You are browsing the archive for 2019 十一月.

Entzunaz bizikidetza eraiki

%x %A in Aulki Hutsak, Suminetik bakera

forosocial_26891_1Atzo Iruñean Robert Manrique berriro topatzearen zoriona eduki nuen. Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan antolatutako jardunaldian izan da, eta bitxiena izan da hemizikloan bertan egon ginela publikoa, bizikidetzan sinesten duten parlamentari batzuekin batera.

Gogoratuko zarenez, Robert bizirik atera zen ETAk egindako Hipercorreko atentatutik 1987an, Bartzelonan. Monzón herrian ezagutu ginen 2014an bertan AH-ekin egin genuen proiekzioa eta solasaldiari esker. 2018ko otsailean, bera eta Rosa Lluch aritu ziren narratzaile lanetan geure SB obra eszenikorako, katalanezko bertsioan.

Atzo harekin batera Idoia Zabaltza egon zen, argitu gabeko baldintzetan Guardia Zibilak torturatu eta eraildako Mikel Zabaltzaren arreba bat. Mikelen zorigaitzeko istorioa “Adiorik gabe” antzezlan sortan eta Ion Arretxeren liburuan (“Intxaurrondoaren itzala”) jaso zuten. Atzo, modu etsituan baina borroka alde batera guztiz utzi barik, familiaren mina konpartitu zuen bertaratutakoekin, Robert solaskidearekin eta Fernando Rey moderatzailearekin. Saihestezina izan zen Arrasateko Etxabetarren minaz ez gogoratzea eta Altsasuko familia haienaz, eta beste hainbatenaz.

Saihestezina izan zen, halaber, “terrorismo” hitzaren eta horren atzean dagoen sufrimendu guztiaren banalizazioaz hitz egitea. Robertek modu egokian nabarmendu zuen puntu hau, Katalunia bere herrialdean azken hilabete luzeetan sektore batzuetatik egiten ari direnez. Zabaltzatarren minaren aurrean ezikusiarena egiten duten sektore berdinak. Atzo legebiltzarrean egon ez ziren berdinak.

Iñigo Aranberrik aurreko igandean “Biktima” izenburuko artikulua sinatu zuen, eta bertan Ane Muguruzaren hitzak jaso zituen (Josu Muguruzaren arreba):

«Uste dut biktima zera horrek ez nauela ordezkatzen. Gaur egungo biktima terminologia horretan ez naiz identifikatua sentitzen. Gehiago gustatzen zait esatea gatazkaren kaltetu bat naizela, edo ondorioak pairatu dituen pertsona bat. Egun ezagutzen dugun biktima izaera horretan Estatu terrorismoaren kaltetu asko ez dira identifikatuta sentitzen. Eta ni barne. Ez dakit eman zaien erabilpenagatik, batzuk nola goraipatu dituzten eta besteok nola gutxietsi gaituzten…».

Info+: “Víctimas de violencia coinciden en el no al odio y en la búsqueda de justicia y reconocimiento”

Katanga

%x %A in Dolua, Humanizazioa, Onkologikoak

UdazkenaUdagoienik udazkenena izaten ari da aurtengoa. Azken urteotako miraria, uraz blai, berdeek, gorriek, horiek, laranjek eta marroiek mozkortuta. Emankorra. Poz-pozik.

Debagoieneko ospitalea ere udagoienak hartu du. Bata bertzearen atzetik ospitaleratu eta hil dira aspaldiko gaixoak eta aste hauetan ezagututakoak. Onkologikoak eta ez direnak. Tartean, rokero zahar bat baino gehiago. Tarteka, batzuk etxean bertan hiltzen dira, besteak geurean. Sagarrez sagar. Galdetzen badidazue ea geuk zelan kudeatzen dugun emozionalki hau guztia, erantzuna argi dago. Norberak ahal duen moduan.

Esperientziak laguntzen du, nire kasuan, eta kontuari aurrez aurre begiratzeak. Eta aitortzeak nik ere dolua egin behar dudala pazienteekin, batzuekin lan handiagoa eskatzen didala, edukitako harremanaren arabera, prozesua zelakoa izan denaren arabera, zenbat iraun duen, agurrik egon den ala ez. Abiatzen gara errealitate batetik: Sagarrak baino pertsonak direla (garela). Batzuk gorriak, bertze batzuk berdeak, horiak, laranjak edo marroiak. Humanizazioak hau dakar, sentitzen dugula, existitzen garela.

Katanga Kongoko hegoaldearen eskualdea da, Zaire izandakoa. 1960-1970eko hamarkadetan independentziaren aldeko mugimendua egon zen, mugakidea den Angolarekin lotutakoa. Akaso honengatik edo auskalo zergatik, Arrasaten Katanga izeneko taberna egon zen. Ez dut ezagutu, suposatzen ari naiz desagertu egin zela. Baina ezagutu dudana bertako familia kide bat izan da, lankidea ere izandakoa. Saltsa askotako perrexila, bertzeak beste Mondragoeko danborradarena. Errealzale leiala, alaia, limurzalea. Urte onetan berarekin ospitalean gurutzatzeak zekartzan loreak, hitz ederrak eta muxuak. Bizipoza.

Haren alboan egoteko zoriona eduki dut, haren azken egunetan. Asteak pasatu dira hil denetik, baina orain etorri zait barrukoa husteko aukera. Eskerrik asko R, bihotzez, konfiantzagatik.

 

 

Heriotza Mexikon

%x %A in Antropologia apunteak, Bizi gara!, Dolua, Suminetik bakera

deathmexicoEgun hauetan Nuria Vega psikologa, tanatologa eta lagun kanariarra Mexiko aldean egon da, Gabonetara begira eta denok ditugun aulki hutsak kontutan hartuta han doluari buruz hizketan. Pixkanaka argazkiak, audioak eta testuak konpartitzen dabil (eskerrik asko Nuria!).

Izan ere, Domu Santu eguna zelan ospatzen duten ikusteko, entzuteko eta sentitzeko modukoa da. Ana María mexikarra hasi da Death Kafeak antolatzen geurean, Portugaleten, eta hango irudiak elkarbanatu ditu egun hauetan ere (eskerrik asko, Ana María). Aurten, eguna Sorian pasatu dut, eta arimen inguruko ikuskizun sotila baina ederra dastatu ahal izan dugun familian (“Festival de las ánimas”). Baina 2001ean Tijuanako hilerrian igaro nuen azaroaren 1a eta, bai, goitik behera merezi izan zuen.

Mexikotik datozkigunak zatiak baino ez dira, norberak interpretatzen dituenak. Herrialde guztietatik jasotzen duguna bezala. Topikoak eta arinkeriak sarritan. Eta sumina tarteka, indarkeria gordina, dolu kolektiboa, samina. Narkoterrorismo kontzeptua ere sortu dute bereziki Kolonbian gertatu zena eta Mexikon urte hauetan gertatzen ari dena definitzeko. Feminizidioak Ciudad Juárez eta DF hirietan, Guerrero, Michoacán, Chihuahua, Jalisco eta Oaxaca estatuetan. Ayotzinapako ikasle desagertuak.

Hemen Jorge Reyes musikari mexikarrak 1986an egindako diskoa arimen omenez, “Comala”.

Borreroaren larruan

%x %A in Suminetik bakera, Zineman

OQueArdeMunstrokeria da infernua piztea, basoak sutan egotearen atzean gizaki baten eskua topatzea. Galizian, Portugalen. Urteak joan eta etorri. Krimen ekologikoa.

Eta meritua da borreroarekin enpatia piztea pelikularen hasieratik, Oliver Laxe gidoigile eta zuzendariaren meritua. Gizonaren humanitatearekin bat egitea hasierako irudietatik. Are gehiago, ama zaharraren etxe zaharrera iristen ikusten dugunean, kartzelatik aterata. Naturarekin eta animaliekin daukan lotura antzematen dugunean. Haren begiekin gauzak ikusten ditugunean.

Ariketa zaila da, ez delako erraza infernua ahaztea. Zuzendariak suaren hondamendia ez digu ezkutatzen gainera. Geure aurrean ipintzen dizkigu hala krimena nola kriminala. Eta munstroaren aurkako erreakzioa ulertzen dugun arren, pelikularen amaieran, ezin dugu zuzenean gorrotatu. Laxek lortzen du dikotomietan ez jaustea (borreroak/biktimak, ongia/gaizkia), eta ikus-entzulea ez du behartzen erabakitzen.

Borobiltzeko, musika pieza zoragarri hau oparitzen digu. Moitas grazas.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏