You are browsing the archive for 2019 八月.

Heriotz ezin hobe bat

%x %A in Dolua, Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak

Bakea“Sabelean korapilo bat neukan: Arratsaldero zahar-egoitzatik etxera joaten nintzenean estutasun horrekin, ea egun hartan hilgo zen ni barik. Hil zenean, zorionez, korapiloa askatu zitzaidan. Hor egon ginen hirurak, berarekin, eta zu gelditu zinen gurekin batera azken hatsa eman zuen arte. Oso polita izan zen. Kalean kontatzen dut eta zoratuta egongo banintz bezala begiratzen didate, baina horrela izan zen, ezin hobea.”

Egia esan modu horretan gertatu da, 7 hilabete izan dira eta bakea izan da prozesua definitzeko hitz egokiena. Baita maitasuna eta umorea ere bai. Kontsultara etortzen ziren eurak, hiru senideak, emaztea eta bi alabak. JR egoitzatik ez zuten ekartzen, ni joan nintzen hara behin berari bisita egiten, eta dena ondo eta lasai zegoelako iritziarekin geratu nintzen.

Urtarrilean topatu ginen aspaldiko partez C eta biok, JRen emaztea eta biok. C ospitale zaharreko lankidea izan zen, urteetan, eta bizitzak elkartu gintuen ospitale berrian erabateko kausalitatez. Senarraren egoera jakin nuen eta kontsultara bideratu nuen, onkologikoak ez diren pazienteekin beti da zailagoa zainketa aringarrietara hurbiltzea.

Hurrengo 7 hilabeteetan kontsultan zalantzak uxatze lanetan ibili naiz, hartutako erabakiak sendotzen, C-k egindako zaintzaile lan guztia eta 2 alaben ikuspuntuak balidatzen. Oreka mantentzea hitz batean. Eta azken hilabetean hiru bizipen garrantzitsurekin gelditu ahal izan dira: JRren urtebetetzea ospatzea, pazientea egun batez zahar-egoitzatik etxera itzultzea eta beste egun batez Arantzazuko paradisura joatea.  

Abuztu honetan heriotza onak eta bereziki lasaiak eduki ditugu. Eta JRrena, egia esan, ezin hobea izan da. Doluaren bidea goxatzen duena.

Bakardadeaz

%x %A in Zarautz Errukitsua

170px-Frederick_Leighton_-_SolitudeBi emakume topatu dute hilda euren etxean Zazpi Kaleetan egun hauetan. Elkarrekin bizi ziren eta batek 60 urte inguru zeukan, loba, eta besteak 80, izeba. Bizilagunek abisua eman zuten usain txarra zela-eta eta heriotzen zergatiak ikertzen ari dira ertzainak…

Ikertzen ari dira medikuak, erizainak, psikologoak, neurozientzialariak eta abar zeintzuk diren bakardadearen ondorioak. Gauza jakina da depresioa, alkoholismoa, dementzia, suizidioa, dolu konplikatuak, hipertentsioa, hiperkolesterolemia, obesitatea, istripu zerebrobaskularrak eta gaixotasun kardiobaskularrak lotuta daudela epidemia sozioekonomiko global honekin.

Erresuma Batuan 75 urte baino gehiago duen jendearen erdia bakarrik bizi da. Eleanor Rigbyren herrialdean, 2018ko urtarrilean izendatu zuten munduko lehenengo ‘Loneliness Minister’, Tracey Crouch. Londongo Saint James eliza anglikanoan ateak zabaldu dizkiete homeless-ei kale gorrian pasatu behar ez izateko euren bakardadea, uda honetako oporretan ikusi genuen moduan. Piccadilly Circuseko epizentrotik oso gertu.

Gazteak eta adinekoak elkarrekin bizitzeko esperientziak sortzen ari dira. ‘Cohousing’ errealitate bat 1960ko hamarkadatik Danimarkan eta mundu osoan, eta sare horretan Ametsak Sortzen euskal elkartea topatu dut. Egoitza geriatrikoen eta hospice-en alternatiba interesgarria adinekoentzat eta bide aztergarria edozein komunitate errukitsutan. Izan ere, zainketa aringarrien arloan erronka erraldoia da jendea bakarrik ez hiltzea eta bakarrik ez pasatzea bizitzaren amaiera.

Bitartean, hor kanpoan mundu bat dago eta bakarrik hil dira adineko andra bi Bilbon, gure bizilagunak izan zitezkeenak.

“All the lonely people, where do they all come from? All the lonely people, where do they all belong?” 

Info+: Loneliness is as toxic as smoking 15 cigarettes a day.

Hondar higikorrak (2)

%x %A in Humanizazioa, Literaturan, Onkologikoak, Sin categoría, Zarautz Errukitsua

HenningMankellUdako irakurketen artean aurten sartu dut aspalditik zintzilik neukan liburu hau. Eta Ingalaterra aldean dastatu ahal izan dut azkenean uda honetan, atsegin handiz, gaztelerazko itzulpenean.

Henning Mankell idazleari minbizia antzeman zioten 2013ko abenduan, eta “Hondar higikorrak” (“Kvicksand”) liburuan 2014ko maiatza arte egindako hausnarketak ta oroitzapen autobiografikoak elkarbanatu zituen 67 atal laburretan zehar, gehi epilogo are laburrago bat. Irakurraldi udatiar erraza suertatzen da, gai korapilotsua izan arren, nahiz eta irakurlea ur handitan murgiltzen den idazlearekin batera.

Izan ere, oporretan ere bizitzak aurrera darrai, udan ere jendea bizitzaren amaieran sartzen da. Heriotzaren presentzia bereziki deserosoa da urteko sasoi honetan, batik bat kostaldean. Death Cafeak eten egiten ditugu oporrak direla-eta, hondartzako eta kaleko giro honengatik. Beroak ez du laguntzen, noski, baina esaldi bikain horietako bat irakurri dut HUCIren webgunean aste honetan: “La vida debe ser un equilibrio constante entre el movimiento y el descanso”.

2015eko urrian hil zen Mankell suediar dramaturgoa.

Ahoa itxita kantatzen duzu, eta nik hil arte bizi nahiko dut. Konturatu naiz zaila dela ahaztea, uso guztiak otso direla baso ilunetan.

(Nøgen –  “Liv til døden’’).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏