Bake jendea

%A, 29UTCSun, 29 Jan 2017 10:42:37 +0000 %e. %B %Y in Humanizazioa, S(u/a)minetik bakera

GetariaBakeaPolitikari guztiak ez dira berdinak. Edo futbolari, mediku,erizain guztiak (tira, erizain guztiak igual bai)*… Topikoak, etiketak eta epaiak behar ditugu arnas hartzen dugun haizea bezala, baina errealitatea bestelakoa da.

Getarian egon nintzen pasa den asteazkenean arratsaldez, “Zubigintza eta saregintza euskal bake prozesuan” solasaldi mamitsuan. Mahaian, Iker Uson (Baketik) moderatzaile, eta Juan Jose Ibarretxe (Agirre Lehendakaria Center) eta Julen Mendoza (Errenteriako alkatea) hizlari. Bake gizonak, bete-betean, hezur-haragizko pertsonak, sinesgarriak. Medikuntza edo osasungintza humanizatu behar dugula esaten dugunean berdin aplikatu daiteke beste edozein esparrutan, politikagintzan adibidez. Eta Getariako mahaian ikusten genuena bake jendea zen. Iberdrolan, Petronorren edo ez dakit zein enpresatan amaitu ez den lehendakari bat (1999-2009). Ustelkeriagatik ikertuta ez dagoen alkate bat (2011-).

Beste alderdi politiko batzuetan ere adibideak ez dira falta, eta gustatu zitzaidan Ibarretxek behin baino gehiagotan aipatu izana “Ahotsak” mugimendua, bake emakumeek osatutakoa, gogoratuko zarete: Gema Zabaleta, Jone Goirizelaia, Ainhoa Aznárez, Kontxi Bilbao, Nekane Alzelai, Elixabete Piñol, Gemma González de Txabarri, Itziar Gomez,… Gustukoa izan nuen halaber Ibarretxek pobrezia eta justizia soziala eza kontzeptuak kontrajarri izana bakearen definizioarekin. Eta pertsonen identitatea, kultura eta hizkuntza gako garrantzitsu moduan plazaratu izana.

Julen Mendozaren aurkezpenak laburbildu zuen Errenteria-Oreretan 2011tik alkatetzan dagoenetik egindakoa, alderdi guztiak bildu izana bakegintza eta elkarbizitza foro batean, adostasuna lortu izana indarkeriaren kontzeptuaren barruan sartzen denarekin (atentatuak, bahiketak, mehatxuak, jazarpena,  torturak, …). Honen haritik aipamen batekin gelditu naiz bereziki: Zelan ETAk mehatxatutako pertsona batek adierazi zuen, puntu bateraino iritsita, nahiago zuela hilketa jasatea bahiketa baino, sufrimenduaren beldurraren adierazle. Halaber, poliziak jazarritako beste pertsona batek nahiago zuen tiroketa batean hiltzea poliziaren eskuetan amaitu eta tortura pairatzea baino.

Galderen txandan, amaieran, Iker Usonek azpimarratu zuen bakearen aldeko saregintza Gipuzkoan dagoela batik bat presente, 12 udalerritik gora martxan dagoelarik, Errenteria buru, baina baita Azpeitia, Lasarte-Oria, Andoain, Tolosa edo Getaria bera ere. Bizkaian apenas, Nafarroan zeozer, Araban ezer ez eta Ipar Euskal Herrian, denon buruan, Luhusoko bakearen artisauak.

Konponbidea behetik gorako bidean dator.

 

*Txantxa besterik ez da.

Leave a reply

Deine E-Mail-Adresse wird nicht veröffentlicht. Erforderliche Felder sind markiert *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste