Dolu kolektiboak

%A, 08UTCSat, 08 Aug 2020 09:43:27 +0000 %e. %B %Y in Bizi gara!, Dolua, Mendian Hil Hirian Hil, Oroimenean, S(u/a)minetik bakera

zugarramurdiPasa den uztailaren 28an 20 urte egin dira Felix Iñurrategi Karakorumen  hil zela, 33 urterekin, Gasherbrum II menditik jaisten ari zela. Nire ustez, Euskal Herrian azken hamarkadetan piztu den dolu kolektiborik handiena izan da. Zergati askotako heriotza ezagunak egon dira geurean, istripuek, gaixotasunek, hilketek, suizidioek eta abarrek ekarritakoak. Batzuk benetan mediatikoak eta oihartzun handikoak. Baina Felixen heriotzak sortutakoa erabat berezia izan zen, gizarte mailan lurrikara emozional itzela eragin zuen, ez zegoen oztopo ideologikorik hurbiltasun enpatiko hori eragozteko.

Asko eta asko gogoratzen gara non geunden albistea jakin genuenean, neu lanean Gurutzetako ospitalean, eta samina konpartitutakoa izan zen Larrialdietako zerbitzu hartan. Amankomuneko geure lehengusu edo lagun bat hil izan balitz bezala gertatu zen, benetan bitxia izan zen. Urteetara, Felixen aita eta ama ezagutzeko abagunea eduki nuen, Arrasateko kontsultan, eta Alberto anaia bera. Hunkitu nintzen Albertok egindako dokumentalarekin Kafe Antzokian arratsalde hartan, bertako publiko guztia bezala, hunkimen kolektibo gogoangarria izan zen.

Uztailaren 29an 20 urte ere bete dira Juan Mari Jauregi Tolosan ETAk erail zuenetik, 48-49 urterekin, nik orain ditudanak. Albistea jakin nuen Zugarramurdirako bidean, kotxean nihoala gurasoekin, Euskaldunon Egunkariak antolatutako jaialdi eder batera gindoazen uda betean, 2000. urtean. Askok nabaritu genuen astindua, baina gizarte mailan oztopo eta blokeo mordo bat zegoen enpatia sentitzeko, eta are gehiago adierazteko, dolu kolektibitate zabalagoa izateko. Urteetara, Maria alaba ezagutzeko abagunea izan dut, “S(u/a)minetik bakera” proiekturako jaso genuen kolaborazioa dela-eta, Jon Maiarekin batera egin zuena.

Publikoa da Mariak egindako lana berradiskidetzearen alde, bakearen alde, eta are ezagunagoa Maixabel emazteak ildo honetan egindako jarduera ofizial guztia, erreferentzia argi bat. Nolako egurra, halako ezpala. Zorionez, badago jendea hau guztia axola zaiona, eredua dena gizarte eraikuntza positiboa egiteko, ahazteko, estaltzeko eta ukatzeko jarrera ez duena. Eskertu besterik ezin dugu egin.

Uztailaren 31an, azkenik, Joan Mari Torrealdai hil da aurten, 77 urterekin, etxean. Gure aitak egin izango zituenak. Minbiziak hil da Joan Mari ere, eta tamaina handiko dolu kolektiboa eragiten ari da, batez ere mundu  euskaldunean, bereziki euskal hiztun aktiboen komunitatean. Hemen erdaldun gehienen autobaztertze kulturala alde batetk, eta bestetik batzuengan blokeo ideologikoak egon dira. Edozein modutan, lurrikarak Richter eskalan oso goian jo du, ez bakarrik Joan Marik lagatako ondare zabalagatik. Baita Euskaldunon Egunkariaren aurkako atentatuak bete-betean jo zuelako ere, 2003an.

Ondo oroitzen naiz sentitutako amorrua, gorrotoa, tristura, erabateko enpatia piztu zidaten Joan Marik, Txemak, Martxelok, Iñakik, Pellok eta enparauek. Autoinkulpatu nintzen auzi horretan, egin kontu. Horrelako pertsonak torturatzea eta kartzelaratzea zen geure aita torturatzea eta kartzelaratzea bezala. Ulertezina, justiziatik guztiz kanpo zegoen zerbait zen. Alferrikako mina. Mariak eta Maixabelek sentitutakotik oso hurbil.

Hortan datza dena. Hain hurbil egon barik hurbiltasuna sentitzean.

 

PD.- Uztailaren 22an 13. urtemuga izan da aita hil zenetik, etxean. Gugan dago geroztik. Eta bizi gara.

1 response to Dolu kolektiboak

  1. Heriotza oso mingarria da, are gehiago, gauza asko egiteko, ezagutzeko….geratzen direnean. Zorionez ere, alde berean beti dago bizitzaren indarra!
    Iñaki; POSTean ondo islatzen duzun bezala, inork ez luke bihozgabe geratu behar, besteen minaren aurrean; hurbiltasuna eta enpatia sentitzea ezinbestekoa da. Ea ba, gutxienez ziurgabetasun garai hauek zerbait ona irakasten badute!
    Bizi!! Zaindu!! Besarkada haundi bat!!

Leave a reply

Deine E-Mail-Adresse wird nicht veröffentlicht. Erforderliche Felder sind markiert *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste