Non dago enpatia?

%A, 14UTCWed, 14 Apr 2021 04:27:36 +0000 %e. %B %Y in S(u/a)minetik bakera, Zineman

mikelzabalzaGizaki guztiok enpatiarako gaitasuna dugu, garatuagoa edo ezkutuagoa. Nire ustez, beste pertsona baten oinetakoak jantzi eta eurekin ibiltzea da bizitzan izan dezakegun esperientziarik ahalik eta interesgarrienetakoa.

“A la sombra del nogal” liburua ez baduzu irakurri, egitera animatzen zaitut, konbentzimendu osoarekin. Ion Arretxeren zapatak ipintzeko kuriositatea baldin badaukazu, animatzen zaitut. Torturari buruzko Biblia txiki bat da, eta bertan umorea behin eta berriz topatuko duzu, gezurra badirudi ere.

Ion “Non dago Mikel?” dokumental bikainean agertzen da, Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek zuzendutakoa. Pelikularen pasarte batean, Ion Arretxek enpatia zantzuak bilatzen zituen Intxaurrondoko kuartelaren barruan, gizatasun zantzuak, infernuaren erdian. Gizakiak gizakiarekin bat egiteko ahalegina da, desesperatua agian, baina hor dagoena. Ziur aski bahitutako guztiak bahitzaileekin saiatutako ahalegin antzekoak dira, bidenabar.

Mikel Zabalza dokumentalaren protagonista nagusia da (argazkian), bestela, eta berak pairatutako torturak (eta Ion Arretxe eta beste pertsona batzuenak) 1985eko azaroan gertatu ziren. Desagertutzat jo zuten eta hainbat egun igaro behar izan ziren gorpua topatu arte. Nebulosa ilun batean egon da hamarkada hauetan guztietan orbaizetarraren bizitzaren amaiera, horrek familiarentzat dakarren sufrimenduarekin.

1985eko azaroaren 26a Mikelen erailketaren eguna da. 1970-80ko hamarkadetan akzio-erreakziozko dinamika basatiak errepikatzen ziren, mendekuaren ekintza gordin eta gupidagabeak. Egun hartan, ETAk José Herrero guardia zibil erretiratua erail zuen Lasarte-Orian, taberna batetik semearekin ateratzen zenean. Bezperan, Rafael Melchor eta José Manuel Ibarzábal militarrak erail zituzten ametrailatuta Donostian autobus batean beste lankide batzuekin batera  joaten zirenean. Azaroaren 25ean ere, Isidoro Díez guardia zibila akabatu zuten Pasaiako portuan.

Begia begi truk. 1975eko urriaren 5ean ETAk Jesús Martín, Juan Moreno eta Esteban Maldonado guardia zibilak erail zituen Arantzazuko santutegiaren inguruan. Hurrengo egunean, Kanpazarko mendatean BVE-k Iñaki Etxabe akabatu zuen, familiaren aurrean.

Hortza hortz truk. 1981eko otsailaren 6an ETAk José María Ryan ingeniaria erail zuen, egun batzuk bahituta eduki eta gero (Lemoizko zentral nuklearrean lan egiten zuen Jose Mariak; “El ruido de entonces” liburua kaleratu berri du honi buruz Anton Arriolak). Urte hartako otsailaren 13an, Joxe Arregi asteasuarra atxilotu eta  torturatu zuten poliziek Madrilen, eta egun batzuk geroago hil zen horren ondorioz. (Urte hartako otsailaren 23an guardia zibil eta militarren talde batek estatu kolpe bat eman zuten Madrilen).

Mikel Zabalzak eta Iñaki Etxabek loturarik ez zeukaten ETArekin, Joxe Arregik bai. Hainbeste aldatzen du edukitzeak ala ez edukitzeak? Guardia zibila edo militarra izateak ala ez izateak?

Ez begiratzea, bistan da zein den modurik hoberena enpatiarik ez sentitzeko. Eta begiratuta ere, ez ikustea. “Ojos que no ven...”. Irakurtzea arriskutsua da zentzu horretan, zeozer sentituz gero enpatia garatu dezakezula. Eta, are arriskutsuagoa, errukia adieraztea.

Hau guztia idatzi dut Mikelen dokumentala ikusi eta entzun eta gero. Halaber, zainketa aringarrietako kontsultan gizon bat, guardia zibila izandakoa, atenditzen hasi eta gero.

Leave a reply

Deine E-Mail-Adresse wird nicht veröffentlicht. Erforderliche Felder sind markiert *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste