You are browsing the archive for 2015 五月.

Talde lana

%x %A in Bizi gara!, Osatzaile zauritua

taldelanaAste honetan honi buruzko jardunaldi mamitsua antolatu dute Donostian Matia Fundazioak eta EHUk, garrantzi itzela daukan gai hau hartuta.

Izan ere, zein zaila den talde lana (ondo) egitea! Taldea txikia izanda ere zailtasunak eta oztopoak izan daitezke, noski. Gizakien artean sentimendu ederrak bezala positiboak ez direnak ere azaleratzen dira, inbidiak, ezinikusiak eta mesfidantzak. Inkomunikazioak gainera mamuak astintzen ditu, eta espazio fisiko estuan egoteak giza berotasun atseginaz gain hain atsegina ez den berotasun itogarria ere eragiten du, “burn-out” ingeles batuan. Are gehiago maiatzetik aurrera!

Zure burua zaintzean ez ezik besteak errespetatu eta zaintzean dago gakoetako bat. Geure gaixoei eta senideei eskaintzen dieguna ez diegu eskainiko lankideei, apur bat bada ere? Umorea da beste tresna indartsu handi bat, jakina, ahaztu behar ez duguna.

Bakoitza jaio gara etxe batean, erritmo eta interes desberdinak ditugu, baina txalupa berean gagoz. Batzuekin lagun izatera irits gaitezke, zergatik ez? Baina hain lagunak ez direnekin daukagun jarrerak markatuko du estropada. Edo dena delakoa: Itsas metaforak erabili ditut, baina argazkia Hego Polokoa da, freskotasuna ekarri nahian. Fondoan, pinguinoak garelako edo.

Omenezkoak

%x %A in Bizi gara!, Oroimenean

iñakibeitia“Zure familiak beti gogoan edukiko zaitugu”. Edo “zure lagunok ez zaitugu inoiz ahaztuko”. Batzuetan ez dira hitz hutsak, eta badago jendea omenezko erritoak huts egin barik egiten dituena, urtero loreak ipintzen dituena errepide bazter edo hilerri batean. Are gehiago, benetan betirako egindako oroigarriak. Plaza publiko batean oroitarria, kale baten izena pertsona baten oroimenez, … edo beso batean egindako tatuajea hildako pertsona maitearen izenarekin.

Blog honetan menditerapiaz hitz egiteko beti prest egongo gara, eta oraingoan omenezko mendi martxa baten berri jasotzeko. Iñaki Beitia gogoan Urretxu, Zumarraga, Antzuola, Bergara eta Azkoitiako lurraldeetan egindakoa. Aurtengoa 19. edizioa da, eta neuk lehenengo aldiz parte hartuko dut.

Bizi gara!

Herdoildutako armadura

%x %A in Antzerkian, Bizi gara!, Literaturan

 rustyarmor“The Knight in Rusty Armor”  Robert Fisherrek 1989an idatzitako eleberri ezaguna da, autoezagutza eta autolaguntzarako erabilitakoa ez bakarrik liburu moduan baizik eta antzerkiaren munduan ere. Hala umeentzat nola helduentzat pentsatutako erreferentziazko lan horietako bat.

Asteburu honetan antzerki talde txiki batek istorio honen egokitzapena egin du 3 probintzietako hiriburuan, tartean nire anaia Alberto aktoreen artean egon delarik . Antzerkiterapia denontzat, behar-beharrezkoa duguna zinez, umeek eta helduok. Erresilientzia bezalako balioak ikasteko eta irakasteko, orain dela 2 aste urteak egin dituen Aiorari, atzo urtebetetzea eduki duen Pellori eta 3 aste barru urteak egingo dituen Igorri.

Eta bai, noski, lehenik eta behin geuk helduok ondo ikasi beharrekoa…

Buzzin’ in my head: “Herdoilaren tristeziarekin batera…”

Bost une gogoangarri (II)

%x %A in Dolua

AmaSekula ez gara izan amaren (edo aitaren) eguna ospatzearen zaleak (gurasoen) etxean. Baina gaur, Joxe Aranzabalek proposatutakoari jarraituz antzeko ariketa egin nuenean bezala, aitarekin bizitako bost une gogoangarri  errepasatu nuenean bezala, gaur ere amarekin bizitako beste bost une gogoratu nahi ditut. Bere agur ekitaldian Koldo R. Bengoa lagunak berarekin egondako hiru une gogoratu zuenean bezala, Irunerekin egondako hiru une. Gaur nik bost oroitu nahi ditut:

Citröen Dyane 6 urdin bilbotarra Madrilgo kaleetan

Bilboko matrikularekin eta sabai honekin, ken zitekeena haize freskoa ateratzeko. Deskapotable hori gidatzen zuen amak Madrilgo errepide eta kale bete horietatik gora eta behera. Halabeharrez atera behar izan zuen gidatzeko baimena, bere beldur eta ezin guztien aurka, geu hirurok eskolara eraman ahal izateko, hiri erraldoi haren punta batetik beste batera, eta buelta. Miresgarria.

Eguzkitako kremaren usaina

Une bakar bat baino udaro errepikatzen ziren momentu horiek, Lekeitioko hondartzan, amaren azalak zerion eguzkitako kremaren usaina hartzen nituenekoak. Inoiz antzeko bat usainduz gero ezinbestean amarena gogora ekartzen zidana, eta gaur egun ere oraindik ekartzen didana.

MIR azterketa eta gero

Ateratako puntuak eta karreran zehar lortutakoak batuta, postuen zerrenda baten arabera tokatu zitzaidan zein espezialitate eta non egingo nuen aukertzea. Barne-medikuntza, Gurutzetako ospitalean, azkenean. Erabaki eta gero bi deialdi egin nituen, bata orduko neskalagunari, geure harremanaren amaiera zela ondo ulertu zuena. Bigarrena amari, baldintza barik sostengatu ninduena eta nirekin batera poztu izan zena.

Espezialitatea amaitu ondoren

Arrasatera joan nintzen Curriculum Vitae bertako ospitalean uzteko, eta gurasoek lagundu ninduten. Tramitea egin ostean, zer eta Udalatx mendira igo ginen hirurok. Sasoian zeuden biak orduan, baina hurrengo urteetan sarritan gogorarazten zidan amak zenbat esfortzu eta nekea kostatu zitzaizkion goraino ailegatzea. Oso metaforikoa. Baina merezi izan zuen denak. Arrasateko ospitalean amaitu nintzen, hain zuzen ere.

Azken egunetan (eta hilabeteetan)

Nire bizitzaren lehenengo urteetan amak irakatsi zidan (gazteleraz) hitz egiten, eta irakurtzen eta beste hainbat gauza egiten. Baina bere bizitzaren azken hilabete hauetan ere irakaslea izan zen, maistra heriotzaren atarian. Berak txikitan zaindu ninduen bezala, bera zaintzen ikasi nuen nik ere. Modurik hoberenean, ereduarekin eta maitasunez. Ahaztezina.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏