Bost une gogoangarri (II)

%x %A in Dolua

AmaSekula ez gara izan amaren (edo aitaren) eguna ospatzearen zaleak (gurasoen) etxean. Baina gaur, Joxe Aranzabalek proposatutakoari jarraituz antzeko ariketa egin nuenean bezala, aitarekin bizitako bost une gogoangarri  errepasatu nuenean bezala, gaur ere amarekin bizitako beste bost une gogoratu nahi ditut. Bere agur ekitaldian Koldo R. Bengoa lagunak berarekin egondako hiru une gogoratu zuenean bezala, Irunerekin egondako hiru une. Gaur nik bost oroitu nahi ditut:

Citröen Dyane 6 urdin bilbotarra Madrilgo kaleetan

Bilboko matrikularekin eta sabai honekin, ken zitekeena haize freskoa ateratzeko. Deskapotable hori gidatzen zuen amak Madrilgo errepide eta kale bete horietatik gora eta behera. Halabeharrez atera behar izan zuen gidatzeko baimena, bere beldur eta ezin guztien aurka, geu hirurok eskolara eraman ahal izateko, hiri erraldoi haren punta batetik beste batera, eta buelta. Miresgarria.

Eguzkitako kremaren usaina

Une bakar bat baino udaro errepikatzen ziren momentu horiek, Lekeitioko hondartzan, amaren azalak zerion eguzkitako kremaren usaina hartzen nituenekoak. Inoiz antzeko bat usainduz gero ezinbestean amarena gogora ekartzen zidana, eta gaur egun ere oraindik ekartzen didana.

MIR azterketa eta gero

Ateratako puntuak eta karreran zehar lortutakoak batuta, postuen zerrenda baten arabera tokatu zitzaidan zein espezialitate eta non egingo nuen aukertzea. Barne-medikuntza, Gurutzetako ospitalean, azkenean. Erabaki eta gero bi deialdi egin nituen, bata orduko neskalagunari, geure harremanaren amaiera zela ondo ulertu zuena. Bigarrena amari, baldintza barik sostengatu ninduena eta nirekin batera poztu izan zena.

Espezialitatea amaitu ondoren

Arrasatera joan nintzen Curriculum Vitae bertako ospitalean uzteko, eta gurasoek lagundu ninduten. Tramitea egin ostean, zer eta Udalatx mendira igo ginen hirurok. Sasoian zeuden biak orduan, baina hurrengo urteetan sarritan gogorarazten zidan amak zenbat esfortzu eta nekea kostatu zitzaizkion goraino ailegatzea. Oso metaforikoa. Baina merezi izan zuen denak. Arrasateko ospitalean amaitu nintzen, hain zuzen ere.

Azken egunetan (eta hilabeteetan)

Nire bizitzaren lehenengo urteetan amak irakatsi zidan (gazteleraz) hitz egiten, eta irakurtzen eta beste hainbat gauza egiten. Baina bere bizitzaren azken hilabete hauetan ere irakaslea izan zen, maistra heriotzaren atarian. Berak txikitan zaindu ninduen bezala, bera zaintzen ikasi nuen nik ere. Modurik hoberenean, ereduarekin eta maitasunez. Ahaztezina.

1 response to Bost une gogoangarri (II)

  1. Asier said on %x %A

    Kaixo Iñaki!!
    Atsegin handiz irakurri dut zure une gogoangarriei buruzko idatzia. Imajiñatu ere egin zaitut/zaituztet Dyane 6 deskapotable urdin hartan Madrilen barna hara eta hona. Sentimendua dario idatziari, horixe gustatu zait. Pasarte xumeak, oroimenean giltzatuta gelditzen diren oroitzapen eta pasarteak. Nik ere baditut gordeak, egunen batean kontatuko dizkizut nire “hamaikak”
    Besarkada bat, segi bide horretan!!!

Asier进行回复 取消回复

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏