Euri horia (mikrobertsioa)

%x %A in MikroIpuinak

APlebiaAmariellaVicenta Pesués zaharrak ez zuen eguerdia arte jakingo. Betiko moduan, amortzua hartu bitartean, eltzekaria prestatzeari ekin zion, lapikoa sutan ipinita xuabe-xuabe. Mantso zihoan denbora beretzat, leihoan jarrita euriari begira. Data horietan ez zuen seniderik espero, eta bestelako bisitaririk ere ez zen herrixkan agertuko, eguzkirik gabe normalean oso gutxi ziren animatzen zirenak behintzat. Benetako mendizaleak bakarrik, baina egun hartan ezta horiek ere. Aitortu behar izango balu, kanpotarrak gustuko zituela esango luke. Gustura begiratzen zituen leihotik, edo balkoitik, edo etxearen atari ondoan harrizko eserlekutik. Entretenigarria zen. Bitxiak ziren txano eta arropa horiekin, tramankulu haiei begira, hizkuntza horietan mintzatzen. Onarturik bera ere exotiko xamarra izango zela kanpotar haientzat, oinetan egurrezko eskalapoi horiekin, bakardade egoskor horretan.

Herrian zutik zirauten dozena erdi bat etxek eta elizak, baina bizi Santiago Mimbres eta bera bakarrik bizi ziren bertan. Bakoitza bere etxean, aspaldiko desioak apalduta eta alarguntasun solidario onean. Urtez urte eraikitako elkarbizitza armonikoan. Ibarreko okinak, furgonetan okela, arrautzak, barazkiak eta bestelako jakiak ere eramaten zizkien andreak, ezin zuen sinetsi agure eta atso horiek nola posible zuten hor goian horrela bizi. Nola ez ziren zahar egoitza batean amaitu ibarreko beste hainbat bezala. Aurrerabidean, hainbat gauza eta pertsona bazterrera bota. Galtzadak, zuhaitzak, etxeak, geure bidean zeudenak. Eta euren bien familiak kenduta, okina bera, larunbatero abadea, lantzean behin postaria, urtebetetzeetan kazetariak eta eguraldiak gehiegi baldintzatutako kanpotarrak ziren hurbiltzen bakarrak. Egia esan senideak arduratzen ziren, baina egun haietan Santiagoren familia ere ez zen etorriko, lan kontuak zirela-eta.

Eguerdian, Vicentak buruan zapi beltza ipini zuen, lapikoa esku batean hartu eta bestean makila. Etxetik irten eta apurka-apurka aldatza igo zuen, betiko moduan Santiagoren tximiniatik kea ateratzen zela konprobatuta. Kanpoko atea bultzatu eta barrura sartu zen. Senideek kontrakoa iradoki arren, ez zeukan zentzurik giltzak erabiltzea hor goian. Eskileretatik gora mantso, ordulari zaharrak zutunik hamabi aldiz jo zuen. Goiko solairua zapaltzean, oholek betiko krakada leunak egin zituzten eta, ezkaratzeko supazterrean, enborrek txinpartekin emeki erantzuten zuten. Orduan jakin zuen, Santiagok ez ziola erantzuten eta besaulkian albo batera okertuta zegoela konturatu zenean. Orduan jakin zuen herriko azken biztanlea zela.

 

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏