Ez dok/n hamahiru

%x %A in Dolua, Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua, Zineman

ErromoKEIrailean ikasturte berriari ekinez, udako amaiera honetan martxa berreskuratu dugu eta “S(u/a)minetik bakera” (SB) ikus-entzunezkoaren hamahirugarren emanaldia eskaini genuen pasa den irailaren 12an Erromoko Kultur Etxe dotorean. Bizkaira itzuli gara horrela, eta oraingo honetan testuingurua berezia izan da. Antolatzailea “Getxo Zurekin” zen, Euskal Herrian sortutako lehenengo hiru hiri errukitsuetatik bat. Eta zer da hiri edo komunitate errukitsu bat? Lehenik eta behin, udalerri batean sortutako gune bat da, non heriotza, dolua, hauskortasuna, gaixo aurreratuak, gaixoen zaintzaileak eta lotutako beste gai batzuk saiatzen diren jorratzen ahalik eta modurik irekien eta naturalen. Badakizuenez, gai sorta hau ez dago normalean kalean gure arteko solasaldietan azaltzen. Bakarrik profesionalekin eta zirkunstantziek eraginda hitz egiten dugu tabu hauei buruz orokorrean, nekez familiarekin eta are zailagoa etxetik kanpo edo lagunekin. Adibidez, “Death Cafe” izeneko topaketak mundu mailan antolatzen dira, talde txikietan, hain zuzen ere gai hauei buruz hitz egiteko (eta entzuteko) beharra edo nahia duen jendeak horrelako espazioa eduki dezan herrian.

Hiri errukitsuena ere nazioarte mailako mugimendu bat da, eta EHn Getxorekin batera Gasteiz, Santurtzi, Zarautz eta Iruñea daude orain arte. Hain zuzen ere, SBren azken emanaldia Zarautzen izan zen maiatzean, hamabigarrena, dolua eta biolentzia testuinguru errukitsu horretan lehenengo aldiz sartu genituenean. Hamahirugarren emanaldi honetan errepikatu dugu ahalegina, modu are esplizituago batean, eta antolatzaile lanetan Naomi Hasson egon da, Debagoienean ezaguna izan den erizain paliatibista, duela urte batzuk “Saiatu” programa eskualdean (eta Gipuzkoako beste toki batzuetan) martxan ipini zuena. Maider Urtaran eduki genuen aurkezle lanetan Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok. Eta egia esan etorritako publikoak izugarri erraztu zion lana solasaldian, bizi-bizi parte hartzen eta nahikoa beteta zegoen aretoan giro ederra sortzen. Ustekabea izan zen, egia esan, oso ustekabe ederra. Aurpegi batzuk oso ezagunak ziren, are gehiago aspaldiko lagunak. Poz-pozik amaitu ginen.

Honen atzetik, espero dugu malefiziorik ez egotea eta beste hiri errukitsuren bat bisitatu ahal izatea: Santurtzi ziur aski, eta Iruñea baldintza politikoen arabera. Deustuko Unibertsitatetik ere interesa egon daiteke gure obra eszenikoa eramateko.  Eta “Gernika Gogoratuz” elkarterekin bilatzen ari gara modua han ere egin ahal izateko. Hain zuzen ere, Gernikan irailaren 21ean ekimen polit bat kaleratuko dute honen guztiaren inguruan elkarte horren bidez. Data hartan, Bakearen Nazioarteko Egunean, Michael Klant artista alemaniarrak Berlingo zerua irudikatuko duen margolana Gernikako zeruan. Modu horretan, berradiskidetzea “artibismotik” sinbolizatu nahi du, Alemania eta Euskal Herriaren artean. Izan ere, Klanten aita Condor legioko kidea izan zen 1937ko aireko eraso zital hartan. Aurtengo apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenean, Gernikako zerua irudikatzen zuena eraman zuen Berlingo zerura. Eta orain irailean bueltako bidaia egin nahi du. Ederra benetan.

“Sormena baliatuz soilik heldu ahal izango gara bakera, eta bakea izango da gizakiaren artelan erraldoia”. Andreas Schäfter (Gernika Gogoratuz).

Beste alde batetik, SBren aurrekaria izan den “Aulki Hutsak” dokumentalak datorren abenduan beteko du 6 urte estreinalditik. 2014a izan zen urterik mugituena, ia astero proiekzio bat eduki genuenez, 42 guztira. Hurrengo hiru urteetan joan zen apaltzen interesa, naturala den moduan, baina 2018an eta 2019an “bigarren gaztaro” bat bizitzen ari da eta hamarnaka emanaldi eskaini ahal izango dugu, udazken honetan 3-4 tokitatik deitu digutenez. 6 urte hauetan beraz 90 emanaldi guztira eduki ditugu AH-ekin, zenbaki benetan polita. Eta horietatik 11 Euskal Herritik kanpo izan dira, azkena aurten bertan Avilan. Pozgarria benetan doluaren mezuarekin iritsi ahal izatea euskarazko ekoizpen batekin, beste behin ere probatuz hizkuntzak oztopoak direla hala izatea nahi dutenentzat soilik.

Eta amaitzeko, hirugarren proiektu bat ere egon daiteke zerumugan, doluaren trilogia bat osatuko zuena. Aurrera jarraituz gero toki honetan bertan kontatuko dizuet.

 

PD.- “S(u/a)minetik bakera” Literaturia 2019an: “Lizardiren baratza” irratsaioan (Euskadi Irratia)

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏