Olibondoen eta errautsaren erresuma

%x %A in Literaturan, Suminetik bakera

olibondoaLiburuak irakurtzeko garaia da uda aldia, eta aurten ondo nabil aprobetxatzen atsedenaldiak. Ikus-entzunezko proiektu berrian bete-betean sartuta, opor garaia izan arren, esku artean dudan liburua oso lotuta dago geure egitasmoaren izpirituarekin. “Kingdom of Olives and Ashes”  (Harper Collins, 2017) nazioarteko hainbat idazlek egindako istorio bilduma potoloa da, “Palestinako okupazioaren aurkako autoreek” idatzitakoa alegia, besteak beste Colum McCann, Jacqueline Woodson, Colm Toibin, Geraldine Brooks, Dave Eggers, Hari Kunzru, Raja Shehadeh, Mario Vargas Llosa eta Assaf Gavron.

Testuak ez dira fikziozkoak, estetikoki modu batekoak edo bestekoak dira, garbiagoak edo korapilotsuagoak, eta denek daukate amankomunean arima bat, askok ezinezkotzat ematen dutena, 50 urteko gatazka luzeak (eta aurretik zetorren guztiak) lagatako suntsipen, indarkeria, porrot egindako bake-itun, gorroto, heriotz eta hondakin guztiak direla-eta. “Ezinezko izpiritu” hori, hala ere, hauspotu nahi du liburu honek, atzean dituen herritar temati guztien gorazarrez. Eta denen buru, 2004an sortutako “Breaking the Silence” elkarte bakezalea, Shovrim Shtika hebreeraz, Israelgo soldadu ohiek osatutakoa eta euren herrialdeko armadak eragindako terrorea eta justizia eza salatzen dituena. Liburu honi esker jakin dut elkartea martxan dagoela oraindik, oztopo guztien gainetik, eta hori bakarrik mirari handi bat iruditzen zait. Vargas Llosak onartzen duen moduan, “los justos” edo justiziaren alde dagoen israeldar jendea ez da gai izan azken urte hauetan hauteskundeak irabazteko. Hedabideetatik hango informazioa nahiko ezabatuta dugun arren, tentsioak tinko dirau “Agindutako Lurraldean”. Baina bada zerbait kandela piztuta mantentzea.

Susiya, Jenin, Nablus, Hebron, Ramallah, Betleem, Jeriko, Jerusalem… Txikitako oroitzapenak pizten dituzten izen bibliko horiek guztiak, Jordanen mendebaldeko ibarra, olibondoen eta errautsaren erresuma. Zisjordania eta Gazako populazioaren artean dauden ekintzaile suizidek eragindakoak pantailetan ikusi ditugu urte hauetan guztietan, “Paradise Now” pelikula gogoangarrian ere bai. Al-Fatah, Hamas, Mossad, buruan izen ezagunak ditugu urtez urte entzundako albisteengatik. Baina orain irakurtzen ari naizen liburuan bestelako kontzeptuak azpimarratzen dituzte, hain zuzen ere erresilientzia, erresistentzia eta mugarik gabeko pazientzia, apartheid postmoderno honetan bizirik ateratzearen artea. “Israel-Palestina” utopia handi hartan.

 

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏