Julián
%A, 17UTCTue, 17 Sep 2013 09:58:40 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak
Badaude lekuak bereziki markatuta daudenak. Historia garaikideak Baskistan osoa markatu du modu arras konplexuan, eta herri honen izena(k) aipatzean kontu batzuk etortzen zaizkigu burura kanpotarroi, eta ez beste batzuk. Oraindik ere. Oso ondo kontatzen zuen Julianek, ezaugarri kolektibo batzuk baldintzatzen dute eguneroko hainbat gauza. Adibidez heriotzaren aurreko jarrera.
Historia garaikidean ez ezik, Erdi Aroko garaietatik gutxienez hainbat gertaera ilunek markatu dute Eliza katolikoaren ibilbidea, jatorrizko filosofia erabat itxuraldatu eta are usteldu ere arte. Benetako mezuak zeintzuk ziren ahaztu arte.
Zorionez, ahari talketatik at, mendian badaude ahuntzak, ardiak baino askeago bizi direnak. Herriari beste kolore bat ematen diotena, kanpokoek gehienetan jakin barik. Su artifizialik gabe, baina beste argitxo batzuk pizten dituzten argitxoak dira. Kutsakorrak, umoretsuak, maitagarriak.
Azken hilabeteotan Julian Etxeberria ezagutu dut, eta zalantza barik Errenteriaren, Oreretaren eta Elizaren beste aurpegi tamalez ezezaguna ondo ordezkatu du. Gauza asko transmititzen duen pertsona horietako bat izan da. Dolua jasangarriagoa izateko herriko jende mordoari lagundu diona. Pasa den astean bat-batean bere argia itzali den arte.
Erabat ados gaude Julian, hiletak (erritoak) garrantzitsuak dira, eta zeurean ez dut esango herri osoa zegoelarik, baina bete-beteta zegoen parrokia. Emozio asko somatu nuen, besteak beste erein zenuen maitasuna.
Ezin izan dizut ganoraz eskertu zeure parte hartzea, baina hurrengo hilabeteetan dokumentala amaitu, borobildu eta plazaratuko dugu.
Are argitxo gehiago pizteko.
iñaki peña said on %A, 19UTCThu, 19 Sep 2013 11:43:06 +0000 %e. %B %Y
Azken mendean sufrimenduak bereziki markatutako beste herri batzuen artean, arrazoi batengatik edo bestearengatik, Gernika eta Ermua ditugu. Sinbolo bihurtuta zentzu batean edo bestean.