You are browsing the archive for 2018 八月.

Agurraren lezioa

%x %A in Dolua, Sin categoría

AdioKukaiKukai dantza konpainiak eskainiko du gaur “Adio” ikuskizuna  Arantzazuko santutegian (sarrerak agortuta), Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Obra honekin, berriki hildako Iñaki Beristain eta Bitoriano Gandiaga fraide frantziskotarrei omenaldia egingo diete. “Ariketa espiritual” hau aurrera ateratzeko, Landarbaso abesbatzak (Errenteria), Iñaki Salvador piano joleak, Oñatz dantza taldeak (Oñati) eta Pello Zabala frantziskotarrak parte hartuko dute.

Agur esatea arte bat da. Ez da erraza sarritan. Nik neuk ere garai batean esaten nuen esaldi errepikatu hura, “agur esatea ez zait gustatzen”. Eta gustatu-gustatu, segitzen dut atsegin barik, baina honen garrantziaz ondo jabetu naiz. Oñatiko maisuak ondo deskribatzen du ataka zail hau aspaldiko abesti honetan:

Agurraren lezio hori ikasteko
Ahazten jakin behar
Lezio hori ez dago ikasterik
(Hala esaten dizuet nik)

Ruper Ordorika

Hau guztia dator bi hileta elizkizun eduki dudalako denbora gutxian, Eibarren eta Oñatin. Horietako batean, hildakoak bidea samurtu egin zion familiari haren bizitzaren azken asteetan, dena argi utzita, serenitatearekin.

Agurraren lezio bat.

Garaipen iluna

%x %A in Zineman

Dark_Victory movieposter1939koa da zainketa aringarriekin lotu dezakegun lehenengo pelikula historian. Medikuntzaren historiaren lekukotza ona da gainera, Bigarren Mundu Gerraren hastapen haietan glioma baten neurokirurgia jasotzen duena. Baina horretaz gain, medikua eta gaixoaren arteko komunikazioaren garrantziaz ohartzen dute bete-betean, medikuak berri txarrak eman behar dituenean eta egiten ez duenean, kasu honetan. Informazioa azkenean pazientearengana (Bette Davis) iristen denean zer gertatzen den. Eta pronostiko txarra jakitean, zein den emakumearen erantzuna, zelan egiten dion aurre heriotzari.

Oso film txalotua izan zen garai hartan “Dark Victory”, Oscar sarietarako hautagaia izan zena, baina aurkari latza eduki zuena (“Gone by the wind”  film klasikoa). Aktoreen artean, orduan gaztea zen Davis protagonista nagusiaz gain, Humphrey Bogart eta Ronald Reagan ere egon ziren. Zuri-beltzezko pelikula aitzindaria hainbat puntutan, bidea zabaldu ziena beste hainbat filmi.

Info+: Zainketa aringarriak eta zinema.

Doktorea: Ez egin ahal duzun guztia!

%x %A in Sin categoría

BloodRedGoldEspektro handia dago “dena” egitetik “ezer ez” egitera. Bi muturretan daude, goitik basakeria, ankerkeria edo egoskorkeria terapeutikoa, eta behetik utzikeria terapeutikoa edo pertsonaren abandonua. Baina zer da “amore ematea”? Non daude mugak sendatzetik zaintzera igarotzeko bidean? Mamitsua da “¡Doctor, no haga todo lo posible! De la limitación a la prudencia terapéutica” liburua, (Pablo Requena, Ed. Comares 2017). SECPAL 2018an harrapatutako ehizakia, oheburuan dudana.

Esparru zabala da hau, ahalegin terapeutikoaren mugatze edo egokitzearena. Hainbat faktore daukagu aurrean, eta horietatik guztietatik bat odol-transfusioa da. Mahai gainean dagoen gai eztabaidagarria da, goitik (“dena” egiten) dabiltzanek zalantzarik agertzen ez badute ere. Pertsonei baino analisiei  begiratzeak dakarrena horixe da, hemoglobina kopuruak goratzea lehenik eta behin, eta gero (akaso) pentsatzea. Zenbaki okerrak zuzentzea azken finean, kontuan hartu barik horrek bizi-kalitatean onura edo asaldura ekarriko dion gaixoari. Sintomak arinduko dituen transfusioak (indar falta, arnasestua, makalaldi orokorra…), edo bakarrik gure kontzientzia lasaituko duen. Hemoglobina 8tik behera berriro jaitsiko den arte.

Osakidetzak medikuoi inkesta bat bidali digu, hain zuzen ere, honi buruz. MAPBM (Maturity Asessment Model in Patient Blood Management) izena dauka egitasmoak, eta euren webgunean esaten duten moduan: “Patient Blood Management (PBM) estrategiarik hoberena da ospitaleetan egiten diren transfusioak prebenitzeko edo ebitatzeko, eta OMEk 2010etik egiten duen gomendioa da, eta 2017tik Europar Batasunak. PBM egitaraua martxan ipintzea transbertsala da erakunde guztian, eta antolatze kultura eraldatzea dakar”.

Hizkuntza ulergarrian, profesionaloi eskatzen digute sintomak kontuan hartzeko paziente bat transfunditu baino lehen, analisietako baloreak errelatibizatuz. Hau da, arnasesturik edo asteniarik ez badago, jarduera fisikorik baldin ez badago, gaixoa oheraturik dagoelako edo aulkitik ezin delako jaiki, gaitasun kognitiboa galduta baldin badauka, transfunditzen tematzea alferrikakoa izateaz gain basakeria terapeutikoa da. Izan ere, baliabide urria eta balio handikoa da odola, “garestia” nahi baduzue.

Odola urrea da.

Balkanetako suminetik (eta saminetik) bakera

%x %A in Bizi gara!, Suminetik bakera

soca_kajak_jost_gantar_8_1Dubrovnik, Srebrenica, Sarajevo, Mostar, Banja Luka… Badaude izen batzuk iltzatuta gelditu zaizkigunak. Ondo ahoskatzea kostatzen zaizkigun izenak. (Ez hain) urrutiko lekuak izendatzen dutenak, duela 20 urte baino gehiago sarraskiak pairatu zituztenak. Gorrotoa, sumina, izua, umilazioa, despertsonalizazioa eta samina jasan zituzten lekuak (edo, batik bat, bertako biztanleek).1991 eta 1995 artean luzatu ziren 4 urtez Jugoslaviako Gerrak. Eslovenian lehenengoa, arinena, Hamar Egunetako gerra. Kroazian bigarrena, askoz latzagoa eta suntsitzaileagoa. Azkena Bosniakoa izan zen, hiruetatik konplexuena eta gordinena, subkonsziente kolektiboan ondo txertatuta daramaguna.

Bosniari buruzkoa da, hain zuzen ere, TV3eko “30 minuts” saioak ekarritako dokumentala (moltíssimes gràcies, Jordi): “Ni oblit, ni perdó”. Izenburuak ondo iradokitzen du mamia, laburbilduta: Gatibuen esparru batean jardundako soldadu baten ankerkeriak plazaratzen ditu erreportajeak. Izena duen esparrua eta izen-abizenak dituzten gatibuak. Izena eta abizena ere badituen munstroa da protagonista nagusia. Nortzuk diren bosniarrak edo musulmanak eta zeintzuk serbiarrak edo serbo-bosniarrak zehazten da, baina modu lausoan, ziur aski konszienteki. (“’71” pelikula irlandarrak ere ederki islatzen duen nahasmendua, Belfasten soldadu britaniar batek bestaldeko marra gurutzatzean sentitutako noraeza).

Baina Balkanetara itzulita, eta borreroarengan fokua ipinita bete-betean, deskubrituko dugu gizon bat, soldadua zenean baino 20 urte helduagoa, kartzelatik pasatutakoa eta zigortutakoa, Finlandiaraino urrundutakoa. Izen-abizenak dituzten biktimei barkamena eskatzeko beharra sentitu duen pertsona. Kasu bakanetakoa. Une batean, esparru hartan gatibuekin ibilitako psikiatrak galdetzen dio zergatik eman duen urrats (ausart) hori. Ez da argi gelditzen, torturatzaile izandakoak azaltzen du psikologo askorekin gogor lan egin zuela presondegiaren barruan, egindako minaz konturatu arte. Ez dakigu atzean arrazoi erlijiosoak egongo diren. Edozein modutan, enpatia sentitzera iristen da, eta hortik errukia praktikatzera. Haren biktima (edo euren senide) batzuekin aurrez aurre egotea lortzen du, krimenak gertatutako kuartelean bertan gainera, orduko eszenatoki makabroan bertan.

Biktimen eta senideen aldetik barkatzea eta ahaztea beste kontu batzuk dira. Ezin dute egin, “ni oblit, ni perdó”, alabaina. Hori ere gizatiarra da, mendeku gogoak sentitzea bezala edo saminean eta gorrotoan enkistatuta bizitzea legez. Baina pertsona bati barkatzea ez da bakarrik berari egiten diozun mesede bat, zeure buruari baizik. Barkamena eskatzen duen pertsona batek handiagoa edo txikiagoa den zama bat gainetik arindu nahi eta behar du. Iraganalditik apur bat askatu eta aurrera begira jarri nahi du bere burua. Eraldaketa bat izan, pertsona hobeago bihurtu, munstrokeria bazter batean laga. Maila handiko helburuak beti ere. Azken buruan oso pertsona gutxi benetan lortzen saiatzen direna. Urrats erraldoiak, Jendea (maiuskulaz) soilik ematera ausartzen dena. Apaltasuna eskatzen duena, biktimen aurrean umiliatzea  eta nolabait biluztea eskatzen duena.

Kuartel hartan lan egin zuen psikiatrak, biktima askorekin ibilitakoa, borreroaren damuari benetakoa dela irizten dio, eta horrela jakinarazten dio. Biktimek ez bezala, bakerako aukera hori ematen dio. Beharbada denbora kontua da biktima eta senide batzuk bake horretara ere iristen lortzea. Barkatu eta ahaztu ahal izatea, alegia. Ariketa zaila, inondik inora. Merezi duena, zalantza barik.

 

PD.- Zer da bakea? Akaso, urteak igaro ondoren, gudaleku izandako ibarretara itzultzea da. Garai batean gorpuak egondako ibaietan ibiltzea beste modu batean, piragua batean adibidez. Soča haranean (Eslovenia) esate baterako. Orain paradisu, beste garai batzuetan infernu.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏