Leku ona hiltzeko?
%A, 30UTCSat, 30 May 2020 07:18:36 +0000 %e. %B %Y in Mendian Hil Hirian Hil
Xabi Ormazabal 2004an hil zen 22 urterekin Cho Oyu menditik jaistean. Lau urte geroago, Iñaki Ochoa de Olza hil zen Annapurnara igotzean 2008an 40 urterekin (egun batzuengatik ez zituen 41 urte bete). 285 km daude zortzimilako batetik bestera. 85 km daude Urretxutik Iruñera. Zergatik distantziak neurtu? Zergatik neurtu mendiak metrotan eta bizitzak urtetan?
Jorge Nagore Iñakiren laguna eta Esperanza Fraucaren semea zen. Rol horietatik abiatuta, solasaldi publikoa eduki genuen Gasteizen duela urte bi, SECPAL 2018 zainketa aringarrien biltzarraren ateetan. “Mendia hil. Hirian hil” zuen izenburua, eta helburua zen heriotza eta doluaren inguruko hausnarketa berezia hurbiltzea kaleko jendeari, dokumental honekin dugun berbera. Pasa den asteazkenean elkarrizketa hura berriro eraiki genuen, Esperanza (zein izen polita) eta Iñakiren kokaleku biografiko bitan, Pirinio aldeko Ariben eta Iruñeko Zitadelan hurrenez hurren. Irati ibaiaren xuxurla, trumoi urrunak eta enaren txioak izan ziren lagundu ziguten soinu batzuk. Ezpelaren usaina, hiriko zumarrena. Aezkoako haitzak, Gaztelu Berriko hormak.
Ariben etxearen kontzeptuaren adibide arimadun bat ezagutu genuen bertatik bertara. Eta hortik bidaiatu ginen Nepal aldera, eta denboran 12 urte atzera egin genuen (pasa den astean urteurrena izan da) erreskate saiakera hura berreraikitzeko, Iñaki bakarrik ez hiltzea arrakastaz lortu zuena. 14 pertsonako taldelana, bizitza hutsa. Ondorengo urteetan, SOS Himalaya fundazioaren lanak katea ez du eten. Are gehiago Nepalgo 2015eko lurrikararen ostean, baita 2020ko oraingo pandemiak hainbat espedizio bertan behera laga ostean ere.
Andoni Ormazabal, bestela, Xabiren anaia izan zen. “Lehoinabarraren aztarna” dokumentalarekin bidea zabaldu zion doluari, anaia hil eta hurrengo urtean. Prozesu pertsonal hauetan oso lagungarria da inguruan komunitate bat edukitzea, familia, lagun taldea, herri bat. Eta ondoren jarraitzen duen bizitzan mendizale gazteentzako beka eta mendi festa bana antolatzen badituzu, pertsona (Xabi) omendu ez ezik zentzua apur bat bilatzen diozu gertatutakoari. Tragediatik maitasuna, elkartasuna eta bizipoza piztea. Posiblea da, Urretxu-Zumarragan gertatzen da.
Andonirekin solasaldia leku magiko batean eduki genuen, harkaitzean sartutako Sandaili baselizako kobazuloan. Ojo Guareña Burgosen, San Juan de la Peña Huescan, Reignac Dordoinan, Predjama Eslovenian… eta Sandaili Araotzen (Oñati). Oso eskalada gune bisitatua da, eta horretarako denbora ere eduki genuen. Patxadaz eta momentuaz disfrutatzen. Mindfulness erabatekoa. Datorren astean hirugarren umea datorkio Andoni eta haren familiari, aitatasunaz ere gogoeta egin genuen, bizitza badator. Beraz zeri buruzkoa da geure dokumentala, heriotza ala bizitzari buruzkoa?
Galdera gehiago: Himalaia al da leku ona hiltzeko? Eta bizitzeko? Aezkoa? Urola Garaia? Iruñerria?
PD.- Petti da bakarra, Izaskun Andonegirekin batera, errepikatuko duena “Aulki Hutsak”-etik hirugarren proiektu honetan. Abesti batekin, orduan bezala: “Azken aetzaren balada”. Betor lainoa, Arpeatik sigi-saga…
ANA said on %A, 02UTCTue, 02 Jun 2020 16:35:02 +0000 %e. %B %Y
Nola imajina dezakegu mundu bat gauzak neurtu ezinik! Bada, adibide bat egongo da (baina bat bakarrik), Norvegiako, Sommoroy uhartean, erlojurik gabe bizitzea pentsatu dute, denbora neurtzeko erreferentziarik Izan gabe. Gai izango dira? Edo kaosa izango da! Baseliza-kobazuloak txundigarriak dira, badirudi denbora gelditu egin dela ere, lasaitasun handiz eta momentuaz gozatzen da bereziki, hau da SLOW mugimendu slow city (Lekeitio, Munguía), slow mountain..food ..Baina inork ezin duela inguru horietatik alde egin hausnartu eta bere buruari galdera egin gabe, argi dago. AURRERA, proiektuarekin, testiguntza mamitsu guztiekin eta musika ona bere ariman!!!! (*_*).