Bigarren elurtea

05/Jan/2021 Mendian Hil Hirian Hil

bigarrenelurteaOlentzerok ondo ikusi ditu zirrikituak Gabon hauetan, eta aurten ere bete-betean asmatu du. Ramon Olasagasti eta Cesar Llagunoren komikia ekarri dit, “Iñurrategi anaiak”. Baita Juanjo San Sebastianen azken liburua ere, “¿Cuánto es mucho tiempo?”

Elurrak ere, aste hauetan, planetaren berotze globalaz ahantzarazi digu. Azken urte hauetan neguak ez dira hain neguak izan eta, su-eten moduan bada ere, oso ongi etorria da nire aldetik bigarren elurte oparo hau. “Mendian bizi, hirian bizi”… Iñurrategitarren komikian, pasarte hau arrantzatu dut: “Ez baita gauza bera neguan mendira joatea eta neguan mendian bizitzea“. Albertoren hitzak hauek ere: “Gu neguaren bila mendira, bizitzaren bila goaz, hotza sentitzera, emozioen bila. Ni goi-mendian, bizitza sinpleenera mugatzen den eremu zailenetan sentitu izan naiz bizien“.

Nik ondo gogoratzen dut behin, Urzainkiko ostatuan, arrebarekin eta Erandioko bi lagunekin asteburua pasatzen, ostalariak esan ziguna: “Hasieran, hasi zinetenean etortzen, ez genuen ulertzen zergatik uzten zenituzten zuen etxe beroak, Iruñean edo Bilbon, hona etortzeko“. (Neuk ere bizitza topatu nuen asteburu hartan Adiko tontor elurtuan, Zilbetitik igota, Arantzarekin, Edu eta haren arrebarekin. Hori gozatua! Egun hartan zortea lagun izan genuen, izan zelako herrira iritsi, kotxean montatu, eta sekulako txingor zaparrada jausten hasi…).

Abenduaren hasieran, lehenengo elurtean, Bilbo izan da geure aterpea. Bertan estreinatu genuen MHHH, bi aurkezpenetan banatuta, eta hirugarren proiekzio batekin propina bezala. Hilabete honetan, Arrasaten aurkituko dugu lehenengo aterpea, Amaia antzokian urtarrilaren 12an. Maskarek erdi estalita bada ere, espero dut aurpegi ezagunak topatzea. Baita ezezagunak ere, noski. Trilogiaren bigarrena, SB, bertan estreinatu genuen 2017an, eta obra horren bi protagonistekin azken hau konpartitzea zoragarria litzateke: Heriotzari eta bizitzari begiratzeko beste ikuspegi bat.

Lan ibilbidean, hainbat pertsona egokitu zait akonpainatzea euren bizitzen amaieran, Arrasaten. Haietako batzuen senideekin jarraitu dut harremanetan gerora ere. Ospitalean hil zen orain dela urte asko aspaldiko paziente bronkopata bat, zeinekin harreman estua izan nuen. Haren alarguna ikusi dut urte hauetan zehar, esate baterako seme bat mendian istripuz hil zenean, Udalatx aldean. Hirian hil. Mendian hil.

Bigarren aterpea Ordizia izango dugu, urtarril zuri honetan, hilaren 21ean. Eta hirugarrena Aretxabaleta, otsailean.

 

Hurrengo elurte arte!

 

 

 

Oharrak nire semearentzat

31/Dec/2020 Onkologikoak, Zineman

cuadernotomyBeldur kolektiboaren urtea amaitzear dago. Ez da azken orrialdea izango, oraindik falta zaigu koaderno hau bukatzea. Bitartean, besteak beste, izua zein indartsua den ikasi dugu. Berez, ikasita geneukan, ondo badakigu zer den ikarak agintzea jendartean. Beste modu askotan gertatu da lehenago ere.

“El cuaderno de Tomy” benetako istorio batean oinarritutako pelikula argentinarra da. Valeria Bertuccelli da aktoresa nagusia, minbizia duen ama gaztea (María). Koadernoa idazten du seme txikiarentzat, etorkizunean hain txikia izango ez denean berak irakurri ahal izateko. Eta bertan, hausnarketak, sentimenduak eta astez aste gertatutakoak islatuta daude. Ondare baliotsua. Ariketa ona, denok egin dezakeguna, bizitzaren amaiera iritsi baino lehen ere. Ni neu orain arteko koadernoa amaitzen ari naiz, 2020 arte gertatutakoa semearentzat, alabarentzat, emaztearentzat eta gertukoentzat azalduta modu batean. Neure moduan.

Filmaren amaiera aldera, bizi garen herrialdean gaur egun mahai gainean dagoen debatea ateratzen da. Zer den sedazio aringarria, zer eutanasia. Hain zuzen ere momentu hauetan, Argentinan bizitzaren amaieran baino hasieran gertatzen den beste auzi baten eztabaida pil-pilean egon denean: abortuaren legea. Pelikulara itzulita, Mariaren borondatea errespetatzeko oztopo nagusia, azken finean, beldurra izango da. Erabat legala den sedazioaren aurrean ospitaleko buruzagien beldurra. Gaixotasunari buruzkoak koaderno hartan ez ezik, Twitterren ere zabaltzen ditu Mariak. Eta hain mediatikoa izan da bere kasua, non ospitaletik ikara sentitu duten gizarteak amaiera gaizki interpretatzeko. Eta arazoak eduki, dena legala izan arren.

Beldurrak agintzea sekula ez da bide egokia izango. Ohar hori ere lagako diot semeari. Alabari. Eta neure buruari.

Eskerrik asko, Jesús Sánchez Etxaniz. Pelikula gomendatzeagatik.

 

Zenbaki hotzak

19/Dec/2020 Oroimenean, S(u/a)minetik bakera, Zineman

paris-france2015eko azaroaren 13an 130 hildako eta ehundaka zauritutako pertsona laga zituzten eraso basatiek Frantziako hiriburuan. Ondo gogoratzen naiz non nengoen gau hartan: Ordurarte egon gabeko herri txiki batean, Altzon nengoen, Tolosaldean. “Aulki Hutsak” aurkeztera joan nintzen, bertan afaldu eta azken portukoa hartu ostean autoan muntatu nintzen. Irratia piztu eta entzun nuen albistea. Hurrengo egunean hegazkina hartu behar nuen Maputoraino (Mozanbike) joateko, Istanbuldik igarotzen.

Egun hauetan, izugarrikeria horri buruzko seriea ikus-entzun dut Netflixen: “13 novembre: Fluctuat nec mergitur (Gédéon eta Jules Naudet, 2018). 3 ataletan banatuta dago dokumentala. Eta akaso interesgarriena da azken atalaren amaiera, doluan bete-betean sakontzen duena. Eta elkartasun keinuetan fokua ipintzen duten tarteak ere, chapeau!(Eskerrik asko Basi!). Hain zuzen ere, aurtengo mezua iritsi zait Baketik elkartetik, bere soiltasunean: “2020ko krisi honetan ikasi dugun erresilientzia elkartasun bihur dadila 2021ean”.

Zenbaki hotzak dira, izen-abizenak falta dira eta hainbat azalpen, 2020ko azaroaren 11an Covid19ak Frantzian 1.220 hildako laga zituela esaten badugu. Azaroaren 14an 931. Azaroaren 18an 1.219. Egia da zenbakien dantzak zorabiatu egiten gaituela, perspektiba galdu arte. Konparaketak egin dira koronabirusaren heriotzen kopurua eta hegazkin istripuen artean. Nolabait konturatzeko bat-batean gertatzen diren heriotza hauek guztiek zein magnitude daukaten. Berdin egin genezakeen atentatuekin konparaketa: Parisko atentatu hura halako 10, halako 7…

Goian beude.

 

Zutabeak

14/Dec/2020 Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil, Zineman

ZutabeakAlondegiaAmsterdam izan zitekeen, Manchester edo Paris. Bilbo da, nire hiria, jaiotzakoa baino adopziozkoa. Eta argazkikoa, garai batean, ardo biltegia izan zen, Indautxu auzoan duela 100 urte baino gehiago eraikitako alondegia.

Zutabeak eraikin bat zutik mantentzeko habeak dira. Zuhaitzen enborren modukoak dira. Baina gizakiok zutik mantentzeko osagaiak ere badira, metaforikoki. Ez erortzea ez da bakarrik norberaren trebezia kontua, kanpoko eragileak daude eta ezin ditugu kontrolatu sarritan. Erorketak onartuta, berriro jaikitzea norberaren hautua da, hau ere kanpotik eraginda dagoen arren. Behin altxatuta, zutik mantentzeko zutabeak zeintzuk ditugu? Nortzuk ditugu zutabe horiek?

Pasa den asteburuan Mendi Film Festival amaitu da. Egun bizi-biziak izan dira, larunbatean gure pelikularen estreinaldiaren bigarren zatia bizi genuen. MHHH baino lehen ikus-entzun genuen pelikula “Shared Vision” (Keith Partridge) izan zen, Eskoziako itsas aldeko bazter zoragarri batean grabatutakoa. Juxe Zuazua, Txema Crespo eta Lide Crespo publikoaren artean zeuden, ondo lagunduta. Mikelen istorioa, haren familiarena eta lagunena, filmaren zutabe nagusietakoa da, bihotzera iristen diren horietakoa. Kurtzebarriko irudiak, Egillorkoak eta Eñauten txeloaren notak osagai ederrak dira horretarako. Borobiltzeko, Izaskun Andonegi ere Golem zinemetan egon zen. Presentzia beroa da beti Izaskunena, espiritualtasunaren zutabea eman diona dokumentalari neurri handi batean.

Izaskunen hitzetan, beste sokalagun bat eduki genuen gurekin: Iñigo Suberbiola. Oso komunikatzaile ona da Iñigo, eta ibilbide profesional sendoa dauka. Abesten ere ipini genuen dokumentalean, Santa Barbarako inguruetan, Zarauztik Getarirako bidean, euria lagun. Pelikularen ahotsak ere ez zuen hutsik egin, Raquel Navarrok. Arantza arrebak, Ruth lehengusinak eta aspaldian mendilagunak izan ditudan Bittor eta Manuk ere ez zuten galdu bigarren aurkezpena. Ezta Marije Goikoetxeak eta Eider Otxoak ere, AH-eko protagonistak direnak. Gau berezia zinez.

Argazkiak errepasatzen, aparta izan da zinemaldia. Beste bost pelikula ere ikus-entzun ahal izan ditut gainera, “Free as can be” (Samuel Cossley), “Into the Canyon” (Peter McBride), “Out of the Blue” (Montaz-Rosset D &S), “L’escalade libérée” (Benoit Regord) eta “Harda / The tough” (Marcin Polar).

Baina astea borobiltzeko, sorpresa bat izan dugu. Mendi zinemaldian egotea nahikoa saririk ez, eta eguzkilore bat pozik jaso genuen Eider Ballinak, Gorka Etxabek eta hirurok, Josu Txintxurreta gogoan. 15 euskal ekoizpen aurkeztu ziren, horietatik 5 aukeratu zuten Sail Ofizialera, eta horietatik MHHH hautatu zuen epaimahaiak euskarazko lanik onentzat. “Iparraldean” (Romain Jamet), “Urmuga” (Mattin Zeberio) eta aurreko domekan aurkeztutako “Aterpean ateri” izan ziren beste izendatuak. Jakina, hizkuntza(k) beste zutabe nagusietakoa d(it)ugu.

Bizi gara!

 

MHHH hedabideetan:

 

Lehenengo elurtea

08/Dec/2020 Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil, Zineman

elkarrizketanagoreBilboko igande euritsu batean, Euskalduna jauregi apur bat fantasmagoriko batean, jendearen beroarekin. Egia esan ez zait elementu hobeagorik bururatzen herenegungo jaiotza ospatzeko. Bueno bai, Bilbo elurtua…

Herenegun izan daiteke Himalaietatik gertuen egon naizena orain arte. Sukuren presentzia, Felipe eta Juanjo bezalako munstroak hortxe ukondoz ukondo. Eszenatokia eurekin  konpartitzea, izango balitz bezala gauzarik naturalena. Leku batzuetara bakarrik joango gara bizitza honetan imajinazioarekin, liburuen bidez, dokumentalen bidez. Eta pozik, txango horiek egin ahal baldin badugu!

Aterpean ateri egon ginen, Ruben Crespo eta Mikel Sarasolari esker. Martxoan eta apirilean denok bizi izan genuena islatu zuten, goi kirolari baten ikuspuntutik. Eta amaitu ginen ezinezko jauziak ikusten kayak batekin. Espero dut inoiz bisitatuko dugun Islandia eder hartan (Islandia al zen?).

Jarraian ikus-entzun genuena pelikula labur liluragarria izan zen, animaziozkoa, orain dela 100 urte edo gehiago atzera eginda denboran, txotxongiloekin egindakoa. Ignasi López Fàbregas-ek egundako gutizia bat: El gran hito. Dosi txikitan, gutizia guztiak bezala.

Bueno, guzti-guztiak ez. Geurea ere gutiziatzat hartu dezakegula uste dut, eta dosi handiagotan eskaintzen dugu, metrajeari dagokionez. Gutizia da musika, Eñautek egindakoa eta hainbatek goraipatutakoa. Gutiziak grabazioko lekuak, Zaldibarko Imak, irizpide zuzenarekin, moko fintzat hartu nau. Eta hala da.

Halaber, gutiziak dira aukeratu ditugun uneak. Egia esan, bereziki sufritu dut hirugarren eta azken honetan kanpoan gelditu diren beste une horiekin guztiekin. Josu eta Eiderrek pazintzia eduki dute nirekin eta behar den bezala azaldu didate zergatik hori eta beste hura ez genituen sartu behar, zergatik orden aldaketak. Eskerrak.

Udazkeneko lehenengo elurte honetan ospatu dugu neskatilaren jaiotza beraz. Aurreko bi neskatoak ere abenduan jaioak dira, “Aulki Hutsak” Elgetan eta “S(u/a)minetik Bakera”  Arrasaten. Bilbon eta testuinguru oso berezian hirugarrena, nazioarteko zinemaldi batean, Mendi Film Festivalen. Aurkezle lanetan Aitor Elduaien egon zen, fin-fina gizona. Idahon (AEB) ezagutu ginen duela urte dexente, kasualitatez, eta bizitzak horrelako agertoki batean berriro topatzea ekarri digu. Bertan zegoen zinemaldiko Jabi Baraiazarra ere, honen guztiaren koordinatzailea eta geu MFFen egon ahal izatearen “errudun” nagusia.

Publikoan, etxekoak, lagunak, lankideak eta ezezagunak hurbildu ziren itsasadarraren ondora, aretoa bete zuten eta “Mendian hil. Hirian hil” estreinatu genuen. Andoni Ormazabal, Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue, Suku Maya, Felipe Uriarte, Juanjo San Sebastián, Eñaut Zubizarreta, Josu Txintxurreta eta Eider Ballina bertan egon ziren. Pena izan zen protagonista guzti-guztiak egon ez izana elkarrekin, pandemiaren ajeak. Hurrengo larunbatean Alondegian beste protagonista batzuk egon ahal izango dira behintzat.

Une horietan sentitzen diren emozioak askotarikoak dira, lehenengoa bizipoza. Gizaki guztiok bilatu eta behar duguna. Hor egotearren, hain ondo lagunduta eta hain dokumental ederra aurkeztearren. Bertigoa ere bai, zortzimilako batean aurretik inoiz egon gabea ni. Gogobetetasuna, trilogia hau borobiltzearren eta zentzua topatzearren bizipen pertsonalei eta profesionalei. Esker ona, alde askotatik. Liseriketa egiten nabil oraindik, besteen inpresioak jasotzen. Baina hitzez adierazi behar nuen nik ere.

Arrakasta eta arrastaka. Bizitzan ikasi behar den gauza bat hauxe da, hankak lurrean jaso behar direla egoera atseginak eta desatseginak. Zutik.

Mendiak bezala.

Aretxabaleta

28/Nov/2020 Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil, Onkologikoak ez direnak

degurixaBertan kokatuta dago argazkian agertzen den paraje ederra, Oñati, Eskoriatza eta Barrundiako mugetan. Eta bertan dauka egoitza Arteman Komunikazioa-k, doluari buruzko trilogia osatzeko dudan bidelaguna, 2012tik. Zortzi urteko ibilbide emankorra egin dugu orain arte. Oso eskertzeko modukoa.

Bertakoa da Eider Otxoa, Dolulaguna zerbitzuaren arduraduna eta “Aulki Hutsak” dokumentalaren protagonistetako bat. Berarekin batera ezarri nuen behinola marka bat Urkuluko urtegiari itzulia ematen. Inoizko denborarik luzeenean egin genuen, oso gustura, orain arte beste inork gainditu ez duena. Bidelagun maitea dut Eider.

Eta bertakoa zen halaber  Gerardo Iñurrategi, Arrasateko kontsultan ezagutu nuen gizon sendoa eta atsegina, ahots sakonekoa, mendizalea. Paraje horiek guztiak ederto ezagutzen zituen, kontsultara etortzen zenerako mendi buelta bat eginda zeukan beti, laburragoa edo luzeagoa, hitzorduaren orduaren arabera. Beti gogoratuko naiz zelan azaldu zizkidan elurraren euskarazko hitz desberdinak, mota desberdinen arabera. Asko pozten nintzen etortzea tokatzen zitzaionean.

Ezagutu ginenean, urte gutxi batzuk ziren Felix semea mendian hil zelarik, Pakistango Himalaia aldean. Dolua hor zegoen nabarmen. Euskal Herria mailan sekula gertatu den dolu kolektiborik handiena izan zen Felixen heriotzak piztutakoa, Denok gogoratzen gara non geunden albistea jakin genuenean… Urte batzuk geroago, hirian hil zen Gerardo, edo herrian. Menditik gertu,

Hogeigarren urteurrena izan da aurtengo uztailean, Felix Iñurrategirena. Eta Ramon Olasagastik (“Mendiminez”, 2007) eta Cesar Llagunok egunotan argitaratu dute “Iñurrategi anaiak” izenburuko komikia. Mendi Film Festival-en aurtengo edizioan (ez  dok 13!) aurkeztuko dute.

Badakizuenez, geuk ere “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala aurkeztuko dugu Bilboko mendi zinemaldian: Abenduaren 6an Euskalduna jauregian (19:00) eta abenduaren 12an Alondegiko Golem zineman (19:15). Bertako soinu-banda Eñaut Zubizarreta protototxelo jotzaile atxabaltarrarena da nagusiki. Kurtzebarrin grabatu genituen irudi ederrak berarekin, dokumentalaren hasieran ikus daitezkeenak. Eñautek kolaboratu izan du Dolulagunarekin ere, Eiderrekin, hileta zibilak antolatzean.

Halaber, Mikel Cresporen bidelaguna izan zen Eñaut, Balaitus gailurretik jaistean hil zen mendizale atxabaltarra. Beste dolu kolektibo bat eragin zuen herrian Mikelen heriotzak, ondo jasotzen saiatu garena. Horretarako, Juxe Zuazua eta Txema Crespo gurasoek eta Lide Crespo arrebak bihotza zabaldu digute. Eta islatzen da filmean.

Jakin-mina piztu dizuet Mendi Filmera hurbiltzeko? Horixe izan da nire helburua.

Osasuna!

 

Esker ona

24/Nov/2020 Literaturan, Mendian Hil Hirian Hil, Osatzetik Arintzera

gratitudesacksHeriotza onaren ezaugarrietako bat da eduki duzun bizitzarekin daukazun asebetetasun maila. Oliver Sacks neurologo eta idazlea “Grattitude” liburuxkan horixe adierazten du, asebeteta sentitzen dela bizi izandakoarekin, egindako ibilbidearekin, eta bizitza on horrek heriotza on batera eraman zuen.

Pasarte batean horrela esaten du: “Berrogeita bat urterekin hilko nintzela uste izan nuen, alpinismoa egiten ari nintzela, erori eta hanka bat apurtu nuen. Bakar bakarrik nengoen eta hanka ahal nuen bezala oholez bermatu eta besoek lagunduta abiatu nintzen, baldarki, mendian behera. Ordu luze haietan oroitzapenak saldoka etortzen zitzaizkidan, onak eta txarrak. Baina ia denak esker onekoak izan ziren: esker ona besteek eman zidatenagatik eta baita ordainetan zerbait eman ahal izan nielako”.

Mendian hil baino hirian hil zen Oliver Sacks, eta esker ona da testu honen eta liburuxka osoaren gakoa. Esker ona kontu zirkular moduan, gainera, horrela ikusten dut nik behintzat. Ekintza berean eman eta jaso egiten duzulako, beste pertsonak jaso eta ematen duen bezala.

Bestela, esker ona, mediku moduan, sentitzen dut lehenik eta behin pertsona horrek bere konfiantza erakutsi duenean nigan. Bere bizitzaren sartzen lagatzen nauenean eta bihotzaren zati bat erakusten didanean. Eremu sakratua deitzen den horretan sartu ahal izaten zarenean. Juan Gervás, Mikel Baza eta abarrek deitzen duten “kontsulta sakratu” horietan piztu daiteke komunikazio maila oso sakona, elizako aitorleku batean pizten zen antzekoa esango nuke, apaiz edo moja laikoen lanak egiten ditugunez neurri handi batean.

Nafarroako Unibertsitate Klinikan (CUN), esker onaren inguruko proiektua ari dira mamitzen, Atlantes izeneko ikerketa lantaldearen barruan. Ondorengoak dira Carlos Centenoren hitzak, ondo islatzen dutenak nik ere pentsatzen dudana, aurreko paragrafoan esan bezala:

“Que el paciente se haya abierto, me haya dejado entrar y formar parte de su vida. Que ha confiado en mí”.

 

Esker aunitz!

 

Paliatibista izan pandemiaren garaian (2)

17/Nov/2020 Humanizazioa, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

TitanicMusikariakMartxoaren amaieran izenburu bera zuen artikulua idatzi nuen, orduan lehenengo olatuan bete-beteta geunden sartuta. 8 hilabete geroago, bigarrenaren gordinenean. Beste hartan ahuntz bat ardien artean aukeratu nuen irudi moduan. Oraingo honetan, Titanic itsasontziaren musikariak. Horrela sentitu nintzen orduan, eta horrela sentitzen naiz orain ere.

Itsasontzia azkenean ez da guztiz hondoratuko, “salbatuko gara” modu batean edo bestean. Baina atzean lagatako hondamendia, eta falta dena, neurri itzelekoak dira. Paliatibista izatea garai hauetan zaurituetaz arduratzea da lehenik eta behin, gogor kolpatuak daudenak eta bizirik atera direnak. Dolu pila bat sortzen ari dira denbora gutxitan, hor lan ikaragarri handia dugu. Eskizofrenikoena guretzat da bizitzak salbatzen ere arduratzen garela, Covid19 pazienteak ere artatzen ditugunez.

Zainketa aringarriak egiten jarraitzea, mikrobiologia eta epidemiologia garai hauetan, aurrez aurreko kontsultak defendatzea da. Kutsatze arriskua alde batean eta presentziaren beharra bestean, haizea eta ura bezain beharrezkoa den presentzia. Ezin gara desagertu momentu hauetan, are gehiago, presenteago egon behar gara. Eskaera gainera gero eta handiagoa da, bigarren plano batean lagatako minbiziak, Alzheimerrak eta BGBK-k hor jarraitzen dute, ikusi nahi ala ez.

Paliatibista izaten jarraitzea, garai nahasi hauetan, hemen bakarrik bizi den gaixo pakistandar bronkitiko larri haren ondoan jarraitzea da, eta buru-belarri laguntzea haren herrialdera itzuli ahal izateko, bere familiarekin itzultzeko. Urteak eman ditu hemen nola edo hala bizitzen, oxigenoari lotuta, arnas falta lagun. Lan egiteko erabat desgaitua. Diru iturria auskalo non eduki duelarik. Urteak eman ditu bere semeetako bat handik ekarri nahian, semeak bera zaintzeko, Ez dakit noraino barneratuta daukan bizitzaren amaieran dagoela, trasplanterik ezin diotela egin, eta arnasestua baretuko diona morfina izango dela. Baina ziur aski erabakirik hoberena hartu du etorriko dena behintzat senideen alboan igarotzeko. 

Horrelako istorioekin arduratuta egotea ez du lankide askok ulertuko. Denbora galtzea edo indarrak alferrik xahutzea dela pentsatu dezakezu EPIa 24 orduz jantzita mentalki badin badaramazu, ez baduzu eranzten tarteka eta koronabirusetik haratago begiratzen. Ez da erraza, baina bizitzak salbatzen saiatzeaz gain badaude beste zeregin garrantzitsu batzuk ere. Ez dut batere gustuko hizkera belizista, baina erretagoardia ere beharrezkoa da. Paliatibista izatea momentu hauetan da atzera eta aurrera ibiltzea zelai zabal hauetan.

Honetaz gogoratuko gara datorren urtean eta datozenetan ere. Egindakoaz eta ez egindakoaz. Eta espero dut damuak baino pozak sentitzea.

#pallicovid

SB Soraluzen

11/Nov/2020 S(u/a)minetik bakera

soraluzeHamaseigarren emanaldia ia 3 urtetan, hamargarrena Gipuzkoan. Soraluze, Plazentzia edo Plaentxi bi izen oso desberdin dituen herri horietakoa da, Arrasate, Gasteiz edo Auritz bezala. Gaztelerazko izenak, Placencia de las Armas, ondo islatzen du herriak armagintzarekin edukitako lotura, Eibarrek ere eduki zuena.

Armagabetzea ETAk duela 3 urte egin zuen. Atzoko galderetako bat hori zen, zenbat gauza aldatu ote diren tarte horretan. Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe izan genituen solasaldian, lehenengo aldiz, eta maila altukoa izan zen, sakon-sakona eta bihotz betegarria. Memoriaren Eguna izan zen atzo, “atzera begiratu aurrera jarraitzeko” leloarekin. Doluaren edozein esparrutan aplikatu daitekeena, iraganaldia eta etorkizuna uztartzen dituena.

Arlo instituzionalean, Jose Antonio Rodriguezek hartu du Jonan Fernandezen lekukoa Eusko Jaurlaritzan Giza Eskubideen inguruan. Berea da honako esaldia:«Memoriaren liburu osoa irakurri behar dugu, eta ez soilik norberaren atala». Enpatia lantzeko ariketa oso askatzailea da bestearen “lurralde debekatu” horietan sartzen ausartzea. Honi buruz Sandrarekin solastatu ginen atzo, bestearen ahotsa entzuteko garrantziaz. Neuk ez ditut Fernando Arambururen “best-seller” ezaguna ezta telebista serie estreinatu berria irakurri edo ikus-entzun orain arte. Hain mediatikoak diren gauzen oso zalea ez naiz sekula izan. Hala ere, akaso hartuko dut egunen batean Zarautzeko liburutegian aurrekoan topatu nuen komikia, Toni Fejzulak egokitutakoa eta izenburu bera duena.

Enpatia eta errukia  urrats sendoak dira barkamenerako bidean, eta atzo honi buruz bereziki egin genuen berba. Olatzek barkamenaren atea zabalik laga zuen, biktimarioen aldetik barkamena eskatzearen garrantzia azpimarratu eta gero. Sandra zorrotzagoa izan zen zentzu horretan, argi eta garbi uko eginez bere aldetik barkatzearen aukerari (ez ordea  haren aitaren hiltzailearekin inoiz hitz egiteari). Iñaki Arregi “Izan” lagun elgoibartarra publikoan zegoen, barkamenaren gaian oso interesatuta dago aspalditik eta aportazio pisutsua utzi zuen. Borobiltzeko, Koldo Rodríguez narratzaileak ederto harilkatu zuen gaia, eta barkamena abaniko baten zabalera daukan zerbait dela aipatu zuen, graduala, grisa, ez beltza edo zuria. Mundiala.

“Suminetik eta saminetik bakera”. Besarkadekin sendotu genuen atzoko apostua, zenbat sumatzen ditugun denok faltan! Eta gogoratu: kultura segurua da.

Mila esker Baketik elkarteari eta Soraluzeko Udalari.

 

PD.- Atzo “Ur Handitan”-en, ETB1en, Yoyesen erailketari buruzko saio eskaini zuten. Hemen osorik ikus-entzungai. Angel Katarain SB geure proiektua abiatu baino lehen itzalean gelditu den laguna izan da, asko estimatzen diot bere denbora eskaini izana.

PD’. Atzo abiatu da 2017ko abuztuaren 17ko atentatuen epaiketa. Robert Manriquek izugarrizko lana egiten ari da justiziaren bila, lan nekoso eta eskuzabala. Robert SBren aitabitxi nagusietakoa izan da, geure zorionerako.

Bigarren olatuan

05/Nov/2020 Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

rokaputaPandemiari buruz berbetan, Goiena Telebistan egon nintzen duela hilabete bat, azkeneko aldiz, Txomin Madinaren saioan. Elkar agurtu genuen desio onekin, hurrengo hilabetean egoera egonkorra eta lasaia edukiko genuelakoan. Izan ere, momentu horietan koronabirusaren PCR positiboen zenbakiak beherantz zetozen Hegoaldeko lau probintzietan, 3 aste jarraian horrela egon zen, ospitaleratutako gaixoen kopurua ere egonkor zegoen. Arrasaten, Gipuzkoan eta EAE osoan. Nafarroa zen herrialde kezkagarriena, orain den bezala.

Gauzak modu azkarrean okerragotu dira, urrun gaude oraindik martxo eta apiriletik, baina bilakaera kezkagarria da. Lehenengo olatuan ez bezala, Gipuzkoa da herrialderik kolpatuena, eta orduan intzidentzia tasa baxuak eduki zituzten udalerriek orain datu okerragoak dituzte. Zumarraga da momentu honetan ospitale eta zonalderik okupatuena, eta ondorioz Donostia Ospitaleak ere gaixo birusdun kopuru altuegia dauka. Bestaldean, Gasteizko datuak dexente hobeak dira lehenengo olatuan baino, zorionez Debagoieneko pazienteentzat. Arrasateko ospitalean ere kontuek ez dute gainezka egin, eta datozen asteetan ikusiko dugu ea eutsiko diogun.

Etxealdi edo konfinamenduko mamuak berriro hemen ditugu, Ipar Euskal Herrian bertan eta Frantzia osoan neurria martxan dago, apur bat leunagoa bada ere. Etsigarria da, edozein modutan, atzeraka egin izana berriz ere. Bakoitzari berea eman beharko genioke, eta ez errudunak bilatu modu arin eta sinplean. Familia barneko eta lagun arteko topaketetan hainbat kasu antzematen dira, %25-33a dira. Non gertatzen dira kutsatzeen gainontzeko %66-75a? Lanean, garraio publikoan? Jarduera ekonomikoa martxan mantentzeko mugimenduetan infektatzeko aukera dago, eta beste aldean langabeziaren arriskua. Oreka konplikatua.

Ataka honetatik ateratzeko, eskala handian egiten ari dira PCR probak uztailetik aurrera. 5.000, 7.000, 9.000 egunean. Arakatzaileek sekulako lana egiten ari dira, laborategiek ere esfortzu itzela egiten dute, aitortzeko modukoa. Sare horretan, Lehen Mailako Arretako familia medikuak eta erizainak jo eta ke dabiltza. Gogor ari dira pairatzen pandemia honen gainkarga osasungintzaren oinarrietan, osasun zentroetan. Aurrez aurreko kontsultak murriztu behar izaten dituzte, eta telefonoz egindako jarduera hartzen diete denbora gehiena. Hau ez da ondo ulertzen gizartearen aldetik, sarritan gaixoek jotzen dute Larrialdietara, osasun sistema hankaz gora ipini du birus honek.

Argi eduki behar dira gauzak eta, perspektiba galdu gabe, hor jarraitzen duten minbizia, Alzheimerra eta hainbat gaixotasun kroniko egunerokoan mantendu. Lehenengo olatuan, birusdunak ez diren paziente guztiekin harremana mantentzea mesedegarria izan da eurentzat, lehenik eta behin, baina baita osasungilearentzat ere, nire kasuan behintzat hala izan da. Eta berdin bigarren olatu honetan. Bakardadea eta isolamendua dira saihestu beharreko egoerak, beti ere bakardade hori norberak bilatutakoa ez denean, kasu gehienak alegia. Eta horiekin lotutako buruko desoreka guztiak, sufrimendua ekartzen duten antsietatea, larritasuna, depresioa eta beste asaldura psikiko eta psikiatriko batzuk, azken 7 hilabete hauetan sarriegi ikusten ari garenak. Batik bat adineko pertsonengan.

Eta zelan dago osasun mentala osasungileengan? Ikerketa zehatzak ez ditut irakurri, hilabete hauetan garatutako iritzi pertsonala baino ez da hau. Egoera emozionalari buruz, esango nuke haserrea dela hedatuena. Haserrea egoera etsigarriarekin berarekin, gizalegezko portaerak erakusten ez dituzten herritarrekin, agintariekin, … Nekea da ohiko beste ondorio bat. Nire kasuan, tristura da tarteka sentitzen dudana, hiritar moduan beti ere, pertsona moduan. Horregatik argi daukat bizipoza bilatu behar dugula, depresioetan ez sartzeko, erresilientzia lantzeko. Horregatik dira beharrezkoak kultura, mendia, kirola eta abar. Aire librean kutsatzeko posibilitatea askoz ere baxuagoa. Eta leku itxietan, nabarmentzekoa da zein kasu gutxi topatu dira kultura ekitaldietan, kontzertuetan, antzerkian, zineman eta abar. Zinemaldiko datuak ikusgarriak izan dira zentzu honetan.

Panorama are gehiago argitzeko, koronabirusaren aurkako lehenengo txertoak abenduan iritsi daitezkeelako zantzuak badaude. Mesfidantza dago arlo honetan, beldurra barne, balizko albo ondorioei dagokienez. Tratamendu espezifikorik ez daukagunez, txertoa da estrategia kimiko nagusia. Gripearen aurkakoa lehenago, gainkarga asistentziala ez gehitzeko, eta eskuragarri egongo denean Covid19aren kontrakoa. Profesional mordoa dabil pandemiaren hasieratik txertoen bila, une honetan hamar bat txerto kalera ateratzeko prestatzen dabiltza. Beti kontuan hartzekoak dira farmakoen eta txertoen albo ondorioak, baina baita gaixotasunek eurek eragiten dituzten arriskuak, kasu gehienetan handiagoak direnak, heriotza barne jakina. Zalantza gutxi ditut nik txertoari buruz, aje guztiak gora-behera, daukagun egoera tamalgarria baino zerbait hobea izango delako beti. Lehenengoa izango naiz ipintzen, martxan egongo denean.

Amaitzeko, Twitterren baldin bazabiltzate, gomendatzen dizuet irakurtzea bereziki aktiboak diren eta material eguneratu eta interesgarria txiokatzen duten erreferentziazko pertsona hauek: Gorka Orive, Ugo Mayor eta Jonathan Caro (EHU), Ana Galarraga (Elhuyar) eta Javi Yanguas (Aubixa, La Caixa). Jonathan eta Javi, bereziki, zahar-egoitzen egoerari eta adinkeriari buruz,azken hau beste baterako utzi dezakegun beste gai interesgarri bat.

Osasuna!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar