You are browsing the archive for 2020 八月.

Zaldi emozionalak

%x %A in Bizi gara!, Musikan

zaldiemozionalak“Garai nazkagarri hauek”, ezin da hobeto deskribatu, kontzertuaren hasieratik kontzeptuak bikain markatu zituen atzo Pettik Gernikako Astran. Haserretik bizi dugu zaldiko-maldiko zorabiagarri honetan montatuta egotea halabeharrez. Eta errudunak bilatzen ditugu: agintariak, saguzarrak, bizilagunak, bizimodu garaikidea, gu geu gara. Teoria xelebreak ere entzuten dira megafoniatik.  

Zaldia, behorra edo moxala behintzat aukeratu ditzakegu. “Nik beltza!”, “nik marroia!”, “nik beste hori, zuria orban beltzekin”. Alazán, bayo, ruano. Beldurrak blokeaturik, batzuk ez dira ukuilutik ere ateratzen, zoru guztia jaso gabeko gorozkiz estalita, bakardadean, zaindu barik.

Beste batzuk libreak dira, baina tristurak jota daude, bizipoza berreskuratu ezinean. Zalantzati topatzen ditugu beste asko, segurtasun neurri guzti-guztiak beteta, baina bat ere segurtasunik gabe etorkizun laburrean. Pottokak mendian trostan ikus ditzakegu tarteka, aire zabalean, aske, orain eta hemen bizitzeko hautua eginda.

Zuria orban beltzekin beti ere. Irrintzika bai, baina marruka ere bai. Gora eta behera. Musika etengabean aldatzen. Hipodromo isila kalea bera bada, hondartza, egoitza, gaztetxea.

 

Miguelen alaba

%x %A in Bizi gara!, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak

vietnamcomicAtzo premiazko moduan paziente bat ikusi nuen kontsultan (zorionez ez du ezer larririk ematen). Lehenengo begi kolpean, maskaren azpian, ezagutu ninduen, eta bere burua aurkeztu zuen aspaldiko paziente baten alaba bezala. Miguel aitaz gogoratzen naiz, aurpegia modu lausoan etortzen zaidan arren. Hurrengo kontsulta egunean ekarriko dizkidala argazkiak esan dit.

Horra hor aurrez aurreko kontsulten garrantzia. Elkar ikustearen garrantzia, eta beste modu batean hitz egin ahal izatearena. Pandemiaren garai gogorrenetan ere mantendu nuen gutxieneko arreta kontsultan aurrez aurre (Paliatiboetan bereziki), eta hemendik aurrera horrela jarraitzeko asmo osoa daukat. Onurak begi-bistakoak dira, hitzez hitz.

Eta aurrekarien garrantziaz idatzi nahi nuen post honetan, halaber. Besteak beste familia aurrekariak, nondik gatozen jakiteko, noren zainketan ibili zaren aurreko urteetan, zein dolu edo doluak dituzun, noren alaba zaren. Badago esaldi bikain bat esaten duena adeitasunez tratatzeko jende guztia, aurrean daukazunak zer zauriak dituen ez dakizulako.

Egun hauetan komiki bat irakurtzen nabil (zenbat pozten naiz Zarauzko liburutegia berriro martxan dagoela!): “The Best We Could Do: An Illustrated Memoir” (Thi Bui, 2017), gazteleraz “Todo lo que pudimos”. Bertan, egileak kontatzen du haren istorioa AEBetan etorkin moduan, Vietnamdik joandako familia baten alaba izanik. Aurreko hamarkadetan jatorrizko herrialdean gertatutako egoera latz guztiak, Frantziako Indotxina zenetik AEBetako Vietnamgo inbasioa arte (Bidenabar, ondo datorrena historia garaikidea errepasatzeko).

Nondik gatozen, noren zainketan ibili garen, noren seme-alabak garen edo ginen. Denok ahal duguna egiten dugulako.

Dolu kolektiboak

%x %A in Bizi gara!, Dolua, Mendian Hil Hirian Hil , Oroimenean, Suminetik bakera

zugarramurdiPasa den uztailaren 28an 20 urte egin dira Felix Iñurrategi Karakorumen  hil zela, 33 urterekin, Gasherbrum II menditik jaisten ari zela. Nire ustez, Euskal Herrian azken hamarkadetan piztu den dolu kolektiborik handiena izan da. Zergati askotako heriotza ezagunak egon dira geurean, istripuek, gaixotasunek, hilketek, suizidioek eta abarrek ekarritakoak. Batzuk benetan mediatikoak eta oihartzun handikoak. Baina Felixen heriotzak sortutakoa erabat berezia izan zen, gizarte mailan lurrikara emozional itzela eragin zuen, ez zegoen oztopo ideologikorik hurbiltasun enpatiko hori eragozteko.

Asko eta asko gogoratzen gara non geunden albistea jakin genuenean, neu lanean Gurutzetako ospitalean, eta samina konpartitutakoa izan zen Larrialdietako zerbitzu hartan. Amankomuneko geure lehengusu edo lagun bat hil izan balitz bezala gertatu zen, benetan bitxia izan zen. Urteetara, Felixen aita eta ama ezagutzeko abagunea eduki nuen, Arrasateko kontsultan, eta Alberto anaia bera. Hunkitu nintzen Albertok egindako dokumentalarekin Kafe Antzokian arratsalde hartan, bertako publiko guztia bezala, hunkimen kolektibo gogoangarria izan zen.

Uztailaren 29an 20 urte ere bete dira Juan Mari Jauregi Tolosan ETAk erail zuenetik, 48-49 urterekin, nik orain ditudanak. Albistea jakin nuen Zugarramurdirako bidean, kotxean nihoala gurasoekin, Euskaldunon Egunkariak antolatutako jaialdi eder batera gindoazen uda betean, 2000. urtean. Askok nabaritu genuen astindua, baina gizarte mailan oztopo eta blokeo mordo bat zegoen enpatia sentitzeko, eta are gehiago adierazteko, dolu kolektibitate zabalagoa izateko. Urteetara, Maria alaba ezagutzeko abagunea izan dut, “S(u/a)minetik bakera” proiekturako jaso genuen kolaborazioa dela-eta, Jon Maiarekin batera egin zuena.

Publikoa da Mariak egindako lana berradiskidetzearen alde, bakearen alde, eta are ezagunagoa Maixabel emazteak ildo honetan egindako jarduera ofizial guztia, erreferentzia argi bat. Nolako egurra, halako ezpala. Zorionez, badago jendea hau guztia axola zaiona, eredua dena gizarte eraikuntza positiboa egiteko, ahazteko, estaltzeko eta ukatzeko jarrera ez duena. Eskertu besterik ezin dugu egin.

Uztailaren 31an, azkenik, Joan Mari Torrealdai hil da aurten, 77 urterekin, etxean. Gure aitak egin izango zituenak. Minbiziak hil da Joan Mari ere, eta tamaina handiko dolu kolektiboa eragiten ari da, batez ere mundu  euskaldunean, bereziki euskal hiztun aktiboen komunitatean. Hemen erdaldun gehienen autobaztertze kulturala alde batetk, eta bestetik batzuengan blokeo ideologikoak egon dira. Edozein modutan, lurrikarak Richter eskalan oso goian jo du, ez bakarrik Joan Marik lagatako ondare zabalagatik. Baita Euskaldunon Egunkariaren aurkako atentatuak bete-betean jo zuelako ere, 2003an.

Ondo oroitzen naiz sentitutako amorrua, gorrotoa, tristura, erabateko enpatia piztu zidaten Joan Marik, Txemak, Martxelok, Iñakik, Pellok eta enparauek. Autoinkulpatu nintzen auzi horretan, egin kontu. Horrelako pertsonak torturatzea eta kartzelaratzea zen geure aita torturatzea eta kartzelaratzea bezala. Ulertezina, justiziatik guztiz kanpo zegoen zerbait zen. Alferrikako mina. Mariak eta Maixabelek sentitutakotik oso hurbil.

Hortan datza dena. Hain hurbil egon barik hurbiltasuna sentitzean.

 

PD.- Uztailaren 22an 13. urtemuga izan da aita hil zenetik, etxean. Gugan dago geroztik. Eta bizi gara.

Heriotzaren kostaldean

%x %A in MikroIpuinak

costadamorteAnxo Antelo landa-medikua zen bokazioz. Médico rural, haren etxeko atean agertzen zen moduan. Galiziatik kanpo jaiotako galiziar horietako bat zen, eta Costa da Morte eskualde atlantiarrean bizi eta lan egin zuen. Izan zitekeen Polperro, Cudillero edo Elantxobe, baina Muxía, Fisterra eta Camariñas izan ziren bere lan eremuko herriak, bereziki hirugarrena.

Naufragioak, tuberkulosia eta azkenik birus misteriotsuak ezagutu zituen. O cancro eta bronkitis kronikoak ere, jakina. Orduko antibiotikoak eta botikak ez ezik, eukalipto eta sendabelarrak ere erabiltzen zituen. Alvaro Cunqueiroren ipuin horretan bezala, “Brandy Tres Cepas” errezetatzen zuen, eta herren zebiltzanei korrika egiten zutela amets egiteko aholkatu.

Umeak munduratzen lagundu zituen, “o máis fermoso que me tocou na miña vida profesional”. Eta hiltzear zeudenen alboan egoten ere ondo zekien. Jaiotzaren eta heriotzaren emaginengandik ikasi zuen, liburuetan eta Interneten ez dagoena ere. Baina barruan zeukan zera hori txikitatik, gaixoek hainbeste preziatzen zutena.

Zaldiz parrokiarik parrokia, bide zahar berdeetatik, modurik seguru eta hoberena zen toki batzuetatik ibiltzeko. Zirimiria, ipar-ekialdeko haizea, lanbroa, elurra edo eguzki kiskalgarria lagun. Orballo, nordés, brétema, neve ou sol abrasador. Baita kaioen txilioak ere, gaztainondo, lizar eta haritzak jaun eta jabe zirenean eukaliptoen ordez. Petroliontziaren hondamendia baino askoz lehenago.

Anxo hil zenean, Camariñasen ez zioten izena ipini kale bati, aho batez egingo zuten moduan, berak horrelakorik ez zuelako nahi behin baino gehiagotan esanda laga zuenez. Bizi izandako etxea, hala ere, landetxe bihurtu zuten, “A casa do médico”, ideia txarra izan ez zena. Museo txikia ere bazen. Atsedenlekua asteburuetan eta  oporraldietan.

Leku desberdina. Bizitzaren kostaldean.

José Ramón lagunari, esker onez.


 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏