You are browsing the archive for Aulki Hutsak.

Zu berriro ez ikusteko ideia ganorabakoa

%A, 25UTCSun, 25 Nov 2018 10:01:41 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Dolua, Literaturan, Zarautz Errukitsua

rosamonteroEz da doluari buruzko liburua, edo ez hori bakarrik. Plano paraleloetan Curie senar-emazteen bizitzak eta heriotzak ekartzen ditu Rosa Monterok alde batetik, eta bere arlo pertsonaleko gora-beherak bestetik, haren senarraren heriotza eta honek sortutako dolu prozesua barne. Irakurri beharreko liburuen zerrendan neukan hau sartuta, eta egun hauetan zorra atseginez kitatu dut. Idazleak ez ditu irakurlearekin aparteko hausnarketak konpartitzen, baina hain zuzen ere pertsona ezagun (ospetsu) batek gureak ere diren ezinegonak eta bestelako sentipenak plazaratzeak klandestinitate puntua gainetik kentzen laguntzen du asko. Are gehiago urteko sasoi urdin honetan.

Izan ere, hilabete erdi euritsu eta fresko hauek zeharo aproposak dira hausnarketarako. Domu Santuk, Arimen Egunak eta Eguberriak heriotzaz eta mundu honetan jada ez daudenetaz gogoratzeko aukera ematen digute. Urtero badaude garai honetan “Aulki Hutsak” dokumentalaz oroitzen direnak, eta aurten bereziki eskatua izan da: Leioan azaroaren 21ean (EHUren bidez), Hernanin abenduaren 13an (herriko Hezkuntza Plataformarekin) eta Eibarren abenduaren 18an (AECC). Bost  urte pasatu dira Elgetan lehenengo aldiz estreinatu genuenetik, aldaketak eduki ditugu gure esparru pertsonaletan edota profesionaletan lanaren egileek eta protagonistek, bizitzak aurrera egin du. Baina ausartuko nintzateke esatera denbora honetan aurrera egin dugula dolua eta heriotzaren arloan: Hezkuntza mailan txertatzeko urratsak ematen, gero eta pelikula eta liburu gehiagotan aipatzen dira gai hauek, Death Cafeak gurera ekarri ditugu, komunitate errukitsuak martxan ipini.

Hain zuzen ere, Zarautzen adibidez, abenduaren 14an Patxi Izagirre edukiko dugu gurekin, Gabonetan etxean ditugun aulki hutsei buruz aritzeko.

Berriketan Lazkaon

%A, 14UTCSun, 14 Oct 2018 11:02:41 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Dolua, Humanizazioa

AH Lazkao2Aste honetan, Goierri aldean, ekin diote ziklo mamitsu bati: Heriotza, dolua, galerak, duintasunari buruzkoa. Gerriko Kultur Elkarteak antolaturik, datorren astean Felix Zubia zarauztarrak jardungo du. Euskara jende gutxi egongo da Felix ezagutzen ez duenik, mediku intentsibista, humanista, bertsolaria, hamaika saltsatan ibilitakoa. Aurtengo OEE 2018an, komunikazioari buruz aritu ginelarik, Felix dabilen Euskadi Irratiaren saioaren nondik norakoak ekarri genituen. Halaber, Felixek heldu izan dio tradizio paliatibistari, non eta zainketa intentsiboen munduan, HUCI mugimenduaren ildotik bete-betean.

Itxaro Ttiklik beasaindarra bestela bi aste barru sartuko da Lazkaoko ziklo honetan. “Gurasoei gutuna” liburuan jaso ditu hainbat testu, dolua lantzen laguntzen dutenak, umeekin gaia jorratzeko tresna ederrak direnak. Itxaro “osatzaile zaurituaren” hamaikagarren adibidea da, jasandako mina besteendako laguntza bihurtu duena. Azkenik, Maddi Zubeldia lapurtarrak “Oroitzen naizeno” antzezlana eskainiko du urriko azken astean Bernadette Iratzokirekin batera. Maddi aurtengo Literaturian ikus-entzun nuen dementzia eta galeren inguruko saio bikainean. Beste ikuspuntu osagarri bat eta behar-beharrezkoa.

Zikloaren hasieran, bitartean, “Aulki Hutsak” konpartitu dugu aste honetan. Udaletxeko batzar aretoa 40 bat pertsonek ia-ia bete zuten, giro goxoan, eta solasaldian gustura baino gusturago ibili ginen. Tartean Iztuetako lagunak, Itxaro Ttiklik bera eta osasungileren bat edo beste. Iban Toledo ordiziarra emanaldira etortzekotan egon zen, baina azkenean ezin. Iban izan zen kameralari, errealizadore eta editorea gure dokumentalean. Orain dela ia 5 urte estreinatu genuen, eta pozgarria da nabaritzea bihotz gehiagotara iristen dela. Asteburu honetan, gainera, Erronkari herrian egon naiz familiarekin, eta Amparo Viñuales bertako erizaina topatu dugu. Berak antolatu zuen AH-en proiekzio bat duela 3 urte sasoi honetan, udaletxeko batzar aretoa ia-ia beterik zegoelarik.

PD.- Argazkian, Joxepa Madariagarekin joan den asteazkenean. Esker mila berari eta Gerrikoko taldekide guztiei!

Info+: “Ezkutuko minari hizketan” (Gipuzkoako Hitza).

Iruñea zurekin

%A, 27UTCWed, 27 Jun 2018 18:02:36 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua


pamplona-verano-400x300Udan bete-betean, Iruñetik burura datozkigun irudi tipikoak eta topikoak jendez betetako plazak eta kaleak izaten dira, zuriz jantzitako pertsonak eta zezenak kalean gora eta behera (ai-ai-ai-ai!). Azken urteotan, tamalez, bestelako irudi ez hain festiboak eta alaiak jaso ditugu, sexu eta indarkeriarekin lotutakoak.

Hiriak, alabaina, bestelako taupadak jasotzen ditu uda osoan zehar. Ez San Ferminek ezta bestelako santuk ere ezin dute ebitatu gaixotasunek aurrera egitea, pazienteak ingresatuta egotea festa kalean dagoen bitartean eta, unea iristen denean, jendea hiltzea, uztailean izan edo abuztuan.

“Pamplona contigo” ekimenak, hain zuzen ere, kontzientzia hori piztea du helburuen artean. Komunitate errukitsuen sarean sartuta, egitasmoen artean “Proyecto Sé+”  guztiz azpimarragarria dute: Eskolan zelan txertatu hauskortasun eta heriotzaren errealitatea, aitatxi eta amatxirekin lotuta ez ezik, beste edozein pertsonarekin ere, ikaskideren bat ere barne adibidez. Sare berean txertatuta, gure komunitate errukitsutik saiatzen ari gara eurekin elkarlana egitea 2018-19ko ikasturterako, hemen Zarautzen.

Irailean, bitartean, Nafarroako Unibertsitateak antolatu du “Gaixotasun aurreratu eta terminalean zainketa eta laguntza” izenburuko udako ikastaroa, Maria Arantzamendik koordinatuta. Bertan egongo naiz ni ere geure aulki hutsekin (5 urte estreinatu genuenetik!). Ikastaroa prestatzen ari diren  modua kontuan hartuta, ondo bakarrik atera daiteke.

Udan bete-betean, Zarautzetik jendeari burura datozkion irudi tipikoak eta topikoak hondartza, surflariak, izozkiak eta Argiñanoren jatetxea dira. Herriak, alabaina, bestelako taupadak jasotzen ditu uda osoan zehar…

Gasteiz errukitsua

%A, 17UTCThu, 17 May 2018 05:20:06 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa, Sin categoría, S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

gasteizerrukitsuaHiri berdea, hiri zaharra, hiri jazz zalea, hiri saskibaloi zalea, hiri gupidakorra, hiri berria, hiriburua. Aurten SECPAL 2018 nazioarteko zainketa aringarrien biltzarra Gasteizen antolatzen ari dira (gara), Europa jauregian, ekainaren 7tik 9ra.

Mila inguru osasun profesional bildu baino lehen, Gasteizko hiritarrei begira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira (gara) hirian zehar, baita hiru probintzietako beste udalerri batzuetan ere. Maiatz honetan zehar, hiria bete-betean izaerarik errukitsuena hartzen ari da. Lehenengo urratsa Zine Foruma izan da, lau pelikula lau astetan, Florida zinema areto zentrikoetan: “Aulki Hutsak” gurea, “Arrugas“, “Wit” eta “Los Demás Días“, hurrenkera honetan. Hauekin batera, poesia (“Poetas en mayo“),  antzerkia (“El sendero de las emociones“) eta elkarrizketa (“Mendian hil, hirian hil. Jorge Nagorerekin solasean”). “Vivir con Voz Propia” ekimena dago ekitaldi hauen gehien-gehien atzean. Eta borobiltzeko, maiatzaren 29an Death Cafe masiboa antolatu dute Gasteizko toki batean baino gehiagotan, baita Getxon, Orion, Donostian, Arrasaten eta Zarautzen ere.

Eta amaitzeko, errukiaren esanahiarekin bat egiten duen bestelako emanaldi bat antolatu dute (dugu) beste kontestu batean Oihaneder zentroan, hiriko erdigunean. Maiatzaren 20an, 19:00etan, plazer baduzue: “S(u/a)minetik bakera”. Koldo gasteiztarra eta Naia zeanuritarraren eskutik, Mudoh-ren musikarekin. Doluaren bideekin bat egiten duen obra eszenikoa, indarkeriak eragindako heriotzekin, bestearen begiradarekin. Martxoaren 3ko bost eraildakoen, Fernando Buesaren eta gainontzeko 37 biktima gazteiztarren hutsuneekin. Iñaki Etxaberen eta Isaias Carrasco arrasatearren aulki hutsekin.

Arrasatetik Bartzelonara

%A, 04UTCSun, 04 Feb 2018 20:59:43 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Dolua, S(u/a)minetik bakera

santantoniJauzi itzela da 20.000 biztanleko herri batetik 3 milioi pertsona bizi den hiri baterakoa. Tarteko geldialdia egin izana zen asmoa, baina gauzak horrela atera dira. “De la ira amarga a la pau” izenburua edukiko du ekitaldiak katalanez, narratzaileak Robert Manrique eta Rosa Lluch izango dira eta aretoa Calàbria 66 izenekoa, ONCE erakundearen eraikin zaharra, Sant Antoni auzoko elkarteek berreskuratua kultura, hezkuntza eta elkarlanerako.

Robert duela 3 urte luze ezagutu nuen Monzón (Huesca) herrian, Marta Sariñenaren ekimenez eta han “Aulki Hutsak“-ekin egin genuen proiekzioaren inguruan. Urteekin, zirkuluak behin eta berriz ixten nabilelako sentsazioa gero eta handiagoa daukat, eta hau guztia horren adibide argia da. Marta, izan ere, Alba Payàs psikoterapeuta eta maistraren ikaslea izan zen, Izaskun Andonegi, Maite Urzain eta Nuria Vega izan diren moduan. Eta Alba, doluaren arloan, erreferentziazko pertsona da hala Penintsula Iberikoan nola hemendik kanpoan ere. Horregatik izan da hain garrantzitsua Albaren parte hartzea “S(u/a)minetik bakera“-n. Horregatik eta Aitor “Mudoh” eta biok bere jarraitzaileak garelako.

Otsailaren 24an daukagu hitzordua Bartzelonan, Alba Payàs ekitaldira gonbidatuta dago, eta berarekin batera hango lagunak eta etorri nahi duen oro. Bartzelonako Euskal Etxean ere abisatu dugu (eskerrik asko Josune), bertan “AH”-ekin izandako harremanaren haritik. Beste zirkulu bat.

Asteburua aprobetxatuko dugu La ferida d’Hipercor. Barcelona 1987 erakusketa bisitatzeko, Bartzelonako Historia Museo zoragarriaren barruan. Gainera, bisita gidatu oso bereziaren bidez, Robert beraren eskutik. Borobila.

Eta azken zirkulua, dakigunez, Rosarekin itxiko dugu. Ernest bere aita “Elkarri”-ren inguruan zegoen, elkartearen kidea zen, nire aita eta biok bezala. Izan ere, “SB”-k ederki jasotzen du “Elkarri”-ren izpiritua. Eta, gauza jakina da, Ernest Lluch Donostia zale handia izan zen. Gaur egun Amarako kultur etxeak bere izena darama, Anoeta estadioan. Hortik gora, ospitaleen gunean, nire gurasoak bizi ziren, eta bertan etxean hil ziren. Ama duela 3 urte (osteguna izan da bere urteurrena), aita duela 10.

Katea ez da eten.

Hiri errukitsuak

%A, 12UTCFri, 12 Jan 2018 12:55:32 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa, Zarautz Errukitsua

portuzaharraNaomi Hasson itsasoz bestaldetik itzuli da zorionez, geldirik egoteko ez, bestela garena ez ginateke izango.  Getxo Zurekin  martxan dago, besteak beste. Hiri eta ekimen gupidatsuen artean sartu da beraz itsasadar ondoko udalerria, EHko seigarren populatuena dena. Gasteiz eta Iruñearekin batera sartu da sare interesgarri honetan, zerrendan Badajoz, Sevilla, Derry, Limerick, Buenos Aires, Bogotá edo Medellín ere daudelarik.

Ostegunean Algortan egon nintzen geure Aulki Hutsekin Naomik gonbidatuta, Getxo Zurekin ekimenetik. Portu Zaharra oinez berriro bisitatu, begiratokitik Abrako kresala bizia usaindu eta itsas handiko ikuspegia zoragarria zen. Villamonteko aretora ez zen jende asko gerturatu, baina kalitatea ona izan zen. Aurpegi ezagunak eta ezagunak ez zirenak, solasaldi mamitsua. 4 urte pasa eta gero oraindik disfrutatu ahal izatea gauza handia da. Solasaldi bakoitzean ikuspuntu desberdinen bat harrapatzea, bizipen diferenteren bat, bizi gara!

Amaitzeko, duela 4 urte pasako oroitzapen bat burura etorri zait, guztiz harira datorrena: Azken ukituak ematen ari ginen dokumentalari, eta printzipioz oso atsegina ez zen tramite bat egin behar nuen. Xabier Leteren poema bat (“Otoitza”) erabili nahi genuen AH-en, eta “Elkar” argitaletxearen bidez iritsi nintzen Leteren egile eskubideak zituen pertsonarengana. Telefonoz hitz egin nuen berarekin, Toledon negoen momentu hartan, kongresu batean. Eta tramite delikatua zena, ez genekienez diru kontuekin zelan ibiliko ginen, elkarrizketa erabat atsegin bihurtu zen. Joxan Artzek poema hura erabiltzeko baimena ez ezik, bere “bedeinkapen guztiak” eman zizkidan oraindik gauzatu gabe zegoen proiekturako.

Energia hura oraindik ere bere lana egiten ari da, Joxan. Esker mila.

Itsasoak eta zeruak

%A, 18UTCTue, 18 Jul 2017 21:11:18 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, MikroIpuinak

botilamezuarekinItsasoko korronteak, mareak eta ordutegiak ondo ezagutzen ditu mezua botilaren barruan bidali zidan pertsonak. Esandako egunean iritsi zitzaidan, harrigarriki puntual, eta berak emandako instrukzioei jarraituz igorri nion bueltan erantzuna. Baietz, prest nengoela ozeanoa hegoalderantz zeharkatzeko.

Hegazkinean harritu zidan pertsona bat tabakoa erretzen ikusteak, patxada ederrean. Inguruan begiratu eta inor ez zegoen esnatuta, erretzailea eta biok kenduta. Azkenean iritsi eta mezuaren igorlea ezagutu nuen, nahiz eta lehenengo aldia izan aurrez aurre elkar topo egiten genuela. Uharte hartako beste biztanle askorekin batera pantailaren aurrean eseri ginen, eta pelikula ikusi, entzun eta irakurri genuen. Jakina, ondorengo solasaldia eta igandekoa. Eta mahaia konpartitzea. Bere etxeko atea zabaldu zidan, “lasai egingo duzu lo hemen.”

Bigarren egunean, hango mendiko errepideetatik txango atsegin bat egin genuen, beroa gora-behera. “Hau probatu behar duzu”, esan zidaten. “Hemen bizi ziren gure arbasoak, sakan eta kobazulo hauetan lurperatuta daude. Eta han atzean dauden harkaitzak ikusten dituzu? Haiek ere sakratuak ziren”. Harritu nintzen zuhaitzekin, ez nituen paisaia haietan gaztainondoak espero. “Laster iritsiko gara kostaldera berriro, eta hor behean haize freskoaz gozatuko dugu”.

Konspiratzeko lekua primeran aukeratuta zegoen biharamunean. Infutsioak eta konfutsio arina. Hor ez zegoen izpiriturik, “soseguz hitz egin dezagun heriotzaz”. Eta topa egin genuen, bizitzaren alde, hondartza haren ondoan. Iparraldekoak gehiago gustatu zitzaizkidan hegoaldekoak baino. Hala ere, beti dago bazterren bat jendetzatik urruti, eskerrak emateko eta agur esateko.

“Hurrengoan nik bidaliko dizut beste mezu horietako bat, baina hegazti baten bidez, V andereñoa”. Haizeak, hodeiak eta egutegiak ondo ezagutzen dituen horietako bat.

 

Zorioneko zoramena

%A, 20UTCSat, 20 May 2017 09:49:27 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Humanizazioa

granadaUrte bat igaro ostean, HUCI proiektuaren bigarren jardunaldietan geure aulki hutsak Bartzelonan berriro egon eta gero, zorioneko zoramen honetan ostera ere parte hartu dugu AH eta biok. Oraingo honetan bete-betean, egitasmo honen atzean eta inguruan dauden hezur eta mamizko pertsonak ezagutuz, Granadan: Gabi Heras, José Manuel Velasco, José Carlos Igeño, Ruth Molina, Alfredo S Moraza, Mamen Segovia, Meritxell Naranjo, Enric Benito, Joan Carles March, Virginia Ruiz, … Gainera berriz ere topatu dut Jose Ignacio Ricarte aspaldiko laguna Ibizatik eta Leticia Ruiz granadarra, mediku humanista, lankidea izandakoa eta konplizea, Gasteizko taldea Iñaki, Elena, Patxi eta Esperanza. Baita ezagutu dudan jende berria ere.

Sinpletasuna azpimarratuko nuke lehenik eta behin. Bestelako osasun biltzarretatik urrun, sinpletasuna, naturaltasuna eta gertutasuna izan dira jardunaldi hauetan sumatu ditudan ezaugarri nagusiak. Formatu honen barruan, pasa den martxoaren 23an ekimen masiboan parte hartutako Death Cafe guztien kartelak erakutsi zituzten, tartean Zarautzekoa eta Gasteizkoa.  Leticia RR-ren “Límites” argazki erakusketa ere ikusi ahal izan nuen. Eta jardunaldien mamiari dagokionez, Joan Carles eta Bimbelak egindako sarrera hitzaldia, ZIUetatik pasatutako gaixoen testigantzekin osatutako mahai inguru hunkigarria. Emergentzietan, Pediatrian, Onkologian, Neurologian eta Nefrologian dauden ekimen batzuk, humanizazioarena arlo guztietako kontua delako. Musikoterapia ZIUetan, erabat zoragarria. Pazienteak bentilatzeko beste modu zoro bat. Eta errukia HU-CIn.

Lehenengo egunean, 6 tailerren eskaintzaren barruan doluari eta aurretiazko borondateei buruzkoa eman genuen María Escudero eta biok. Ia-ia beteta eduki genuen gela, gehiengo absolutua erizainak zirela, gehienak emakumezkoak, andaluziarrak, ekialdekoak edo mediterranearrak, eta Intentsiboetako esparrukoak. Solasaldi mamitsu eta luzea gozatu genuen, eta post scriptum moduan Miguel Hernandezen poema elegiakoa lagatzen dizuet. (Gràcies Lluís! ).

 

 

Poz aldrebesa

%A, 03UTCWed, 03 May 2017 05:01:23 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, Literaturan, S(u/a)minetik bakera

pozaldrebesaGiza harreman (homosexual)en korapiloak, galerek sortutako sentipenak, dolua oso presente dago lehenengo orrialdeetatik liburu honen hondoan (eta azalean). 1980. hamarkadako Bilbo dago galdutako osagai horien artean, askori nostalgia ekartzen diguna, era pertsonal eta desberdinetan noski. Gainera, modu jostarian, egileak begiratzen die gaur egungo ikuspuntutik iraganaldiko elementu horietako batzuei. Azken finean osasuntsua den bidea hartuta, doluarena hain zuzen ere.

Juanjo Olasagarre (“Mandelaren Afrika”, 1998; “Ezinezko maletak”, 2004) ezagutu nuen zuzenean duela 2-3 urte, Botxo maitean. Mahaia konpartitu genuen eta pasatu nintzen bere irakurlea izatetik interlokutorea izatera. Atsegin handiz, afari eta afariondoko hartan luze egon ginen galeren inguruan, heriotzari buruz ere bai noski, baina beste zentzu bat bilatzen ari zen Juanjo lan honentzako dokumentatzen ari zenean. Orain deskubritu dut zer: Oroimena galtzeak ekartzen duen despertsonalizazioa da liburuaren gakoetako bat, baina kasu honetan ez (G)altzheimerrak eragindakoa, baizik eta adin ertaineko gizon bati bularreko infartu batek ekarritakoa. Hor ere ondo dokumentatzen ibili da gizona, eta horren gainean harilkatu du literatura lana, Iruñea eta Bilbo artean kokatutako istorioa.

Irribarrez ikusi dut zelan bihurtu duen benetako dokumental bat fikziozko beste bat. Eta irribarrez diot “Aulki Hutsak” bilakatu duelako euskal gatazka politikoari buruzko “Dolutan”, hain zuzen ere momentu hauetan biktima biren dolu prozesuak aztertzen ikus-entzunezko beste proiektu bat prestaketetan gabiltzanean Aitor Mudoh laguna eta biok. Bizitza zer den. Fondoan antzeko kezkak ditugu denok, eta bakoitzak aukeratzen du zelan adierazi, nola kanporatu. Hizkuntza aukeratzen dugu, edo hizkuntzak aukeratzen gaitu. Literatura, musika, antzerkia, zinema.

“Poz aldrebesa” (Susa, 2017) Donostian aurkeztean berriro konpartitu dugu mahaia Juanjok eta biok, zarauztarren eta zarauztarrak ez direnen konpainia onean, berriro ere atsegin handiz.

Bizi gara!

Ganbaratik ondo egon

%A, 29UTCThu, 29 Dec 2016 19:25:47 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, S(u/a)minetik bakera, Zineman

ganbara

 

 

 

 

 

Aurtengo urriaren amaieran “Ganbara” euskarazko zinemaren gordailua aurkeztu zuten Tabakalerako eraikinean, Donostian, oraindik barrutik ezagutzen ez dudan leku erakargarri horretan. Ordutik 200dik gora lan sartu izan dituzte bertan, izan film luze edo labur, dokumental edo animaziozkoak. Euskadiko Filmategiaren barruko ekimena da, eta egia esan kristoren tontorra da “AH” horrelako gune batean sartu izana, miretsitako profesional horien artean gure lekutxoa egin izana. Eskerrik asko Maialen Goñi!

2016ko ibilbidea oso tartekatua izan da, Familia Medikuntzako elkarteak Bilbon antolatutako mintegi berezia eta jendetsuan gure parte hartzetik, bertako zine-forumean (Mikel Baza!), Getariako proiekziora (Mavi Carceller!), eta hortik Gasteizera, Osakidetzak ofizialki gonbidatuta. Geltoki gutxi izan dira, baina aipatzekoa izan da azkena, Euskal Herritik kanpo izandakoa, Badajozeko “Videomed” nazioarteko zinemaldi medikoan. Bertatik itzuli ginen azaroan sari batekin. Euskadi Irratiatik ere harremanetan ipini ziren, Alaia Martinen “Zubiak” saiorako. Ahaztu gabe Gabi Herasen eskuzabaltasuna HU-CIren jardunaldietako partaideei geure DVDa zabaltzeko. Baita Herria 200 Eliza-ren aldizkarirako kolaborazioa (Kepa Mtnez de Lagos!) eta Hamaika Telebistan geure dokumentala proiektatu izana ere.

Bejondeigula beraz!

 

PD.- 2017rako proiekturen bat mugitzen hasia dago, laster kontatuko dizuet. Urte berri on!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste