You are browsing the archive for Musikan.

Summer of Soul

%A, 01UTCWed, 01 Sep 2021 04:38:05 +0000 %e. %B %Y in Musikan, S(u/a)minetik bakera, Zineman

Summerofsoul1969ko udan, NYCko Harlem auzoan, musika jaialdi handia antolatu zuten. Musika beltzen inoizko festibalik handiena, denboran (eta ia espazioan ere) lehiatu behar izan zuena Woodstock erraldoiarekin, New York estatuan antolatutakoa hura ere. Historiako orrialdeetan oihartzun dexente apalagoa izan zuen arren, egun haietako emanaldiak grabatuta eta nonbait gordeta gelditu ziren. Norbaitek biltegi hartatik erreskatatu eta dokumental bikaina egin zuen arte, lehengo egunean zineman ikus-entzun ahal izan genuena. Oso deskubrimendu pozgarria izan da, “Searching for Sugar Man” dokumental gogoangarriaren parekoa edo ia.

Komunitate baten duintasuna sendotzea kulturaren bidez, zehazki musikari esker. Horrela laburbildu dezakegu uda hartan gertatutakoa. Kontuan hartu behar ditugu hamarkada hartako lau mugarriak: John Fitzgerald Kennedy-ren hilketa 1963an, Malcolm X-rena 1965ean eta Robert F. Kennedy eta Martin Luther King-enak 1968an. Afroamerikarren eskubide zibilen alde lan egindako pertsona gako hauen heriotza biolentoek Harlemeko kaleetan erantzun biolentoak eragin zituzten urte haietan. Eta indarkeria haren antidoto edo prebentzio moduan muntatu zuten hain zuzen ere musika jaialdia aste haietan.

Bizipoza da dokumentalak transmititzen duena, iluntasunaren gainetik argia eta indarra. Soul, R&B, gospel eta musika beltz eta latinoen erritmoen bidez bakea, zentzu batean. Nina Simone, B.B. King, Stevie Wonder, Gladys Knight eta beste artista beltz batzuen zerrenda luzea topatuko duzue harribitxi honetan, zinema aretoetan edo etxean bertan ikus-entzuteko aukera duzuena.

PD.- “Summer of Soul: Cuando la revolución no pudo ser televisada”. El Sótano, Radio 3.

 

Soinu-banda

%A, 27UTCSat, 27 Feb 2021 13:09:46 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil, Musikan, S(u/a)minetik bakera

soinubandaMusika da pelikula baten arima. Gorputz eder bat izan dezakezu, irudi zoragarriak bai eta gidoi bikaina ere, baina izpiritua soinu bandak ematen dio. Arima beltza, zuria, berdea, gorria edo urdina. Horrela izan zen “Aulki Hutsak”-ekin (Gorka Urbizu-Katamalo, Anari, Ruper Ordorika, Gari eta Petti). Eta horrela izan zen “S(u/a)minetik bakera”-rekin ere, Mudoh-k propio sortutako soinu bandarekin, esperimentazioaren bide elektronikoetatik.

MHHH azken katebegi honetan, irudi bakar bat grabatu baino lehenago ere, musika nondik nora joango zela erabakita genuen. Prototxeloa hitza ikasi genuen garaia zen, 2020ko martxoa (gogoratzen non zeunden/geunden?), eta maiatzean hasi ginen grabaketekin. Kontua da Eñaut Zubizarreta, musikagilea ez ezik, eskalada monitorea dela. Mikel Crespo herrikidearen sokalaguna izan zen, eta haren aldeko hiletan txeloa jotzen jardun zuen. Mendian eta h(il)errian lagun. Arimaren zati handi bat Eñautek eman dio beraz filmari. Eta aste honetan argitaratu egin ditu abestiak disko batean (ikus argazkia), Forbidden Colours diskoetxe bizkaitarrarekin.

Eñautenarekin batera, Audio Network-etik hautatutako musika piezek osatzen dute puzzlea. Interesgarria da kanta guztien izenburuak irakurtzea, zein kontzepturen inguruan dabilen mamia iragartzeko: Agurra, hileta, requiem (birritan), azkena, mina, hauskortasuna, argitasuna, itxaropena, profezia. Bestela, seigarren kantak bakarrik ditu letrak, besteak instrumentalak dira.

Hamalauak bilduta, hemen duzue dokumentalaren abesti guztien zerrenda, musikagile guztiek egindakoak. 45 minutu inguruko soinu banda ederra:

  1. Badoie (Eñaut Zubizarreta): 03:00.
  2. Burial Grounds (Jordan Gagne): 02:43.
  3. Hotza (Eñaut Zubizarreta): 02:04.
  4. Agur (Eñaut Zubizarreta): 02:31.
  5. Requiem (Eñaut Zubizarreta): 03:04.
  6. Azken aetzaren balada (Petti): 05:07.
  7. Requiem of the Streets  (Dave James & Keith Beauvais): 02:28.
  8. Fragile Wonder (Paul Mottram): 02:59.
  9. Egunak argitu du berriz (Eñaut Zubizarreta): 02:27.
  10. Himalayas (Jordan Gagne): 02:55.
  11. Polepole (Michael Levine & Bijan Olia): 03:13.
  12. Hopeful Progress (Paul Mottram): 02:23.
  13. Fateful News (Luke Richards): 02:34
  14. Oinaze (Eñaut Zubizarreta): 04:55.

 

“Isiltasunaren ostean, musika da hurbilen dagoena adierazezina azaldu ahal izateko”. Aldous Huxley.

 

PD.- Hiru dokumentalen soinu bandei buruz, Radio Vitorian (30 minutu, gazteleraz).

PD’.- Eñaut Zubizarretari egindako elkarrizketa Naiz Irratian (10 minutu, euskaraz).

Zaldi emozionalak

%A, 22UTCSat, 22 Aug 2020 07:13:57 +0000 %e. %B %Y in Bizi gara!, Musikan

zaldiemozionalak“Garai nazkagarri hauek”, ezin da hobeto deskribatu, kontzertuaren hasieratik kontzeptuak bikain markatu zituen atzo Pettik Gernikako Astran. Haserretik bizi dugu zaldiko-maldiko zorabiagarri honetan montatuta egotea halabeharrez. Eta errudunak bilatzen ditugu: agintariak, saguzarrak, bizilagunak, bizimodu garaikidea, gu geu gara. Teoria xelebreak ere entzuten dira megafoniatik.  

Zaldia, behorra edo moxala behintzat aukeratu ditzakegu. “Nik beltza!”, “nik marroia!”, “nik beste hori, zuria orban beltzekin”. Alazán, bayo, ruano. Beldurrak blokeaturik, batzuk ez dira ukuilutik ere ateratzen, zoru guztia jaso gabeko gorozkiz estalita, bakardadean, zaindu barik.

Beste batzuk libreak dira, baina tristurak jota daude, bizipoza berreskuratu ezinean. Zalantzati topatzen ditugu beste asko, segurtasun neurri guzti-guztiak beteta, baina bat ere segurtasunik gabe etorkizun laburrean. Pottokak mendian trostan ikus ditzakegu tarteka, aire zabalean, aske, orain eta hemen bizitzeko hautua eginda.

Zuria orban beltzekin beti ere. Irrintzika bai, baina marruka ere bai. Gora eta behera. Musika etengabean aldatzen. Hipodromo isila kalea bera bada, hondartza, egoitza, gaztetxea.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste