You are browsing the archive for 2020 一月.

Miñan

%x %A in Dolua, Humanizazioa, Literaturan, Zarautz Errukitsua

MiñanIbrahima Balde etorkin ginearraren bizipenak jaso ditu Amets Arzallus-ek liburu honetan. “Miñan” anaia txikia esan nahi du fula hizkuntzaz. Eta minari buruzko kontakizuna da hau. Min fisikoa, pertsonen trafikatzaileek edo poliziek emandako kolpeen mina. Ihesean ibilita, edozein tokitan lo egitearren jasaten duzun mina. 

Arimako mina, aitaren heriotzak eragindakoa. Edo anaia txikiarena. Bata hirian, bestea itsasoan. Doluaren mina, eta migrazioarena. “Getxo Zurekin” ekimen errukitsuaren barruan, hain zuzen ere, Ana Uribe psikologo eta tanatologoak honi buruzko tailer bi prestatu ditu hilabete honetan Algortan. Beti ere atzean lagatzen duzunaren mina da.

“Miñan” bidaia kronika desberdina da. Turista edo bidaiari batek egindakoa baino behartutako etorkin batena (etorkin guztiak behartutakoak dira, egia esan). Ginea-Konakry, Mali, Aljeria, Libia… Euskal Herria.

“Orain badakit norbait hiltzen denean izoztuta gelditzen dela. Edo beharbada lehenik izozten da eta gero hiltzen, horrekin zalantza daukat”. Ibrahima Balde.

 

Zubiak

%x %A in Suminetik bakera

zubiakLubakietatik saltoka dabiltza pertsona batzuk, deitu “outsider“, deitu ahuntz, deitu zubigile. Bakearen bila akaso. “Guztion Alardea” taldeak elkarrizketa eskatu dute Hondarribiko gatazka konpontzeko. “Sit and talk” alegia. 

Errenterian, bestela, eredugarria da Julen Mendoza alkatearen urteetan egindako lan aitzindaria. Leku hobeagorik nekez topatu zitekeen Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillas-ek egindako dokumentala aurkezteko aste honetan. Zubi guztiek arrakalak eduki ditzakete, dokuaren pasarte batean irudikatu duten moduan. Baina pertsonak alde batetik bestera igarotzeko balio duten bitartean, ongi etorriak.

Lan honen protagonista nagusiak Maixabel Lasa eta Ibon Etxezarreta dira. Ibonek parte hartu zuen Juan Mari Jauregiren aurkako atentatuan, kartzelan dago Langraitzen. Biktima eta borreroen arteko topaketen partaideak izan ziren, “encuentros restaurativos” izenekoetan. Damua eta barkamena hitz higatuak dira, konnotazio ez hain positiboak ditu eta saihesten saiatzen gara. Maixabelek dokumentalean beste modu batean adierazten du: bigarren aukera bat eman.

Elkarbizitza eta sasoi berrien inguruan, zoragarria iruditu zait Samara Velteren aitorpena “Berria”-n:

“Nik defendatuko dut Senper pertsonaiak euskal politikara ekarri duen irekiera: gutako askori lehenbiziko aldiz otu zaigu PPko guap(o)ekin oheratzeko aukera. Garai berriek horretarako ez badute balio, nahiko garai berri eskasak iruditzen zaizkit”.

Datorren hilabetean SB aurkeztuko dugu azkenean leku sinboliko horietako batean, eta solasaldian bi outsider-ahuntz-zubigile edukiko ditugu atsegin handiz.

 

Postdata: “Biolentziaren artea” (Xabier Amuriza)

 

Ama

%x %A in Dolua, Literaturan, Oroimenean

AmaAutobiografikoak diren liburuak gustatzen zaizkit, benetako istorioak eta benetako sentimenduak. Jose Ignacio Carnerok liburu honetan kontatzen diguna immigrazio istorio bat da, lehenik eta behin, Galiziatik Euskal Herrira egindakoa, Bizkaira, Ezkerraldera, Portugaletera (Errepelegara?). Klase kontzientzia, PSOE, Labe Garaiak, Athletic, punka, zaldi urdina, ETA,…

Baina osagai hauen guztien gainetik, dolu istorio bat. Semeak amarengatik sentitutakoa, heriotza baino lehen hasitakoa, hauskortasun lehenengo zantzuetatik. Ez egindako gauzengatik damua, bai eta egindako batzuengatik ere. Erru sentimenduak, baina horren gainetik maitasuna, zalantzarik gabekoa. Esker ona. Eta barkatua izateko beharra. Doluaren zereginak. Amaren ahotsa eta pasadizo biografiko ezezagunak. Amaren Jaungoikoa.

Laster 5 urte izango dira geure ama hil zela, eta antzeko bizipenak konpartitzen ditut liburuaren egilearekin (Athletic albo batera lagata). Kokapen geografikoa ere oso familiarra dut. Laguntzen duten liburu horietakoa da hau. Eta maitatzeko apologia egiten duena. Blog honetarako oso aproposa, gomendio moduan, Gabonak igaro berritan.

Bihotzez: Arantza, Alberto, Loli, Eli…

Doluaren trilogia

%x %A in Dolua, Mendian Hil Hirian Hil , Zineman

Otsagabia19Urte berria martxan dago, eta horrekin batera proiektu berriak. Eta ilusioa. “Aulki Hutsak” eta “S(u/a)minetik Bakera” lanen osagaia izango den hirugarren dokumentala buruan, doluaren trilogia osatuko duena. “Mendian hil, hirian hil” elkarrizketa hura, Jorge Nagorerekin batera Gasteizen 2018an edukitakoa da abiapuntua. Santiago de Compostelatik bueltan piztu zitzaidan bulkada 2019aren amaieran (merci pour la magie, Marisa). Eta hilabete hauetan joan naiz elikatzen egitasmoa pentsatutako parte hartzaileekin. Dozena bat pertsona, hilabete honetan ondo finkatzen saiatuko naiz. Izen ezagunak, hainbeste ez direnekin batera.

Aurtengo Mendi Film Festival ere guztiz argigarria izan da, horixe baita gure helburu nagusia. Arteman Komunikazioa izango da aurreko bi dokumentaletan bezala ekoiztetxea. Gipuzkoa eta Nafarroa izango dira kokaleku nagusiak. Nepalgo bazterrak ere ez dira urruti egongo. Annapurna, Cho Oyu, Pumori, K2… Badaukat bereziki nori dedikatu, gainera. Eta gauza gutxi gehiago kontatu dezaket.

Pista asko laga dizuet dagoeneko…

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏