Artearen ikuspuntuak gatazken aurrean

%A, 02UTCSun, 02 Apr 2017 11:59:52 +0000 %e. %B %Y in S(u/a)minetik bakera

iruñekoharresia2Nafarroa eta Iruñea konstante biografikoak ditut, “Gatazka” bera legez. Eta hain zuzen ere Gatazkaren ondorioz Iruñera ez ginen senideok joan bizitzera duela 30 urte inguru. Diasporan oraindik urte batzuk gehiago segitu behar izan genuen eta duela 21 urte etorri (itzuli) nintzen azkenean.

Asteburu honetan, Baluarte jauregian izandako bi ekitalditan egon ahal izan naiz, Bizikidetza erein, begiratu bat artearen bidez” izenburuak berak erakarrita. Lehendabizikoa ostegun arratsaldean izan zen, literatura mahai-ingurua izan zen, Luis Garde eta Gabriela Ybarra idazleekin eta Aingeru Epaltza moderatzaile moduan. Hirugarren idazle edo egile bat gonbidatuta zegoen, baina hain zuzen ere heriotzak eten egin zuen Ion Arretxeren bizitza, hirugarren gonbidatua. Ugariak izan ziren berari egindako aipamenak, erabat sinbolikoa izan zen egia esan. Eta berarengandik hasita, iltzatuta gelditu zaidan lehenengo pasartea da zelan tortura saioen arten torturatzaileen eta torturatuaren artean sortzen ziren tarte lasaiak, non modu adeitsuan hitz egiten zuten euren artean emakumeei buruz eta bestelako gai adeitsuei buruz. Pertsonok euren artean egiten dugun moduan. Gero jarraitzen omen zuen bakoitzak bere rolean, basapiztiarenean batzuk eta harrapakinarenean besteak.

Posiblea al da adiskidetzeari buruzko literaturarik? Luis Gardek irmoki azaldu zigun literaturak gatazka behar duela ia definizioz. Tentsio, drama, tragedia, korapiloa sortzeko abiapuntua izaten da Erroma eta Grezia klasikotik eta Aingeru Epaltzak horri buruzko aipamena egin zuen hasieratik. Gero etorri zen galdera potolo horietako bat, aspaldiko gakoa: Oroimena edo ahanztura, zer komeni zaigu? Eta hor Garderen erantzuna gustatu zitzaidan, ahanztura dosi batzuetan behintzat zilegi ikusita maila pertsonalean, biktimarentzat, aurrera atera ahal izateko, baina oroimena aholkatuz gizarte mailarako, dolu kolektiboetarako.

Ybarraren parte hartzetik, bestela, gelditu naiz batez ere bi pasarterekin: Bata, zelan amaren doluaren bidez adierazi ahal izan zuen aitonaren dolua. Amaren heriotza minbiziak eragina izan zen, eta prozesu guztia serenitatez bizi ahal izan zuela, baina aitona bera ez zuela ezagutu izan, eta bere heriotza ETAk egindako hilketaren bidez gertatu zela, bere familian lurrikara emozionala utzita. Eta bigarren pasartea izan zen bere begietara ETA kideen munstrotasunetik gizatasunera igaro zela kontatu zuenean.

Azkenik, asteburua borobiltzeko, “Adiorik gabe” ikuskizuna harrapatu ahal izan nuen, DSS 2016 kultura hiriburutzaren 3 ekitaldiak galdu ostean. Mireia Gabilondok eta Teresa Calok idatzi eta zuzendu dute, eta larunbateko emanaldian Juan Manuel García Cordero, Mikel Zabalza Garate eta Francisco Javier Gómez Elosegi omendu zituzten, indarkeriaren 3 biktima, 3 borrero desberdinekin. 3 istorio desberdin baina lotura askorekin elkar artean, izan ere hain desberdinak dira borreroak? Hain desberdinak dira funtsean biktima eta borreroa? Estetikoki oso atsegina suertatu zitzaidan, 3 atal eta 3 eszeneratze ezberdin, musikak eta irudiek lagunduta.

Gustura benetan gelditu naiz eta apunteak ondo hartuta itzuli naiz etxera.

Leave a reply

Deine E-Mail-Adresse wird nicht veröffentlicht. Erforderliche Felder sind markiert *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste