You are browsing the archive for Zarautz Errukitsua.

Death Cafe Euskadi

%A, 22UTCSat, 22 Feb 2020 07:54:21 +0000 %e. %B %Y in Bizi gara!, Dolua, Humanizazioa, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

ElurraBilboOrain dela 6 urte abiatu zen HUCI mugimendua Madrilgo ospitale batetik mundura, zainketa intentsiboak humanizatzeko ekimen iraultzailea, Gabi Heras buru. Azken urteotan ezagutu dudan sare interesgarrienen artean dago, zalantza barik, eta Granadako jardunaldietan parte hartzeko eta bertatik bertara ezagutzeko plazerra eduki nuen 2017 maiatzean.

Bi hilabete lehenago, 2017ko martxoaren 23an, HUCIk koordinatu zuen Death Cafe masibo bat aldi berean Penintsulako eta Latinoamerikako 20tik gorako lekuetan, besteak beste Zarautzen (eta Gasteizen, Madrilen, Bartzelonan, …). Hori izan zen Gipuzkoan egindako lehenengo DCa, Amaia Arcek eta biok antolatu genuena. Hilabete batzuk lehenago, Gasteizen, egin zuten lehendabizikoa Euskal Herrian eta espainiar estatu guztian, Naomi Hasson eta Iñaki Saralegui izan ziren aitzindariak. Getxo izan zen lehenengoa Bizkaian.

Hiru urte geroago, 2020ko martxoaren 23tik 27ra, Euskal Autonomia Erkidegoko 20tik gorako tokietan antolatuko dugu DCa, Zarautzen gure herrian ere bai. Eta zoriak ekarri du egun horietan Iruñean ere deitu izana. Gune bat sortu dugu Facebooken eta bertan kontsultatu daitezke egunak eta udalerriak, Death Cafe Euskadi izenekoa. Pozgarria da ekimen hau gure lurraldean zein harrera ona eduki duen antzemateak, eta zenbat pertsona mugitzen ari dira ilusio handiz honen atzetik. Sare mundiala sortzen ari gara.

Azukrerik gabe (“Ur Handitan”, ETB1).

 

Miñan

%A, 25UTCSat, 25 Jan 2020 08:14:11 +0000 %e. %B %Y in Dolua, Humanizazioa, Literaturan, Zarautz Errukitsua

MiñanIbrahima Balde etorkin ginearraren bizipenak jaso ditu Amets Arzallus-ek liburu honetan. “Miñan” anaia txikia esan nahi du fula hizkuntzaz. Eta minari buruzko kontakizuna da hau. Min fisikoa, pertsonen trafikatzaileek edo poliziek emandako kolpeen mina. Ihesean ibilita, edozein tokitan lo egitearren jasaten duzun mina. 

Arimako mina, aitaren heriotzak eragindakoa. Edo anaia txikiarena. Bata hirian, bestea itsasoan. Doluaren mina, eta migrazioarena. “Getxo Zurekin” ekimen errukitsuaren barruan, hain zuzen ere, Ana Uribe psikologo eta tanatologoak honi buruzko tailer bi prestatu ditu hilabete honetan Algortan. Beti ere atzean lagatzen duzunaren mina da.

“Miñan” bidaia kronika desberdina da. Turista edo bidaiari batek egindakoa baino behartutako etorkin batena (etorkin guztiak behartutakoak dira, egia esan). Ginea-Konakry, Mali, Aljeria, Libia… Euskal Herria.

“Orain badakit norbait hiltzen denean izoztuta gelditzen dela. Edo beharbada lehenik izozten da eta gero hiltzen, horrekin zalantza daukat”. Ibrahima Balde.

 

Zergatik Gabonak?

%A, 20UTCFri, 20 Dec 2019 06:51:40 +0000 %e. %B %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, Zarautz Errukitsua

IMG-20191218-WA0007Eguberri aldean gurasoekin geneukan ohitura eder bat zen antzezlanen bat ikus-entzutera joatea Bilboko Arriaga antzokira. Aurten, haiek gogoan, ohitura berreskuratuko dugu anai-arrebok. Zer eta gure bizitzan oso garrantzitsua izan den komedia ganorabako baten egokitzapen bat ikus-entzuteko: “Hildakoa ere berpiztuko lukeen emanaldia”.

Iaz, abenduaren 24an Jexuxen etorrera izan zen literalki. Zazpi hilabeteko esperientzia aparta baten hasiera izan zen. Zentzua eman ziena Gabonei, baina baita bizitzari orokorrean ere. Izan ere, jarraipena eduki du uztailetik hona, pasa den hilabetean Jexuxen familiak antolatutako bazkariarekin. Pasa den asteazkenean Zarautzen antolatutako “Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu” saioan, Aingeru Oiartzabalen eskutik. Eta datorren igandean Pagoeta mendi aldean. 

Arantzazuko paradisuan, duela urte batzuk, Gabonetako saioak eskaintzen ditu Bidegin elkarteak, Izaskun Andonegi bidelagunarekin. Aurten, lehenengo aldiz egon ahal izan naiz bertan. Giro epela topatu nuen, bihotza zabaltzeko erabat egokia, eta horrela etorri ziren bata bestearen atzetik testigantzak eta parte hartzeak. Eskertuta sentitzeko modukoa, goitik behera.

Hain zuzen ere, Eguberriari zentzua bilatzea zelabait bizitzari berari esangura topatzen saiatzea da.

Ariketa espiritual bat. Zergatik bizitza?

 

 

 

 

 

 

SECPAL 2019

%A, 30UTCWed, 30 Oct 2019 08:35:29 +0000 %e. %B %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría, Zarautz Errukitsua

SantiagoJardunaldi edo formakuntza guztietan beti ere deskubrimendu edo ustekabe nagusiren bat eduki dezakegu. SECPAL 2019ko jardunaldi hauetan, Santiago de Compostelan, niretzat Matías Najún izan da. Gizona medikua da eta Buen Samaritano hospice-an lan egiten du, Buenos Airesko probintzian. Bere mezuen artean, batekin gelditu naiz bereziki: Harritzeko gaitasuna ez dugula galdu behar, turista zarenean bezala, eta horixe aplikatzea egunerokoan, zeure ospitalean, zeure herrian bertan gauzak begiratu turistaren begietatik. Aurkakoa izango litzateke automatikoki bizitzea: Beharrezkoa dena autoa gidatzeko, adibidez, ekintza automatikoak, ez dira hain gomendagarriak geure jarduera aringarrietan. Deshumanizatzeko arriskua dakarte, baita “burn-out”ena ere. Mediku eta pazientearen arteko harremana planteatzea bi pertsonen arteko topaketa bezala. Kontsekuenteak izan, eta haratago ikusi. Matiesek konpartitu zuen gurekin Before I die proiektua, Candy Chang artistak New Orleans-en abiatuta, eta denborarekin mundu mailan zabalduta. Hil arte bizi, azken finean.

Fidel Delgado da huts egiten ez duen beste komunikatzaile bat. Arlo sientifikotik (s-ez) hitz egin zigun. Eta homeostiasiaz, hau da, oreka mantendu ahal izatea jasotako hostia guztiak gora-behera. Umoretik, gonbidatu gintuen eskularru bat ipintzen, eta eskuko atzamar bakoitzean kontzeptu bat: Kontzientzia (konturatzea), erdigunea (erdiratzea), burua (argitasuna), bihotza (konfiantza) eta gorputza (baretasuna). Amaieran, eskularrua kentzean askapen sentsazioa eduki genuen. Eta horxie bera proposatu hiltzear dagoenarentzat eta euren senideentzat, askatzea.

Hemen eta orain bizitzeko tailerrean,  Sevillatik (EAPS La Caixa) etorritako bi psikologo eduki genituen: Laura Merinero-k enpatia somatikoaz hitz egin zidun, eta nerbio-sistema autonomoaren garrantziaz. Ispilu neuronalen kontzeptu interesgarriaz, enpatiaren neurofisiologiaz alegia (Rothschild). Eta honen haritik ariketa bitxi bat: Paziente edo senideraen keinuak edo postura jarrerak imitatu, enpatia erakusteko. Errukiaren fatigaz ohartarazi zigun (gainkarga emozionala, estresa). Eta honen aurrean, gure baitara bueltatzeko gonbitea, meditazioaren bidez. Behin eta berriz aplikatzeko egunerokoan, maila txikian edo handian. Ospitaletik etxera, medikuen bulegotik gaixoaren logelara, plantatik kontsultara… Manuel Pereira, bestela, enpatiaren galgak aipatu zituen: Pazienteak “kutsatu” diguna garbitzeko (baso bat hartu, eskuak garbitu, …). Aurpegiaren masajeak, norberak emanda.

Galizian egonda, mugako lurraldean, Portugalgo presentzia ezinbestekoa zen. Duarte Da Silva, APCPko presidenteak aipatu zuen geurea “Medikuntzaren hippy mugimendua” dela. Lurraldeen artean, bestela, zubiak egiteko premiaz (Rafa Motak Extremadura alean egiten duen moduan). Carlos Centeno eta Atlantes-ko kolaboratzaileak egindako EAPC atlasaren emaitzak komentatu zituen, Portugali dagokionez, burokrazia oztopo nagusien artean. Iragarri zigun lehenengo bi komunitate errukitsuak martxan ipini behar direla, Amadoran eta Porton. Eta beste gonbidapen bat, APCP-ko 2021eko biltzarra Azore uharteetan izango denez….

Onkologikoak ez diren pazienteei buruzko mahaian (“hurrengo erronka”), identifikaziotik (NECPAL, Paliar) planifikaziora pasatzeko aholkatu ziguten. Doluaz eta aurretiazko borondateen garrantziaz. Negu demografikoaz. Eta datu bat: Ospitaleetan batez beste 20 eguneko ingresoak edukitzen dituztela hiltzen arid iren pazienteek. Betiko dikotomiaz (sendatu ala arindu), Zaila denez biak batera planteatzea. Komunikazioaren garrantziaz, eta lotura ondo eraikitzeaz. Hutsune existentzialaz ohartuta, sufrimedutik babesteko isolatzen diren pertsonenaz.

Teknologia berrien arloan, Marisa De la Ricak ponentzia argia ema zigun sare sozialak eta zainketa aringarriei buruzkoa, bera denez AECPAL eta SECPALen arduraduna. Bibilografia apur bat: “Guía práctica para el uso de RRSS en organizaciones sanitarias” (2013). SECPAL-eko on-line formakuntza. Eta lurraldeka ditugun gabeziak, hasteko geurean Arinduz-en.

Arlo zientifikoan, opioideak eta arnasestua jorratu zituen Joaquim Julià-k (ICO Badalona): Ahotik hartutako morfina balekoa izan daitekeela, eta fentaniloak ziur aski ere bai. Jesus Díaz-ek (M. Servet, Zaragoza) datu batzuk eman zizkigun: Hilkortasun orokorra Barne-Medikuntzako unitaeetan %10 ingurukoa dela (UCPetan %70a, UCIetan %55a eta Onkologian %20a). Sedazioa pazienteen erdiarekin erabiltzen dela, zergati nagusiak arnasestua, mina, antsietatea eta delirium direlarik. Sedazioaren hasiera, 9. egunean izaten dela (!), ingresoaren iraupena 11-12 egunekoa izanda. Indukzioa %25ean bakarrik egiten dela. Eta Ramsay %16an soilik jasotzen dela.

Jardunaldia amaitzeko, mahai zoragarri batean egon nintzen (“Ikusezinaren zainketa”). Mar Diéguez gizarte langileak Bartzelonatik “Memora” taldearen 6 urteak berrikusi zituen, komunitatean bakardadea, erritual, balore eta denboraren garrantziaz azpimarratuz, oso gertu komunitate errukitsuen helburuetatik. Mónica Donés erizainak Madrildik, biografia ixtearen inportantzia aipatu zuen, eta espiritualtasunaren errealitateaz lantaldeetan, “goiko botereaz”. Javier Barbero ezagunak indikazioa medikoa dela, baina hautaketa gaixoarena (“indicación/elección”) gogorarazi zigun. Sufrimendu espiritualaren aurrean, zentzua, helburua, transzendentzia, baloreak eta bakea lantzea. Norabide biko prozesu hauek transformatzen gaituela profesionalok. Jasanezinaren aurka dagoela sedazioa, eta bizitza ez dela baore absolutua. Josefa Aguayo pediatrak Sevillatik gaixo perinatalei buruz. Eta, borobiltzeko, goian aipatutako Matías Najún-ek misterioari buruz. Behelainoan ibiltzea onartzeaz, beste dimentsio horretan, ulertzen ez ditugun gauzak, lurralde sakratuak. Akaso misterioak gu zaintzen gaituelako.

Poster erakusketari esker, Gonzalo Plaza psikologoarekin harremanetan ipini ahal izan nintzen, eta Madrilen (Carabanchel) egiten ari direnaz informatu, proiektuka lan egiten dutela (Vic-en bezala), eta orain arte Udaletik eduki duten sostenguaz. Zarautzeko gure esperientzia konpartitu nuen eta pozik gelditu horren aldetik.

Adi egon behar gara harritzeko gaitasuna ez galtzeko, eta bizitzak lantzean behin ematen dizkigun ustekabeetaz gozatzeko.

Isiltasunaz

%A, 16UTCWed, 16 Oct 2019 16:38:17 +0000 %e. %B %Y in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua

elurralainotuta-8Aurrekoan Patxi del Campo eduki genuen Zarautzen musikoterapia eta bizitzaren amaierari buruz hizketan herriko zinema aretoan, goxo-goxo. Zarautz On elkartearekin batera ZHZk egindako bigarren ekitaldia izan da, zainketa aringarrien munduko egunaren haritik antolatutakoa, iaz bezala. Hitzaldia eta solasaldia gutizia gogoangarriak suertatu ziren, susmatzen genuen moduan. Soinuen eta musikaren garrantziaz jabetuta gaude, neurri batean edo bestean gutariko asko. Nagusiki bisuala den gizarte postmoderno honetan. Baina ez gaude hain eroso isiltasunaren aurrean, eta ariketa horixe proposatu zigun Patxik aurrekoan, hain zuzen ere.

Iaz Eslovenian kobazulo liluragarriak bisitatu genituen: Skocjanske jame. Ikusgarriak bezain entzungarriak. Badago ganbera bat “Murmurioen koba” izena duena, hain zuzen ere gune handi batera iritsi baino lehen dagoena. Bertan, izan ere, bestaldean dagoen esparru zabal haren trumoi moduko zarata entzuten da urrutitik, xuxurla izango balitz bezala. Eta zarata kobazulo haien barrutik igarotzen den ibaiaren burrunba da, zerbait ikaragarria. Kontua da murmurioen koba baino lehen “Isiltasunaren koba” dagoela, metro batzuk lehenago. Ganbera haren barruan ez da ezertxo ere aditzen, saiatuta ere. Ezin imajinatu hurrengo koban topatu duzuna, eta are gutxiago ibai bat eta bere soinua oso gertu daudela.

Isildura topatu dezakegu beraz lurraren barrunbeetan. Baita lurraren azalean ere, elurte on bat dena estaltzen duenean, esate baterako. Paraje bakartietan naturan, edo leku urrunetan gizakiak eraikitako tenplu horietan: Arantzazun, Leiren, Ziortzan, Barrian. Nepalen, Bolivian, Kanbodian, Islandian. Isiltasuna eta espiritualtasuna, berriz ere, elkar loturik. Eternitatearen isiltasuna, ezerezarena, misterioarena, unibertsoarena.

Abiadura moteldu eta adi egotea orain eta hemen daukagunari inguruan. Zarata saihestu eta isildura bilatu. Horra erronka. Gaiak erakarrita, Alain Corbin-ek idatzitako “Histoire du silence” liburura iritsi naiz, gaztelerazko itzulpenera. Pizkundetik gaur egun arte. Isiltasun horretan murgiltzen naiz tarteka ordutik.

 

Ez dok/n hamahiru

%A, 17UTCTue, 17 Sep 2019 15:24:07 +0000 %e. %B %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua, Zineman

ErromoKEIrailean ikasturte berriari ekinez, udako amaiera honetan martxa berreskuratu dugu eta “S(u/a)minetik bakera” (SB) ikus-entzunezkoaren hamahirugarren emanaldia eskaini genuen pasa den irailaren 12an Erromoko Kultur Etxe dotorean. Bizkaira itzuli gara horrela, eta oraingo honetan testuingurua berezia izan da. Antolatzailea “Getxo Zurekin” zen, Euskal Herrian sortutako lehenengo hiru hiri errukitsuetatik bat. Eta zer da hiri edo komunitate errukitsu bat? Lehenik eta behin, udalerri batean sortutako gune bat da, non heriotza, dolua, hauskortasuna, gaixo aurreratuak, gaixoen zaintzaileak eta lotutako beste gai batzuk saiatzen diren jorratzen ahalik eta modurik irekien eta naturalen. Badakizuenez, gai sorta hau ez dago normalean kalean gure arteko solasaldietan azaltzen. Bakarrik profesionalekin eta zirkunstantziek eraginda hitz egiten dugu tabu hauei buruz orokorrean, nekez familiarekin eta are zailagoa etxetik kanpo edo lagunekin. Adibidez, “Death Cafe” izeneko topaketak mundu mailan antolatzen dira, talde txikietan, hain zuzen ere gai hauei buruz hitz egiteko (eta entzuteko) beharra edo nahia duen jendeak horrelako espazioa eduki dezan herrian.

Hiri errukitsuena ere nazioarte mailako mugimendu bat da, eta EHn Getxorekin batera Gasteiz, Santurtzi, Zarautz eta Iruñea daude orain arte. Hain zuzen ere, SBren azken emanaldia Zarautzen izan zen maiatzean, hamabigarrena, dolua eta biolentzia testuinguru errukitsu horretan lehenengo aldiz sartu genituenean. Hamahirugarren emanaldi honetan errepikatu dugu ahalegina, modu are esplizituago batean, eta antolatzaile lanetan Naomi Hasson egon da, Debagoienean ezaguna izan den erizain paliatibista, duela urte batzuk “Saiatu” programa eskualdean (eta Gipuzkoako beste toki batzuetan) martxan ipini zuena. Maider Urtaran eduki genuen aurkezle lanetan Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok. Eta egia esan etorritako publikoak izugarri erraztu zion lana solasaldian, bizi-bizi parte hartzen eta nahikoa beteta zegoen aretoan giro ederra sortzen. Ustekabea izan zen, egia esan, oso ustekabe ederra. Aurpegi batzuk oso ezagunak ziren, are gehiago aspaldiko lagunak. Poz-pozik amaitu ginen.

Honen atzetik, espero dugu malefiziorik ez egotea eta beste hiri errukitsuren bat bisitatu ahal izatea: Santurtzi ziur aski, eta Iruñea baldintza politikoen arabera. Deustuko Unibertsitatetik ere interesa egon daiteke gure obra eszenikoa eramateko.  Eta “Gernika Gogoratuz” elkarterekin bilatzen ari gara modua han ere egin ahal izateko. Hain zuzen ere, Gernikan irailaren 21ean ekimen polit bat kaleratuko dute honen guztiaren inguruan elkarte horren bidez. Data hartan, Bakearen Nazioarteko Egunean, Michael Klant artista alemaniarrak Berlingo zerua irudikatuko duen margolana Gernikako zeruan. Modu horretan, berradiskidetzea “artibismotik” sinbolizatu nahi du, Alemania eta Euskal Herriaren artean. Izan ere, Klanten aita Condor legioko kidea izan zen 1937ko aireko eraso zital hartan. Aurtengo apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenean, Gernikako zerua irudikatzen zuena eraman zuen Berlingo zerura. Eta orain irailean bueltako bidaia egin nahi du. Ederra benetan.

“Sormena baliatuz soilik heldu ahal izango gara bakera, eta bakea izango da gizakiaren artelan erraldoia”. Andreas Schäfter (Gernika Gogoratuz).

Beste alde batetik, SBren aurrekaria izan den “Aulki Hutsak” dokumentalak datorren abenduan beteko du 6 urte estreinalditik. 2014a izan zen urterik mugituena, ia astero proiekzio bat eduki genuenez, 42 guztira. Hurrengo hiru urteetan joan zen apaltzen interesa, naturala den moduan, baina 2018an eta 2019an “bigarren gaztaro” bat bizitzen ari da eta hamarnaka emanaldi eskaini ahal izango dugu, udazken honetan 3-4 tokitatik deitu digutenez. 6 urte hauetan beraz 90 emanaldi guztira eduki ditugu AH-ekin, zenbaki benetan polita. Eta horietatik 11 Euskal Herritik kanpo izan dira, azkena aurten bertan Avilan. Pozgarria benetan doluaren mezuarekin iritsi ahal izatea euskarazko ekoizpen batekin, beste behin ere probatuz hizkuntzak oztopoak direla hala izatea nahi dutenentzat soilik.

Eta amaitzeko, hirugarren proiektu bat ere egon daiteke zerumugan, doluaren trilogia bat osatuko zuena. Aurrera jarraituz gero toki honetan bertan kontatuko dizuet.

 

PD.- “S(u/a)minetik bakera” Literaturia 2019an: “Lizardiren baratza” irratsaioan (Euskadi Irratia)

Bakardadeaz

%A, 15UTCThu, 15 Aug 2019 10:17:31 +0000 %e. %B %Y in Zarautz Errukitsua

170px-Frederick_Leighton_-_SolitudeBi emakume topatu dute hilda euren etxean Zazpi Kaleetan egun hauetan. Elkarrekin bizi ziren eta batek 60 urte inguru zeukan, loba, eta besteak 80, izeba. Bizilagunek abisua eman zuten usain txarra zela-eta eta heriotzen zergatiak ikertzen ari dira ertzainak…

Ikertzen ari dira medikuak, erizainak, psikologoak, neurozientzialariak eta abar zeintzuk diren bakardadearen ondorioak. Gauza jakina da depresioa, alkoholismoa, dementzia, suizidioa, dolu konplikatuak, hipertentsioa, hiperkolesterolemia, obesitatea, istripu zerebrobaskularrak eta gaixotasun kardiobaskularrak lotuta daudela epidemia sozioekonomiko global honekin.

Erresuma Batuan 75 urte baino gehiago duen jendearen erdia bakarrik bizi da. Eleanor Rigbyren herrialdean, 2018ko urtarrilean izendatu zuten munduko lehenengo ‘Loneliness Minister’, Tracey Crouch. Londongo Saint James eliza anglikanoan ateak zabaldu dizkiete homeless-ei kale gorrian pasatu behar ez izateko euren bakardadea, uda honetako oporretan ikusi genuen moduan. Piccadilly Circuseko epizentrotik oso gertu.

Gazteak eta adinekoak elkarrekin bizitzeko esperientziak sortzen ari dira. ‘Cohousing’ errealitate bat 1960ko hamarkadatik Danimarkan eta mundu osoan, eta sare horretan Ametsak Sortzen euskal elkartea topatu dut. Egoitza geriatrikoen eta hospice-en alternatiba interesgarria adinekoentzat eta bide aztergarria edozein komunitate errukitsutan. Izan ere, zainketa aringarrien arloan erronka erraldoia da jendea bakarrik ez hiltzea eta bakarrik ez pasatzea bizitzaren amaiera.

Bitartean, hor kanpoan mundu bat dago eta bakarrik hil dira adineko andra bi Bilbon, gure bizilagunak izan zitezkeenak.

“All the lonely people, where do they all come from? All the lonely people, where do they all belong?” 

Info+: Loneliness is as toxic as smoking 15 cigarettes a day.

Hondar higikorrak (2)

%A, 10UTCSat, 10 Aug 2019 13:18:43 +0000 %e. %B %Y in Humanizazioa, Literaturan, Onkologikoak, Sin categoría, Zarautz Errukitsua

HenningMankellUdako irakurketen artean aurten sartu dut aspalditik zintzilik neukan liburu hau. Eta Ingalaterra aldean dastatu ahal izan dut azkenean uda honetan, atsegin handiz, gaztelerazko itzulpenean.

Henning Mankell idazleari minbizia antzeman zioten 2013ko abenduan, eta “Hondar higikorrak” (“Kvicksand”) liburuan 2014ko maiatza arte egindako hausnarketak ta oroitzapen autobiografikoak elkarbanatu zituen 67 atal laburretan zehar, gehi epilogo are laburrago bat. Irakurraldi udatiar erraza suertatzen da, gai korapilotsua izan arren, nahiz eta irakurlea ur handitan murgiltzen den idazlearekin batera.

Izan ere, oporretan ere bizitzak aurrera darrai, udan ere jendea bizitzaren amaieran sartzen da. Heriotzaren presentzia bereziki deserosoa da urteko sasoi honetan, batik bat kostaldean. Death Cafeak eten egiten ditugu oporrak direla-eta, hondartzako eta kaleko giro honengatik. Beroak ez du laguntzen, noski, baina esaldi bikain horietako bat irakurri dut HUCIren webgunean aste honetan: “La vida debe ser un equilibrio constante entre el movimiento y el descanso”.

2015eko urrian hil zen Mankell suediar dramaturgoa.

Ahoa itxita kantatzen duzu, eta nik hil arte bizi nahiko dut. Konturatu naiz zaila dela ahaztea, uso guztiak otso direla baso ilunetan.

(Nøgen –  “Liv til døden’’).

Jx

%A, 15UTCMon, 15 Jul 2019 16:41:55 +0000 %e. %B %Y in Dolua, Onkologikoak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua


0148-2-Beriain-elurretanEgunak pasatzea nahiago izan dut ganorazko zerbait idazteko. Bitartean, liburu bat oparitu didate lanean (eskerrik asko, A!): “22”. Adin horrekin minbiziak jotako biografia baten urte oso bat lehenengo pertsonan kontatzen duena. Paule San Salvador del Valleren autobiografia onkologikoa, gorak eta beherak, itxaropenak, desesperazioa, umorea, maitasuna, pasadizo sexualak, hausnarketa sakonak, gorrotoa, pasarte kannabikoak. Humanitatea letra handiz. Neska durangar honen berri eduki dut urte hauetan, baina hain zuzen egunotan ekin diot bere hitzak irakurtzeari. Ondo dago konturatzea zelan ikusten gaituzten medikuok beste aldetik. Zoragarria da biziminez bizitako existentzia honi buruz irakurri izana. Eta zoragarria epilogoa. Esaldi bakar batekin gelditu behar baldin banintz, Paulek jasotako honekin geldituko nintzateke (Pepe Mujicarena):

“El hombre es un animal muy fuerte, es mucho lo que puede soportar”

Anboto aldetik Pagoeta aldera itzulita, arrano buruzuriaren hegaldi dotoreaz, biziminez egindako abentura baten amaierara iritsi gara. Aitortzen dut doluan nagoela, hutsunea sentitzen dudala. Beste batzuetan baino gehiago kostatzen ari zait agur esatea. Asko eta asko dira lanean ezagututako gaixo terminalak, hildakoak, asko da ikasitakoa. 12 urte izango dira laster aita hil zenetik, 2007ko uztail hartatik (hain urruti, hain gertu). Hala ere, hau benetan zaila da ondo adieraztea.

Agur esan nahi diot maisu bati, botak jantzita zendu den gizon bati, ia-ia nire kintakoa. Izaki espiritual bati, azken Gabon gauean ezagutu nuena eta egun hartan bertan esan zidana: “Nire bizitzaren onena oraindik etortzear dator”. Medikuoi asko kostatzen zaigu gauza batzuetan sinestea, mirariak onartzea, geure Medikuntzatik kanpo dagoena eta ukiezina eta ulertezina denari aurrez aurre begiratzea. Baina egia da, bizitzaren onena izan daiteke anabasa baten erdian oreka topatzea eta zure neska-lagunarekin ezkontzea. La Perlan bainu hori hartzea. Umorea piztuta mantentzea. Irribarria eta Urrutikoetxearen arteko pilota finala ez galtzea. Irribarrea ez galtzea.

Zergatik neurtu mendiak (Anboto, Pagoeta…) metrotan eta ez edertasunean? Zergatik neurtu bizitza urteetan eta ez gauzatutako ametsetan eta urratutako bidearen dotorezian? Behin eta berriz bueltatzen naiz hitz hauetara, Felix Iñurrategiri dedikatu zizkiotenak. Datorren urteko uztailean 20 urte izango dira Felix Himalaietan hil zelarik. Felix izan zen Euskal Herriko pertsona askorentzat lehengusu bat bezala, familiakorik inolaz ere izan ez arren. Dolu kolektibo handia izan zen.

Zurekin antzeko bat gertatu zait, familiakorik izan ez arren. 7 hilabeteko adiskidetasun eta bizilaguntasun trinkoa, gupidatsua. Zoragarria izan da hainbeste intentsitatez bizitako zeure existentzia ezagutu izana, Jx. Liburu potolo bat, dokumental bat egin zitekeen zeure mundu honekin guztiarekin. 

Ezinezkoa da zu ez maitatzea. 

 

 

 

Pertsonen eskubideak bizitzaren amaieran

%A, 10UTCWed, 10 Jul 2019 20:26:09 +0000 %e. %B %Y in Dolua, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

ArartekoUztailaren 4 eta 5ean izenburu horren uda ikastaroan egon naiz Miramar jauregi donostiarrean, Arartekok antolatutakoa. Zainketa Aringarriak Giza Eskubide moduan. Gu guztion bizitzetan plazerra, gozamena eta zoriona zelan tartekatzen diren mina eta sufrimenduarekin.

Mabel Marijuan-en hasiera indartsua izan zen. Eskubideak (eta arauak) baloreetan sustatuta egon behar direla, eta ez alderantziz. Esparru honi “azken egunetako lurraldea” deitu zion, lurralde zehazgabea, kartografiatu ezin dena. Norberaren lurraldea edo besteena. Ziurgabetasunak estutzen gaitu, aurreikusteko gaitasunik eza. Heriotzaren beldurrak zoriona oztopatzen du, eta horren aurrean antsietatea saihestezina da.

Asko gustatu zitzaidan Mabelek erabilitako metafora bat: Heriotzari begiratzea da eguzkiari so egitea bezala, bakarrik tarte laburraz egin daitekeela. Baita hiru kontzeptuekin egindako hausnarketa ere: Denbora, bakea eta askatasuna. Horietatik bat ere ez dagoela heriotza biolentoen kasuetan, edo bestelako bat-bateko heriotza goiztiarretan. Bere hitzetan, besteen azken egunetako lurraldea gurea ere bada “por imperativo real“. Bestela, benetako hiru errelato mota daudela: Bidaiariarena, nekazariarena eta hiltzear dagoenarena. Hitz egin behar dugula aurretiaz gauzetaz. Eta amaitzeko, aspaldiko hiru kontzeptu: Askatasuna, anaitasuna (arrebatasuna…) eta berdintasuna.

Rafa Motak gurea Medikuntza humanista dela gogorarazi zigun. Zelan eman bizitza bizitzaren amaieran? Z.A.-etako estigmaz, “amore ematearena”. XXI. mendeko paradigma aldaketak. Komunikazio eraginkorraren (eta afektiboa: efectiva/afectiva) garrantziaz. Arreta goiztiar eta sinkronikoarena.

Pepe Quintas-ek API (Arreta Plan Indibidualizatua) eta Innopal-i buruz hitz egin zigun, eta azken honetan gaixo eta senideentzat diseinatu duten koadernoaz. Halaber, formakuntza eta kapazitazioaz.

Julio Gomez hasi zen desira eta errealitatea ez nahasteko aholkatzen. Batzuetan ezin dugula lagundu, baina bai hor egon. Eta bertako datu batzuk EAEn eman zizkigun: Urtean 20.000 pertsona hiltzen direla, %70a >74 urtekoak, %54a ospitaleetan. Hiru kontzeptu: Ospitalitatea (abegikorra izatea), presentzia (bizipen trinkoa da) eta errukia (enpatiatik egitea, mugitzea). Arintzen duena harremana delako. Paul Ekman aipatu zuen. Eta GES galdetegia, espiritualtasunaren arloan. 

Brigida Argotek gogorarazi zigun heriotzen 3/4ak gaixo kronikoengatik datozela. Gaitasun profesionalen artean jakitea, egoten jakitea eta izaten jakitea daudela. Eta autonomia eta erabakitzeko eskubidea azpimarratu zituen.

Marijo Goikoetxearen txandan, harreman simetrikoen alde egin zuen. Esparru pribatuan erabakiak zailak direla, eta errespetuaz eta tratu onaz jokatu behar dugula. Denok gardu batean edo bestean hauskorrak eta menpekoak garela, “autoinsuficientes”. “Con-vivir” kontzeptutik “con-morir”-era. Biografia osatu behar duela hiltzear dagoenak, berkonfigurazioa. Profesionalon gaitasunak hala teknikoak nola etikoak izan behar direla. Desberdindu behar ditugula emozio puntualak eta kontrolatuak aldi batetik, eta bestetik etengabekoak, sufrimendua eragiten dutenak.

Iñaki Saralegik aurretiazko borondateen dokumentua etorri behar dela hausnarketatik nabarmendu zuen. Esparru hau garrantzitsua dela senide bakoitzaren rola identifikatzen laguntzeko eta dolua errazteko. Kontsulta sakratuen kontzeptua konpartitu zuen halaber.

Pablo Iglesias medikuak, erabakiak hartzeko, profesionalok ezagutzatik eta gaixoek eta senideek baloreetatik abiatzen garela aipatu zuen. Zientzia eta etikaren arteko oreka dela. Proportzionaltasuna goraipatu zuen, basakeria eta utzikeria terapeutikoaren artean. Eta heriotza ahalbidetzeak ez duela esan nahi heriotza eragitea. Teknologiaren gatibuak garela. “Futility” kontzeptua azpimarratu zuen. Osteguneko arratsaldean, “Los demás días” (Carlos Agulló, 2018) dokumentala konpartitu genuen, Iglesias protagonista bertan zegoelarik.

Peter Tyndall Irlandako Ombudsmanek,ostiraleko goiza zabaldu zuen. “A Good Death: Progress Report” argitalpenaren berri eman zigun. Bestetik, kexa gehienak komunikazio arazoak direla aipatu zuen. Baita arretarik ez egotea 24/7/365. Eta “End of Life coordinator” figura interesgarria ospitale mailakoa nabarmendu zuen.

Lori Thompson “Ponte en su lugar” bideoarekin hasi zen, Matia Fundazioan egindakoa, enpatiaz eta gaixoa erdigunean kokatzeaz. Psikologia humanista nabarmendu zuen, Carl Rogers-en lanarekin.

Marina Martinez-ek, bestela, duintasun terapiari buruz ederki jardun zuen, Harvey Chochinoven lanaz. Sufrimendu psikologikoaz eta existentzialaz. Eta gogorarazpen bat: Oinarrizko gauzak sarritan garrantzitsuenak direla.

Silvia Fernandez-ek meditazio teknika bat azaldu zigun, “bizkar sendoa, bihotz leuna” (John Hallifax). Eta mindfulnessen osagariak: Presentzia, arreta osoa, entzumen aktiboa.

Amaitzeko, komunitate errukitsuei buruzko mahai ingurua konpartitu genuen Julio Gomezek (Santurtzi hiri zaintzailea), Estibaliz Gutierrezek (Vivir con voz propia), Maider Grajalesek (Getxo Zurekin) eta laurok, ikastaroari amaiera ederra emanez.

 

PD.- Egun haietan, aldi eta leku berean, suizidioaren inguruko beste uda ikastaro mamitsua eskaini zuten.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Springe zur Werkzeugleiste