Zaharra izatea
%A, 28UTCTue, 28 Sep 2021 18:25:11 +0000 %e. %B %Y in Bizi gara!, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua
Adinekoen asteak antolatzen dabiltza gure herrietan egunotan. Herri honetara, adibidez, urriaren 5ean Julio Gomez ekarriko dugu, zainketa aringarrien nazioarteko egunarekin ere bat egiten, Zarautz On eta Zarautz Herri Zaintzailearen arteko urteroko elkarlana da, laugarren urtez egingo duguna.
Arrasaten, bestela, atzo mahai inguru bat antolatu zuten zahartzaroari buruzkoa, ikuspuntu desberdinak jaso nahian. Bertan egon ginen Izarra Gonzalez (erretiratua), Miguel Laspiur (Arizmendiarrieta Lagunak), Olatz Etxabe (Iturbide egoitza) eta ni neu. Erantzun behar izan genuen lehenengo galdera, bere horretan, mami handikoa zen: Noiz hasten da bat nagusi egiten, zahartzaroan sartzen?
Neure seme-alabei galdetuz gero, 40-50 urterekin erantzungo zuten akaso. Hau da, gurasook daukagun adina. Neuk ere horrela pentsatzen nuen gaztetan, eta horrela esaten nion aitari, zaharra deitzen nion. Haren erantzuna beti zen berdina, zahartzaroaren alternatiba okerragoa zela, ez iristea alegia. Bizitza tarteka oso krudela da, batzuetan galdetzen diot neure buruari zergatik tematzen zen hori esaten. Izan ere, aita marra ofizialean gelditu zen, 64 urterekin hil zen, 65ak egiteko hilabete bat baino gutxiago geratzen zitzaionean.
Dena den, seme-alabak ez dabiltza oso oker. Hilabete honetan iritsi zait koloneko minbizia goiz detektatzeko programan parte hartzeko deia, 50 urte betetzear nagoelarik. Gainera, azken bolada honetan pentsiodunen borroka neuretzat hartzen dut. Asko eskertzen diet egiten ari direnagatik, jo eta ke, eta aldi berean argi daukat oraingo pentsiodunak baino gu geu egon beharko ginela hor, manifestazio eta mobilizazioetan. Gazteagoak garenon etorkizuna da kolokan dagoena, ez eurena.
Beraz, noiz sartzen gara zahartzaroan? Atzo gogoratu nien ekitaldira etorri zirenei pandemian gertatu dena, askorentzat oso inpaktantea izan dena: Paziente larriak zainketa intentsiboetara noiz bidali ditzakegun eta noiz ez. Ez da koronabirusarekin soilik gertatu den gauza bat, hau guztia baino lehen beti planteatzen den dilema baizik. Badaude argi dauden kasu batzuk, bidaltzeko ala ez bidaltzeko. Eta erdian, zalantzak eragiten dituzten kasuak. 80 urteko muga da inon idatzita ez dagoen baldintza, behetik bai eta goitik ez. Noski, badaude 80 urtetik beherako pertsonak funtzionalki edota kognitiboki oso kaltetuta daudenak, eta bidaliko ez genituenak. Eta alderantziz. Pandemiak ekarri duena izan da zorroztasun handiagoa, eta kasu tamalgarriak izan ditugu adinaren arabera bakarrik, kontuan hartu barik autonomia maila eta buruko fakultateen egoera.
65, 70, 75, 80 urte? Gazteak/zaharrak dikotomia planteatzen badugu, txarto hasiko gara nire ustez. Adin ertainekoa ez da oso kontzeptu erakargarria izango, baina hor gaude gutariko asko sartuta, 40-65 urteko tarte horretan (bota gora beheko muga nahi baduzu, baita goikoa ere). Gazteak dira 20-30 urtekoak, zaharrak 80-90 urtekoak. Bai ezta? Eta hemen dator sorpresa: Zaharra edo adinekoa izateak ez du esan, automatikoki, makala, ezdeusa edo baliorik gabekoa. Zaharra eta txarra ez dira sinonimoak. “Zaharra, agurea edo atsoa” ez dira irainak, edo ez ziren izan beharko.
Oso oinarrikoa da hau guztia, baina mota guztietako eufemismoak erabiltzen ditugu egunero hitz tabuak ez aipatzeagatik. 80 urte inguruko paziente batek, gaixotasun aurreratuarekin eta klinikoki larri zegoenak, esan zidan “vejez prematura” zela etorri zitzaiona, Gazte sentitzen zen… baina ez zen. Lege naturala da, 40-45 urtetik aurrera gehien-gehienok galtzen goaz, ilea, indarra, ikusmena, entzumena, oroimena… Biologia hutsa da. Gaur erizain batek esan dit 86 urteko paziente bat ez dela hain zaharra, zaharragoak izaten ditugula. Noski. Baina kontuan hartuta Euskal Herrian horixe dela emakumeen batez besteko bizi-itxaropena, ez dakit ba. Hau da, emakumeak gure herrialdean, batez beste, 86 urterekin hiltzen dira.
Esparru subjetiboa da, zenbakiek ez dute besterik gabe agindu behar, ados. Salbuespen harrigarriak denok ezagutzen ditugu, bejondeiela, Eta bitartean, inork ez du zaharra izan nahi. Nik bai, zalantza barik gainera. Iristea asko gustatuko litzaidake, lorpena izango litzateke. Aitak arrazoia zeukan. Ama ere bidean gelditu zen, 73 urterekin. Zaharra izan eta ahalik eta egoera onenetan, badaezpada ere. Ez dakit 75 urte arte tokatuko zaigun lan egitea…
PD.- Argazkian agertzen da Javi Yanguas gerontologoaren liburuaren azala. Adinekoen esparru honetan aditu ezaguna da bera, eta liburuak itxura bikaina dauka.
Letzte Kommentare