Duintasun terapia

%x %A in Beste terapia batzuk, Onkologikoak ez direnak

DuintasunTerapiaHarvey M. Chochinov psikiatra paliatibista kanadarra da, Manitoba probintziakoa, herrialdeko erdialdean. Duintasun terapia delakoaren sortzaile nagusia da, eta mundu anglosaxoian hedatuta dago bereizki, Australia, Erresuma Batua eta AEBetan. Euskal Herrian ere, Iruñeko CUNen lantzen ari diren teknika bat da, hain zuzen ere bertan lan egiten duen Marina Martínez lankidearen bidez eduki dut honen berri urte hauetan, Zainketa Aringarrietako jardunaldi eta biltzarretan. Eta beti jakinmina piztu dit.

Aste hauetan, azkenik, aukera eduki dut nik neuk praktikan ipintzeko paziente batekin (P). Gaixotasun neuroendekatzailea pairatzen du P-k, ez dago fase aurreratuan berez, baina hilabete batzuk badira paliatiboetako kontsultan ikusten dudala. Lehenengo bisitan bertan, hiltzeko bere desioa azaldu zidan itzulinguruka ibili barik. Serenitatez esan zigun, ondo hausnartuta bezala, erabaki tinko moduan. Bizitzari zentzurik topatu ezinda, gaixotasuna baino lehen emakume bereziki aktiboa izanda, sufrimendu existentzialaren zantzuak nabarmenak ziren.

Testuinguru horretan heriotza aurreratzea legala ez izateaz gain, medikoki ere ez dauka justifikaziorik kasu honetan. Sedazio paliatiboa adibidez. Ez daude irizpide klinikorik horrelakorik planteatzeko ere. Opioiderik ere ez du behar, larriminaren aurkako botikak apenas hartzen ditu. Ataka honetan, bururatu zitzaidan farmakologikoak ez diren estrategiaren bat bilatzea, geure arteko solasaldietatik haratago. Eta duintasun terapiara iritsi nintzen.

Bi saiotan, P-ren biografiaren pasarte batzuk errepasatu ditugu, berarentzat nabarmenak izan direnak. Modu argian erantzun du. Pozik egon da gogoratzean. Ezpainak pintatuta etorri da, maskara jaisten ondo ikusteko. Senarra ere orain arte ez dut barrez ikusi. Gustura egon dira eta ni ere bai. Bigarren egunean, argazki album bi ekarri ditu, aipatu dituen pertsonei nik aurpegia ipintzeko. Lurralde sakratuetan sartzea baimenduz bezala. Geure lana gogorra da tarteka, bai, baina unetzar hauek ere bizitzen ditugu.

Baina zer da duintasuna? P-ren erantzuna oso ona da: Zintzotasuna.

1 response to Duintasun terapia

  1. ANA said on %x %A

    Enpatiaren adibide ederra, Iñaki!!

    Non dago duintasuna, zintzotasunik ez badago behintzat?
    Post bat hausnarketak asko egiteko.

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏