You are browsing the archive for 2018 五月.

Baketik s(u/a)minera

%x %A in Suminetik bakera

referendum-de-cataluna-y-resultados-del-1-oAurrekariak ugariak izan dira. Ziur aski lehenengo dokumental handia, Richter eskalan ez dakit zenbat magnitudeko lurrikara erraldoia eragin zuena, Julio Medemen “Euskal pilota, larrua harriaren kontra” izan zen (2003). Akaso, tamaina handian, lehendabiziko ahalegin ikus-entzunezkoa izan zen “bi aldeetako” pertsonak aurrez aurre ipintzeko, elkarri entzuteko eta ikusteko.

Atzetik, pantailan “biktimak” eta “borreroak” literalki bata bestearen aurrean binaka jarri zituzten Gorka Espiauk eta Iban Gonzalez arrasatearrak 2012an hainbat pertsona, bi aldetako jendea,  “Parlen els ulls” (Begiak mintzo dira) dokumental gogoangarrian, Kataluniako TV3ekin elkarlanean egindakoa. Dinamika hau “Elkarri” elkarteak zeramatzanen guztiz antzekoa da, gerora Eusko Jaurlaritzak Maixabel Lasaren bidez aurrera atera zituenen  norabide berean, azken urte hauetan Gogora Institutuak Aintzane Ezenarroren eskutik daraman bera. Horrelako topaketetan egoteko aukera eduki dituzten pertsonendako, borreroak zein biktimak izan, neurri handi batean terapeutikoak suertatuko zitzaizkien ekimen hauek guztiak, zalantzarik gabe.

Umoretik ere jorratu daiteke gai arantzatsu hau, Aitor Merinok maisuki “Asier eta biok” (2013) dokumental zoragarri eta katartikoan egin bezala. Esplizituak dira, halaber, “De Txillarre a Aiete. Un largo camino en el proceso de paz”  (Arturo Puente, 2014), “Reconciliación”,” El reencuentro” eta “Las huellas perdidas” (Fermin Aio, 2014 eta 2016) eta “El valor de la autocrítica” (Karmelo Vivanco,  2015).

Beste egile interesgarrien artean Josu Martinez dugu, bereziki “Barrura begiratzeko leihoak” (2012) lanarekin, presoen senideen bizipenak jasotzen dituena.  Eta ETAren biktimen ikuspegitik, aldiz, Elías Querejeta kontsagratuak eta Eterio Ortega-k egindako “Asesinato en febrero” (2001), “Perseguidos”(2004) eta “Al final del túnel” (2011), bai eta Iñaki Artetaren “El infierno vasco” (2008) ere.

Izen handiko egile horien guztiengandik nahikoa urrun, Aitor Monje “Mudoh” eta biok “S(u/a)minetik bakera” Amaia Antzokian estreinatu genuen abenduan eta, Debagoienean emanaldi bakarra izango zela pentsatu bagenuen ere, Bergaran ere aurkeztuko dugu apirilaren 25ean, Zabalotegin, narratzaileak Naia Egiluz eta Petti izango direlarik.

Aipatzea merezi du, bestela, Arrasateko estreinaldia eta gero Bartzelonan otsailean egin genuen bigarren aurkezpenak. Robert Manrique eta Rosa Lluch izan ziren bertan narratzaileak, katalanez egin genuen emanaldian, Calàbria 66 aretoan. Lekua, ONCE erakundearen egoitza izandakoa da, Sant Antoni auzoan. Geure buruetan, Kataluniako egoera politiko latza zegoen, zalantza barik, ozta-ozta eutsitako gaia izan zena solasaldian. Publikoaren artean, “El Periódico de Catalunya” egunkariaren kazetari bat egon zen, eta hurrengo astelehenean artikulua argitaratu zuen emanaldiari eta solasaldian gertatukoari buruzkoa. Abans de la ira dauka izenburu Emma Riverolak idatzitakoa, “Sumina baino lehen” alegia. Eta, hain zuzen ere, elkarrizketa politikoaren aldeko mezu argia bota zuen testuan. Hildakoak egon baino lehen, biolentzia areagotu baino lehenago, alegia. Urrun ikusten den panorama da Katalunian, tamalez, konponbidearena. Bakean bizi zen herrialdearen irudia apurtu egin da azken hilabete hauetan, denok dakigun moduan. Baketik suminera eta saminera egin dute nolabait jauzia, Euskal Herriaren kontrako norabidean, izan ere. Asko sinplifikatzea dela badakit, kontua hain korapilatsua izanda han eta (oraindik) hemen, baina han sentitutakoa eta egunero iristen zaiguna, zoritxarrez, beltz samar bada. Riverolak gogoratzen duen moduan, ez dago berez herrialde baketsu edo biolentorik, historiako gora-beherek alde batera edo bestera posible zaituzte eraman zuk nahi ala ez.

Bien bitartean, hurrengo hilabeteetan aurrera jarraitu du gure taldeak, hiru probintzietan emanaldi bana eginda: Bilbon apirilaren 10ean (Kafe Antzokia), Bergaran apirilaren 25ean (Zabalotegi) eta Gasteizen maiatzaren 20an (Oihaneder). Uda baino lehen, Donostian ekainaren 18an (Okendo) aurkeztuko dugu, solasaldirako Izaskun Andonegi (Bidegin elkartea) gurekin egongo delarik. Narratzaileak, bestela, Maider Kortaxarena eta Petti izango dira.

Amaitzeko, Iruñean, Errenterian, Azpeitian, Durangon eta Zarautzen ere egiteko asmoa daukagu, udagoien aldean. Geure tamaina xumean.

Komunikazioa-Inkomunikazioa

%x %A in Humanizazioa, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría

apostoles-arantzazuOstegunetik atzo arte, gai zentral hau hartuta, ehun bat osasungile komunikatzen ibili gara Arantzazuko paradisuan, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako 28. biltzarrean. 2010ean egin bezala, Arantzazuko bidegurutze geografikoa aukeratu dugu egoitza moduan, eta horrekin ere asmatu dugula badirudi. Egitaraua ondo hornituta, luzaroan pozik egoteko moduan gelditu garela esango nuke. Urtean behin lankide (eta lagun) batzuk topatzeko, lanean jarraitzeko akuilu moduan, jende berria ezagutzeko, ezagutza konpartitzeko gune hau finkatzen joan gara ia 30 urte hauetan. Bejondeigula.

Ertz asko dauka (in)komunikazioak, eta zabaltasun horren ikuspuntu batzuk jaso ahal izan ditugu egun hauetan. Horien guztien artean bizitzaren amaieraren inguruan. Heriotzaren inguruko beldurrak ezarritako isiltasun konspirazioaz. Itoaldi existentzialak bultzatutako blokeoaz. Izan ere, heriotza horma ala atea da? Minez eta hutsuneetaz. Duintasunak eraikitako biografietaz. Maitasunez egindako zainketetaz. Errukiak ekarritako bakeaz. Isiltasunaren garrantziaz. Betetasunaz. Humanitateaz hitz batean.

Minbiziatik haratago, badaude onkologikoak ez diren gaixo hauek, gaizki lo egiten dutenak arnasestuagatik ez ezik kezkengatik eta burutazioengatik ere. Aldartea aztertzen ez diegunak. Pseudomonas karkaxean bilatu bai, eta buru belarri tratatzen saiatu ere bai. Psikea, ordea, zenbatetan hartzen dugu kontutan? Ps-z hasten dira bi hitzak, baina faktoreen orekatik urrun gaude. Bronkitiko kronikoekin morfina (eta inkluso bentzodiazepinak) erabiltzeari beldurra kentzen hasiak gara. Falta zaigu bronkopatekin (kardiopatekin, nefropatekin, hepatopatekin…) eta euren senideekin gai nagusiei buruz gehiago hitz egitea. Galdera potoloei buruz.

Hausnarketa hauek egiteko, Oñatiko paraje hauek erabat egokiak dira, eta zorte ikaragarria daukagu hain gertu edukita. Oteizaren apostoluen artean bezala, ondo konektatzen, idazten, isilarazten, komunikatzen saiatzen, isiltzen, abesten, keinuak egiten edo elkarri irakurtzen jarraituko dugu.

Gasteiz errukitsua

%x %A in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa, Sin categoría, Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua

gasteizerrukitsuaHiri berdea, hiri zaharra, hiri jazz zalea, hiri saskibaloi zalea, hiri gupidakorra, hiri berria, hiriburua. Aurten SECPAL 2018 nazioarteko zainketa aringarrien biltzarra Gasteizen antolatzen ari dira (gara), Europa jauregian, ekainaren 7tik 9ra.

Mila inguru osasun profesional bildu baino lehen, Gasteizko hiritarrei begira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira (gara) hirian zehar, baita hiru probintzietako beste udalerri batzuetan ere. Maiatz honetan zehar, hiria bete-betean izaerarik errukitsuena hartzen ari da. Lehenengo urratsa Zine Foruma izan da, lau pelikula lau astetan, Florida zinema areto zentrikoetan: “Aulki Hutsak” gurea, “Arrugas“, “Wit” eta “Los Demás Días“, hurrenkera honetan. Hauekin batera, poesia (“Poetas en mayo“),  antzerkia (“El sendero de las emociones“) eta elkarrizketa (“Mendian hil, hirian hil. Jorge Nagorerekin solasean”). “Vivir con Voz Propia” ekimena dago ekitaldi hauen gehien-gehien atzean. Eta borobiltzeko, maiatzaren 29an Death Cafe masiboa antolatu dute Gasteizko toki batean baino gehiagotan, baita Getxon, Orion, Donostian, Arrasaten eta Zarautzen ere.

Eta amaitzeko, errukiaren esanahiarekin bat egiten duen bestelako emanaldi bat antolatu dute (dugu) beste kontestu batean Oihaneder zentroan, hiriko erdigunean. Maiatzaren 20an, 19:00etan, plazer baduzue: “S(u/a)minetik bakera”. Koldo gasteiztarra eta Naia zeanuritarraren eskutik, Mudoh-ren musikarekin. Doluaren bideekin bat egiten duen obra eszenikoa, indarkeriak eragindako heriotzekin, bestearen begiradarekin. Martxoaren 3ko bost eraildakoen, Fernando Buesaren eta gainontzeko 37 biktima gazteiztarren hutsuneekin. Iñaki Etxaberen eta Isaias Carrasco arrasatearren aulki hutsekin.

Goizalde

%x %A in Onkologikoak ez direnak

amanecer-en-zarautz1-640x640x80Ipuin baten hasiera ematen du, baina benetako hiru ahizpa ziren Goizalde, Argiñe eta Eguzkiñe. Lehenengoa atenditzea tokatu zitzaidan, bronkioetako gaixotasun kroniko batekin. Betaurreko lodi-lodiak janzten zituen, gutxi ikusten zuenez, eta entzun ere gutxi egiten zuen. Aurkako faktore asko zituen, baina alde ere hainbat. Oso ondo zainduta zegoen hasteko. Dementziatuta dagoen ahizpa batekin eta zaintzaile batekin bizi zen, eta hirugarren ahizpa eurekin adi zegoen, Kontsultara ia-ia ez zuen hutsik egiten hirugarren ahizpa, behintzat. Eta alde zeukan Goizaldek beste puntu bat, irribarre eder hori, arnasestu guztien gainetik.

Aspaldian ez zen etortzen kontsultara, gaur jakin dut bere heriotzaz. Dementziadun ahizparekin kezkatuta egon da azken asteetan, gauzak zer diren. Beste rokero (bergarar) zahar bat hil da etxean, sekula hiltzen ez direla esaten duten arren. Poliki badoaz. Atzetik badatoz.

Argia, badoana Getaria aldetik eta badatorrena Orio alde horretatik. 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏