You are browsing the archive for 2015 十一月.

Durangoko Azokan

%x %A in Aulki Hutsak

DurangokoAzokaIbilbide luze honetan, dokumentalaren lehenengo edizioaren ostean bigarrena argitaratu genuen, zuzenduta eta txukunduta. Duela bi hilabete argitaraldi bien DVD guztiak agortu egin dira, pozteko albistea dena zalantza barik!

Hirugarren edizioa egiteko erabakia hartu dugu, oraindik eskaerak bazeudela ikusirik, baina berritasun batekin. Orain arte dohainik zabaldu ordez, salgai ipini dugu, argitaratze gastuak berdindu ahal izateko. 10 eurotan ipini dugu prezioa eta mugitzen hasi da jada.

Datorren asteburuan hasiko den Durangoko Azokan adibidez Arantzazu Edizio Frantziskotarren postuan egongo da geure “Aulki Hutsak” salgai, 71 zenbakiduna Artekalen. Akordioa lortu dugu eurekin eta oso eskertzekoa da euren aldetik lekutxoa egin izana geuretzat (mila esker Mentxu!).

Oraindik ez dakit zein egunetan egongo naizen bertan postuan, baina polita izango da Azoka barrutik bizitzeko esperientzia. Arantzazuko egutegi famatuaren ohiko erosleak edo Pello Zabalaren zaleak hortik ibiliko dira, eta ea geuk ere geurearekin jakinmina piztuko dugun.

Lagunei, senideei edo nahi duzuenei komentatzeko badakizue non egongo den geure lana. Segi bizkor!

Gaurkotasun osoz (tamalez)

%x %A in Suminetik bakera, Zineman

LONDONRIVEROrain dela 10 urte Londonen izan zen, 2010ean Lahoren, 2008an Mumbain, 2004an Madrilen, 2001ean New York Hirian. Bagdad, Alepo, Istanbul, Paris. Zerrenda makabroa luzeegia da, Baskistanen ere itxi gabeko orbainek diraute, zauriak irekiegi daude oraindik.

Suminetik, beldurretik eta ziurgabetasunetik bakera igarotzea goizegi da hainbat tokitan, baina Ingalaterrako hiriburuko atentatuak izan eta 4 urtera Rachid Bouchareb zinemagile frantziar-aljeriarra ausartu zen “London River” (2009) pelikula bikaina egiten. Desagertutako sema-alaben guraso biren ikuspuntuetatik, euren arteko elkarrizketatik, haien minetatik, dolu zailetati. Brenda Blethyn eta Sotigui Kouyaté (aktorerik onenaren saria 59. Berlinalen).

Eta hau guztia apur bat hobeto ulertzeko beste gomendio bat, 63. Urrezko Globoetan saria lortu zuena atzerriko hizkuntzaz egindako filmik onena: “Paradise Now” (2005). Ekintzaile suizida palestinarren barnealdetik egindakoa.

Zinema tresna sendatzaile moduan.

 

Zainketa aringarriak beste latitude batzuetan

%x %A in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

BaobabArratseanFilosofia paliatibista Lehen Munduko kontua dela esan dezakegu, are gehiago herrialde anglosaxoietan sortu eta garatutakoa eta gizarte aberatsenetan gehien zabalduta dagoena. Baita modernoa dela ere. Nahiz eta hospizioen tradizioa historikoki luzea izan, are gehiago errukitasun balorea, gizakiaren hastapenetatik presentea dagoena.

Bestela, garapen bidean dauden herrialdeetako mapamundia eta zainketa aringarrietako presentziarena alderantzizkoak dira hein handi batean. Zenbat eta garapen gutxiago, hainbat eta medikuntza mendebaldar gutxiago. Nahiz eta medikuntza arintzailea denik eta merkeena izan, nahiz eta erabilitako botikak garestiak ez izan. Zainketa aringarriak eta “hospice” mugimendu modernoa oso mendebaldarrak direlako, eta eurekin batera heriotza duinaren aldeko mugimenduak eta eutanasiaren inguruko eztabaidak eurak ere.

Izan ere, azken puntu hori funtsezkoa da. Milaka urtetako tradizioen aurka talka egitea, heriotza, sufrimendu eta minari buruzko sinesmenak, opiofobia, matxismoa, horren guztiaren kontra egitea zail-zaila da. Geure mundu aberatsean horrela da, atera kontuak beste latitude batzuetan zelan izango den.

Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, minbiziaren prebalentzia nagusiki ezezaguna da. HIES-aren errealitatea, tamalez, ezagunegia eta gordinegia dugu: Malnutrizioa, tuberkulosia, umezurtz kopuru eta hilkortasun tasa handiak. Pandemiak eragindako sufrimendua arintzeko, faktore sozioekonomikoen aurka ez ezik sineskeriei eta txarto ulertutako erlijio estrukturei aurre egin behar da. Harrigarria da HIES-aren negazionisten artean zenbat buruzagi garrantzitsu egon izan diren, Thabo Mbeki Hego Afrikako aurreko presidentea besteak beste.

Zorionez, ondo praktikatutako erlijioaren adibideak egon badaude, Desmond Tutu artzapezpikua buru, baita hainbat langile eta kooperante ere, laikoak izan ala ez. Hortik etorri daiteke itxaropena esparru paliatiborako, eta horren erakusgarri ona da “Más allá de la colina y la selva” / “Au-delà de la colline et la brousse” dokumental gomendagarria (Alfredo Torrescalles, 2014). Kamerunen egindakoa eta hemen aipatu ditugun puntu ugari jasotzen dituena. Lan honen protagonista batzuk Euskal Herrian egon ziren 2013ko ekain eta uztailean, Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen atentzio psiko-sozialaren ekipoa, Gurutzetako Etxeko Ospitalizazioa eta “Paliativos Sin Fronteras” GKE donostiarraren lankidetzan.

Amaitzeko, Afrika Beltzaren bizitzaren eguneroko pasarte ugari islatzen ditu beste lan aipagarri batek, zentzu positiboan eta umorez. “Aya de Yopougon” izenburupean, 6 komiki sorta honetan MargueriteAbouet eta ClémentOubrerie-k Boli Kostako paisaia garaikidea marraztu dute. Bizitzaren kontu arruntak bertako emakume baten ikuspegitik. Zilborkeria lehenmundistaren aurkako ekarpen eskergarria.

[“Osatuberri” aldizkariko hurrengo zenbakian argitaratuko den kolaborazioa.]

 

Arimen Eguna

%x %A in Antropologia apunteak, Bizi gara!, Oroimenean

 

800px-Jakub_Schikaneder_-_All_Souls'_Day

“Beti iruditu izan zait denik bertsorik zailena dela eskelakoa. Eskakizun dexente izaten ditugu eta abailune hori jasaten ari denari nekez esango diozu ezetz. Baina baiezkoarekin hasten dira arazoak. Izan ere, ez baita distantzia oneko hilik. Hurbilekoa bada, den-dena adierazi nahiak eta bikaintasunaren bila derrigor ibiltze horrek kamusten zaitu. Urrutikoa delarik, hasten zara bila eta inpostore sentitzen, beste batek hain eder ez izan arren zinez eta egiaz esango zituzkeen gauzak esaten.”

Andoni Egaña. “Nola agurtu.”

“Maite dut gaurko eguna, gaurko egunean beren hildakoei loreak eramaten zizkieten hildakoak baditudalako. Maite dut gaurko eguna, ohitura bat galdu ondoren, horixe baino ez zaidalako gelditzen.”

Anjel Erro. “Omiasandu.”

“Bizitzaren azken egunetan artearen edertasuna sentitu nahi dute zenbait gaixok. Donald Amsterdameko Rijksmuseumera eraman zuten elkarteko boluntarioek. (…) Rembrandten koadro baten aurrean gelditu zen Donald. Ez zuen ordura arte ikusi. Lana amaitu gabe omen zegoen pintorea hil zenean. «Bizitza bat inoiz ez da amaitzen. Nire bizitza amaitu gabe dago, eta koadro hau ere amaitu gabe dago», esan zuen.”

Jose Maria Pastor. “Azken eguna Rembrandtekin.”

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏