Herriak ez du barkatuko

14/Mar/2021 Dolua, Literaturan, S(u/a)minetik bakera

HerriakEzDuBarkatukoBarkamena ez da postmodernitatean “trending topic”. Hitzak gainean dauka zama bat, eta kontzeptu zaharren ganbaran sartu dugu. Baina egia da, sarritan, asko kostatzen dela barkatzea. Irati Goikoetxearen liburuko pertsonaia nagusietakoa Oihana da, aita ETAk hil zutena, ziotena. Liburuaren hasiera horrela esaten dio amari: “Nik ez diet inoiz barkatuko“. Hain zuzen ere, barkamena da doluaren eginbeharretako bat, baina “Oihanak ez du batere landu bere mina. Eta garrantzitsua da dolua ondo egina izatea“.

Hasieratik, “fikziozko” istorio honetan, gauzak ez ziren ondo egin. Berri txarrak emateko modutik bertatik: “Denek jakin zuten berak baino lehenago bere aita hil zela“. Badaude gainera, indarkeriarekin lotuta, oso elementu bereziak, eta ezohikoak gutako gehienontzat. Eta bizkartzainarekin bizitzea da horietako bat. Latza iruditu zait beti. Enpatiari dagokionez: “Ez da erraza aita hil dioten pertsona baten tokian jartzea“. Oihana zorrotza da: “Ezinezkoa da“. Errazagoa da, ordea, biktimen senideen artean. Oihanak hildako guardia zibil baten aita hori ezagutu zuenean bezala: “Beldurra antzeman zion zerion lurrinari. Eta arantzak zilborrean“.

Doluaren mina modu sakonean aztertzen du Irati Goikoetxeak liburuan, lan bikaina egiten du: “Beti pentsatu izan du Oihanak min fisikoa definitu ezin daitezkeen beste min batzuk arintzeko izan zela sortua“. Beldurraren aurrean: “Minaren beldur denak beldurrak ezkutatu eta minak jartzen ditu agerian“. Are gehiago:  “Eta hori beharrezkoa du minaren beldur denak, minaren hitzorduetara garaiz eta arretatsu iristea“. Xeheago: “Barruko mina mingarria da, azalekoak erre egiten du, eta norbaiti mina kontatzen diozunean, azala da sumintzen dena“. Eta desio bat: “Urtu zitekeen mina horrela“, izozkia urtzen joaten den moduan.

Denborak sendatzen du dena? “Denbora kontua da” medikuak Oihanari. “Itota bizitzen ikasi du Oihanak. Komunean sartzen da helduleku bila. Korrika egitera joaten da bestela“. Heldua, baina umezurtz: “Aita bat behar dut“. Hori bai: “Beti ez dago zerbait egon zen tokian beste zerbait egon beharrik“.

Bizizalea den pertsona bat hiltzea: “Denok maite dugu bizitza, baina batzuk maitasuna diote, eta beste batzuk maitemina. Aitarena sua zen“. Oihanaren aitak errepikatua: “Benetan ederra da bizitza“.

Doluan dagoena maiz bakarrik gelditzen da: “Bakardade hau traidorea da oso, hizketan hasten da eta ez da isiltzen. Non da jendea?” Are gehiago indarkeriaren testuinguruan: “Nire etxea lagunez beteta egoten zen beti. Denak desagertu ziren, den-denak“. Zure emozioek lagunduta, hori bai: “Emozioak poltsiko batetik bestera alda zitezkeen kristalezko kanika koloretsuak zirela pentsatzen zuten“.

Herriko hormak, nonbait, ez dira denonak: “Ezin zuen ulertu, ezin zuen jasan, ezin zuen onartu hormetan zintzilik zeuden preso herritarren argazki erraldoien ondoan bere aitarena ez egotea“.

Hildakoek zenbat urte dituzte? Zahartzen jarraitzen al dute?“.

Lan bikaina, Irati. Mila esker.

 

“Minari erreparatzean mina erreparatzen da. Eta elkarbizitza elkarrekin bizitzea da, eta ez elkarren ondoan”.

Basajaun Apalatxeetako bidezidorrean

06/Mar/2021 Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Literaturan

BasajaunApalatxeakErresilientziaz hitz egitea da “Endurance” itsasontziaren abentura sinesgaitza kontatzea. Muturreko erresilientziaz irakurtzeko, bestela, Victor Franklen liburu ezaguna dugu.

“Basajaun en el sendero de los Apalaches” muturreko abentura bati buruzko liburua da: 3.523 kilometro 142 egunetan. Done Jakue Bidea halako 4 baino gehiago, metatutako desnibel izugarri handiagoarekin: 141.580 metro (17 zortzimilako!). Ikaragarria guztiz. 4 hilabete baino gehiagotan zehar egindako zeharkaldia da, AEBetako ekialdean, hamalau estatu zeharkatuz: Georgia, North Carolina, Tennessee, Virginia, West Virginia, Maryland, Pennsylvania, New Jersey, New York, Connecticut, Massachusetts, Vermont, New Hampshire eta Maine.

Balentriaren egilea eta liburuaren protagonista amurrioarra da, Jon Galdos Elgezabal. Kemen handia eduki eta ibiltari esperientziaduna izan behar da horrelako bat egiteko, goi mailako kirolaria zalantzarik gabe. Telebistan normalean agertzen direnak baino maila handiagokoa, zalantzarik gabe. Eta kirolaz gain, beste hainbat arlo ukitzen du zeharkaldi luze-luze honek: Natura, kultura, historia, geografia, giza baloreak,,,

Izan ere, “Basajaun” (Jonen ezizena thru-hiker moduan) basa faunarekin harremanetan ibiltzen irakurriko duzu liburu honetan: Sugeak, hartzak, altzeak, orkatzak, mota guztietako txoriak… Eta mota guztietako eltxoekin. Klima elementu guztiekin. Beste gizaki batzuekin batera, edo bakardadean. Hain zuzen ere, basoen isiltasuna da sentitu eta “entzun” dezakegun osagai potenteenetarikoa.

Cherokee, Delaware, Catawba edo Abenaki herri amerindiarrek lagatako toponimiaren aipamenak daude liburuan. Jatorrizko biztanleen itzalitako hizkuntzen aztarnak, azken finean. XVII. mendean hasi ziren iristen ingelesak, holandarrak, irlandarrak, frantziarrak, eskoziarrak, suediarrak eta abar Ekialde kostalde hartara. Hamahiru Kolonietako garaia zen, Ameriketako Estatu Batuetako sorrera. 5 mende geroxeago munduko potentzia bihurtu da herrialdea, kontu ugari gertatu dira historiako zati luze honetan, pelikula eta liburu askotan jasotakoa.

Eta horren guztiaren azpian herritar estatubatuar eurak daude, haien konplexutasun osoarekin. Jon Galdosek azpimarratzen du ezaugarri orokor bat: Abegi ona, hospitalitatea. Hala da, orokorrean oso amerikarra dela esango nuke. Argentinan, Kolonbian edo Bolivian ere nabaritzen den zerbait da. Bidaia bat egin nuen 2000. urtean, AEBetako beste kostaldean, mendebaldean. Eta San Diegotik Vancouverreraino harrera on hori igarri nuen (bereziki Idahoko euskal komunitatean, ageriko arrazoiengatik).

1987 inguruan bestela Maine estatuan ibili nintzen Alberto anaiarekin, Quebeceko mugetan. “Basajaun”-en helmuga. Uda batez egon ginen New Englandeko lurralde haietan, Portland eta inguruetan, baita Bostonen ere. Gustura itzuliko nintzateke Katahdin mendi hartara igotzeko, “The Greatest Mountain”.

 

Info+: Booktrailer (Basajaun).

Mila esker Ana Etxeandia!

Soinu-banda

27/Feb/2021 Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil, Musikan, S(u/a)minetik bakera

soinubandaMusika da pelikula baten arima. Gorputz eder bat izan dezakezu, irudi zoragarriak bai eta gidoi bikaina ere, baina izpiritua soinu bandak ematen dio. Arima beltza, zuria, berdea, gorria edo urdina. Horrela izan zen “Aulki Hutsak”-ekin (Gorka Urbizu-Katamalo, Anari, Ruper Ordorika, Gari eta Petti). Eta horrela izan zen “S(u/a)minetik bakera”-rekin ere, Mudoh-k propio sortutako soinu bandarekin, esperimentazioaren bide elektronikoetatik.

MHHH azken katebegi honetan, irudi bakar bat grabatu baino lehenago ere, musika nondik nora joango zela erabakita genuen. Prototxeloa hitza ikasi genuen garaia zen, 2020ko martxoa (gogoratzen non zeunden/geunden?), eta maiatzean hasi ginen grabaketekin. Kontua da Eñaut Zubizarreta, musikagilea ez ezik, eskalada monitorea dela. Mikel Crespo herrikidearen sokalaguna izan zen, eta haren aldeko hiletan txeloa jotzen jardun zuen. Mendian eta h(il)errian lagun. Arimaren zati handi bat Eñautek eman dio beraz filmari. Eta aste honetan argitaratu egin ditu abestiak disko batean (ikus argazkia), Forbidden Colours diskoetxe bizkaitarrarekin.

Eñautenarekin batera, Audio Network-etik hautatutako musika piezek osatzen dute puzzlea. Interesgarria da kanta guztien izenburuak irakurtzea, zein kontzepturen inguruan dabilen mamia iragartzeko: Agurra, hileta, requiem (birritan), azkena, mina, hauskortasuna, argitasuna, itxaropena, profezia. Bestela, seigarren kantak bakarrik ditu letrak, besteak instrumentalak dira.

Hamalauak bilduta, hemen duzue dokumentalaren abesti guztien zerrenda, musikagile guztiek egindakoak. 45 minutu inguruko soinu banda ederra:

  1. Badoie (Eñaut Zubizarreta): 03:00.
  2. Burial Grounds (Jordan Gagne): 02:43.
  3. Hotza (Eñaut Zubizarreta): 02:04.
  4. Agur (Eñaut Zubizarreta): 02:31.
  5. Requiem (Eñaut Zubizarreta): 03:04.
  6. Azken aetzaren balada (Petti): 05:07.
  7. Requiem of the Streets  (Dave James & Keith Beauvais): 02:28.
  8. Fragile Wonder (Paul Mottram): 02:59.
  9. Egunak argitu du berriz (Eñaut Zubizarreta): 02:27.
  10. Himalayas (Jordan Gagne): 02:55.
  11. Polepole (Michael Levine & Bijan Olia): 03:13.
  12. Hopeful Progress (Paul Mottram): 02:23.
  13. Fateful News (Luke Richards): 02:34
  14. Oinaze (Eñaut Zubizarreta): 04:55.

 

“Isiltasunaren ostean, musika da hurbilen dagoena adierazezina azaldu ahal izateko”. Aldous Huxley.

 

PD.- Hiru dokumentalen soinu bandei buruz, Radio Vitorian (30 minutu, gazteleraz).

PD’.- Eñaut Zubizarretari egindako elkarrizketa Naiz Irratian (10 minutu, euskaraz).

Hiriburuan, Araba euskaldunean eta mugetan

21/Feb/2021 Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil

sierra-de-elgeaDokumentala Rakel Navarroren ahotsarekin hasten da, offean: “Azken arnasa segundo erdi bat da…“. ‘Mendian hil’ lehenengo atal horretan, Juanjo San Sebastianek idatzitako testuak entzuten ditugu, Atxo Apellanizen heriotzaz eta bestez. ‘Hirian hil’ bigarren atala, modu gordinean, Santa Isabel hilerriaren irudiekin zabaltzen dugu. Apur bat aurrerago, etxearen kontzeptuari buruz, Karmele Jaioren hitzak jaso ditugu: “Etxeak ez dira lekuak, etxeak eraikin batetik bestera gurekin doazen atmosferak dira. Lokutora, alpinista eta idazlea, hiru gasteiztar. Eta kanposantu bat.

Gasteizen hil dira nire bizitzan zehar hiru pertsona garrantzitsu: Juan José, Héctor eta Luisi. Juan José B. bertan bizi eta hil zen, lekeitiarra zen eta berari esker txiki-txikitatik Lekeition udaldiak pasatu ditugu. Berari esker ere, neurri handi batean, euskalduna naiz. Héctor M. lankidea eta laguna zen, ezagutu dudan pertsonarik alaienetakoa. Gazte hil zen, eta arrasto irribarretsu handia laga dit. Oso eskertuta nago berari ere. Luisi M., azkenik, Luis M.-ren emaztea izan zen. Luis urteetan izan dut lankide Arrasaten, lagun mina eta mendilaguna da aspalditik.

Luisekin eta Franxorekin batera Galeusca mendi talde txikia osatzen dut. 20 ‘espedizio’ egin dugu orain arte azken 10 urte hauetan, eta hainbatetan mahaia konpartitu dugu. Aurreko asteazkenean, Dendarabako goiko aretoan egon dira dokumentala ikus-entzuten, beste 130 pertsonarekin batera. Eñaut Zubizarretak lagundu ninduen solasaldian, Aitor Elduaienek gidatuta Mendi Tourraren barruan. Gorka Etxabe ere ondoan izan genuen Arteman-dik, hiriburuarekin oso lotutako pertsona. Beste zortzimilako bat izan da Bittorixakoa.

Gaur, bestela, Aramaixo bisitatu dut. Eider Ballinak lagundu nau solasaldian (hau bai profeta bere herrian!), Ana Martiarena aurkezle lanetan. Gantzaga auzotik gora, badago leize ezagun eta ezkutu bat: Santikurtz koba. Lekuak inspiratu zuen mendiko beste hirukote bat, Izaskun A. eta Jone L.-rekin batera eratzen dudana. Izaskunekin eta txakurrekin orain dela gutxi Orixolen mendi buelta ederra eman nuen, elur artean. Igande honetan, hala ere, ezin izan da egon proiekzioan. Aita Mari itsasontzian dago. Mediterraneo itsasoan, jende desesperatuaren erreskate lanetan. (Lagun batez harro baldin bazaude, hoberena esatea da).

Arabako mugetara itzulita, hainbatetan zapaldutako Elgeako gailurrak eta haizerrotak ditugu aurrean: Aumategi, Mugarriluze, Elgeamendi, Urdingain… Baita Jarindo ere. Leintz Gatzaga eta Eskoriatza. Paraje hauek gogora ekartzen dizkidate etxean edo ospitalean hildako pazienteak: Maximo, Jesus, Josefa, Rosa, Esperanza… Baserritarrak edo kaletarrak. Aspalditik nabil Debagoieneko bazter hauetan lanean, baina Zaldibar antzokia ez nuen ezagutu barrutik aurreko asteburua arte. Eskoriatzan eman genuen 2014an “Aulki Hutsak”, Ibarraundi museo ederrean. Mari Carmen Arrieta izan zen orduan anfitrioia, eta orain berriz ere izan da. Josu Txintxurreta ere lagun izan nuen, Arteman-eko magoetako bat. Trilogiako hiruretan ondoan izan dudan bidelaguna.

Gasteiz-Aramaio-Eskoriatza-Aretxabaleta. Ostiral honetan dokuaren hirugarren emanaldian izan naiz, Andoni Ormazabalekin batera eta Ainhoa Caberok aurkeztuta. Andoni 2001etik dabil lanean Aretxabaletan ‘Ekin’ fisioterapia zentroan. Urte hartan hasi nintzen ni ere Arrasateko ospitalean lanean. Gizon honekin dudan konexio maila ez nuke sartuko gertakari paranormalen barruan, norma-normaletan baizik: Ederra izan zen proiektua azaltzeko hartu genuen tartea, grabazioa bera Sandailiko balkoian eta orain aurkezpenak. Plazer hutsa. Borobiltzeko, Jone L. lagun santikurztarra ere hurbildu zen Arkupeko zinema aretora, baita beste jende kuttun bat ere.

 

 

Nafarroan lehendabizikoa

13/Feb/2021 Mendian Hil Hirian Hil

IMG-20210210-WA0007Errealzalea izateak hau dauka: Partida gehiegi jarraian irabazten dituzunean, moskeatu eta buelta noiz etorriko zain ipintzen zarela. Osasunazalea izatearen antzeko zerbait, pentsatzen dut. Hori ez zaie gertatuko R. Madrid, FC Barcelona edo Bayern Munich gustatzen zaizkienei. Arrastaka ibiltzeaz ohituagoak gaude txuri-urdinak, arrakastarekin baino.

Kontua da “Sold Out” egoera errepikatzen ari dela abendutik Bilbon hasi ginenetik, gero Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, lehengo egunean Iruñean eta hurrengo astean Gasteizen. Aretoak edukieraren erdian daude eta errazagoa da sarrerak agortzea. Bistan da zinemak eta kulturak orokorrean lagatzen dizkiguten arrakalak pertsona askok baliatzen dituztela (ditugula) garai ilun honetan. Arnasa eta bizipoza behar ditugu. Eta ederra da besaulkitik mugitu barik bidaiak egitea, edo txangoak mendian. Baina, aldi berean, pertsona batzuk heriotzaren inguruko hausnarketak interesgarritzat jotzen dituzte. Eta, antza denez, asmatu dugu mezuarekin eta aurkezpen estetikoarekin (irudiak, musika, erritmoa…).

Gasteizen izan genuen solasaldi hura Jorge Nagorek eta biok, SECPAL 2018 kongresua dela-eta, mediku batek kazetari bati elkarrizketatzen… Behin eta berriz kontatzea gustatzen zait. “Mendian hil. Hirian hil” izenburua zeukan, eta egia esan ez dakit nondik edo zelan piztu zitzaidan ideia. Baina lan honen oinarri sendoenetarikoa da. Jorge egon zen aurkezpen jendetsuan aurreko asteazkenean, Elena Sagasetarekin batera. Egia da bere parte hartzea laburra duela, baina oso garrantzitsua izan da Iñaki Olchoa de Olzaren aipamenak borobiltzea SOS Himalaya fundazioari buruzko informazioarekin. Iñakiren ama bera egon zen Golem zineman. Mendi Tourrek ipini zuen gainontzeko guztia, azpiegitura eta eszenatoki ederra (Mila esker Aitor Elduaien, beste behin ere).

Golemeko arduradunek Iruñean (eta Bilbon) karteldegian eskaini ahal izatea erabaki dute, beraz beste aukera batzuk egongo dira bertan ikusi ahal izateko. Eta espero dut ibilbidea izatea leku biografiko kuttunetan (Otsagabian, Bortzirin) eta dokumentalaren kokalekuetan (Aezkoan, Araitzen).

Zarautzerako bidean, bueltan, aitataz eta tía Conchitataz gogoratu nintzen. Nafar sustraiak, etxeko sutondoa. Nonbaitera helduko zaie hemengo oihartzuna? Nonbait hori ba al dago? Honi guztiari buruz ibili ginen laguna eta biok kotxean.

 

“Dejad que cante quien quiera cantar, que corra quien quiera correr y que baile quien quiera bailar. Y, claro, quien quiera trepar que trepe, sobre todo si no molesta a nadie con ello”. Iñaki Ochoa de Olza.

Bizir!

07/Feb/2021 Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

BizirEz da lelo txarra, bizi eta “vivir” arteko berba hibridoa. Mikel Cresporen koadrillaren leloa da, Txema Crespo aitak eskuineko besoan tatuatuta daukana semea hil eta geroztik. Tatuatuta buruan eta bihotzean ere, eta ona izango litzateke jende guztiak horrela izango bagenu, bizitzen ez ahazteko. Ez soilik planeta honetatik batera eta bestera ibiltzea, baizik eta bizitzea letra guztiekin.

Pasa den ostiralean dokumentalaren lehenengo emanaldian egon nintzen Aretxabaletan, Juxe Zuazua, Lide Crespo eta Txemarekin batera, Egillorkoak. Solasaldia egiteko patxadaz egon ahal izan ginen, eta denbora aprobetxatu genuen. Puntu garrantzitsuak jorratu ahal izan genituen behintzat, ez naiz beti gelditzen sentsazio horrekin, baina lehengo egunean etxera pozik itzuli nintzen zentzu horretatik. Mendiko arriskuen aurrean zelan jokatu, guraso moduan? Juanjo San Sebastianek esaten duen moduan, bizitza ez da bakarrik geurea, hor daude geure amak, aitak, arrebak, bikotekideak,… Eta norberaren askatasuna ere hor dago, eta bizitzeko grina, ertzetaraino iristekoa, mugak non dauden ikusteko irrika. Gaztetasuna azken finean, ni behintzat gogoratzen naiz zer den gaztea izatea, oraindik ere pasioak hartzen nau tarteka eta bizirik sentitzearen bizipena eder-ederra da, ezta? Txemak Mikel Laboaren txoriaren sinboloa ekarri zuen Arkupe aretora, Juxerekin konpartitzen duen hausnarketa gakoa da: Hegoak ebaki, askatasuna mugatu, babes handiagoa eman… Bai, baina Mikel izateari laga izango lioke.

Beste puntu gako bat, Felipe Uriarteren esaldia: “Menditik bizirik ez itzultzea porrota da”. Entzuten dudan bakoitzean proiekzioetan, Juxe eta Txemataz gogoratzen naiz, eta Arantxa eta Pellotaz. Nire interpretazioz, Felipek esan nahi duena da mendiko heriotza hauetan berak ez duela epikarik edo gloriarik ikusten. Beste pertsona batzuei ere entzun izan diet. Kontua da porrota ere ez dela, nire ustez. Eta Txema horretaz kexatu zen aurreko barikuan, naturaltasun osoz. Horrela izan zen solasaldi osoa, jario naturalarekin joan ginen gai batetik bestera. Publikotik ez ziren animatu parte hartzen, baina egia esan merezi izan zuen Mikelen familia arretaz entzutea. Aurkezleak horixe baloratu zuen, testigantza honek beste pertsona batzuei lagundu diezaiokeena.

Egillor baserrian egin genuen grabazioa bera hunkigarria izan zen,aurretik Juxe eta Txema ezagutu nituenetik  jada nabaritu nuen jario zintzo hori. Eskuzabaltasun hori, protagonista guztiengan topatu dudana. Esker ona besterik ez daukat eurekin, eta kasu honetan Izaskun Andonegirekin, Aretxabaletarako bidean ipini ninduena. Aurreko barikuan Izaskun ezin izan zen egon, baina oso presente izan genuen. Ez da harritzekoa dokumentalak Aretxabaletan piztu duen jakinmina, Mikelen omenaldia den aldetik. Otsailean zehar ostiralero emango dute, eta sarrera guztiak agortu ziren hasi baino lehen ere. Beste pare bat emanaldi programatuko dituzte dirudienez. Eskoriatzan ere bide horretatik goaz, bi larunbatetan eskaini eta hirugarren bat antolatu behar izan dute. Bejondeigula!

Aurtengo Mikelen Eguna, ekainean, ez dakigu zelakoa izango den. 2018 edo 2019an bezala ziur aski ez, baina espero dezagun ezta 2020ko hutsunea bezain hutsa ere.

Mendian bizi. Hirian bizi

04/Feb/2021 Antropologia apunteak, Mendian Hil Hirian Hil

lakabeSer profeta en tu tierra“. Neu bezalako nomada batendako zaila da definitzen zein den leku hori, non dagoen etxea. Zarautz da duela ia 6 urtetik “ihes egiteko saiakera guztiak amaitu diren tokia”. Bilbo dut bestela erreferentzia. Iruñea ere bada, jatorriagatik. Eta Arrasate, izan ere duela ia 20 urte hasi nintzen bertan lan egiten, eta ugariak dira pilatzen ari naizen bizipenak, pertsonak eta ikasbideak. Etxean bezala sentitzen naiz aspalditik, beraz, Debagoienean modu zabalean.

Aste honetako martitzenean berriro sentitu naiz “profeta” Mondragoen. Harrera berriz ere izugarria izan da, esker ona besterik ez daukat. Eta solasaldian puntu bat, arin bazen ere, aipatu genuen: “Mendian bizi”. Nepalen oso desberdina da kontzeptu hori, hasteko itsas mailatik altuera metrotan, baita gizarte moduan garapen maila ere. Suku Mayak labur kontatzen digu dokumentalean, zer den Tamun bizitzea edo Aizarnan. Erreferentzia Kathmandu izan edo Donostia. Elena Sagasetak ere deskribatzen digu: Nepaldarren %80a landa-guneetan bizi da. horietako asko mendi aldean, 1.000-4.000 metrotan, Eta %20a Kathmandun edo hiriguneetan. Antzeko ezaugarriak izango dira munduko beste herrialde menditsu batzuetan, Tibeten, Kazakhstanen, Uzbekistanen. Desberdinagoak Pakistanen, Perun edo Bolivian.

Orografikoki, baldintza ez dira hain muturrekoak Araotzen, Otsagabian edo Lakaben (argazkian). Ospitaleetara iristea ez da hain zaila beste herrialde horiekin konparatuz gero. Herriguneetara heltzeko bideak dexente hobeak dira. Garapen sozioekonomikoa dexente desberdina da munduko bazter honetan. Bizigarriagoak dira hemengo landa-eremuak, argi eta garbi. Baina ajeak ere egon badaude, eta hirietarantz edo herriguneetarantz exodoa etengabekoa da azken hamarkadetan. Baserri inguruetan askoz jende gehiago hiltzen da jaio baino. Araban, Nafarroa bietan eta Zuberoan markatuago dago Bizkaian, Lapurdin edo Gipuzkoan baino. Asko interesatzen zaidan dolu kolektibo demografikoa da. 

“Hirian bizi”: Juanjo San Sebastianek hiri atseginen eta neurri txikikoen alde egiten du aldarrikapena, Bilbo adibidez. Edo Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuak. Bizigarriak. Pandemia hau zelan sortu den Wuhan bezalako hiri erraldoian, ia 12 milioi biztanlekoa. Zein erraz hedatu den New York, London edo Paris bezalako hiri handietan. Eta, alderantziz, hain populatuak ez dauden herrialdeetan, Australian edo Zeelanda Berrian, espazio askoz zabalagoekin, nola gertatzen ari den. Beste hainbat faktore jokoan noski, Hausnartzeko ematen du. Hilabete hauetan ez dira gutxi baserritarrak euren bizimodua aldarrikatzen dutenak, beldurretik urrutiago kalekumeok baino.

Bizi naizen lekuak kontuan hartuta, Valladoliden edo Bilbon bizitzea nahikoa diferentea da Madrilen bizitzea baino. Majadahondan Madril hirian baino. Beste nomada batek, Felipe Uriartek, etxea oso modu zabalean definitzen du. Etxea Herria (maiuskulaz) da berarentzat, Euskal Herria. Bat egiten dut berarekin, hala sentitzen dut nik ere. Beste erreferente batek, Iñaki Olaizolak, Euskal Herrian ondo bizi baina gaizki hiltzen garela aipatzen du.  Bat nator, ondo edo oso ondo bizi gara orokorrean hemen.

Falta dena hobeto hiltzea da, baina hori beste puntu bat da. 

PD. – Hirian (herrian) egun hauetan hil den Patxiri, agur eta ohore. Ospitalean hil den menditarra eta itsasgizona.

PD’. –  Otsailaren 1ean 6 urte bete dira ama hil zenetik. Etxean. Hirian. Donostian. Bakean.

 

Komedia beltza (III)

30/Jan/2021 Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Zineman

El-inconvenienteAspaldiko partez, umore beltzaz arituko gara oraingoan blogean. Helduleku zoragarria, goitik behera, garai ilun luze eta triste honetan. Birusak lagatzen digun arnas zirrikituetako bat zinema da, eta Zarautzen behintzat martxan eta osasuntsu dago herriko aretoa. Lehenago ez geneukan ohitura bat daukagu orain Maiderrek eta biok larunbat arratsaldeetan, ohitura ederra euria lagun, lainoa edo dena delakoa. Gaurko plana adibidez.

Aurrekoan, umore beltzeko pelikula fina, atsegina eta, batik bat, oso barregarria ikus-entzun genuen Modelo zineman: “El inconveniente” (Bernabé Rico, 2020). Sarak (Juana Acosta) pisu eder bat topatu du Sevillan, dagoen auzoko beste etxeekin konparatuta dexente merkeagoa. Prezio paregabearen truke, eragozpena da jabea bertan biziko dela hilgo den arte. 80 eta piko urteko emakumea da etxeko jabea, Lola (Kiti Mánver), umoretsua, erretzailea eta heriotza gertu duena.

Umore beltzeko keinuak bata bestearen atzetik datoz filmean, seriotasuna kentzen tabu handiari, eta eskertzekoa ez ezik ozen txalotzekoa da. Edozein une egokia izan daiteke heriotzaz hitz egiteko, baina gauza bera ezin da esan gaiaz apur bat barre egiteko, sarritan ez da egokia. Hala ere, zirrikituak daudenean, barre egin dezagun heriotzaz ere. Osasuntsua da guztiz.

 

Info+:

Murugainetik Murumendira

22/Jan/2021 Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil, S(u/a)minetik bakera

MuruakZinema asmatu baino askoz ere lehenago, historian dexente atzeraka eginda, gizakiek mundua interpretatzen zuten mitotik. Mitologia hortik dator, eta horren arabera, Murugainen herensuge bat bizi zen, Mondragoe herriko ikurra hain zuzen ere. Murumendin, bestela, Mari bizi zen, etxea Goierritik kanpoko beste mendi batzuetan ere bazeukan Dama bera.

Mitoaren aurrean zientzia joan da garatzen gizakia mendez mende. Baina, gaur egun ere, badaude hainbat esparru zientziaren irismenetik kanpo oraindik ere (zorionez) gelditzen direnak. Heriotza bezain esparru misteriodunak. Edo maitasuna, dolua ahalbidetzen duen osagai nagusia. Honi buruz hitz egiten dugu bete-betean MHHH pelikulan, eta hausnarketa hauek, normalean, adin batetik behera oso urrun gelditzen dira, Horregatik izan zen hain pozgarria Arrasateko Amaia Antzokian hainbeste gazte ikusi izana (benetako gazteak, 20-30urtekoak).

Juxe Zuazua animatu zen solasaldian parte hartzen, eta isiltasuna eta errespetua zabaldu ziren. Une zirraragarriak izan ziren, sarrerak agortu zirenez hainbat pertsonak galdu zituztenak. Albiste ona da badagoela beste egun bat programatuta Amaian, otsailaren 2an. Albiste txarra da ez dakigula zer lagako digun egiten pandemia luze honek, ea Murumendiko Damak lagunduko digun ala ez.

Murugainetik Murumendira. Deba ibaitik Oria ibaira. Ordizian egin genuen atzo Mendi Filmetik kanpoko bigarren emanaldia. Andoni Ormazabal izan genuen solasaldian, benetan bizia eta sakona izan zena. Pertsona baten ondoan zaudenean eta komunikazio jario natural bat pizten denean, aldez aurretik ezer prestatu gabe, gauza handia da. Eta hori sentitu nuen atzo Andonirekin.

Besaulkietan, Iban Toledo ordiziarra eserita zegoen. Berarekin egin nuen “Aulki Hutsak” 2013an, trilogiaren lehenengoa eta hainbat eta hainbat tokitan aurkeztu duguna. Borobil bat izan zen atzo Iban bertan egon izana. Iztuetako Ainitze eta Gorka lazkaotarrak ere hurbildu ziren, Otsagabian ezagututako lagunak. Han konpartitutako bazkari batean zerbait garrantzitsu piztu zen, dokumental honekin lotutakoa. Patxi Aierbe zaldibiarra ezin izan zen etorri. Baina oso presente eduki dut egun hauetan, berak gomendatu eta laga zidan “Cita con la cumbre” liburua, Juanjo San Sebastianena. Dokumentalaren bibliografiako zutabe sendoetako bat.

Kapela kentzeko moduko heriotzak egon badaude, Iñigo Suberbiolak pelikulan gogorarazten digun moduan. Ordiziako erdigunean izan nintzen horietako baten lekuko orain dela urte batzuk, Zumarragako Etxeko Ospitalizazioan lanean nengoenean, Amaia Apaolaza atenditzeko pribilegioa (letra guztiekin) izan nuen, eta beti gogoratuko naiz etxe horretan zegoen musika giro atsegina. Ezin zen beste modu batean izan musika manager batentzat. Garai hartan, AH hara eta hona mugitzen genbiltzan, eta Angel Katarainek lagundu zigun soinua fintzen. Angel egun haietan ezagutu nuen aurrez aurre, Amaiaren etxean. Atzoko solasaldian, hileta zibilak eta garai berrietako erritoak aipatu genituen. Amaia hil ostean, Fermin Muguruzak aktiboki parte hartu zuen agur zibiletan, kultura mundutik, Baita Ruper Ordorikak ere, besteak beste, Kafe Antzokiko urteroko kontzertuan.

Eta borobila ixteko, trilogiaren bigarrenean jorratutako hausnarketetatik, doluaz eta indarkeriaz, ezinbestean Dolores Gonzalez Katarain “Yoyes”-engana iristen gara. Angelen arrebarengana. Dolu kolektiboei buruz ari garela. Suminetik eta saminetik bakera.

Ederra izango litzateke Murumenditik Murugainera berriro itzultzea. Aretxabaleta zain daukagu, herensugeak uzten baldin badigu hurbiltzen. 

Zenbat da denbora asko?

16/Jan/2021 Literaturan, Mendian Hil Hirian Hil

cuantoesmuchotiempoJuanjo San Sebastián alpinista bilbotarrak abenduan aurkeztu zuen haren azken liburua, Mendi Film Festivalen 13. edizioaren barruan: “¿Cuánto es mucho tiempo?”. Izenburu erakargarria, pisuzko arrazoia Olentzerori liburua eskatzeko pasa diren Gabonetan. Eta titulua nondik datorren, horrela idazten zuen Juanjok 2004an, gaztelaniaz jatorrizkoan: “Laster nire semeak 5 urte beteko ditu (1999an jaioa), eta aste honetan aurkikuntza estugarri bat egin du: heriotza ez da gezur bat pelikula batzuetan gertatzen dena. Bere amak ez zion ukatu bera ere hil behar denik, baina saiatu zen egonezina baretzen: ‘Horretarako, oraindik, denbora asko falta da’…”. Mutikoaren ondorengo galderak izena eman zion liburuari: “Eta zenbat da denbora asko?”.

Honen irakurketa munduan zehar egindako bidaia atsegina da, etxetik mugitu barik egindakoa: “Bidaiak ez dira inoiz hasten geltokietan edo aireportuetan, baizik eta beste pertsona batzuen kontakizunetan. Eta amaitzen dira nork bere bizipenak kontatzen dizkionean bizi ez dituen bati”.

Beste pasarte batean, ELA gaixotasuna duen lagunari horrela esaten dio gaixoaren emazteak: “Ez kezkatu, ni beti egongo naiz zure ondoan. Eta negar egiten baldin baduzu, kontsolatuko zaitut. Eta nik egiten badut negar, zuk kontsolatuko nauzu. Eta biok egiten badugu negar… bidaiatuko dugu”.

Umorez betetako lana da, erraz irakurtzen dena eta guztiz gomendagarria. Tarteka, ur handitan dzanga egiten du, eta sakon-sakon murgiltzen da gai potoloetan. Heriotzaz horrela idatzi zuen goiko paragrafoan, eta mendiko istripuei buruz, “normalean eragiten dutena heriotza goiztiarra baina duina” da. Mendian heriotza duina. Baita hirian ere. Adibide moduan kontatzen du Juanjok etxeko eskaileretatik erorita hil zen lagun mendizalearena.

Hutsuneak edo absentziak: “Ez dira inerteak absentziak. Itsasoak bezala, badituzte tenperaturak, olatuak, itsasaldiak, korronteak… Eragin ahal dizkigute irribarreak, malenkonia, tristura eta, batzuetan, baita lasaitua ere. Eternalak dira absentziak”.

Juanjoren lagun baten alargunak idatzitako testua ‘biharamunari buruz’, dolua zer den ederto islatzen duena: “Ezerk ez zaitu prestatzen biharamunerako. Iluntzen duela ikusteko, berandu egiten dela eta, betiko moduan, ohera joaten zarela. Baina gaur ez da betiko moduan, bakarrik zaudelako beti norbait zurekin zegoen lekuan. Eta ez da egongo bihar ere, ezta etzi ere. Eta inork eta ezerk ez zaitu prestatzen eskailera-buruan entzuten diren urratsak ez direla bereak ulertzeko. Pausu horiek ez direla zeure atean geldituko eta giltza ez duela sartuko, zeure inkontzienteak askotan sinestaraziko dizun arren. Ezerk ez zaitu prestatzen ezezagunen besarkadak jasotzeko, sentitzen dutela esaten dizutenak. Eta ez dakizu zer sentitzen duten, oraindik ez duzulako sinesten gertatu dena. Eta ‘sentitzen dut’ bakoitza mailukada bat bezalakoa da, errealitatera kolpez kolpe iltzatzen zaituena behin betiko. Ihes egin baino ez duzunean nahi. Inork ez gaitu prestatzen ibiltzeko arima apurtuarekin. Zein mingarria da”.

Doluari buruzko azkena, Juanjok idatzita: “Alberto (Iñurrategi) berriro miretsi nuen, bizitzako ataka hartan ez ninduelako harritu: eutsitako tristezia, dolu duina, imintzioka ibili barik. Eta begirada, orainaldira eta etorkizunera”.

Bestela, jorratzen du bakardadearen errealitatea mendiko altueretan, haluzinazioak edo ‘presentziak’: “Konpainia, beharrezkoa bezain fikziozkoa, batzuetan fabrikatzen duguna erabat bakarrik gaudenean”. Mendian bezala 7.000 metrotan, kalean ere, itsas mailan.

Liburua aurkeztu zuen egun eta leku berean, estreinatu genuen guk “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala, Bilboko mendi zinemaldiaren barruan. Gure pelikulan ere agertzen da Juanjo San Sebastián, eta denboraren igarotzeaz ari garenean argi azaltzen du adinarekin bizitzeko grina ez zaiola apaldu. Aizarnako Santa Engrazia baselizaren erlojua agertzen da pasarte horretan, denbora igarotzearen irudi moduan. 1914koa da ordularia, 2017an berriztatua. Bestela, Felipe Uriarteren esaldiak ondo islatzen du zer den adinean gora egitea: “Beti pentsatu dugu altzairuzkoak garela, edo ginela. Baina ez gara altzairuzkoak, beirazkoak baizik”.

Liburura itzulita, Juanjok Ramon Portilla lagunaren hitzak jasotzen ditu “Nire adina ez da planak aurreragorako lagatzeko modukoa”. Eta Juanjoren iruzkina: “(Ramonek) esaten du 57 urterekin, baina horrela jokatzen zuen baita 15 urterekin ere”. Eta errematea: “Pertsona ‘helduen’ belaunaldi batekoak gara, modu errukitsua dena adinekoak esateko, ‘zaharrak’. Zergatik azukrea bota?”.

Helburu nagusietako bat hau izango zen: “Bizipenak pilatu eta oroitzapenak mantendu, nostalgiak saihestuz. Eta aldi berean amets berrien atzetik joan”. Luis Rojas Marcos psikiatraren hitz hauek ere jasotzen ditu: “ahazteko gaitasuna funtsezkoa da bizitza osotasunean gozatu ahal izateko”. Azken finean, “une zoriontsuek irauten dute askoz ere gutxiago haietara eramaten duen bidea baino. Une horietan nork bizitzaren zentzua topatzen du”.

Juanjoren lorpenik handiena: “Bizitzen ari naizen bizitza oso antzekoa da bizi nahi dudan horrekin”.

Gehiago eskatu daiteke?

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar