You are browsing the archive for 2020 五月.

Leku ona hiltzeko?

%x %A in Mendian Hil Hirian Hil

chooyuXabi Ormazabal 2004an hil zen 22 urterekin Cho Oyu menditik jaistean. Lau urte geroago, Iñaki Ochoa de Olza hil zen Annapurnara igotzean 2008an 40 urterekin (egun batzuengatik ez zituen 41 urte bete). 285 km daude zortzimilako batetik bestera. 85 km daude Urretxutik Iruñera. Zergatik distantziak neurtu?  Zergatik neurtu mendiak metrotan eta bizitzak urtetan?

Jorge Nagore Iñakiren laguna eta Esperanza Fraucaren semea zen. Rol horietatik abiatuta, solasaldi publikoa eduki genuen Gasteizen duela urte bi, SECPAL 2018 zainketa aringarrien biltzarraren ateetan. “Mendia hil. Hirian hil” zuen izenburua, eta helburua zen heriotza eta doluaren inguruko hausnarketa berezia hurbiltzea kaleko jendeari, dokumental honekin dugun berbera. Pasa den asteazkenean elkarrizketa hura berriro eraiki genuen, Esperanza (zein izen polita) eta Iñakiren kokaleku biografiko bitan, Pirinio aldeko Ariben eta Iruñeko Zitadelan hurrenez hurren. Irati ibaiaren xuxurla, trumoi urrunak eta enaren txioak izan ziren lagundu ziguten soinu batzuk. Ezpelaren usaina, hiriko zumarrena. Aezkoako haitzak, Gaztelu Berriko hormak.

Ariben etxearen kontzeptuaren adibide arimadun bat ezagutu genuen bertatik bertara. Eta hortik bidaiatu ginen Nepal aldera, eta denboran 12 urte atzera egin genuen (pasa den astean urteurrena izan da) erreskate saiakera hura berreraikitzeko, Iñaki bakarrik ez hiltzea arrakastaz lortu zuena. 14 pertsonako taldelana, bizitza hutsa. Ondorengo urteetan, SOS Himalaya fundazioaren lanak katea ez du eten. Are gehiago Nepalgo 2015eko lurrikararen ostean, baita 2020ko oraingo pandemiak hainbat espedizio bertan behera laga ostean ere.

Andoni Ormazabal, bestela, Xabiren anaia izan zen. “Lehoinabarraren aztarna” dokumentalarekin bidea zabaldu zion doluari, anaia hil eta hurrengo urtean. Prozesu pertsonal hauetan oso lagungarria da inguruan komunitate bat edukitzea, familia, lagun taldea, herri bat. Eta ondoren jarraitzen duen bizitzan mendizale gazteentzako beka eta mendi festa bana antolatzen badituzu, pertsona (Xabi) omendu ez ezik zentzua apur bat bilatzen diozu gertatutakoari. Tragediatik maitasuna, elkartasuna eta bizipoza piztea. Posiblea da, Urretxu-Zumarragan gertatzen da.

Andonirekin solasaldia leku magiko batean eduki genuen, harkaitzean sartutako Sandaili baselizako kobazuloan. Ojo Guareña Burgosen, San Juan de la Peña Huescan, Reignac Dordoinan, Predjama Eslovenian… eta Sandaili Araotzen (Oñati). Oso eskalada gune bisitatua da, eta horretarako denbora ere eduki genuen. Patxadaz eta momentuaz disfrutatzen. Mindfulness erabatekoa. Datorren astean hirugarren umea datorkio Andoni eta haren familiari,  aitatasunaz ere gogoeta egin genuen, bizitza badator. Beraz zeri buruzkoa da geure dokumentala, heriotza ala bizitzari buruzkoa?

Galdera gehiago: Himalaia al da leku ona hiltzeko? Eta bizitzeko? Aezkoa? Urola Garaia? Iruñerria?

 

PD.- Petti da bakarra, Izaskun Andonegirekin batera, errepikatuko duena “Aulki Hutsak”-etik hirugarren proiektu honetan. Abesti batekin, orduan bezala: “Azken aetzaren balada”. Betor lainoa, Arpeatik sigi-saga…

Zirkuluak mendian eta herrian

%x %A in Mendian Hil Hirian Hil

KurtzebarriHerniora igo nintzen lehenengo aldia duela 18 bat urte izan zen, Alkiza izan zen abiapuntua. Gurutze pilo bat zeuden tontorrean, benetan ematen zuen hilerri bat, behe-laino horrekin. Ez dut sekula horrelakorik ikusi beste inon. Orain dela urte gutxi batzuk Aldundiak erabakia hartu zuen gurutze horietako gehienak kentzeko, espazio publikoa denez, jende askok ez duenez begi onez ikusten heriotza hain lizunki plazaratzea. Atzo berriro igo nintzen Alkizatik hara gora.

Mendiek, gutxiago edo gehiago, deitzen naute. Kurtzebarrik (argazkian) pilo bat adibidez. Batzuk, erakargarriak bezain beldurgarriak dira. Eta Balaitus da horietako bat niretzat. Mikel Cresporentzat, erakargarritasuna zen nagusi. Eta zoriontsua izan zen hara gora iristea lortu zuenean. Ibilaldiaren bigarren erdia, hala ere, ez zuen amaitu. Gutariko inork ez du benetan imajinatu ere egiten zer den guraso batzuentzat horrelakorik gertatzea. Atzo hurbildu nintzen Juxe Zuazua eta Txema Cresporen minera, grabazio erabat emotiboa izan zen, eta esango nuke bakerako bidean ondo doazela. Anai-arreben mina, bestela, sarritan ahaztutakoa da. Ez atzo.

Egileor baserriko ganbaran egin genuen grabaketa, itzela lekua. Antonio Zuazuaren jaiotetxean, Mikel eta Lideren aititea. Eta Izaskun Andonegiren ahotik entzun genuen zein onuragarriak izan daitezkeen dolu kolektiboak dolu prozesu pertsonaletan. Horren testigantza jaso genuen atzo Aretxabaletan, eta datorren astean Iruñean eta Urretxun ere beste hainbeste gertatuko da. Richter eskalako dolu kolektibo erraldoia egon bada Herri honetan, bertako Felix Iñurrategirena izan da. Iñaki Otxoa de Olzarena beste adibide on bat da. Baita Xabier Ormazabalena ere, bakoitza bere tamainan.

Zirkulua apur bat borobiltzeko, soinu-bandan lanean dagoen pertsona, Eñaut Zubizarreta txelo-jolea, Mikelen herrikidea ez ezik haren monitorea eta soka-laguna izan zen. Eta ez hori bakarrik, Eñautek jo zuenez Mikelen aldeko hiletan.

Bistan da, esker ona zerbait zirkularra da.

Etxeko sua

%x %A in Mendian Hil Hirian Hil

subaxuaGauza gutxi ezagutzen ditut nik su baxu bat baino hipnotikoagorik eta atseginagorik. Gainera telebista, telefonoa edo internet baino osasungarriagoa da, bururako behintzat.

Ez naiz gogoratzen ea tximiniarik zegoen “Betelu” jatetxean, Madrilgo bihotzean. Leku abegikorra zen, jantoki txikiarekin eta, atenditzen, oso pertsona atseginekin. Geure Diasporako urte haietan EHko zati bat, arnasgune emozional bat. Hori baino gehiago, hortik gertu bizi zen Lesakan jaiotako osaba bat, aitaren lehengusua. Eta jatetxe hartan bertan ospatu genuen gurasoen ezkontzaren 25. urteurrena.

Ama 1941ean, aita 1942an eta Felipe 1944an jaio ziren. Betelu hartatik hemengo eta gaurko Betelura. Gaintzara. Balerdi azpira, Mallopera. Felipe Uriarte izan da atzo  lehenengo elkarrizketatua dokumentalerako. Nekez topatu dugu paisaje ederragorik hurrengo asteetan, edo etxe ederragorik, su baxua eta guzti. Gaintza, Intza, Azkarate… Gainera zonaldearekin lotura biografiak ditu ostiralean elkarrizketatuko dugun beste aspaldiko lankide batek.

Eta non dago Feliperen etxea? Gaintzan, Oñatin, Pasaia Donibanen? “Etxea ez da jaio zinen lekua. Etxea da ihes egiteko zure saiakerak amaitzen diren lekua”, idatzi zuen Naguib Mahfuz-ek. Oso identifikatuta sentitzen naiz esaldiarekin. Susmatzen dut Felipe apur bat ere bai.

Beste modu bietan esanda:

“Etxeko sutondoa, norberaren ariman beti pizten da”

“Gure etxean sua batu eta aingeruak sartu”

Erresilientzia

%x %A in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Sin categoría, Zaintzaileak

EnduranceHitz berri bat ekarri du etxe askotara pandemiak, hitz zaharra bada ere. Erresilientzia: Egoera zail edo prozesu desatsegin bati aurre egiteko gaitasuna, amore eman gabe. Sufritzeko gaitasuna, zoritxarra jasatekoa, minaren tolerantzia, sendotasuna, erresistentzia, tolerantzia edo iraunkortasuna, beste modu batzuetan esanda. Endurance, ingelesez, resilience.

Hori ere bada, hain zuzen ere, Antartika kontinente izoztua alderik alde zeharkatu behar zuen itsasontziaren izena: “Endurance”. Trans-Antartika Espedizio Inperiala horrek ez zuen helburua lortu, baina beste zerbait agian handiagoa erdietsi zuten. Ia 2 urteko bidaia luzean, espedizioko 28 gizonak bizirik ateratzea izotzetatik, miraria ematen zuena. 1914ko abenduaren 5ean hasitakoa, 1916ko abuztuaren 30ean onik amaitzea. Besteak beste, txalupa txiki batean kapitainak eta talde txiki batek 1.300 kilometro egin ostean, laguntzaren bila joateko. Besteak beste, Hegoaldeko Georgiako mendilerroak zeharkatzea oinez, ia material barik. Eta azkenean, inor hil gabe, guztiak erreskatatuak izatea.

Tamainako abentura hura aurrera ateratzeko, lehenik eta behin, lidergotza sendoa behar da, eta Ernest Shackleton espedizio-buruak horixe erakutsi zuen. Bere buruan konfiantza. eta aukeretan sinestea. Nagusi ona izatea, konfiantza hori transmititzen diona taldeari. Irteerarik ikusten ez denean, baikortasun hori zabaltzen duen pertsona bat buruan edukitzea. Matxinadarik ez egotea eragozten dakiena.

Shackletonen hitzetan, horrelako momentu latzetan “gizakiaren arima biluzia” topatzen duzu. Interesgarria da hura irakurtzen jakitea…

 

 

Zoriona gramoka

%x %A in Bizi gara!

 

 

IMG-20200507-WA0014Aurrekoan bizipozaren aldeko aldarrikapena egin nuen, jakinda bizitza “mendi errusiar” bat dela, “roller coaster” bat,  alegia. Horrelakoak komentatzen ditugu sarritan bizitzaren amaieran daudenekin, eta alboan dituztenekin. Horrela da pandemia garai honetan ere, Jorge Nagorek ederki idatzi zuen moduan lehengo egunean: “Montaña rusa”.

Jorgek esaten zuen bezala, ziurgabetasunak estutzen gaitu, udarako planifikatuta geneuzkan oporrei akaso “beste bat arte” esatea. Aste Nagusiari “aurten (oso) desberdina izango da”. Udazkena zelan etorriko da? Datorren neguan bueltan eduki dezakegu zomorro kabroi hau?

Nerea Loiolak atzoko egunkarian idatzitako artikuluan horrela aitortzen zuen: “Uztailean, Frantzia iparraldea ezagutzekoak ginen, eta orain, konformatuko nintzateke udaran Zarauzko hondartzan mugarik gabe bainatzeko askatasunarekin”. Eta zorionekoak geu, Nerea, Zarautzen (Euskal Herrian, Lehen Munduan…) bizi garelako.

Izan ere, zoriona kiloka baino, gramoka dastatzea nahikoa eta soberako ariketa bihurtu da. Tira, pandemia barik ere horretan genbiltzan batzuk aspalditik. Hegazkinez baino autokarabanaz. 8.000koak han urrun, eta hemengo 1.000koetan poz-pozik disfrutatuz tontor-tontor. Norbaitek esan zuen legez, zeure herrian edo hirian turistaren begietatik ibiltzea, etxe ondoan daukagunaz konturatzea, urrutiko intxaurrak behar izan barik.

Etxealdiari txinpartak aterata, minimalismoaren aldeko dokumental liluragarria dastatu ahal izan dut. Behean trailerra duzue. Kontu txikiak disfrutatzearen aldarrikapena. Gutxiagorekin gehiago bizitzea planteatzen duena. Gauza garrantzitsuei buruzko dokumental gomendagarria, azken finean. 

Izan ere, zenbat gauza behar dugu zoriontsu izateko?

“Zoriona gramoka saltzeari ekin zioten trono aingeru eta kerubinek”

Bernardo Atxaga / Ruper Ordorika.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏