzaile zauritua, Zineman

lalalandTxikitako oroitzapenak ekartzen dizkidan lehenengo bi pelikula musikalak “Sonrisas y lágrimas” (Do, re, mi…) eta “El violinista en el tejado” (If I were a rich man, doobi, doobi,…) izango dira ziur aski. Horiekin batera “Jesucristo Superstar” dago, noski, urte haietan ere egindakoa. Eta “Grease”.

Holako batean antzokietara hasi ginen joaten, Madrilgo Gran Viako antzoki erraldoi horietara, “Les Miserables” bizpairu aldiz ikus-entzun nituen, “La Bella y la Bestia” geroago. Ederra izaten zen halaber Arriaga antzokira joateko ohitura, Gabon inguruetan, neguko garai honetan. Gogoratzen naiz euriaz ere, Bilbon garai hartan egiten zuenaz, antzokira sartzera are gehiago gonbidatzen zintuena. Gurasoekin joateko ohitura hori, guztiz zoragarria.

Gaur betetzen dira 2 urte ama hil zenetik (eta uztailean aitaren 10. urteurrena izango da). Eta gaixotasunaren urteetan eta lehenago ere ohitura hori mantendu genuen. Arriagan egon izan zen Oteizari buruzko emanaldi musikal bat, nahikoa zaila zena interpretatzen, baina gustura ikus-entzun genuena, aita ere bizirik zegoela oroitzen naiz. Geroago beste antzeko emanaldi bat egon zen euskal dantza garaikidearena, Kukai konpainiarena usted ut, hor amarekin bakarrik joan nintzen. Gozatzeko modukoa ere bai, Donostiako Antzoki Zaharrean. Azken urtean izango zen, Arriagan berriro, oraingo honetan ama 4 ilobekin Geronimo Stilton-en musikal batera joan zen, makal-makal baina poz-pozik.

“La La Land” oraindik ez dut ikus-entzun, baina itxura on-ona dauka. Amaren omenez eta musikalekin zuen zaletasun handiagatik soilik erakartzen nau. Pantaila handian ikusteko gainera, DVDn etxean aukeran ez. Malkoak disimulatu beharko ditut, orduan, edo ez…

PD.- Atzo arrebaren urtebetetzea izan da. Bizi gara!

Aste honetan

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Sarean, Zineman

baleagetariaHitz egin genezake aste honetan egunkarian argitaratutako artikulu mamitsuari buruz, “Ez dira oheburuan ahituko” , Arantxa Iraolak idatzitakoa eta Larraitz Chamorroren kasu lazgarria jasotzen duena, eta Mabel Marijuan, Iñaki Olaizola eta Alberto Melendez adituen iritziak plazaratzen dituena. Hitz egin genezake eta berba egin beharko genuke eutanasiaz eta lagundutako suizidioaz. Momentuz geldituko gara Miren Amurizak idatzitako artikulu ederrarekin, “Txoria txori”:

“Indarkeria deritzogu norbaiti, bere borondatearen kontra, bizitza kentzeari. Zer besterik esan liteke norbait, bere borondatearen kontra, bizirik egotera behartzeaz?”

Hitz egin genezake aste honetan ere ikus-entzun dudan dokumental sorta liluragarriari buruz (eskerrik asko Gabi Heras beste behin ere), “Human” izenburu xumea duena baina alimaleko lan handia izan dena. 3 bolumenetan banatutakoa, ordu bat eta erdi ingurukoa bakoitza, ikus-entzun ahal izan dudana aste honetan gripea edo dena delakoari esker (!). Yann Arthus-Bertrand-ek 3 urtez egon da proiektu honetan, 2.000 pertsona inguru elkarrizketatuz 60 herrialdetan eta hainbat hizkuntzatan. Zuzendariak curriculum bikaina dauka hartutako irudi ikusgarriei esker, eta ederko islatzen da lan honetan. Izan ere, zerk egiten gaitu gizaki? Maitasunak, indarkeriak, sexuak, zoriontasunak, …?

Edo hitz egin genezake aste honetan Getariako moilan agertu den baleari buruz, animalia hauek gizakiongan sortzen duten lilurari buruz historia guztian zehar aspaldiko garaietatik, zirrara antzinakoa, sakona, haurtzarortik datorkiguna eta euskal kostaldeko hainbat armarritan irudikatuta dagoena. Herman Melville idazlearengan sortu zuen lilura bera da azken finean (“Moby-Dick”, 1851), Niki Caro zinema zuzendariarengan (“Whale Rider”, 2002) edo Lander Garro blogariarengan (“Balea Getarian”).

 

 

 

Ganbaratik ondo egon

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, S(u/a)minetik bakera, Zineman

ganbara

 

 

 

 

 

Aurtengo urriaren amaieran “Ganbara” euskarazko zinemaren gordailua aurkeztu zuten Tabakalerako eraikinean, Donostian, oraindik barrutik ezagutzen ez dudan leku erakargarri horretan. Ordutik 200dik gora lan sartu izan dituzte bertan, izan film luze edo labur, dokumental edo animaziozkoak. Euskadiko Filmategiaren barruko ekimena da, eta egia esan kristoren tontorra da “AH” horrelako gune batean sartu izana, miretsitako profesional horien artean gure lekutxoa egin izana. Eskerrik asko Maialen Goñi!

2016ko ibilbidea oso tartekatua izan da, Familia Medikuntzako elkarteak Bilbon antolatutako mintegi berezia eta jendetsuan gure parte hartzetik, bertako zine-forumean (Mikel Baza!), Getariako proiekziora (Mavi Carceller!), eta hortik Gasteizera, Osakidetzak ofizialki gonbidatuta. Geltoki gutxi izan dira, baina aipatzekoa izan da azkena, Euskal Herritik kanpo izandakoa, Badajozeko “Videomed” nazioarteko zinemaldi medikoan. Bertatik itzuli ginen azaroan sari batekin. Euskadi Irratiatik ere harremanetan ipini ziren, Alaia Martinen “Zubiak” saiorako. Ahaztu gabe Gabi Herasen eskuzabaltasuna HU-CIren jardunaldietako partaideei geure DVDa zabaltzeko. Baita Herria 200 Eliza-ren aldizkarirako kolaborazioa (Kepa Mtnez de Lagos!) eta Hamaika Telebistan geure dokumentala proiektatu izana ere.

Bejondeigula beraz!

 

PD.- 2017rako proiekturen bat mugitzen hasia dago, laster kontatuko dizuet. Urte berri on!

Wonderful life

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Zineman

wonderfullifeEz da zaila izango iazko Gabon urdinak gainditzea, hobetzea. Momentuz meteorologia iaz baino gehiago laguntzen ari da, normalagoa da dena. Ez dut elurtutako kaleak edo besterik eskatzen, haurtzarokoak ez dira itzuliko, kitto. Baina nahi eta nahi ez garai honek asko dauka haurtzarotik, gure seme-alabena, gure lobena, gure oroitzapenena. Hasteko, klasikoen artean klasikoa den pelikula, “It’s a wonderful life” (Frank Capra, 1946), James Stewart protagonista lanean. Gure aitak maite zuen pelikula hau, beste garai batekoa dena, existitzen ez den mundu batekoa. Baina zer nahi duzue esatea, liburutegian topatu eta ezin eutsi hartzeko tentazioari. Eta Black entzuteari.

Ezin dut ebitatu, aulki hutsak aulki huts, Gabonak gustatzea. Inguruko folklorea gustuko dut, loteriarena kenduta hori bai. Aurten mahaia konpartituko dugu hiru anaia-arrebok, aurrera goaz…

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar