You are browsing the archive for 2018 九月.

Udazkenera begira: Eredu bat, zor historikoa eta gomendatutako liburu bat

%x %A in Suminetik bakera

045Errenteria-Orereta da eredu hori, “S(u/a)minetik bakera” proiektu honetan ‘zortzimilakotzat’ hartzen duguna, leku ezin aproposagoa delako geure aportazio xumea konpartitzeko. Irail honetan herri horretan gauzatu dute azken keinu miresgarria, Julen Mendozak eta Jose Miguel Cedillok publikoki egindakoa. ETAk Astigarragako Benta inguruan eraildako poliziaren seme batek, Jose Miguel, eta Julen alkateak bat egin dute eta azaldu dute ahal dela. Maila txikian eta lan handiarekin, baina posiblea da.

Zor historikoa, aldiz, dosi txikian ere kitatzeari ekin dio Frantziako estatuak Aljeriako biktima batekin hilabete honetan. Emmanuel Macron presidenteak onartu du estatuaren ardura Maurice Audin independentista aljeriarraren torturetan eta ondorengo heriotzan 1957an. Inoiz ez da berandu, urrats bakar batekin hasten dira ibilaldi guzti-guztiak.

Gomendatutako liburua, bestela, “Mejor la ausencia” (Edurne Portela) da. Euskal gatazkaren islada gordina, eleberri eginda. Hainbeste inpaktatu nau, hurrengoari ekin diodala (“El eco de los disparos“). Gomendio baten partez, bi.

Eta mendira itzulita, eta zortzimilakoen zain, Adarra eta Korosti zain ditugu udazkeneko hurrengo asteetan: Urnieta urriaren 30ean eta Legazpi azaroaren 12an. Baketik erakundeak antolatua izango da, Inesa Ariztimuñoren (“Adiorik gabe“) eskutik.

Amaitzeko, irail honetan bi ekitaldi aipagarriren lekuko izan naiz Debagoiena eskualde maite honetan: Batetik Shot! estudioaren (Iñaki Bengoa) aldeko kontzertu itzela Arrasaten (Keu Agirretxe, Ruper Ordorika, Petti, Ines Osinaga, Huntza, …). Iñakirekin (argazkian) grabatu genituen Olatz Etxabe eta Sandra Carrascorekin  elkarrizketak SBrako, Bestetik, obra honetan (eta “Aulki Hutsak”-en) gure ekoiztetxea den Arteman ikus-entzunezko kooperatibak 15 urte bete ditu eta ospakizun ederra antolatu zuten Aretxabaletan.

Bizi gara!

Info+: SB ikuskizuna herriz herri ikusteko aukera

 

Dementziak bizitzaren azken fasean

%x %A in Onkologikoak ez direnak

Miramar2018Hiru egunez jardun dugu Donostiako Miramar jauregian gai hau hartuta aste honetan, eta hemen doa laburpen posible bat:

Uda ikastaroa hasi zen Mari Carmen Garmendiak (Matia Fundazioa) egindako aipamen batekin: Zygmunt Baumanen kontzeptua “gizarte (post)moderno likidoei” buruz, hain zuzen ere dugun ziurgabetasun sentsazioaz, eta horrek sortzen digun angustia existentzialaz. Eta jarraian Mari Carmenek euskarazko atsotitz edo esaldi zahar bi gogorarazi zigun: “Ume jaio, ume hil”. Eta “Biziak berarekin herioa darama”.

Blanca Morera psikiatrak (Donostia Ospitalea) “duintasun” kontzeptuari buruz hitz egin zuen, higatutako hitz horietakoa (“errukia” bezalakoa): “Dignitas”, “Decentia”, “Decorum”. Izan ere, gizakiaren “dignitas” jainkoen eta animalien artean dagoen hierarkia da. “Autonomia” esan nahi du, nolabait. Eta pekatua, duintasun eza. Hauskortasunaren etikatik mamitutako baloreak dira, enpatia eta gupida bezalakoak. Aurreko paragrafoarekin lotuta: “Hauskor jaio, hauskor hil”.

Ivan Antón medikuak (Matia) ekarri zizkigun datu garrantzitsu batzuk: 90 urtetik gorakoen erdiak, gutxi gora-behera, dementziaren bat pairatzen du. 2050erako 115 milioi pertsona dementziadun egongo direla aurreikusten dute adituek. Alzheimer gaixotasunak dementzia guztien %70 inguru osatzen du. Beste hiru motak dementzia baskularra, Lewy gorputzena eta dementzia frontotenporala, tipo mistoekin batera. Gaixotasun aurreratuak GDS-FAST eskalan 6 eta 7an daudenak dira. Akats pronostikoak, hala ere, ugariak dira, %30-40 inguru. Susan L. Mitchell (Harvard) aipatuta izan da ikastaro guztian zehar, eta zehazki ‘New England Journal of Medicine’ aldizkari ezagunean 2009an argitaratutako artikulua dementzietako terminaltasunari buruz: Arnasestua, mina, ultzerak, agitazioa eta bronkoaspirazioa sintoma eta zeinu nagusi moduan. Kronikotasunaren bilakaeraren lerroa eta dementziena, desberdinak. Zainketa aringarri goiztiarrak gomendagarriak dira, baina ez da erraza planteatzea gaixo eta senideei. Edozein modutan, kasu aurreratuak identifikatzea (NECPAL eskalaren bidez, esate baterako) eta familiari informatzea garrantzitsua da. 4 dimentsio jorratzeko: Fisikoa, psikikoa, soziala eta espirituala. Zaintzaileentzat zama bat izateko gaixoaren beldurraz. Eta, azkenik, hauskortasun VIG indizea, 0.6tik gorakoen hilkortasun tasa %100a, 12 hilabetetan.

Xabier Ibarzabal medikuak (Matia) iraganaldia, orainaldia eta geroaldiaren zentzua dementziadunengan apurtu egiten dela aipatu zigun. Ziurgabetasunaz berriro, kontrola galtzeaz, despertsonalizazioaz. “Zorte onak edo guardiako aingeruak” abandonatzen gaitu(zt)enean. Hauskor eta baztertuen humanizazioaz: Dementziadunak eta eroak kartzeletatik atera eta Medikuntza/Erizaintzara ekarri izana XIX. mendean. Eta kontzeptu gako bat: Dementziadunak ez ziren gehiago behar izango, aro teknologikoa baino lehen bizi zirena baino (Basakeria terapeutikoaren aurka). Jaiotza une bat da, heriotza tarte luzeagoa izan daiteke.

Alexander Ferro farmazialariak (Matia) hitzaldi bikaina eman zuen depreskripzioari buruz. Lehenik eta behin, mahai gainean ipini zuen dementziek ekarritako arazo ekonomikoaren dimentsioa (gradualki gero eta handiagoa), eta ditugun baliabide mugatuak. Farmakoei dagokienez, azken 14 urteotan bakarrik onartu dute dementzien aurkako 3 farmako bakarrik (Donepezilo, Memantina eta Rivastigmina), 100 bat kanpoan utzita. Albo ondorioak kontuan hartzekoak dira: Erorketak (aldaka apurketak), neumoniak, istripu zerebrobaskularrak… Balizko gertaeren prebentzioa alde batean utzi eta tratamendu sintomatikoan fokalizatu. Polifarmazia murriztu (“San Sintrom” zalantzatan beti kasu aurreratu hauetan). Eta noski: farmakoak kentzeko, beti adostu pazientearekin edo senideekin.

Petra Peña medikuak (Matia) gogorarazi zigun fundazioaren pazienteen batez besteko VIG indizea 0.55etik gora dagoela. Dementziadunen pronostiko txarra sintoma edo faktore hauek markatzen dutela: apatia, aluzinazioak, adina, gizona izatea eta asaldura motoreak. Eta sedazioa indikatzeko, hauek sintomarik ohikoenak: Loeza, depresioa, arnasestua eta mina; Elena Fernandez medikuak amaitu zuen lehenengo eguna datu batzuk ematen: Psikogeriatriaren arloko  heriotza-tasa %11.5a dela, eta Matian orokorrean %26a. Atentzioa deitu zidan zein portzentaje txikitan indikatzen duten sedazio paliatiboa, %1.25a.

Enrique Arriola geriatrak (Matia) zabaldu zuen bigarren eguna CASCADE metodoa azaltzen (Choices Attitudes Strategies Care Advanced Dementia End of Life). Pazienteen profila, hauxe: Emakumezkoa, alarguna, 84 urtetik gorakoa, FAST 6-7, bizi-itxaropena 0-3 urte, menpekotasun eta asaldura kognitibo handiak. Hiru eskala interesgarri aipatu: SM-EOLD (Symptom Management at the End of Life care in Dementia), PAINAD (Pain Assessent in Advanced Dementia) eta BANS-S (Bedford’s Alzheimer’s Nursing Severity Scale). Bestela, hilkortasuna 6 hilabetera neumoniek eta aldaka apurketek baldintzatzen dutela, bereziki. Zunda nasogastrikoen aportazio eskasa kasu aurreratuetan, eta ekuazio argi bat: Disfagia = Terminaltasuna. Gaixoek eskubide osoa daukatela zainduta egoteko. Ez, ordea, neurri mediko guztiak jasotzeko.

Marta Idiaquez gizarte laguntzaileak (Matia) hiru kontzeptu azpimarratu zituen: Disponibilitatea (osasungileok eskaini behar duguna), bitartekaritza (familiarekin eta beste profesional batzuekin) eta perspektiba (hau hartzen lagundu behar diegu zaintzaileei).

Lori Thompson psikologoak (Matia) ekarri zigun omnipotenteak edo inpotenteak izatearen erdibidea: Egiten dugu aha duguna. Egi jasangarrien garrantzia: Ondo aztertu behar dugu hartzailea. Zaintzaile kronifikatuaren rola (gaixotasun luzeen ondorioz) eta zaintzailearen sindromea: Ukapen fase luzeagoa, errua (batez ere zahar egoitzekin lotuta). Xabier Alvarez psikologoa, doluari buruz, argi esan zigun gaixotasunak azaleratzen dituela familiako rolak.

Jose Manuel Garmendiak eskaintzen du arreta espirituala Matian, eskaeraren arabera beti ere (eskaintza egitea baino). Entzute talde bat sortu dute: Elkarbizitzaz eta menpekotasun funtzionala dira gai nagusiak. Zinema ostiraletan ematen dute. Poeta mistikoen irakurketak. Zainketa aringarrietan meditazioa, erlaxazioa eta otoitz kontenplatiboa. Heriotzaren osteko laguntza. Denboraren balorea (presentzia), lasaitasuna eta bakea dakartzana. Kontaktu fisikoa (Contacto, Comprensión, Compasión, Calidez, Corazón). Amore ematea, joaten uztea eta askatzea bultzatzen dute.

Myriam Berruete medikuak (Donostia Osp.) liburu (“Un hombre afortunado”, John Berger) eta pelikula labur bana (“Nunca te olvidaré”, Victor Devesa; 2015) gomendatu zizkigun. Kronologia bat ekarri zigun: 1984an Valdecilla, 1986an Vic, 1993an Etxeko ospitalizazioa Donostia Ospitalean, 1998an Zainketa aringarrietako unitatea Donostia Osp., 2008an Etxeko osp. Gipuzkoa osoan. Bestela, pertsona askok etxean hil nahi dute, baina horietako dexente azkenean ezin dute lortu, zaintzaileen baldintzetatik edo sintomen kontrol zailagatik. Halaber, osatzaile zaurituaren bere rola erakutsi zigun, dolu oso berria duelarik.

Javier Alaba medikuak (Matia), azkenik, minari buruz hitz egin zigun dementzien arloan. Prebalentzia %20-40koa dela. PAINAD eskala hobetsi zuen (aurpegiera, jarrera, mugimenduak). Umeekin eta jaioberriekin erabilitako eskalen antzekotasunak. Minaren azpitratamenduaren joera mediku eta erizainengan, alde batean, eta gaintratamenduarena zaintzaileengan, bestean. Minaren jatorria artrosia dela kasu gehienetan. Minaren ondorioak: delirium, depresioa, makaltze funtzionala.Gauza txikien garrantziaz. Eta zahar-egoitzetan urteko hilkortasun-tasa: %25a.

Info+: “Los derechos no caducan con la edad ni con el deterioro cognitivo” (3. edizioa)

Ostiralean da dementziadunen (eta euren zaintzaileen) nazioarteko eguna: Irailaren 21a.

“Eromena ez baita inoren monopolio izango jakina” (Inoren Ero Ni).

Zeren alardea?

%x %A in Suminetik bakera

alardeaArantxa Urretabizkaiaren liburuak, “Bidean ikasia”, barrutik kontatzen du zelan sortu zen Jaizkibel Konpainia Hondarribian. Herri mailako gatazka luzea eta bortitza, herriko mugatik kanpo dauden aspaldiko eztabaida eta mina. Indarkeria ezerk ez duela justifikatzen konbentzituta geundenean etorritako ikuskizun tamalgarria. Izan ere, (erdi) ohituta geundenean indarkeria (ia) beti toki beretik etortzen zela, Hondarribitik alderantzizko mezuak hasi ziren ailegatzen eta dena hankaz gora ipini ziguten: Badago gauza oso garrantzitsu bat biolentzia zuritu ahal dezakeena, gauza ia sakratu bat: Tradizioa.

Eta beste puntu bat: Politikoki sinplifikatu ezin bada ere, tradizioaren aurka egin dutenen artean daude lehenago “indarkeriaren bandoan” Bertsio Ofizialak sailkatuta zituen horiek. Eta bazter nahasle horien aurka, beraz, indarkeria erabiltzea zilegia da, jarrera defentsiboa besterik ez da. Ondorioa: Orain biolentoak “indarkeriaren bandoan” ez zeudenak dira. Borreroak biktima eta biktimak borrero, nolabait. Asko sinplifikatuta, berriro diot. Baina funtsean, ideia da rol batetik bestera pasatu gaitezkela norbanako moduan edo kolektibo moduan. Ez dago betiereko rolak alemaniar herriarendako edo judutarrendako, adibidez. Eta begiratu zer gertatzen ari den Penintsulako ipar-ekialdean azken hilabete hauetan, nondik datorren indarkeria, non gelditu den bakearen garrantzia “indarkeriaren bandoan” ez zeudenentzat.

A. Urretabizkaiak gauza anitzi buruz idazten du liburuan, eta hiru pasarte jaso ditugu “S(u/a)minetik bakera”-ren gidoia osatzeko. Zer da biktimismoa egitea? Zer da tolerantea izatea? Zeren alardea egiten dugu hitzak higatuta daudenean? Bakea, askatasuna, tolerantzia, “betiko” tradizioa, …

Enpatia gehiago behar dugu praktikatu, Arantxak aholkatzen digun moduan.

Eta hortik gupidara (Beste berba gastatu bat).

Lekeitioak

%x %A in Antropologia apunteak, Literaturan, Oroimenean

KurikUdarekin eta haurtzaroarekin lotzen dut nik Lekeitio. Otoio, Karraspio, uhartea, itsasargia, olatu-horma. Lopez izozkiak, Aralde liburudenda, Antzar Eguna, Itxas Soinua, kaxarranka. Mendexa, Amoroto, Oleta. “La muerte de Mikel“. Nostalgia. Gaur egun urtean behin edo birritan egiten dudan bidaia iraganaldira. Ez dauden pertsona askoren paisaia, ez dauden pertsona horiei esker ezagututakoa. Hizkuntzarekin (euskalkiarekin) kontzientzia piztu eta sendotu zidan herria. Orain dauden eta gero etortzen joan diren pertsonekin konpartitzen ditudan Lekeitio hauek guztiak.

Azken urte hauetan martxan ipini dute Lekeition aldizkari bat, inoizkari bat, kontu historiko eta kulturalak ekartzen dituena modu informal baina zehatz eta txukunean. “Kurik” ezagutarazi didan pertsona “gero etortzen joan diren” horietako bat da, Oier Gorosabel eibarnauta mutilmedia. Hirugarren eta azken zenbakiak kanposantuko kontuak, elizako hilobiak (“ars moriendi”), herriko lurperatzaileak, Izpazterreko hilketak, izurrite beltza Lekeition eta abar luzea ekartzen ditu. Mamitsua eta interesgarria guztiz.

Eta gainera, borobiltzeko, herriarekin (eta heriotzarekin) oso lotutako liburu bat erori zait eskuetara: “Erreka haizea”, Sonia Gonzalezena. Lekeitioekin txunditutako Bilboaldeko beste pertsona bat.

Badaukat oporren bigarren zati honetarako material ederra.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏