You are browsing the archive for 2018 四月.

M.A.M.

%x %A in Onkologikoak ez direnak

OlibondoakJaen.jpgAndaluziatik etorri zen Arrasatera, Jaengo probintziatik. Neba-ahizpa ugari zituen amarekin eta eurekin batera etorri zirenean. Aita fusilatu zuten gerraosteko garai ilun hartan. Lan egitea tokatu zitzaion gaztetatik, gaur egun ohituta ez gauden modu hartan. Sufritzea, borrokatzea eta izerditzea beraz ederki bazekien. Horregatik eutsi dio hain luze eta hain dotore.

Horregatik amaiera izan da izan den modukoa. Txundigarria izan da aluzinazio bisual horien artean irudi idiliko horiek ikusi izana. Kontatzen zuenak ez zion urduri ipintzen edo mehatxagarritzat jotzen. Urdin kolorea irudietan hain presente egoteak zerbait esan nahiko du, interpretatzen ez dakidana. Ziur aski zuriz jantzitako emakume hori, bere gainean etzaten zena, heriotzarekin lotutako sinboloren bat izan daiteke. Mendiko egurrezko etxola hori bezala, eta uraren soinu atsegina. Bakea ematen zion horrek guztiak, eta eutsi egiten zion oroitzapen eder horri.

Ez zeukan beldurrik heriotzarekin, baina oraindik bizi nahi zuen, aurre egin zion hiltzeari hilabeteetan zehar. Lortu ahal izan zuen iaz azken uda hura pasatzea Jaen aldean seme batekin, eta bere herrian ez ezik Granadan eta beste leku batzuetan ibili izan zen. Zarautzera ekarri zuen familiak duela aste gutxi batzuk, tarteka disfrutatzea lortu ahal izan zuen borroka haren erdian.

Azken egunak ere horrelakoak izan ziren, bere bizitza osoa bezala. Asko gogorarazi dit “botak jantzita” eta “inguruan zituen indiarrak tiroka” hil zen I.-taz. I-k ere itxaron ninduen asteburu oso bat, eta astelehenean bere etxera iritsi ginenean sedazioa eskatu zidan, eta horregatik eskerrak eman zizkidan. Horrela hil zen I. Eta M.A.M.-ek ere asteburua igaro, jada sedatuta, eta itxaron ninduen. Familia osoa inguruan, sedazio sakonean, itxaron ninduen.

Esaten dute entzuten dutela nolabait, kontuan hartzeko. Horixe gertatu zela iruditu zitzaigun guztioi. Bisitan nengoela, bat-batean, begiak ireki zituen, ezer ikusten ez zuen arren, eta azken hatsa bota zuen gu guztion aurrean, familia eta ni. Oilo ipurdiarekin igaro nuen goiz osoa. Zirraragarria izan zen momentua, hiltzeko aukeratu zuen modua.

Olibondo horiek ikusi eta bertan imajinatzen dut orain, arnasestutik libre, haizearekin batera eta maite zuen eguzkiak epelduta.

 

Borreroaren milaka aurpegiak

%x %A in Suminetik bakera

frankismoaren biktimakBegiratu argazkia. Norenak ziren aurpegi horiek guztiak? Zer izan ziren, borreroak? Edo biktimak? Dikotomien munduan rol bakarra ematen diogu jendeari, eta horrela sailkatzen ditugu besteak. Logika militarra da, garaipena ala bakea, zer aukeratzen duzu?

Ondo gogoratzen dut ETAk Sallent de Gállego herrian egindako atentatua (2000). Zenbat euskal mendizale ez ote dute lagundu, erreskatatu edo salbatu Goardia Zibilaren mendiko brigadek Huescako Pirinio hartan azken hamarkadetan? Dozenaka, ehundaka? Atentatu hartako bi eraildakoen senideen aurpegira begiratu eta inork borreroetaz hitz egin al dezake?

Torturatutako borreroak ez dira biktimak, “nahiz eta ETAkoak izan”? Mendekua. Eraildako “borreroak” zer dira? Gupidarik eza. Eta Alzheimerrak jotako diktadoreak? Begia begi truk. Minbiziak hildako hiltzaileak? Karmak ekarritakoa. Milaka aurpegi.

Gaur, ETAk berak, beste aurpegi bat erakutsi digu. Aurretik beste urrats batzuk eman eta gero, orain arte inoiz egin ez zuena egin du. Barkamen eskaera, sufrimenduarekin enpatia, eragindako saminaren onarpena, akatsen aitormena, begirunez, zinez. Milaka aurpegi.

Igandean “Viaje al final de la noche” antzezlana Baluarten, Iruñean, Proyecto 43-2 konpainiaren eskutik. Eta asteazkenean, “S(u/a)minetik bakera” geurea Zabalotegin, Bergaran.

 

PD.- Orain dela 25 urte argitaratu zuen Negu Gorriak-ek, aditu askoren arabera, haren diskorik hoberena.

Suminetik Kafe Antzokira

%x %A in Suminetik bakera

kafe-antzokiaLehenengo urtean ia ez nintzen konturatu benetan gertatukoaz. Gero joan nintzen hutsuneaz jabetzen, baina orain baino gehiago inoiz ez dut bere falta sumatzen. Orain ni ere gaixorik nagoela eta behar dudala nire ondoan. Umore izugarri hori zeukalarik. Sukaldean plater goxo-goxo egiten zituelarik. (…) Gertatzen zait bi bizitza bezala ditudala. Egunez bat, eta gauez beste bat. Orain gauero amets egiten dut berarekin. Eta hitz egiten dit. Oso errealak dira ametsak. Poz-pozik esnatzen naiz goizetan. Irrikan nago gaua heltzeko, lo eta amets egiteko. Etxera iritsi, ohean sartu eta pelikula bat piztea bezalakoa da“.

MJ etorri zen martitzenean Kafe Antzokira geure obra ikus-entzutera. Eta berari ere hausnarketa egiteko eta doluari buruz hitz egiteko balio izan dio. Indarkeriarekin ez dauka zorionez zerikusirik bere dolua. Minbizia da bere senarra eraman zuena. Eta minbiziak jota dago bera orain, metastasiren batekin, tratamenduan. Eta senarraren hutsunea bete-betean sentitzen.

MS, bestela, lagun batekin eta seme nagusiarekin etorri zen. Heriotzarekin ez dago lotuta bere oraingo dolua, banaketa batekin baizik. Eta mugiarazi dio barrutik, nahiz eta berak ere indarkeriarekin esperientziarik jasan behar izan ez duen. Zorionez.

Baina Gabriela Ybarra idazleari gertatu zitzaion moduan, mota bateko dolu batek balio dezake beste mota desberdineko dolu bati aurre egiteko. Amankomunean dolu guztietan zerbait baino gehiago dagoelako beti. Orden batean edo beste batean, karga gehiago sentimendu batean edo beste batean, baina baliogarriak elkarren artean.

Hori zen gure helburuetako bat eta, antza denez, heltzen ari gara.

Memorien talka

%x %A in Suminetik bakera

biarritz2Atzo Baionan eta gaur Miarritzen, Bakegileak eta Bake Bidea elkarteek antolatutako foroa martxan dago asteburu hinetan Ipar Euskal Herrian. Besteak beste, atzo parte hartu zuten Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Karmen Galdeanok (GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba) eta Jexux Mari Mujikak (ETAk hildako Joxe Mari Kortaren lagun mina):

«Guk ez dugu izan instituzioen babesa, baina lortu dugu gorrotorik gabe bidea egitea», adierazi zuen Galdeanok. «Guk, aldiz, beste biktima batzuek baino babes handiagoa izan dugu. Baina beti pentsatu dugu biktimek ez dutela beren mina erabili behar alderdi edo ideia politiko baten alde», azpimarratu zuen Mujikak.

Jean Pierre Massias, bestela, unibertsitateko zuzenbide irakaslea da, bereak dira ondoko hitzak: “Hori da zailtasun handia, denak maila berean jartzea. Biktima borreroa ere izan daiteke. Torturatu duen eta biolentziak jasa dituen guardia zibila biktima izan daiteke. Torturatua izan den eta norbait hil duen ETAko kidea ere bai.” Denak izan gaitezke bizitzan momentu batean biktimak eta beste batean borreroak, gehituko nuke nik. Borobila da Massiasen esaldi hau, halaber:

Memorien elkarbizitza pasatzen da kontakizunen elkarbizitzatik, alde bakoitzak bestearen kontakizuna entzuteko gaitasunetik.”

Amaitzeko, eta Lapurditik Nafarroara mugituta, bertako Gobernuak Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen III. Jardunaldiak antolatuko ditu apirilaren 12tik 22ra Iruñean. Besteak beste, “Viaje al fin de la noche” antzezlana aurkeztuko du Proyecto 43-2 konpainiak azken egun hartan.

Info+: “Minak eta zauriak ixteko“.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏