Mari Karmen
%A, 25UTCSun, 25 Sep 2016 07:25:08 +0000 %e. %B %Y in Onkologikoak, Sin categoría
Datorren urriaren 8an ospatuko dugu mundu mailan Zainketa Aringarrietako Nazioarteko Eguna. Aldarrikatzeko data, geure lana ezagutarazteko, aurten #AringarriakIkusgarri lelotik #MinikGabeHil-era erdiratuz.
Aurtengo leloa hartuta, helburua lortzeko gaur egun gero eta baliabide gehiago daude. Alde batetik analgesikoen hiru eskailera-koskak, eta opioideak hirugarrenean. Beste alde batetik beste farmako batzuk eta farmakologikoak ez diren teknika eta aukera guztiak. Esan nahi dut: minik gabe hiltzea posiblea da, posibleagoa beti ere garatutako herrialde batean bizi bazara, eta are posibleagoa zainketa aringarrietan trebatuta dauden profesionalekin egoteko zoria baldin badaukazu.
Aurkako faktoreak bistan daude, oraintxe aipatu ditugun baliabideetara ezin iristea alegia. Hala zeure herrialdean orokorrean edo zeure erreferentziazko anbulatorioan edo ospitalean ez daudelako, nola nahiz eta egon bai baina zeure erabaki pertsonalaren bidez aukeratzen baduzu beste bide batetik joatea. Hau da, pazientearen autonomia aplikatzea irizpide medikoen gainetik.
Nola? Adibidez, uko egitea morfina hartzeari. Opiofobia deitzen da opioaren deribatuen aurkako jarrera (beldurra, errefusa, ukatzea, gaitzestea…), eta zergatiak era askotakoak dira, kulturak, sozialak, ideologikoak edo politikoak, espiritualak …
Mari Karmen erizaina eta moja zen. Geure ospitalean lan egiten zuen eta herrian bertan bizi zen, erlijio-komunitate txiki batean. Nik ezagutzen nuenetik gaixorik zegoen, emakumeengan oso ohikoa den minbizi batek jota, eta gaixotasuna gainera oso zabalduta zeukan hezurretan, min handia eraginez. Bere muletekin eta txanoarekin etortzen zen poliki-poliki ia egunero anbulatoriora lankideak agurtzea. Etsipena, duintasuna, kemena eta mina irakur zitekeen bere begiradan eta aurpegian. Beldurra ez hainbeste, ez dut uste izututa hilko zenik…
Azken finean, Mari Karmen beti izan zen galdera marka bat niretzat. Zergatik sufrimendu hori pairatzea, Goiko Jaunari egindako eskaintza latza iruditzen zitzaidan, baina aldi berean errespetua zor genion, eta ondoan egotea. Bere istorioa kontatzeko modukoa bada, eta “Aulki Hutsak” sortu baino lehen berari buruzko dokumental egitea otu zitzaidan, gidoia eta dena zirriborratzera iritsi nintzen. Baina errespetuz ere hartu genuen bere komunitateak azkenean emandako ezetza.
Behintzat blogeratzea merezi zuen.
Letzte Kommentare