You are browsing the archive for 2017 十月.

S(u/a)minetik bakera

%x %A in Suminetik bakera

udalatx anbotoBadauzkagu estreinaldirako data eta lekua: abenduaren 14an Amaia Antzokian, Arrrasaten. Bete-betean gabiltza muntaketa lanetan, musika osorik badu Mudoh-k eta entseguei ekin diete narratzaileek.

Kartela asmatu barik dago oraindik, eta bitartean argazki honetan bi mendi, bidegurutze bat, hiru probintzia. Ikus-entzunezko obra berrian bi emakume arrasatear dira protagonista, bi alaba doluaren aurrean. Zer gertatzen da heriotza hilketaren bidez datorrenean? Aita horrela galtzea… Lehenago ez omen zuten elkar ezagutzen, baina amek bai, gainera izen bera daukate. Eta auzo berean bizitzen ez amaitzea zori txar kontua baino ez zen izan.

Gehiago momentuz ez dut kontatuko. Badugu hitzordua.

Ur handitan (2 eta 3)

%x %A in Dolua, Sarean

urhanditanAzalean gelditu ala murgildu sakonerantz. Ez da hain erosoa barrura sartzea, beldurra ematen du ez jakiteak zer egongo ote den hondoan. Telebistako eredurik arrakastatsuenak azaleko kontuak haizeratzen dituztenak dira, futbola barne. Morboak ere bapo elikatzen gaitu. Txutxumutxuek. Inora ez doazen eztabaida saioek.

Baina badaude harribitxiak. Bete-betean asmatzen duten saioak, pentsarazi zaituztenak, publiko handiak ezagutu ere ez dituenak. Zentzu batean, delicatessen. Eta pozgarria da euskarazko telebista publikoan horietako gutiziak topatzea, publiko handi horrengana iritsiko ez direnak, geure artean dastatu eta gozatuko ditugunak.

Xabier Madariagak, Fermin Etxegoienek eta lantalde guztiak zerbait desberdina ekartzen digute astero. Jaime Otamendik eta lankideek bere garaian asmatu zuten modu berean: “Ur handitan”. Blog honetan lehenago aipatu duguna. Izan ere, hau da hirugarren aldia era batean edo bestean bertan parte hartu dudana. Dokumentalarekin Otamendiren etapan, eta azken hilabete hauetan Madariagarekin heriotzari buruzko saioan eta atzo doluaren esparrua jorratu duena.

Oso eskertzekoa da ahalegin selektiboa, sentiberatasuna, musika hautaketa undergrounda, jendetzatik aldentzen dena. Arretaz eta artifiziorik gabe egindakoa. Burura baino gehiago bihotzera iristen da eta hori gauza handia da. Telesperpento gehienetan ezin dute gauza bera esan. Ondo goazela seinale. Beldurrik gabe hondoraino.

Atzoko saioa osorik ikus-entzuteko.

 

Barne paisaiak

%x %A in Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría

BarnepaisaiakZeure ingurunea etxea eta etxekoak dira. Zeure ohea, zeure arropa eta zeure soinuak. Baita zeure zarata ere, baita zeure gurasoen arteko ohiko eztabaidek ere etxearen sentsazioa eman ahal dizute. Normaltasuna ere hori bada batzuetan. Azken momentua arte.

Ospitaletik batzuetan lortzen dugu gaixoak etxera eramatea bertan azken uneak igarotzeko, hala eurentzat nola geuretzat erabat gogobetegarria dena. Batzuetan, naipe dorrea eraikitzen denbora eman eta bihotza ipini eta gero, kanpoko norbaitek karta bat ukitu eta dena lurrera erortzen da instant batean.

Beste batzuetan ospitalea bera izan daiteke lekurik hoberena hiltzeko, gezurra badirudi ere. Eta gauez ospitaleetan ateratzen dugun zarata, medikazioaren gurdiekin, geure arteko barreekin, hainbatetan hain desatseginak direnak, konpainiaren esanahia izan daiteke bakarrik dagoenarentzat. Bizitzarekin azken lotura.

Baina hori baino askoz atseginagoa izan gaitezke ospitalean, minbizia tartean egon edo bestelako gaixotasun sendaezina, eta sua piztu barik barne paisaian epeltasuna ematea ere badaukagu.

PD.- Urriaren 14a, Zainketa Aringarrien Nazioarteko Eguna

.

 

Banaketak

%x %A in Dolua, Suminetik bakera

HausturaHeriotzak soilik ez du dolua ekartzen. Bestelako galeren artean harremanen apurketak daude. Lan harreman bat galtzea, langabezian gelditzea. Lagun biren artean haserretzea eta bakoitzak bere bidetik jarraitu. Dibortzioak.

Batzuetan jende komunitateak dira banatzen direnak. Lurralde bat beste lurralde batetik. Eta bi pertsonen artean bezala, baketsuagoa edo bortitzagoa izan daiteke prozesua. Gorrotoa, amorrua, errealitatea desitxuratzea. Sumina, irainak, gutxiesteak, mehatxuak, tratu txarrak. Indarkeria. Mina, zauri fisikoak eta psikikoak.

Baina badira egoera onartzera iristen direnak eta bakea azkenean topatzen dutenak. Nork esan du bikote harreman bat apurtu ostean, dolua pasatu ostean, ezin dela beste harreman mota bat aurkitu, zeozer zibilizatua? Heldutasun maila altuak eskatzen ditu. Barne hazkuntza pertsonal egokia. Auzolagunak besterik gabe, bakoitza bere etxean.

Norbanakoen artean bezala, lurraldeen artean ere.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏