You are browsing the archive for 2016 二月.

Biktimak

%x %A in Suminetik bakera

biktimakBi urte baino gehiago hau bezalako elkarrizketa baten atzetik neramala esaten badut, ez da inolako exajeraziorik. Eta atzoko egunkarian topatu dut perla hau, goitik behera irakurtzeak merezi duena. Jeannette Ruiz Goikotxeta psikologo klinikoak esandako hitzen bila ibili naiz denbora honetan guztian eta pozten naiz azkenean aurkitu izana. Artikuluak dioenez, “trauma bat pasatu duen jendearekin egiten du lan, edozein dela ere haren jatorria. Baina ‘kasualitatez’ hasi zen torturatuekin lanean.”

Hemen elkarrizketa mamitsu honetatik ateratako urrea:

Beldur eta amorru sentimenduek erabilgarritasun bat dute bizitzan. Zezen bat agertzen bada, korrika alde egiteko balio dizu beldurrak. Erasotzen badizute, defendatzeko balio dizu amorruak. Baina inkomunikazio egoera batean, edo bortxaketa batean, beldurrak ez dizu balio, ezin duzulako alde egin. Amorruak ere ez, ezin duzulako defendatu zeure burua. Hor zirkuitulabur bat gertatzen da, blokeo gisako bat.

– Zuk baldin baduzu dimentsio jakin bateko malguki bat, bi aldeetatik tira eginez gero, forma aldatuko zaio. Askatzean, malgukia lehengo egoerara itzuliko da. Ez da izango zehazki lehen zena, baina, gutxi gorabehera, lehengo egoerara itzultzen da. Erresilientzia hori da: denbora batekin, eta abilezia batzuk garatuta, malguki hori bere egoerara itzul dadin lortzea.

– Biktima kontzeptua gehiegi erabili da gure kulturan. Dena biktimizatzen da, eta jendeak biktima jarrera du; hau da, pentsatzea gertatu zaidana beste norbaitek egiten duen edo egin duenagatik dela. Beraz, nik ezin dudala ezer egin. Biktima jarrera pasiboa da, ez aurre egitekoa.

– Tortura psikologikoa edo fisiko-psikologikoa da. Ondorioek, hori bai, zerikusi handiagoa izaten dute alde psikologikoarekin. Trauma osteko estresa, antsietatea eta depresioa izaten dira ondoriorik ohikoenak.

– Gehienek esaten dute nahikoa dutela aitortza publiko batekin. Estatuaren aitortza gertatzea garrantzitsua dela uste dut, baina ez da ezinbestekoa. Erresilientea den pertsona batentzat, gaia ondo landu duen batentzat, ez da ezinbestekoa.

– Ez baduzu barkatzen, segituko duzu amorru horrekin, eta preso izango zaituzte. Norberak egiten du barne prozesu hori. Kontzentrazio esparru batean egon eta urte batzuetara, bi judu elkartu dira. «Barkatu diezu naziei?». Eta besteak: «Ez, ez diet inoiz barkatuko». Lehenengoak: «Bada, preso zaituzte oraindik».

 

Musikoterapia gehiago

%x %A in Beste terapia batzuk

Juanma Murillo musikoterapeuta da, Madril aldean antza denez, eta gaur ezagutu ditut bere bloga eta apur bat bere lana Facebook-i esker. Kuxkuxeatzen, behean agertzen den animaziozko lan laburra topatu dut. Delicatessen mokau bat, emozioak eta musika konektatzen dituen ipuin laburra. Zelan bilatzen ditugu errudunak kanpoan geure barnera begiratu barik. Edo zelan kentzen ditugun gainetik gauza zaharrak, beti gauza berrien bila, etengabeko dikotomiak.

Carla Jiménezek egindako lana da ikus-entzun ahal duzuen hau:

Stille hjerte

%x %A in Onkologikoak ez direnak, Oroimenean, Zineman

stillehjerteDaniar film hau 2014ko Zinemaldian estreinatu zuten, eta ordutik ikusteko gogoekin egon naiz, lankide batek biziki gomendaturik. Aukera etorri zait azkenean Gasteizko zineforum baten bitartez, duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen duen elkarte baten bidez, eutanasia eta lagundutako suizidioaren aldekoa.

Hori da hain zuzen ere pelikularen muina, eta inguruko mataza osatzen dute familia baten barruko harremanek, Alboko Esklerosi Amiotrofikoak jotako emakume baten duintasun sendoak, maitasunak gidatutako erabakiek, Danimarkako bazter bakarti eta idilikoak. Hasiera-hasieratik ama ikusi dut islatuta pantailan, aita, arreba, anaia, emaztea, geure seme nagusia eta neure burua bera. Ez zuzenean pelikulako pertsonaiekin lotuta banan-banan, baina bai bakoitzetik apur bat.

Asko dago hausnartzeko hau bezalako lana ikusi eta gero, “Mar Adentro” (2004) edo “Miele” (2013)  pelikulen ildo beretik. Zein berde dagoen gure jendartea, eta atzetik zein berde legeak eta politika. Munduko oso toki gutxitan legeztatuta daude praktika hauek, ezta Danimarkan ere, eta beti ere Lehen Munduan. Baina hori baino askoz lehenago guztiz txundigarria da  morfinaren eskugaragarritasunari dagokionez mapamundia ikustea. Klik eginda ondo ikusten da munduko herrialde gehien-gehienetan morfina ez dela iristen mila miloika herritarrengana.

Bihotz isil gehiegik ez dute aukerarik ezta duintasun pittin bat edukitzeko ere, ezta bizitzaren amaieran ere.

Zainketa aringarri goiztiarrak

%x %A in Onkologikoak, Sarean

nuñezolarteJuan Manuel Núñez Olartek (argazkian), hainbat kolaboratzailerekin batera, artikulu bikaina argitaratu du “Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakian (2016ko urtarrila-martxoa). Incorporación de los cuidados paliativos precoces en la actividad de una consulta externa de cuidados paliativos en un centro oncológico terciario” izenburupean, Gregorio Marañón ospitalean egindako ikerketa plazaratzen du, eredu estatubatuar bati jarraituz.

Laburbilduta, lau taldetako gaixoak kontuan hartu dituzte:

  1. Metastasiak dituztenak eta kimioterapia jasotzen.
  2. Metastasiak dituztenak baina kimioterapiatik zainketa aringarrietarako trantsizioan.
  3. Kasu berriak Tumoreen Batzordetik bidalita, tratamendu aktiborik hartuko ez dituztenak.
  4. Metastasiak dituztenak eta egoera terminalean.

Aipagarria da, hasteko, zelan planteatzen dieten pazienteei Z.A.-etako kontsulta bidaltzen dituztenean, izena erabiliz (Z.A.) edota “sostengu kontsulta” eufemismoa. Bestela, ideia da aldi berean onkologoek eta paliatibistek lan egitea, beldurrak kentzen joateko eta sintomen kontrola hobetzeko.

Emaitzei dagokienez, kontsulta goiztiar hauekin ikusten da zelan igotzen diren programatutako ingresoak eta jaitsi Larrialdietarako bisitak. Halaber, etxerako altak ugariagoak dira, baita egonaldi ertain edo luzeko zentroetarakoak.

Azkenik, bizitzaren azken urtean jasotako kimioterapiari buruzko atal oso interesgarria idatzi dute. Aldeko eta kontrako argudioekin, azken hauen artean bizitza kalitateari buruz benetako daturik ez dagoela eta funtzionaltasun eskasa duten pazienteengan biziraupen handiagorik ez dagoela. Baita ere, aztertzen dituzten gaixo eta senideen espektatibak zelakoak diren, nork bere burua engainatuz, baikortasun faltsua eta abar.

Eta, amaitzeko, zein zaila den geure lan aringarria, itxaropena eta egiaren arteko oreka konplikatuan.

Urte bat

%x %A in Dolua, Osatzaile zauritua

20160201Semeak edo alabak izateari utzi dioten helduak, umezurtzak al dira? Ezin da ba hitz egokiago bat asmatu ?

Urte bat pasa eta gero ez diogu utzi anai-arrebak izateari, eta hori da geure lehenengo garaipena. Elkarrekin gustura egon, bizitzan aurrera egin eta barre egiten jakin. Maitasunaz topa egin. Bilbon, Gasteizen edo Zarautzen.

Malekoiarako bidean goiko aulki huts hori topatu dut, gaurko egunez. Eta aurrerago olatu bat, eta atzetik beste bat, eta ostean beste bat, eta berriz beste bat, eta hor beste bat…

Negar egin dezakegu joan egin delako,

edo irribarre, bizi izan delako;

Begiak itxi ditzakegu eta otoitz egin itzul dadin,

edo ireki eta ikusi utzi digun guztia.

Gogoa itxi, hutsunea sentitu, bizkarra eman,

edo gustuko dugun hori egin:

irribarretsu agertu, begiak ireki,

maitatu eta aurrera segi.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏