You are browsing the archive for 2019 三月.

Munstroak edo pertsonak

%x %A in Suminetik bakera

guggenheim armiarmaMunstroa itzuli da. Zeelanda Berriko paradisuan jo du bete-betean pasa den astean. Hegoaldeko uhartean izan da, herrialde osoko bigarren udalerririk populatuenean. Bilboko biztanleria bera duen Christchurchen. Komunitate musulmanaren aurkako atentatu bat izan da, eta munstroa arraza zurikoa, gutar bat. Familia “normal” batetik ateratako pertsona (hiltzaile ankerra).

Askoz errazagoa da bestela, munstroa islamista denean, gutarren aurka egiten dutenean. Munstroa  jendearen aurka. Zaila da desarmaturik dauden pertsonen kontra tiroka hasten den munstroa pertsonatzat hartzea. Jendetasunaren aztarnarik aurkitzea eta, aurkituz gero, onartzea. Onartzea munstrokeria eta jendetasuna batera topa daitezkeela pertsona bakar batengan. Gutariko edozeinengan.

Zalantza askoz gutxiago sortzen dute Jacinda Ardern bezalako emakumeek (pertsonek), paradisua kolpatua izan ostean komunitatea sostengatzen saiatzen ari den presidentea. Komunitatea, (pertsona) zuriek, maoriek, musulmanek eta abarrek osatutakoa.

Komunitatea, euskaldunak, espainiarrak, biak batera edo beste zerbait sentitzen direnek osatutakoa. Marta Buesa, Naiara Zamarreño, Ane Muguruza, Maria Jauregi, Sandra Carrasco, Inés Núñez eta Maider García bezalako emakumeek (pertsonek) osatutakoa. Ez baduzue “Hijas del silencio” ETB-2ko saioa ikus-entzun, hemen duzue ikus-entzungai. Goitik behera merezi du.

Info+: “Munstroa, antipodetatik etxera” (Urtzi Urrutikoetxea)

Buesarena

%x %A in Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua

sarabuesaPello semea eta biok Baskoniaren partidak ikustera Gasteizera joaten hasi ginenean, galdera oso logikoak egiten zizkidan: “Buesa Arena… Aita, eta nor zen Buesa?”. “Eta bere izena ipini zioten pabilioiari saskibaloi zalea zelako?”.

Fernando Buesaren kirol zaletasunei buruz gauza gutxi dakit. Interesgarriagoak iruditu zaizkit bere bi alaben ibilbideak euren aita ETAk erail osteko dolu urteetan. Batez ere elkarbizitzaren norabidean egindako deklarazioak. Baina definitiboa iruditu zait Gonzalo Britok haren blogean idatzitako artikulua: “El amor como posición existencial: La fuerza compasiva de una víctima de ETA”. Bideo batean, Sara Buesak emozioetatik aztertzen du bere dolua zelako izan zen, nola eman zion buelta hasierako mina, amorrua, beldurra eta traumari. Oso kontzeptu eraikitzaileak azaltzen ditu: Bigarren aukerak eta presoen bergizarteratzea. Errukia benetan zertan datzan. Zer den konpartitutako jendetasuna. Zer diren begirada gupidatsuak:

“Habían también otras miradas, y esas son las que grabo a fuego: miradas cercanas, tristes y serenas, cálidas y firmes, que conectaban con mi dolor, que me insuflaban fortaleza y me hacían sentir arropada en mi dolor”.

Britok konpartitzen du, halaber, mundu mailako bi ekimen mamitsuak: Alde batetik, “Daughters for life” (Israel-Palestina), eta bestetik “Amy Biehl Foundation” (Hegoafrika). Biek ala biek jorratzen dituztelarik indarkeriaren osteko beste erantzun posible batzuk, mendekutik kanpokoak. Bake hezkuntzaren eta errukiaren (bere zentzu osoan) aldekoak.

Pellori beste asunto hauek guztiak orain ez zaizkio interesatuko gauza handirik, baina Aiora eta bera zeozer entzuten ari dira etxean azken urte hauetan. Herenegun arte zer gertatu den hemen jakin behar dutelako.

PD.- Datorren igandean “360 grados” telebista saioan (ETB2) erreportaje bat eskainiko dute: “Hijas del silencio” (Marta Buesa, Naiara Zamarreño, Ane Muguruza, Maria Jauregi, Sandra Carrasco, Inés Núñez eta Maider García).

Errukiz

%x %A in Suminetik bakera

dentro_derecha_cdArrasateko Udalak pasa den abenduan “Memoria partekatu baterantz (1956-2018)” txosten mamitsua aurkeztu zuen, alderdi politiko guztiek landuta eta sinatuta. Bertan jaso dituzte motibazio politikoa zuten indarkerien gertakariak 1956tik 2018 arte. Frankismoan pairatutako biolentziaren ondorioak aztertzen, 1956 urtea aukeratu dute abiapuntu moduan. Izan ere, urte hartan lehenengo aldiz salbuespen-egoera agindu zuten espainiar estatu osoan.

Tarte hartan, 18 pertsona hil dute guztira Mondragoen edo herritik kanpo arrasatear herritarrak zirenak, kronologikoki: Luis Santos Hernández, Argimiro García Estevez, Jesus Pascual Martin Lozano, Juan Moreno Chamorro, Esteban Maldonado Llorente, Iñaki Etxabe Orobengoa, German Agirre Irasuegi, Constantino Gomez Barcia, Agurtzane Arregi Letamendi, Aurelio Salgueiro López, Emilia Larrea Saez de Adana, Enrique Gomez Alvarez, Juan Luis Agirreurreta Arzamendi, Xabier Perez de Arenaza Sogorb, Mario Manuel Leal Baquero, Antonio Ramos Ramirez, Ambrosio Fernández Recio eta Isaías Carrasco Miguel.

Erailketa horietaz gain, 2 pertsona bahitu zituzten herrian bertan, Julio Iglesias Zamora eta José Antonio Ortega Lara. Bestela, kale borrokaren 57 eraso zenbatu zituzten guztira (horietako baten ostean pertsona bat hil zen azkenean, ospitalean egon eta gero). Halaber, 111 pertsonek segurtasun indarrek eragindako torturak edo tratu txarrak salatu zituzten.

Datu guztiak on-line kontsultatu daitezke patxadaz udal webgunean, “udal argitalpenak” atalean. Nor zen nor, nola, noiz. Eta informazio garrantzitsu honetaz gain, oso interesgarriak iruditu zaizkit testigantzak, herriko pertsona ezagun batzuk kontatutakoak lehenengo pertsonan. Abizenak alfabetikoki ordenatuta:  Javier Abalde, Lourdes Agirreurreta, Guadalupe Agirreurreta, Iban Arantzabal, Amaia Arrieta, Amaia Azpiazu, Sandra Carrasco, Olatz Etxabe, Francisco García (goian bego), Juan Karlos Garitano, Maria Dolores Jauregi, Iciar Lamarain, Julia Monge, Jon Sarasua, Ramon Urrizalki, Jose Ignacio Yarza, Marino Yuste eta Javier Zugasti.

Mondragoe izan da lan mardul hau egin duen azken udalerria, Andoainekin batera. Bidea irekitzen, lehenengoa Errenteria izan zen 2015ean. Ondoren, Elgoibar eta Lasarte-Oria 2017an. Bost udalerriak Gipuzkoakoak, orain arte. Gauzak mugitzen ari dira, zorionez, arlo “mikroan” behintzat. Zaratatik at, gerizpean, eta artaldetik aldenduta. Arlo “makroan”, egunero ikusten dugunez, dena zailagoa da. Ausardia behar da, konfiantza, pazientzia . Enpatia, hitz gakoa. Eta hortik urrats bat haratago, errukia: Hormak desegiten dituen kontzeptu ahaztua.

Zubigintza honetan, azken bi hilabete hauetan, aktibitate handia sumatzen ari gara: Maria Jauregi, Ane Muguruza, Rosa Lluch, Ibon Garate, Sara Buesa, Gorka Landaburu, Josu Elespe, Iñaki Garcia Arrizabalaga, besteak beste. Eta Etxerat-en esaldi bat: “ETAren biktima asko aurrerapauso bat ematen ari dira, beste espetxe politika bat publikoki aldarrikatuz. Eskertu nahi diegu sufritzen dugunokiko agertzen duten enpatia eta hori eskuzabaltasunez egitea, trukean ezer espero gabe”.

Zubi gupidatsu hauen mutur bietan edukiko genituen bi kontzeptu printzipioz kontrajarriak: Alde batean barkamena, eta bestean mendekua. Oraindik oreka nahikoa urrun dago, eta mendekuaren aldea askoz populatuagoa da bestea baino. Blog honetan beste batzuetan hitz egin dugu barkamenari buruz bet-betean, euren onurei buruz, hala eskatzen duenarentzat nola ematen duenarentzat. Kuriositatez, “Barkamenaren mendekua” (Éric-Emmanuel Schmitt) izenburuko liburua irakurri dut berriki, kontzeptu biak uztartzen dituena. Oso gomendagarria.

Testuinguru honetan, martxoaren 3a iritsi da, eta 43 urte pasa dira 1976 odoltsu hartatik. Aitortzarik eta justiziarik gabe, eta barkamen eskaera barik jakina. Dolu trabatuak, oztopatuak, debekatuak, ez onartuak. Gauzak zelan egin behar ez diren erakusten duen eredu txarra.

Eredu hobea, aldiz, pasa den abenduan hil zen Amos Oz idazle israeldarra. Ekialde Hurbileko gatazka eternalean zubia izan nahi zuen idazlea.

Maiatzean egingo dugu hurrengo funtzioa “S(u/a)minetik bakera”, Zarautzen. Gonbidatuta zaudete.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏