Espiritualtasunaz
%A, 27UTCFri, 27 Sep 2019 10:20:59 +0000 %e. %B %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Humanizazioa, Mendian Hil Hirian Hil
Gaur Arrasateko ospitalean, Juan Rodríguez lankideak (Familia Medikuntzaren R4 egoiliarra) saio kliniko bikaina eskaini digu “Espiritualtasuna zainketa aringarrietan” izenburupean. Hitz potolo hauek izpiritu asko uxatu ditzaketen arren, “errukia” berbarekin gertatzen den moduan, gaurkoan bete-beteta egon da aretoa. Eta hori, hasteko, oso pozgarria izan da. Juanek ederto tira egin du SECPALeko espiritualtasun lan-taldeak egindako monografiatik, Enric Benito, Pilar Arranz, Javier Barbero, Ramón Bayés, Javier Barbero, José Carlos Bermejo, Iosu Cabodevilla eta Julio Gómez egileen artean ditugularik.
Espiritualtasuna edo galdera potoloak, bizitzaren misterioa eta heriotzarena. Planetaren sorreraren misterioa (planetaren suntsipenean hainbeste misteriorik ez dago). Bizitzaren esanahia. Nondik gatoz eta nora goaz? Txikitatik egindako galderak, larritasun existentziala sortzen digutenak, baina adinarekin berreskuratzen ditugunak. Are gehiago bizitzaren amaieran egonez gero.
Jaungoikoa hil eta gero, eta Juanek bineta mundiala ekarri digu gaurkoan (Marx, Freud, Nietzsche eta Darwin gangster moduan beltzez jantzita pistola banarekin), noraeza eta hutsaren sentimenduak orokorrak dira. Hortik Ekialdeko tradizioetatik etorritako heldulekuak, yoga, tai-chi, mindfulness, chikung eta abar luzea, kulturalki kristaua izan den gure munduan ondo txertatzen ari direnak. Eta oso lagungarriak izan daitezkeenak bizitzaren amaieran, bakearen eta orekaren bila, zentzuaren xerka. Ongi zabalduta daude zainketa aringarrien profesionalon artean. Ongi etorriak.
Bestela, nire uste ‘harroan’, kristautasunak badauka ehundaka urtetako ondarea oso aprobetxatzeko modukoa dena, boladaz pasata egon arren. Gregoriar kantua esate baterako, mantra modukoa egindakoa eta meditaziorako ezin hobea. Monasterioak eurak zure baitan biltzeko leku moduan, zarata guztietatik at. Etxetik hain gertu dauden aukera horiek guztiak.
Izan ere, eta galdera batekin amaituko naiz, zer d(ir)a sentitzen d(it)uzun hori(ek) Arantzazu bezalako paradisuan?
Leave a reply